IDAZLEAREN ETA OKINAREN BESARKADA ARIZKUNEN


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Duela mende bateko testuinguru horretan gure artean nahikoa ezezagunak diren eta euskal entziklopedietan topatuko ez dituzuen bi lagun jaio ziren. Deusek ez zuen pentsarazten haien bizitzak elkartuko zirenik, baina horrela gertatu zen, beraientzat ere ustekabean izan arren. Baztango Arizkunen izan zen, Perpetuak lan egiten zuen ostatu modukoa zen bere izeba baten etxean: «Ogeite amazazpi urte zituen, baño iakin banu orduen ala izan bearra zela biramonean berean juain nitze etxera. Ez nuen batre aderretsi lemexien; etze deusere nere gogokoa. Amar egunen buruan etorri ze ogiaikin eta erran zire izan nai zuela nik izen bear nituen ume guzien aita eta alako gauza anitz. Irri egin eta utzi nue. Oraño ez zue deus erdietsi. Ola juan zen eta ilabete bat, gutiz gora bera, egontze etortzeko eta ni ez nitze oroitu beraz deus ere. Beti gauza berekin eta ni ain otz».
Honelakoa zen Iruñean garai batean entzun genezakeen euskara zaharra, nafarrera. Jose Mari Satrustegi, Arruazuko euskaltzainari eskertu behar diogu, hein handi batean, bi lagun hauen berri izana: Perpetua Saragueta eta Trinidad Urtasun –ikus «FLV» eta «Egan»–. Biak nafarrak, biak euskaldunak eta euskaltzaleak, egun haien sorterrietan orduan baino hagitzez euskara gutiago mintzatzen den arren.


PERPETUA ETA TRINI.

Trinidad Urtasun bertsolaria oraindik euskaraz bizi den Nafarroako Baztanen jaio zen, Irurita herriko Beltranea etxean hain zuzen, 1894ko apirilaren hogeita lauan. Hots, Gamazada izeneko matxinada herrikoi ezaguna gertatu berria zenean. Bederatzi urte beranduago, 1905eko abuztuaren hiruan, Perpetua Saragueta Nafarroako Erroibarrean jaio zen, Mezkiritz herrian. Hau da, Iruñetik Luzaiderat doan errepidean, Nafarroa Beherea alderat eta Auritz, Orreagarat heldu baino lehen kokaturik dagoen herri batean. Arturo Kanpionek berak Sabino Aranari aurpegiratzen zion ea orduko bizkaitarrak euskaldunagoak ziren herri horietako biztanleak baino, «hango ikazkinak» erraiten zuen idazle iruindarrak. Urte haietan Erroibarra euskalduna zen eta zaharren artean gelditzen da euskaldunik. Haurren artean anitz, jakina, baina ez lehenagoko euskalkia menperatuz, Iruñeko euskalki bera zena alegia.
Trini okina lanbidez, labean egiten zuen lanaz gain herri nahiz baserrietan ere ogia banatzen aritu zen. Mutilzahar bihurtzeko bidean zelarik, 1931ko uztailaren 22an ezagutu berria zuen Perpetua Saragueta euskal idazlearekin ezkondu zen, bigarren errepublika delakoaren hasieran, goian ikusi dugun haien lehen pasadizua hagitz itxaropentsua izan ez arren.
Perpetuak 1928tik 1936rat inguruko berriak «La Voz de Navarra», Iruñeko egunkari abertzalean karrikaratzen ohi zituen, baita bertze hainbat artikulu Gipuzkoako «Argia» ezagunean eta «Euskalduna» izen handikoan. Lan hauetan «Txorrondo» (bere herriko etxeetako inguru bat), «Aritz» eta «Mendigibel» goitizenak erabili zituen. Trini, bere aldetik, etorri handiko bertsolaria zen, emaztearen arabera behin «iruetan ogeita lau» abestu baitzituen segidan. Dena den, ekoiztu zuen gehiena galdu dela dirudi, Auspoa izeneko bilduman zertxobait kausitzen ahal dugun arren. Izan ere, Jose Mari Satrustegi euskaltzainaren erranetan emazteak berak hainbat lan puskatu zuen, bertan senarrak neska batzuengan begirune guti agertzen zuelakoan. Perpetuak berak bere oroitzapenetan datu hau oroitarazi zuen: «

Nahi zinuke zure alabendako norbaitek ori egitea? Erre egin nitue
».
Edonola ere, umore handiko baztandarrak amaginarrebari Perpetuarekin ezkondu nahi zuela adierazteko ospe handia zuen Hernaniko Txirritaren bertso hauek abestu zizkiola jaso da bederen: «Bagindazin, bagindazin biok gozo-gozo,/ Ezkontzeko mandatu egin diot atzo./ Ama preparatu zait asarrez betia,/ Lemexiko oiua, zenbat dek dotia./ Ainbertze kostatuko alaba maitia/ Lastima izango lukek iri emaitia». Eta amak luze egin omen zuen far. Biak abertzaleak, Gerra Zibilan Trinik arazoak izan zituen. Honela kontatu zuen bere emazteak: «

Bein batez Erratzun aigine ogi saltzen. Iru gizonek gelditu zigute, eta galdetu zakote nere senarrai: `Zu zera Trinidad Urtasun?' Bai jauna, ala naiz. `Zu zera nazionalista?' (dena erdaraz) Bai jauna, ala naiz. `Eta zuk zer uste duzu orrekin?' Joño! Amar al nación!».
Ondoren berrogei egunez ezkutatu zen.
Euskal Herriko hiribururat, Iruñerat joan ziren bizitzerat. Urte luzeak Karlos III. etorbidean eman zituzten. Euskara debekatuan argitaratzerik ez zuen Perpetua, nortasun handikoa, gida karneta eskuratu zuen lehendabizikoetako nafar emakumea zen. Trini, 1978ko uztailaren hogeita bederatzian uda pasatzen ari zen bere emaztearen sorterrian hil zen, laurogeita lau urte zuela. Bere azken urteetan, nekaturik, ez omen zuen bertsolarien artean nabarmenaraziriko umore ona galdu. Honela galde egiten zioten: «

Zer ari zera Trini?,
(eta berak erantzun): `

Emen, ezin bizi eta ezin fini'».
Eskuineko hanka hagitz gaizki zuela, halaber, sendagileak erran zion: «

Au dena adineingatik da, (
eta berak erantzun):

`Ez, jauna, ez! Bi ankak adin berekoak dire'».
Perpetuak, bertzalde, gaztetako ohiturari jarraikiz, bere euskara aberatsaz idatzi zituen memoriak: «Nere oroimenak». 1986ko martxoak hogeita seian hil zen, laurogei urte zuela

Iruritan euskara etxean aritzeko hizkuntza da.

Trinidad Urtasun bertsolariaren sorterria Irurita zen (argazkian herria gaur egun). Herri hau Nafarroako Baztanen da. Hauek dira Baztango mugak: Erroibar, Esteribar, Anue, Lantz, Ultzama, Donamaria, Bertizarana, Etxalar, Zugarramurdi, Urdazubi, Sara, Senpere, Ainhoa, Ezpeleta, Itsaso Luhuso, Bidarrai, Baigorri, Banka, Aldude eta Urepele. Eta bertze hauek, berriz, Baztan osatzen duten herriak: Almandotz, Anitz, Arizkun, Arraiotz, Azpilkueta, Berroeta, Elizondo –hiriburua–, Elbetea, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekarotz, Amaiur, Oronotz eta Ziga. Agi denez, hagitz udalerri zabala da eta ia zortzi mila biztanle du.
Irurita, Baztan bezala, euskalduna da egun eta hainbatetan aspaldidanik bere baitako erdalgune batzuek zuten garrantzia azpimarratu bada ere –Irurita bera lekuko–, euskara berriz ere indartzen ari dela dirudi. Elizondoko Mariano Izetak, erraite baterako, honela zioen: «

Herrietako euskara ez da galduko, haurrak gurasoekin baztandarreraz mintzatzen baitira. Elizondo orain dagoena baino erdaldunduagoa egon da
» (ARGIA, 1574). Hala ere, badira kezka handiagoa erakutsi dutenak, Doike izeneko euskara taldeko partaidea den Isabel Aleman kasu: «

Baztanen euskaraz ez du prestigiorik eta etxean aritzeko hizkuntza bihurtzen ari da
».
Egia da egungo erabilpena zenbait ingurutan nahi baino eskasagoa dela. Irakaskuntzan, bertzalde, euskal eredua nagusi da. Bertsolariak ere badira, Trinidad Urtasunen ondorengoak. Alta, euskarak, polikiegi izan arren, aitzinerat joko du Baztanen

Mezkiritz: «zona vascófona»n euskara berreskuratzen.

