"GURE ESTRUKTUREN KUDEATZAILE IZAN NAHI DUGU"


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
L

aborari garaztarra, ezkondua eta bi seme-alaben aita. Emazteekin batera, zure gurasoen Uhartea etxaldearen segida hartu zenuten; Gamarte herrian. Kontaiguzu pixka bat baserrian plantatze hori, mesedez?
Ene aitak behi esnea egiten zuen. Hemengo baserrietako behi gorria hazten zuen. Ni plantatu nintzelarik, orain hogei urte, haren segida hartu nuen, eta espezializatu nintzen behi betroien esneari buruzko produkzioan, inbertsio handiak eginez. Orain berriz, Iñaki semea, Pauen ari da laborantza ikasten; geroan etxean finkatzeko ideia du. Esnea gasnatzen hasia da. Behi gasna produkzio txiki bat egiten du; ekoizten dugunaren % 5-10 artekoa. Beraz, gure segida hartzeko bide berri bat irekitzen hasia da. Nahiz ikasketekin nahiago duen segitu ahalik eta denbora gehien.

Ekoizpen azkar baten inguruan, beste tipiagoak ezartzeko usaia dago orain hemengo baserrietan. Zuek ere ekoizten duzue beste zerbait, ezta?
Orain sei bat urte, bigarren produkzio bat ezarri genuen, arras beste zerbait da. Dibertsifikazioa deitzen zaio: kiwai frutak ekoizten ditugu, kiwi familiakoak. Ez dira batere ezagutuak. Produkzio tipi honek bi hilabetez lan asko eskatzen du; agorrila eta buruilan. Kiwai-plantazioa molde biologikoan egiten dugu. Plantazioaren lurrean oilaskoak, oiloak, antzara edota ahateak ezarri ditugu, belarra jan dezaten, horiek garbiki atxikitzen dute plantazioa, beren ongarriaz ontzen dute plantazioa. Ez dugu kiwai arbola tratatzen hartara.

Laborantzan eta bere kudeaketan burubelarri aritua zara. Euskal Herriko Laborarien Batasuneko (ELB) militante eta liberatu gisa anitz urtetan. Egun hemen eta Parisen bihar.
ELBn hiru urtez izan nintzen permanente gisa hemen, 86tik 89ra bitartean; eta estatu mailan bestalde «Coordination de Payssannes» sindikatuan. Parisen ibilia naiz eta esperientzia zoragarria eta aberasgarria izan da enetako. Baina oso zaila ere bai, ez baita erraza han lanean egon, eta gero biharamunean hemen. Urte horietako lana egin ahal izan dut Mikele ene emaztea hemen delakotz, berak ene lanak egin dituelako; proiektu komuna lantzen dugulakoz funtsean. Ni agertzen naiz, baina ene familia guztia ere hor dago ere, haiek egiten dute ere ene lanaren parte handia.

ELBk hamazazpi urte bete ditu. Nola izan zen sindikatu honen sorrera?
Hemengo laborariak historikoki eta tradizioz FNSEAn (Frantziako Nekazari Sindikatuen Federakuntza Nazionala) defenditzen zituzten beren interesak. FNSEA hamar urtez aritu ondoren, laborari belaunaldi berriak sortu zuen ELB. Gure lanaren medioz barne kontradikzioak azalarazi genituen, eta sindikatu hori ez zela Euskal Herriak behar zuen sindikatua erakutsi ere. Zatiketa ekartzea aurpegiratu ziguten, laborari mundua ahultzen genuelakoan. Gu laborarien batasunaren alde ginela eta batasunaren zentzu bakarra interes berdinak dituztenak batzea dela, erran genuen. Interes ezberdinak elkarrekin ezartzea hori ez dela batasuna.

Bide polita urratu duzue geroztik.
ELB sortuz gero hiru hauteskunde pasa dira: lehenean % 29 egin genuen, % 39 bigarrenean, eta azkenean % 47. Haiek, bistan da, kontrako portzentaia egin dute. 1984an egin genuen gure definizioa: laborariak, euskaldunak eta internazionalistak. Laborari guztiek bizitzeko molde bat behar dutela diogu lehenik: produkzio aukerak partikatu behar dira, eta gazteen segida bermatu ere. Bigarrenik: euskaldunak gara, eta pertsona eta sindikatu bezala Euskal Herriko kultura eta geroa eraikitzeko nahikarian sartzen gara, gure herriaren partaide soziala izaki. Hirugarrenik: nazioarte mailan beste laborariekiko errespetua eta elkartasuna lantzen dugu, politika agresibotik landa.

