MARAGALLEN ALTERNATIBA HUTSA ETA PUJOLEN OHIKOTASUNA LEHIAN

  • CiUko Jordi Pujol da Generalitateko lehendakari azken hogei urteetan eta beste legealdi batez iraun gura du. PSNko Pascual Maragall gertu ibiliko zaio, hori diote behintzat inkestek.

2021eko uztailaren 21ean
Ez da ezusteko handirik gertatzen ari kanpainan, baina akaso inoiz baino gehiago ikusten ari da konbergente eta sozialisten arteko lehia. Behingoz Maragallek Pujol garaitzeko aukera ei du. Lehia gogorra izango da, baina inkestek Jordi Pujolen alderdiari ematen diote garaipen estua.
Zazpi dira egun Kataluniako Legebiltzarrean dauden indar politikoak eta zazpiak aurkeztuko dira urriaren 17ko hauteskundeetara: Convergencia i Unio (CiU), Kataluniako Alderdi Sozialista (PSC)- Aldaketaren aldeko herritarrak, Kataluniako Ezker Errepublikarra (ERC), Alderdi Popularra (PP), Ezker Batua eta Alternatiboa (EUiA) eta Berdeak.
Inkesta guztien arabera, CiU da seigarrenez hauteskunde hauetan garaile aterako dena, hori bai, oraingoan tarte txikiarekin. Honek esan nahi du Jordi Pujol izan daitekeela berriz Kataluniako lehendakari; hala ere, alderdiko buruzagiek ziurtatu dutenez, hala balitz ere hauxe litzateke Pujolen azken agintaldia. CiUk, beraz, indarrez jarri du abian hauteskundeetarako bere tresneria guztia, beren garai onenetan mendebaldeko alderdi komunistek egiten zuten legez: «

Diziplina handiz, pairamenez eta kontu txikiena ere ahaztu barik
», hala adierazi dio Bartzelonako analista politiko batek ARGIAri.
Oraingoan CiUk ekimen ugari jarri ditu abian, horietako batzuk nahiko kutsu demagogikoarekin. Esate batera hirugarren adinarekin egindakoak; lehenbiziz, halaber, gaztelania ari da erabiltzen hauteskunde kanpainan. Helburua argia da, detailerik txikiena ere kontuan hartzea, ahalik eta boto gehien lortu –baita bereak ez ohi diren sektore nazionalistetan–, eta irabaztea.


MARAGALL, AMERIKARRA.

PSC-Aldaketaren aldeko herritarrak indarraren hautagaia den Pascual Maragall izango da Jordi Pujolen lehiakide gogorrena. CiUko buruzagia garaitzeko xedearekin, oraingoan sozialistak Iniciativa per Catalunya-Berdeekin bildu dira Tarragona, Lleida eta Gironan. Maragallek ilusio handia piztu du zenbait sektoretan, asko baitira dagoeneko nekatuta direnak 20 urteko pujolismoarekin; bere kanpainaren estrategia, ostera, kontraesankorra eta nahasgarria izan da, oihartzun mediatiko handiko jardueretan eta molde amerikarreko kanpainetan oinarritua: globoak, txikleak, gozokiak, kamisetak eta eduki politiko gutxi.
Hau guztia aurrera eramateko EEBBetako Alderdi Demokratikoko talde baten aholkularitza izateaz gain, Maragallek esan eta egin beharreko guztia azken muturreraino zaintzen duen hauteskunde batzordea du. Baina kanpainaren amerikanizazioa ez da denen gustukoa izan eta PSCko sektore batzuk deseroso agertzeaz gain, ez dute estrategia egokitzat jotzen. Proposamen zehatzik ez egitea eta CiUrenaren programa alternatiboa ez izatea leporatzen dio askok lehendakarigai sozialistari; egun batean nazionalismorantz jotzen duela eta hurrengoan espainolismorantz ere bizkarreratu zaio.
Jendeak, halaber, ezin du ahaztu eztabaidagarri izan den zenbait ekimen, adibidez enpresariekin izandako afaria, non bakoitzak 100.000 pezeta ordaintzen zuen platerreko; Maragallek agindutako gardentasuna eta ikuspegi aurrerakoitik nahiko urruti ikusten ditu jende askok tankerako ekimenak. Baina ez da bere ingurunean bakarrik, Kataluniako beste sektore aurrerakoi askotan ere egoneza ukitu bat ekarri du Bartzelonako alkate ohiaren estrategiak; hauetan Kataluniako ezkerraren esperantza zuri gisa ikusi izan da hautagai sozialista, Kataluniako aldaketa politiko, sozial, kultural eta generazionalerako pieza garrantzitsua.


BESTE HAUTAGAI BATZUK.