Perpetua Saragueta euskal idazlearen sorterria Mezkiritz zen (argazkian herria gaur egun). Herri hau Nafarroako Zangoza merinerrian da, zehazki Erroibarrean kokaturik dago, hain zuzen ere Iruñetik iparralderantz, nafar seigarren merinerria osatzen duen Nafarroa Behereko mugan. Hauek dira Erroibarra inguratzen duten udalerriak: Baztan, Esteribar, Lizoainibar, Artzibar, Auritz eta Urepele. Eta bertze hauek Mezkiritzekin batera Erroibarra populatzen dutenak: Aintzioa, Ardaritz, Aurizberri, Bizkarreta-Gerendiain, Erro, Esnotz, Lintzoain, Loizu, Orondritz eta Zilbeti.
Egun, orotara, Erroibarrak ez du zortziehun biztanle eta Mezkiritz laurogei inguru. Dena den, industrializazioa baino lehen hagitzez jende gehiago bizi zen bertan (XIX. mendearen erdi aldean bi mila lagun baino gehiago), lantegi tikiak zirelarik, burdinolak eta ikazkinak kasu. Garai batean, bertzalde, ogi bila Ameriketarat joaitea ere arrunta zen.
Bonaparte printzearen mapan (1863) Mezkiritz euskalduna zen eta Erroibarreko lagun gehienek ez zekiten erdaraz, hizkuntz arrotzaren eragina ezagutzen zuten arren, ondoko Aurizko Pablo Fermin Irigarai Goizueta, Larreko idazlearen testigantzak lekuko. Nafarreraz bizi ziren, Iruñeko euskalkian hain zuzen.
Arturo Kanpion, Damaso Intza, Aingeru Irigarai, Pedro Yrizar, Koldo Artola, Sagrario Yarnoz, Elias Agorreta edota Iñaki Gaminde, bertzeak bertze, hiltzear dagoen herri honetako euskara aztertzen aritu dira. Duela urte batzuk, hala ere, ibarra legearen «zona vascófona» delakoan kokatu zuten Mezkiritz eta orduz geroztik herriko haurrak zein gazteak, poliki poliki, euskara berreskuratu nahian ari dira

«Ixilbeti»: eskilak entzuten ez diren herria.

Erroibar udalerriko Zilbeti herri erdaldundua Esteribarreko iparraldeko mugan da, Eugi ondoan hain zuzen eta egun berrogeita hamar bat biztanle inguru du. Bada, Perpetua Saraguetaren erranetan, eta inguruko jendearen iritzi zabalaz, Zilbeti izena balizko «Ixilbeti» izenari legokioke, hau da, Perpetuak nahikoa herri baztertutzat jotzen zuen eta handik inongo zalapartarik sortzen ez zela zioen. Andereak berak oroitarazten zuenez, mendietan barna kokaturik dago, Erroko gaina zeharkatzen duen errepide nagusitik bideska luzea ateratzen baita herriraino eta, antza denez, bidegurutze hartatik Zilbetiko dorreko ezkilak ez ohi dira entzuten. Etimologia hau herrikoia izaiten ahal da, jakina, baina euskal idazleak hori behetik gora sinesten zuela dirudi. Hortaz, nork daki, jatorriko izena «Ixilbeti» izaiten ahal da

Urtasun bertsolaria

Sendoa argitaletxeak Auspoa bilduman jaso zuen Trinidad Urtasunen hainbat bertso. Bere ahotsean batzuk eta beste norbaitek abestutakoak beste batzuk. Doinuak magnetofoitik entzun eta paperean jarri zituztenak Manuel Yaben eta Anbrosio Zatarain donostiarrak izan ziren. Bertsolaria izaki, gertakari bitxiak ere bazituen baztandarrak eta halako batzuk badira Auspoako liburuan. Segidako bertsoa euskaraz eta gazteleraz idatzi zuenetako bat da.

Los que han andado con ella
omen dira iru,
para esa chiquitita
gezurra iduri du;
sin duda le darían
zerbait ere diru,
ahora se han quedado
ez bele ta ez miru


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude