AMERIKA EUSKALDUNEK AURKITU AL ZUTEN?

Nork aurkitu zuen Amerika? Cristobal Colonek, 1492ko urriaren 12an. Edo hori da, bederen, guztiok ikasitako bertsio ofiziala. Baina Europako kostalde atlantiarreko herrietan, Norvegiatik hasi eta Euskal Herriraino kontrakoa defendatzen duenik badago. Eskandinaviarrek euren bikingoei egozten diete aurkikuntza, XVI. mende baino lehen untzigintzan eta nabigazioan aurrerapen garrantzitsuak zituztela argudiatuz. Irlandar eta eskoziarrek ere etxerako joera dute eta itsasuntzi kaxkarretan espedizio arriskutsuak burutu dituzte hori frogatzeko. Bretoiak eta normandiarrak ez dira atzera geratu `mundu berria'ren aurkikuntza euren itsas-gizonei egozteko orduan. Azkenik, euskaldunok Ternuako balenarrantzaleen tradizioan oinarritzen dugu Ameriketan lehenak izan gineneko teoria.
Dena den, euskaldunena ez da etxe barruan soilik defendatzen den kandidatura. Thor Heyerdahl 84 urteko antropologo norvegiarraren esanetan, euskaldunak 1400. urte inguruan dagoeneko Ameriketan izanak ziren. Giza migraziotan espezializatu da Heyerdhal eta bere teoriak frogatzeko Kon-Tiki izeneko historiaurreko baltsa batean Pazifikoa zeharkatu zuen 1947an. Guantxeak eta bikingoak ere Coloni aurreratu zitzaizkiola esaten du, horien bien eta euskaldunen jatorrian harreman estua dagoela defendatuz. Aurki liburu batean kaleratuko ditu teoria honen nondik-norakoak. Komunitate zientifikoan, ordea, teoria hauek ez dute onarpen zabalik. Norvegiarrak berak onartzen du 1961. urtean New Yorkeko Zientzi Akademiako bere lankideetatik inork ez zuela oraindik berak esandakoa onartzen.
Badira Heyerdahlez gain, eta hark baino lehenago, hautagai euskaldunen alde idatzi duten atzerritarrak. XVI. mendeko idazle frantziar batek, Bertrand d'Argentre-k, Ternuara lehenak iristen euskaldunak, bretoiak eta normandiarrak izan zirela idatzi zuen. 1661. urtean Etienne Cleirac-ek aurrekoak esandakoa baieztatuko du, Ternua euskaldunek aurkitu zutela, alegia. Coloni Indietako existentziaren berri eman zion gizona balenarrantzale euskalduna izan zela gaineratu zuen. 1789an D'Alembert-ek «Entziklopedia Metodikoa»n dio euskaldunak izan zirela balenarrantza ikasi, bere koipea urtu eta Ternuara iristen aurrenak.
Van Beneden-ek, bere «Un mot sur la Pêche de la Balaine et les premiers expeditions arctiques» (1878) liburuan, zehaztasun gehiago ematen du, datari dagokionez bederen: euskaldunek 1372. urtean deskubritu omen zuten Ternua. Denboran oraindik atzerago egin zuen M. Robert de la Loture-k 1949an. Bere ustez euskal balenarrantzaleak Colonen aurkikuntza baino 200 urte lehenago ari ziren Ternuan arrantzan. Dena den, Loturek ez du euskaldunak lehenak izan zirenik esaten, bere iritziz bikingoek dagoeneko X. mendean lur amerikarra zapaldua baitzuten. Eta badirudi hala izan zela: Erik Gorriak Groenlandiaraino iritsi eta handik Ameriketako lurretara iristea ere lortu zuen, hainbat arrasto arkeologikok frogatu bezala. Baina, bertara iritsitakoak han hil omen ziren eta beste espediziorik ez bide zen itzuli handik aurrera. Gertakizunak, hortaz, ez du garrantzia historiko berezirik.


MICHELETEN LAUDORIOAK.

«Nork ipini zuen nabigazioa gizonaren eskura? Nork ezagutarazi zuen itsasoa eta honen gune eta bideak? Nork deskubritu zuen mundua? Baleak eta balenarrantzaleak. Eta hau guztia Colon eta bere urre bilaketari ezagunak baino askoz ere lehenago. Hauek eraman zuten arrantzaleek, lehen aurkitzaileek, merezitako ospea, lehen aurkikuntza horiek ez baitira inoiz zabalduak izan. Ozeanoko zeharkaldia, XV. mendean hain ospatua izan zena, sarritan burutua zen ordurako, bai Islandiako pasabidetik Groenlandiara, bai itsaso zabaletik, euskaldunak iritsiak baitziren Ternuara». Jules Michelet historiagile frantziarrak 1862. urtean argitaratutako «La mer» liburuko pasarte bat dugu hau. Parisko semeak ez du zalantzarik euskal balenarrantzaleak izan zirela Amerika aurkitu zutenak. Gainera, bere testua euskal izaerarekiko laudorioz josia dago: gizon indartsu eta ausartak omen ziren gure arrantzaleak, bizkorrak, heroiak... Ezin esan, beraz, objetiboegia zenik.
Laudorioak laudorio, bi ondorio nagusi atera ditzakegu idazle hauen guztien testuetatik: bata euskaldunek Amerika aurkitu bazuten, Ternuara iritsi zirela. Bestea, balearen atzetik abiatu zirela bertara.
Baina, euskal kostaldeko balenarrantzaleak Amerika aurkitu bazuten, zergatik ez zuten aurkikuntzaren berri eman? Beharbada, lurralde `berria'ri ez ziotelako inolako garrantziarik eman; haien helburua balea zen, eta itsasoa, beraz. Edo apika, hainbesteko etekinak ekartzen zituen zonaldearen ustiapena soilik euren eskura mantentzeko, sekretua gordetzea erabaki zutelako.
Ukaezina dena euskaldunen balenarrantzarako tradizioa da. XVI. mendea baino askoz lehenago Kantauriko uretara hurbiltzen zen balearen arrantzan jarduten zuten –balea agertzen deneko lehen agiria Baionako hiriak eginiko 1059ko eskari bat da, balearen haragia saltzeko esklusibaren eskaria–. XVI. mendeko Mutrikuko harmarri batean edo XIII.eko Bermeoko eta Hondarribiko zigiluetan agertzen den elementua da balea, bere arrantzaren garrantziaren lekuko.
XVI. mendean dagoeneko Ternuako balenarrantzan nagusi ziren. Ondoren holandar eta ingelesak etorriko ziren bultzaka eta 1713ko Utrechteko Itunean bertan aritzeko eskubide guztiak galduko zituzten. Akabo euskal arrantzaleen pagotxa.
Dena den, Ternuako nagusigoa galduta ere atzerritarrek euskal arrantzaleak hartu ohi zituzten euren untzietan, estimu handitan baitzuten euskaldunek alor horretan zuten ezagupen maila.
XVI. mendean Ternuako balenarrantza euskal itsas-gizonen ohiko jarduna zela frogatua dago, beraz. Orduan, ez al da zilegi lehenago ere, XV. mendean zehar, eta hortaz Gaztelako lehen espedizioa baino lehen, bertan izan zirela pentsatzea?


ZERGATIK EZ?

Galdera hauxe bota nahi izan diogu gai honetan aditua den historiagile bati, Jose Luis Casadori. Casado Santanderko Itsas Museoko zuzendaria da eta ez dago Espainian XV. eta XVI. mendeko itsas historiaren inguruan berak adina dakienik. Ez ditu alferrik gaiaren inguruan eskura izan dituen artxibo eta arrasto guztiak aztertu. Bada, bere erantzuna argia izan da: «

euskaldunak Ameriketara 1492a baino lehen iritsi zirela esaten duen teoriak ez du inolako oinarririk
». Ezetz, alegia. Frogarik egon, ez dagoela eta gainera, topatzeko aukera ere minimoa dela. Ez euskaldunak eta ez beste inor –bikingoen X. mendeko ondoriorik gabeko abentura bakan hura salbu– ez zitzaizkiela Colon eta berarekin joan zirenei aurreratu. Bere hitzetan teoria hauek guztiak «

mitologiak dira, asmakizun hutsak, historiaren karikatura
». D'Alembert, Heyerdahl, Michelet eta besteen kontuak horixe besterik ez omen dira, kontuak, horietatik inork ez baitu kontrakoa frogatuko duenik erakutsi.
Aurrerago, XVI. mendearen erdialdera edo, hasi omen ziren kantauriar flota garrantzitsuak Ternuara joaten, bertan balenarrantzan aritzeko, eta espedizio horietan gipuzkoarren nagusitasuna azpimarratzen du Santanderko Itsas Museoko zuzendariak.
Ezezko borobila onartu ezinik edo, beste galdera bat bota diogu. Gertatu ez bazen ere, teknikoki posible izango al zen Ameriketara iristea? Oraingoan, ustekabean, baiezkoa bota du. «