Pujol eta Maragall dira hauteskunde hauetako hautagai nagusiak, baina besteak ere hor dira herritarren botoak erakarri nahian. Ohiko kanpainarekin ari dira oro har, baina apurka beraiengan ere eragina dute publizitate eta eragin sozial handiko teknikek, egistasmo eta proposamen politikoei gero eta tarte txikiago uzten dieten teknikak.
Bi alderdi ari dira lehian, irabazleen zerrandako hirugarren lekua hartzeko, PP eta ERC. Alberto Fernandez da kontserbadoreen Generalitaterako hautagaia eta alderdiari kutsu modernoagoa eta moderatuagoa ematen asmatu du. Esquerrari dagokionez, botuen % 10 lortzeko ahalegin bizia egiten ari da; gizarteko beste sektore batzuetara heltzea da bere erronka nagusienetakoa. «Nazionalisten gehigikeriei aurre egiteko» indar erabakior moduan aurkezten dute beren burua popularrek, batez ere nazionalki espainiarrak sentitzen diren sektoreen aurrean; elebitasuna da beren kanpainaren ardatza. ERCko independentistak, aldiz, sinesgarritasunaren irudia saltzen saiatzen ari dira, arduratsu jokatzeaz gain, gobernu proiektua duen indarrarena; CiU, PSC eta ERCren arteko koalizio gobernua defendatzen ari dira.
Oso bestelako egoera bizi du Rafael Ribok, IC-Berdeak koalizioko lehendakarigaiak: sozialisten atal txiki gisa ikusten zaio orain eta, Diego Lopez Garridoren PDNIri PSOErekin gertatu zitzaion legez, PSCk guztiz zurrupatzeko arriskupean dago. Horrez gain, Iniciativa (IC) Bartzelonan soilik aurkezten da bera bakarrik eta gainera bere zatiketetatik ateratako beste bi erakunderekin lehiatu beharko da: batetik, EUiA –molde zaharreko komunistak eta ezker erradikaleko sektoreak biltzen dituena– eta, bestetik, Els Verds-CEC. Bi erakunde hauek beren Legebiltzarreko ordezkaritzak galduko dituzte seguruenik, baina Riboren eremuko boto mordoxka ere eraman dezakete.
Orain arte bezala, hauteskundeak eta egoera politiko honen aurrean, herritarrek ez dute erakutsi poztasun handirik eta jarrera abstentziozalea indarrez agertzen da Generalitateko lehendakaria eta diputatu autonomiko berriak hautatzerako orduan. Kulturalki beren burua espainiartzat hartzen duten sektoreetan da zabala abstentzioa eta, berriz ere, erabakiorra izan daiteke nazionalisten garaipena lortzeko

ERC, alternatiba nazionalista eraiki nahian

Urriaren 17an egingo diren Kataluniako hauteskunde hauetan, Kataluniako Ezker Errepublikarrak (ERC) daraman estrategia da ezaugarri garrantzitsuenetakoa, eta kontuan hartu behar da ERC dela independentziaren aldeko jarrera argia agertzen duen alderdi bakarra; Europako Batasunaren barruan estatu burujabea eratzearen aldeko jarrera du.
Kataluniako Legebiltzarreko hirugarren indarra da ERC eta duela bi urte eta erdi bizi izan zituen aldaketa garrantzitsuenak, Angel Colom alderdiko idazkari nagusiak eta buruzagi eta militante talde garrantzitsu batek alderdia utzi zutenean. Zatiketak eztabaida sakona ekarri zuen ERCk jarraitu beharreko estrategia eta taktika, eta bere muga politikoei dagokienez. Ordura arte bere izaera ezkertiarra eta aurrerakoiari buruzko zalantzak egotzi zaizkio ERCri, bere jarduera independentista oso modu orokorrean eta eduki gabe defenditu izana leporatu zaio. Colom eta bere jarraitzaileek alderdia utzi izanak berrantolaketa handia ekarri dio ERCri; alderditik kanpo, alabaina, oraindik entzuten dira hotsen batzuk –barruan ere bateren bat– CiU eta PSCren artean distantzikide izatea leporatzen diotenak.
Edonola ere, alderdi errepublikarra ahalegin handia egiten ari da sektore sozial berrietara zabaltzeko eta aldarrikapen independentista ezkerreko edukiz jazteko. Antza, bukatu da eskaera orokor eta huts haien garaia, populazioaren oso sektore txikietara iristen zena –% 10era baino gutxiago– eta gizarteko sektore zabalek ulertzen ez zutena.
Hori da behintzat ERCko buruzagi garrantzitsuenek diotena, Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko lehendakaritzarako hautagaia buru. ERCko zuzendaritzak dinamika zaharrak alboratu ditu eta orain sindikalista eta beste alderdi ezkertiar batzuetako zuzendaritzekin biltzen da, bere mezua sentimentalki eta nazionalki espainiartzat hartzen duen Kataluniako gizarte sektore zabal horretan ere zabalduz. Helburua ezkerreko katalanismoa zabaltzea da, independentistak ez diren sektoreak erakarri eta hauteslegoaren % 10etik gora bildu. Zertarako? Hogei urte boterean daraman eskuineko nazionalismo pujolistari, ezkerrekoa, aurrerakoia eta herrikoia izango den alternatiba nazionalista eraikitzeko


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude