Azken urteotan hezkuntzako berri ugari LOGSEren edo Erreformaren haritik etorri zaizkigu. EAEn zein Nafarroan DBH, DBHO, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa berriak martxan jarriak daude. Baina abiatzearekin ez da amaitzen egitekoa. Horregatik, oraindik ere aldaketa, moldaketa eta prestakuntza gehiago eskatzen ditu maila hauetako irakaskuntzak, eta oro har, hezkuntzako gainontzeko etapek.
Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza Sailaren barruan dagoen Pedagogia Berrikuntzarako Zuzendaritza da berrikuntza eta proiektu pedagogikoen ardura duena. Nekane Agirre da zuzendaria eta «Hik Hasi» aldizkariaren azken zenbakian ikasturte honetan martxan jarri diren proiektuez hitz egin du. Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzara bitarteko berrikuntzak aipatzen ditu, bereziki.
Haur eta Lehen Hezkuntzari dagokionez, ingelesaren ikaskuntza goiztiarra azpimarratzen du. Orain arte ingelesaren ikaskuntza goiztiarraren proiektua esperimentalki 20 ikastetxe publikotan ezarria izan dela dio Nekane Agirre Pedagogia Berrikuntzarako zuzendariak, eta aurten 184 zentro publikotan jarriko dela martxan. «
Hala ere, 184 ikastetxe hauez gain, badira proiektu honetan parte hartzen ez duten 125 zentro inguru. Baina horrek ez du esan nahi ingelesaren ikaskuntza goiztiarra ezarriko ez dutenik. Ziur naiz zerbait egiten ari direla eta horren jarraipena ere egingo dugu».
Agirrek aipatzen dituen zentro publikoez gain, beste hainbat ikastetxetan ere orain dela zenbait urte hasi ziren ingelesa 4 urterekin irakasten. Ikastoletan, esaterako, zortzi urte daramatzate eta orain arteko esperientziarekin pozik daude. Iaz, gainera, Madrilgo Hezkuntza Ministeritzaren eta Europako Komisioaren sariak jaso zituzten 8-10 urteko ikasleentzat sortutako materialagatik.
Agirreren esanetan,
«haurren hezkuntzan hizkuntzen ikuspegi integratzaileari bultzada handia ematen diogu ingelesaren sarrera goiztiarrarekin. Helburua ingelesez eginiko jarduera esanguratsuen bidez eta adin txikiko ikasleen gaitasunez baliatuz ikaskuntza bultzatzea da».
Hezkuntza Sailak lehen aipatu 184 zentrori dirulaguntza emateaz gain, 20 aholkularik osatutako taldearen aholkularitza eskaintzen die. Proiektu honek metodologian aldaketak ekarriko ditu, ez baita gauza bera 8 edo 4 urteko haurrei irakastea.
«8 urtetik aurrera hirugarren hizkuntza bezala irakatsi izan da. Adin horretan haurrek irakurtzen eta idazten badakite, baina 4 urterekin ez, eta beraz, metodologia ezberdina erabili behar da».
BIGARREN HEZKUNTZAKO EZEGONKORTASUNA.
Haur eta Lehen Hezkuntzako apusturik esanguratsuena bezala aipatzen du Agirrek ingelesaren ikaskuntza goiztiarra. Bigarren Hezkuntzan, aldiz, egonkortasuna da erronkarik nagusiena.
«Bigarren Hezkuntzako ikastetxe gehienen eta independiente (12-16 urte) guztien nahitaezko erronkak egonkortasuna eta irakasleen kokapena dira» dio ziurtasunez Agirrek.
«Hori nolabait finkatzen ez bada, beste ondorioak sortzen dira: zuzendaritza taldearen egonezina, motibazio falta... Hori konpontzeko zenbait urrats eman da: bete gabeko postuetarako adskripzioen agerpena aurreratzea, jendea etapa osoari begirako ikuspegian kokatzea eta abar. Baina hala ere, ezegonkortasun horren arrazoiak bat baino gehiago dira».
Arrazoi horietako bat jaiotze tasaren jaitsiera dela dio eta bigarrena espezialitateen ugaltzea.
«Jakintzagai berriak ezarri dira eta hori ere kontuan hartu behar da. Heziketa Zikloen eta Batxilergo berrien kasuan, esaterako. Gure irakasleria derrigorrezko ikasgaiak irakasteko dago prestatuta eta ziklo berri hauen ezarpena beste espezialitate batzuk eskatzen ari da. Beraz, horietarako ordezkoak jarri behar ditugu, baina aldi berean gure irakasleria berkualifikatu egin behar dugu. Daukagun ekipamendua, ikastetxeak eta irakasleria lehen zegoen sistemara zuzenduta daude eta gaur egungo sistemak malgutasun gehiago eskatzen du. Nik uste dut hor tartean gaudela, desajuste horretan baina oreka bilatzen».
Egonkortasun hori lortu nahi dute Hezkuntza Sailak, ikastetxeek eta gurasoek, baina ez da hain erraza, interes kontrajarriak daude-eta.
«Teorian ados gaude egonkortasunari dagokionez eta pedagogikoki ere ados jartzen gara. Baina gauza zehatzetara iristen garenean, ez dugu bat egiten. Sindikatuek langile bezala dauden eskubide pertsonalak defendatzen dituzte». Hori gainditzeko modu bat erabakiak hartzea ikastetxeen eskuetan uztea litzateke. Hau da, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari lehentasuna ematen bazaio, hartzen diren erabakiek proiektua errespetatu eta bermatu behar dute. Eta horretarako ikastetxeak autonomia izan behar du.
«Baina hori gauza konplexua da» dio Agirrek.
«Zeren sistema honek pertsonalgoa eta ikastetxeko egitura baitauzka, eta horrekin batera norbanako eskubideak eta lege batzuk. Orduan, ondo al legoke ikastetxe bakoitzak langile poltsa bat izateko ahalmena edukitzea pribatuetan bezala? Agian egunen batean horretara iritsiko gara».
Hala ere, ikas-irakas prozesua bermatzeko oinarria ikastetxearen kudeaketa autonomia dela uste du Agirrek.
«Bai, nik uste dut oinarria dela hori, baina horretarako oso ongi zehaztu beharko da bakoitzaren rola edo papera: erakundeak, instituzioak edo Hezkuntza Saila, zuzendaritza taldea, guraso taldea... Eta horretan dihardugu».
EUSKARAZKO IRAKASKUNTZAREN OZTOPOAK.
Lanbide Heziketari dagokionez, erronka nagusia euskararen presentzia areagotzea izanen da. Kasu honetan elementu nagusi bi daude: irakasleria eta testugintza. Agirrek dioenez, irakasleria euskalduna badago, % 60 edo euskaraz mintzatzeko eta klaseak emateko gai da. Baina arazoa testugintzan dago.
«Hainbeste familia, hainbesteko kualifikazioa, hainbeste konpetentzia eta hainbesteko azpiegitura daude, zaila dela guztietarako liburuak argitaratzea. Horregatik, beste zenbait proposamen egon da: web orriak jartzea, irakasleei ordu batzuk ematea prestakuntzarako...».
Baina euskararen arazoa ez da Lanbide Heziketara mugatzen. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ereduen sistemak zeresan ugari sortu du azkenaldian. Legeak dioenaren arabera DBH bukatu ostean ikasleak bi hizkuntzak menperatu behar ditu, hots, euskaraz zein gazteleraz bizitzeko gaitasuna eduki behar du, elebiduna izan behar du.
A ereduak hori ez duela lortzen ikusirik, eredu hori kentzeko kanpainak egin dira. Ereduen sistema ez dela egokia eta ikasle bakoitzari egokitutako murgiltze sistemak ezarri behar direla dio beste zenbaitek. Eta Hezkuntza Sailak, berriz, A eredua birmoldatzeko erabakia hartu du.
Agirreren iritziz,
«metodologia berrikusi behar da. Pentsa gaur egun hizkuntzak barneratzeko ibilbide polita egin dugula. Orain dela 20 urte Nor-Nori-Nork irakasten genuen eta ez euskara bere funtzionaltasunean, erabileran eta komunikazio egoeran oinarrituta. Gaur egun ikuspegi hau bermatu behar dugu. Nik uste dut A ereduan euskara testuingurutik at egon dela eta hori dela aldatu behar duguna».
Asmo honekin Haur Hezkuntzako 14 ikastetxetan A eredua berrindartzeko programa jarriko da martxan. Beste hizkuntzekin (ingelesarekin) erabili diren esperientzia eta metodologiak aplikatuko dira 4-5 urteko haurrekin: «
Ikuspegi motibatzailea, ekintza babestuagoak eta pentsatuagoak... Euskara ez da ikasgai gehigarri bat izango. Jarrera baikorrak bultzatzea eta balore kulturalak suspertzea da xedea».
Bestalde, 302 ikastetxetan Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektuak lantzen ari dira. Orain dela hiru ikasturte hasi ziren 23 ikastetxe proiektu hau lantzen. Urtez urte ikastetxe gehiago gehitu dira eta aurten 302k lanean dihardute, iazko kopurua mantendu delarik.
«Kopurua zabaltzeagatik zabaltzea ez zela egokia ikusten genuen, ez zeukala zentzurik, eta garrantzitsuena hiru atal ikustea eta aztertzea zela. Lehenengo, ikastetxearen antolamenduan izan duen eragina, bigarrenik, zer ekoiztu den eta azkenik, hausnarketa egitea aurrerantzean jarraitu beharreko ildoak definitzeko». Etorkizuna zehaztu asmoz, hausnarketa egiteko Katalunia, Galizia eta Valentziako hizkuntz normalkuntzarako arduradunekin bilduko dira esperientziak elkartrukatzeko, egindakoa ikusteko eta aurrera begirakoa nola bidera daitekeen aztertzeko