Posible bakarrik ez. Hala gertatu zen. Nork egin zituen bestela lehen aldiz Ameriketara iritsi ziren hiru karabelak? Nongoak ziren tankerako bidaietan joaten ziren itsas-gizon gehientsuenak? Kantauriarrak
». Eta horien artean, noski, euskaldunak. Beraz, Cristobal Colon genovarrak –esanak esan, genovarra baitzen– zuzentzen zuen espedizioren aurretik ez ziren iritsi, baina bertan garrantzi berezia izan zuten.
Puntako azpiegitura teknologikoa zuen gure kostak untzigintzaren esparruan eta itsasgizon trebeak ziren bertako biztanleak; aurkikuntza bera baino lehen, itsasoaren kontrola ematen zien horrek kantauriarrei.
Flandeseko komertzio bideak euren esku zeuden, baita Mediterraniokoak ere. Irlanda eta Kanarietarako joan etorrietan ere nagusi ziren.
XVI. mendea joanda ere, nagusitasun horrek ez zuen atzera egin. XVI. mendeko bigarren erdian, beti ere Sevillako portutik irtenda –beste aukerarik ez zegoen–, 12.000-13.000 untzi inguru abiatu zen Ameriketara. Horietatik % 90 Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoan eraikiak izan ziren. Casadoren iritziz, «

garai horretako aurkikuntza garrantzitsuen meritua, neurri handi batean, euskaldunena da. Arrazoi handiagoak dituzue zuen itsas historiaz harro egoteko eta arrazoi errealak dira, gainera. Orduan, zergatik eman behar zaizkio hainbeste buelta funtsik gabeko mito bati?
». Colonekin batera Amerika aurkitu zuten euskaldunak Gaztelako Koroaren menpe zeudelako, agian.
Hortaz, euskaldunek Amerika deskubritu al zuten? Beren kabuz eta 1492. urtea baino lehen aurkitu zutenik ezin frogatu daiteke eta hori defendatu nahi duenak sinesmen hutsean oinarritu beharko du bere argudioa. Colonen espedizioaren arrakastan parte hartu zutela da frogatua dagoena eta neurri horretan Amerika eurak ere aurkitu zutela esan daiteke. Baina, orduan, Gaztelako Koroaren zerbitzuan egin zutela onartu behar da

Kolonizaziorako asmorik ez

XVI. mendearen hasieran –Amerika `deskubritu' berritan beraz– Jacques Cartier itsasgizon frantziarrak, Belle-Isleko itsasartea deskubritu zuen, Ternua uhartea zela erreparatuz. Eta orduan ikusi omen zuen bertan euskaldunak balea nahi beste harrapatzen ari zirela.
Euskal arrantzaleen interesa itsasoan zegoen eta, hala ere, lurrekoekin ba omen zuten harremanik, eta harreman onak, baketsuak, gainera. Euskal bale arrantzaleak udaberrian iristen ziren Ternuako kostaldera eta bertan geratu ohi ziren udazkena iritsi bitartean.
Beothuk tribua zen garai hartan Ternuan zabaldurik zegoena. Arrantzan eta ehizan jarduten zuten bizibide gisa eta oinarrizko trukeak ere egiten zituzten euren artean zein euskaldunekin. Bertakoen kastore larru preziatuen truke altzairuzko tresnak eskaintzen zizkieten balearen atzetik bertaratutako euskaldunek, aizkorak eta aiztoak, esaterako. Gailetak eta sagardoa ere gustura hartzen omen zituzten ternuarrek. Aldika, euskaldunek bertakoak ere jornalari bezala hartu izan zituzten.
Euskaldunak han izan zireneko arrastoak topatu dira Ternuan. Baina, XVI. mendetik aurrera datatuak izan dira denak. Lehenagoko frogarik ez da aurkitu. Ezin jakin, beraz, harreman hauek 1492. urte baino lehen ere eman ote ziren

Palos ala Pals?