Azken puntuari buruz: FNSEAk duen jokabidearen ezberdina erakutsi duzue azken hamazazpi urteotan.
Bai. Sindikatu honek izpiritu arras lehiakorra defenditzen du, ahalduna hobekiago bizitzea normala da eta merkatuaren legea ezin ukatuzkoa da bere iritziz. Merkatu liberalago batean oinarritzen da, eta ez bakarrik tokiko harreman eta aferetan. Frantzia eta Europarentzat libertatea gero eta handiagoa eskatzen du, gero eta gehiago produzitu mundu mailako merkatura esportatzeko. Guk, berriz, geuk nahi dugu merkatua kudeatu, merkatu libreari mugak ezarriz. Izan ere, esportazioaren bitartez munduko beste nekazariak menpeko hartzen ditugu. Kontradikzioa izugarria dago hor. Konparazione, Espainia, Portugal edo Marokotik sartzen da fruta merke Frantzian. Errefusatzearekin ados egon gaitezke edo ez. Baina, aldi berean, azkar diren sektoretako ekoizpena ezin dugu esportatu hango ekoizleen kaltetan. Hori ezin onartuzkoa da guretzat.

Laborari gisa: beste langileen ordezkari sindikalak ez bezala, zuen ideiak praktikara eraman dituzue hein batean.
Guk diogunez, egun batez izaten ahal gara zango eta eskuak kakan, eta ordu baten barne, nazioarte merkatu-legearen alde borrokatzen ministerioan. Hots, une berean laborari eta gure estrukturen arduradun eta kudeatzaile nahi dugu izan. Guretzat zinez inportantea da, gauzek balio gehiago dute bizitzen ditugulakotz. Delegatze lanak indarra galtzen baitu beste baten izenean egiten delarik. Beste lan sektoreetan arazoak eztabaidatzen dutenak ez dira komunzki lantegietan ari, langileak ordezkatzen dituzte. Guretzat hasteko, eta enetzat pertsonalki, ordezkatzen dugun jendearekiko errespetua gordetzea da garrantzizkoa. Nik nihaurek errealitate hori bizi gabe, ez nuke ene burua ongi sendi besteen errealitateaz mintzatzean.

Bigarren puntua: euskaldunak izatea.
Azken urte hauetan gure lana eta profesioari zuzen lotuak ez diren erabakiak hartu ditugu. Lizarra-Garazi adierazpena sinatu dugu, Euskal Departamenduaren alde bozkatu eta borrokatu, presoak Euskal Herriratzearen alde manifestatu. Horrengatik, gure kideei, eta gizarteari, oro har, gurea sindikatu profesional bat izanik, produkzioaz arduratzen dena, zergatik sartzen den alor horietan esplikatu behar diegu. Testu bat plazaratu dugu, gure euskal eta sozial identitatea azalduz. Ez garela talde korporatibista profesional bat, baizik eta Euskal Herriko bizitzan sartu nahi dugula, gizarteko beste alorreko langile edota kontsumitzaileekin harremanak landuz.

Lizarra-Garazi aipaturik. ELBko laborariek «eraikuntza nazionala» ulertzen dute?
Bon, eraikuntza nazionalak badu bide egiteko hemen. Hemengo errealitatea ez da Hegoaldekoa, hori denok dakigu. Militantzia mailan bai, konprenitu eta sinetsi ere bai. Gizartean ez da zabalki barneratua. Baina batek bestea ekartzen du. Inportantea etapaz etapa joatea da.

Bestalde, ba al dago segidarik eta erreleborik ELB sindikatuan ere?
Sindikatuaren kudeaketa eta animazio lanak egiten ditugunok militante historikoak gara. Egia da ez dela erraz esperientzia bildu duen jendea ordezkatzea. Laborariak usatuak dira gurekilan; konfiantza dute eta nahi dute segi dezagun. Senditzen dugu presio gisako bat, eta ez da horretan erori behar. Alta, bozeramale eta ordezkari lanak eraberritzeko sistema jarria dugu martxan. Idazkaritzan 6 bat laborari gara, eta urtero bat gutxienez eraberritzen da.

Laborantza munduan segidarik badago bederen?
Laborantza munduan eta gure kolektiboan ere bai. ELB eraberritzen ari gara. Beste belaunaldi bat sartzea nahi dugu sindikatuaren kudeaketan. Udazken honetan eta udaberrian formazio ikastaroak antolatuak ditugu laborariak sindikatuaren gestioan trebatzeko. Nik ezagutzen dut beste departamenduetako errealitatea, eta Euskal Herrian badugu xantza; gazteak plantatzen dira nekazaritzan. Laborantzako militantismo maila oso aberatsa da; kultura, politika nahiz sozial mailan ere bai. Bistan dena, guk jakin behar dugu haiei lekua uzten.

Laborariaren mentalitatea asko aldatu da. Menpeko izate hura...
Bazen gainditzeko menpekotasun bat eta badago. Nekazari munduko notableei, boteredun eta dakienari buruz izan da menpekotasun izugarria. Historikoki, zenbait pertsonak beren jakitatea baliatu du laborariak sometitzeko. Notabilismoa errealitatea izan da eta egungo egituretan, kooperatibetan, banku eta aseguru-etxeetan hor da presente beti.

ELBk horri buruz ere lan egiten du.
Gure sindikatuak ekarpen bat egin du horretan ere nik uste. Notableen jakitatea ezin kritikatuzko dogma zen. Eta frogatu dugu, jendeak ematen zion inportantzia besterik ez zela. Gauzak erlatibizatu dira, dakiten eta ez dakiten horretan, geure ekoizpen eta gestio estrukturak sortu baititugu.

Orain aste batzuk –Jose Bove laborari sindikalistarekin elkartasunean– Mac Donalds aitzinean zikiroa antolatu duzue eta multinazionalen produkzioa salatu ere.
Oihartzun handia izan da estatu osoan, guk pausatu arazoak ez direlako laborarien arazoak soilik, kontsumitzaile eta gizarte osoarenak baizik. Produkzio industriala salatu dugu: gaurko nekazaritzak eskaintzen dizkigun jakiak –behi eroarenak, kasu– antibiotikoez edota genetikaz transformaturiko jakiak badira, nora goaz? Guk laborantzatik barnetik salatu dugu sistema, erranez, ez dela guretzat laborarientzat kaltegarria soilik, baizik gizarte osoarentzat.

Merkatuaren liberalizazioak ekarri du ekoizpenen kontrol eza.
Oraingo munduko merkatal antolakuntzak dena libre eta gutienik kostatzen den lekuetan ekoiztea du xede. Gune azkarrenetan, eremu handiak eta aberatsak dauden herrialdeetan ekoiztu nahi baitute soilik; bazterreko eremu pobreagoak bazter utziaz. Gu horren aurka borrokatzen ari gara. Herrialde batentzako dependentzia handiena jatekoaren dependentzia da. Munduko herri bakoitzak bere beregaintasun maila izateko eskubidea du, kanpoko agresioetatik zaindua behar du bere produkzioa.

Frantses hedabideek garrantzia eman diote aferari, bederen?
Jose Bovek Averonen abiaturiko ekintzaren ondorioz haustura bat eman da gizartean. Aspaldiko gure gaia zen, gizarteratzea falta zen. Kazetari eta hedabide batzuk ohartu dira guk azaldu mundializazio eta liberalizazio arazoa ez dela lan merkatuan soilik azkartzen ari, ekonomia globalizatzen ari da, eta oro har, kultura, informazioa... Kasu! pentsatu dute kazetariek. Elkartasun natural bat eman da hor.

Berrikiago, Euskal Departamenduaren alde azaldu da ELB. Hor ibili zara laborarien ordezkari gisa.
Pertsonalki, laborari gisa, biziki kontent naiz. Euskal Departamenduaren aldeko desmartxan eta manifestazioan bereziki, ez soilik ELBko militanteak, baizik eta laborari asko ikusi baititut nonnahi. Laborarien partizipazioa poliki joan da.

Suprefetuarengana joan zarete. Erantzun hotza ukan duzue, ordea.
Hotza. Ezin konprenituzkoa eta onartuzkoa. Ez ziren uros jende kopuru hori ikusirik. Alta, estatuen ordezkariek nortasuna handiagoa erakutsi beharko lukete holako agerraldi baten aitzinean. Larria da halako mespretzu batez gu hartzea. Izan ere, hor ginen ordezkariak, gizartearen arlo guztiak ordezkatzen ditugu: politika eta sindikalgintza, gazte, laborari, langile nahiz profesional eremuak. Zuzenbidezko estatua goraipatzen duen demokrazia baten aldetik errespetu gehiago zaio herri mugimendu honi.

Hainbat gogoeta egin eta beste hainbat konklusio atera duzu zuk, ziurrik ere.
Baiki. Bat: batzuek uste badute Euskal Departamenduaren eskakizunak ez duela baliorik, eskakizun erreformista dela, ez dela abertzaleen eskakizuna. Horra, estatuak egiten duen erresistentziak garbiki erakusten du zein den inportantea urrats hau. Bi: gauzak ari dira aldatzen. Ehunen Deia taldean, abertzale dena eta ez denaren artean konplizitate bat sentitzen da. Pixka bat motel zirenak ari dira "erradikalizatzen". Jende horrekiko errespetua gorde behar da, hainbeste jende mugitzen ari den unean, abertzale batzuk kanpoan gelditzen badira, ez dute aise konprenituko aurkako jokamolde hori. Batasunaren orduan ari gara. Abertzaleek hori ulertzeko kapable behar dugu izan. Pario edo erronka hau irabazteko posibilitatean gara lehen aldikotz. Jakinik ere, abertzale batentzako ez dela hor Euskal Herriko proiektua bukatzen, jakina

MICHEL INTXAUSPE
«Harritzekoa da Garaziko laborariengan duen eragina»

FRANTXUA MAITIA
«Abertzaleekiko izan duen jarrera ezkorra gainditzea kostako zaio. Hala ere, euskal departamenduaren gaiarekin argi jokatzen ari da»

JEAN JACQUES LASSERRE
«Euskaldun, biarnesa edo gaskoia den ez jakinik, bere buruarekin ongi ez dagoen pertsona»

FRANCOIS BAYROU
«Euskal hautetsi gehiago ez bada Departamenduaren alde bere eragin psikologikoagatik da»

RENAUD DELIZAGARAI
«Gizarte sektore batzuetan eman den bilakaeraren agergarria»

ARÑO CACHENAUT
«Aise lan gehiago egiten du agertzen duena baino; sekula lehen mailan agertu gabe. Militante paregabea»

SAUVEUR BACHO
«Langileria gurean sartzen ari dena. Bere sindikatua Lizarra-Garaziri buruz bide egin zezan nahi nuke»

XABI LARRALDE
«Abertzale belaunaldi berri baten agergarri, abertzaletasuna eta errealitatea lotzen dituena»

JEAN-MICHEL GALANT
«Gutxi mintzo da, bai pentsatu ordea. Interesantea, estrategikoki urrun begiratzen baitu»

JEAN-LOUIS DAVANT
«Abertzaletasunaz eta gizarteaz bere azterketak biziki estimatzen ditut, baita bere buruaren exijentzia maila»

Tantoa
Badu 25 urte baino gehiago Mixel ezagutzen dudala, laborantzako sindikalista bezala. Bere helburua da erakustea –egun guzietako engaiamenduaren bidez–, gauza gaizki badoaz ere, ez direla halabeharraren gain ematen ahal. Hartzen diren orientabide zuzen edo makur guziek dutela beren erroa zenbait gizonen nahikerian. Bizi garen sozietate honetako deliberoak ainitz aldiz hartuak direla minoria baten interesen alde; maioria batek pairatzeko nahikeriarekin.
Mixelen helburua da ere kontuan harraraztea bakotxaren eginbidea litekeela, bere ahalen arabera, injustizia hedatzen duten mekanismoen kontra borrokatzea, proposamenak landuz, egiazko justizia eta demokrazia ezartzeko; bakotxak exenplua emanez egun guziez. Segur naiz, hori dela Mixelek duen suaren hazkurria. Helburu honen zintzotasunak galdatzen du engaiamendu handia. Mixelek arlo anitzetan eramaten duena: bere herrian eta Euskal Herrian, estatu mailan (Parisen edo bestalde), ahantzi gabe, lehenik laboraria dela, bere eta familiaren bizibide osoa laborantzatik daukala.
Ezin ninteke egon aipatu gabe bere semea Iñaki, alaba Jenofa, eta partikularki Mikele bere emazteak ekartzen dioten sostengua. Bereziki, Mixel kanpoan delarik, bakarrik eramanez etxaldearen kudeatzea, haren usu familian ez izatea onartuz. Sostengu oso hori gabe, ez zait iruditzen Mixelek bere baitan dituen kapazitateak bertzeen zerbitzuko ezar litezkeenik. Mixelek kapazitate handia du gauzen orokorki ikusteko, analizatzeko eta komunikatzeko. Kapazitate eta kalitate hauek Mixelek aspaldi balia izan zitzakeen «notable» gisa, bere burua bakarrik aitzinatuz. Baina ez du hautu hori egin. Hautua egina du, idekiak diren taldeetan parte hartuz. Beti taldeen izenean agertzen baita, haien mezuak helaraziaz. Gizon goxoa, beti umore onean, behar den denbora hartuz, gauzak hozka bat aitzinatzeko nahikariarekin.


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Eguneraketa berriak daude