Karaez (Carhaix) Bretainia mendebaldean eta Finistere departamenduan dago; Poherreko herriburua da. 9.000 bizilaguneko herria zelai eta mendiska artean. Laborantzan ari dira gehienak eta industria eta zerbitzuak ere badaude. Turistikoa ere bada. Soslaia horrekin, alderik alde, Oiartzun herriarekin ederki parezkatzen da; eta halaxe egin ere. Karaez eta Oiartzun herriak senidetuak daude. 1994ko maiatzaren 14an Oiartzunen eta 21ean Karaezen sinatu zuten Senidetza Hitzarmena.
EZAGUTZA.
90.eko hasieran errefuxiatu ugari joan zen Bretainiara; artean oiartzuarren bat edo beste. Errefuxiatu familien egindako joan-etorriek Karaez eta Oiartzun arteko senidetza bideratu zuten: «
Hasieran ez genuen uste horrenbeste aurreratuko zenik, distantziak asko mugatzen baitu harremana. Hala ere, kutsu politikoarekin hasitakoa, udaletxeen arteko harreman instituzionala izatera iritsi zen» adierazi digu Oiartzungo Xabier Iragorri alkateak. Protokoloa sinatu zen garaian Jean-Pierre Jeudy komunista zen hango alkatea, Oiartzungo alkatea Jon Iñarra zelarik. Karaez ohituta dago senidetza kontuetan. Bost herriekin dago senidetua, Irlandar herri bat tarteko izaki. Harreman instituzionala onuragarria bada ere –Iragorrik dioenez– harreman herrikoia da poliki garatuz joan dena.
HERRITARREN UZTARKETA.
Bretainian harremanak etxeetan gauzatzen dira, gurean kalean, berriz. Alta, karaeztarren izaera irekiak oso erraztu omen du harremana. Oiartzuna etorri ziren, poteoan ibili, baita aise integratu ere. Dantza taldeak, zikloturistak, futbol taldeak, abesbatzak eta halamoduzko elkarte herrikoien arteko harremana sendotuz joan da azken bost urteotan. Senidetza ez da jai giroan amaitzen, ordea: «
Guk haien enpresak ikusi ditugu, baita haiek ere gure lan egiteko era. Hizkuntza beti muga da, baina gazteak ari dira frantsesa eta gaztelania aldizka ikasten. Diwan eta Ikastolako kideek hiru bidaia egin dituzte, eta horiek dira hobekien uztartu direnak. Diwanek gure Ikastolako esperientziatik asko ikasi dute» gehitu digute Xabier Landa eta Josean Eizmendi zinegotziek.
INGURUGIRO EGOKIA.
Harremanak kontsolidatuz doaz urtetik urtera. Oiartzuarrek badute zer irakatsi, baita karaeztarrek ere. Haiek hemengo lantokiak preziatzen dituzte, eta hemengoek bertako parke naturalak. Ingurugiroari buruzko gestio planak txundigarriak omen dira. Parke Naturala izendatu berri duten barrutian hamasei herri biltzen dira, kasu. Hango lur eremuak ez dira alanbrezko itxituraz inguraturik, heskaiz edo setoz baizik. Animaliak oso babestuak dira, baita ura ondo tratatua ere: «
Hango mendi altuena Gaintxurizketa bezalakoa da. Gure harremanak mendi eta errekei lotua bada, haiena, berriz, itsasoari. Itsasoa oso babesten dute. Haien bizimodua nola planteatzen duten ikusita asko ikasi dugu. Herri irekia da bretoia, suerte izan dugu Karaez herriarekin» diosku alkateak.
KEMPERREKO LAGUN BERRIAK.
Kemper eta Arrasateren arteko senidetza proiektua bidean dago. Bide polita urratu dute jadanik. Kemper (Quimper) Finistere departamenduaren hiriburua da; 60.000 bizilaguneko hiria. Urtero milioi erdi bat turista hartzen du. 1.997ko urtarrilaren 17an, Arrasate eta Kemper herrien arteko elkartea sortu zen Kemperren. Patrick Labasque idazkaria eta Martine Le Brumant elkartekideek honela argitu digute beren asmoa: «
Kooperatibismoa, euskaltzaletasuna eta abertzaletasunaren miraila den aldetik hautatu genuen Arrasate». Bretoi eta euskaldunen arteko harremana frankismoaren garaian landua eta azken urtetoan sakondua izan da. Euskal errefuxiatuekiko elkartasunak bretoi herria ezagutzeko beharra areagotu izan du. Garai batean euskal iheslari asko egon izan zen babestua Bretainian, eta Arrasateko jendeak hori eskertzeko gonbidatu zituten bretoiak bertara. Dinamika bat piztu eta bere emariak ekarri ere. Hiru aldiz etorri dira kempertarrak; birritan Santamasetan. Azkeneko aldiz, iragan uztailean. Eugenio Iturriotz ari da proiektu honetan hasieratik: «
Oso ondo hartu izan gaituzte hasieratik, euskaldunekiko elkartasuna hunkigarria izan da eta haientzako eskerrak baino ez ditugu».
NAZIO TXIKIEN SARETXOA.
Joan-etorrien eta topaketen ondoren, bretoi eta euskadunen arteko ezberdintasunak azalean geratu dira. Izaera berekoak direla ohartu baitira arrasatearrak. Bretainian sentipen abertzalea ari da handitzen. Zentzu honetan, nazio txikien arteko sare moduko bat sortzen ari da Europaren eraikuntza berrian. Bitartekoak bilatu behar dira. Mondragon Unibertsitateko Jesus Garmendia dekanoarentzat, kultura eta ekonomiaren baliabide funtsezkoak dira: «
Europagintzan ari gara, eta elkartasuna da laguntzeko modu paregabea. Gu zenbait alorretan aurreratuagoak gabiltzala kontuan izanda, unibertsitate mailan hasi gara gure harremanak lantzen».
KULTURA ARDATZ IZAN DADIN.
Kutsu politikoa izan duen harremana, bi herrien arteko kultur topagune bihurtu nahi dute orain. Kultura izan dadin ardatz. Joan den uztailean, Kemperreko 80 bat lagun egon ziren Arrasaten. Protokolo ekintzekin batean, Kemperreko dantzari eta musikariak bertakoekin aritu ziren herrian barrena. Kultur ekitaldi politak landu ziren: Robert Ommes historialari bretoiak Bretainiako historia eta egungo egoeraz hitz egin zuen eta Jesus Garmendiak Euskal Herriko eta, bereziki, Arrasateko egoeraz jardun ere. Bretoiek honelako hitzak izan dituzte orain arteko esperientziaz: «
Euskaldunen arteko hurbiltasunak eta komunitarismoak deitu digu atentzioa. Gu formalistagoak gara». Elkarrengandik ikasteko presto daude kempertarrak zein arrasatearrak