Katalanek ere badute beren erreibindikazioa Amerikaren aurkikuntza dela-eta. Ez dute eurak Colon baino lehenago iritsi zirenik esaten, espedizio hura katalana zela baizik. Horixe da, behintzat Jordi Bilbeny filologo eta historiagileak «La descoberta d'Amèrica. Una reflexió sobre la manipulació de la història» lanean defendatzen duena. Bere esanetan, hainbat testutan agertzen da hiru untziek Gibraltar igaro zutela eta, beraz, abiapuntuak Mediterranioko portu bat behar zuen izan. Gainera, Palosek ez omen du itsasorako tradiziorik, ezta portu zaharrik ere. Bilbenyren ustez ez ziren Andaluziako Palosetik abiatu, Kataluniako Palsetik baizik.
Espedizioaren kapitulazioak Aragoiko Koroaren Artxiboan daude gorderik eta sinadura koroako idazkariarena da; espedizioa erabat katalana izan ez balitz ez omen zuen horrelako sinadurarik izango. Bere teoria Espainian onartu ez izana zentsuratzat jo du Bilbenyk


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Balea-arrantza basamortuan

Atacamako basamortuan, zehazki El Medano sakanean, labar-pinturak aurkitu zituzten XX. mende hasieran. Luzaroan aurkikuntza oharkabean pasa zen, baina mendea geroago margolan gehiago aurkitu zituzten: 328 irudi, 74 paneletan banatuta.


2018-01-16 | Itxaro Borda
Furakanetan kulunka

Alberto Santanak Euskal Telebistan eskaintzen duen Baskoniako historia bat sail ederrean, duela gutxi, erakutsi zigun euskaldunok ez ginela jatorriz oso itsaso zaleak. Arbasoek ikasi behar izan zuketen olatuen eta galernen artean irauten. XV. gizalditik hona, Islandiarako... [+]


Teila gorriak eta dabiltzan harriak

Ez hartu harririk, ez teila zatirik, ez lorerik… ezer! Gure zapatilen arrastoa da zapalduko dugun lurrean utziko dugun bakarra. Ez egin harri pilarik, etorkizuneko arkeologoen lana baldintzatuko duzue eta. Horixe esan zigun Jason Edmundsek ondare kulturalaren zaintzaren... [+]


Historiarik ez duen denborari begira

Bertaratutako euskaldunek Gran Bahia deitu zioten duela mende asko Ternua eta Labrador kasik bateratzen diren Belle Isleko itsasarteari. Arrantzaleek ustezko badia erraldoiaren sarrerako penintsula eta irla-artean ezarri zituzten baleak ehizatu eta euren olioa ateratzeko... [+]


Ternuatik, ahanztura eta ausentziez

Europako ontziak Ternua eta Labradorreko kostetara baleak eta bakailua arrantzatzera etortzen hasi zirenean, duela jada bost mende, ba omen zen Atlantiar kostetako badiatan nolabaiteko ohore kode bat. Galeoi edo ontziak leku bat hartu eta izendatzen bazuen, beste inork ezingo... [+]


2017-02-02 | Reyes Ilintxeta
Iratxe Andueza, ikerlaria
“Uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik”

Kanadan dabil Iratxe Andueza. Euskal arrantzaleek  XVI. mendean hara eramandako tresnak aztertzen ari da. Euskara-algonkinoa pidgina gertutik ezagutzeko aukera izan du. Orain indigenok nola bizi diren ere badaki, eta ezin egin balorazio onik.


2016-05-09 | Gaizka Izagirre
‘Euskal balezaleen triskantza’ dokumentala maiatzaren 12tik aurrera ikusi ahalko da

Euskal balezaleen triskantza duela ia laurehun urte jazo zen hilketa ikertzea helburu duen dokumentala da. Txuri eta beltzik gabeko istorio bat, zuria esateko hamaika hitz dituen herrian.


2016-01-11 | Haritz Rodriguez
Islandia eta euskal baleazaleak: iraganera bidaia hamabost argazkitan

Islandian oraindik geratzen da euskal baleazaleen aztarnarik, baita duela 400 urteko triskantzaren oroimenik ere. Bertako buruzagi baten aginduz hil zituzten hainbat arrantzale euskaldun, eta erreportaje honetan kontatu dizugu gertaturikoa. Argazkion bidez iraganean atzera egin... [+]


2015-12-22 | Haritz Rodriguez
Islandia
Euskal baleazaleen lorratzean

1615ean Islandiara balea ehizatzera joandako euskaldunak sarraskitu zituzten bertako buruzagi baten aginduz. Lau mende geroago lurralde horietan barna bidaia egin du ARGIAk. Euskal baleazaleek uharte hartan izandako presentzia garrantzitsua bertatik bertara ezagutzeaz gain,... [+]


Eguneraketa berriak daude