Aurtengo ardo uzta jasotzear dago. Sektore honek garrantzi handia du Hego Euskal Herrian. Horren erakusle dira dauzkagun bi jatorrizko izendapenak: Errioxakoa eta Nafarroakoa. Bi ardook geroz eta estimatuagoak dira, bai Euskal Herrian eta bai munduan zehar. Eta urtetik urtera ardo gehiago eta hobea esportatzen dute. Mahastiak heldutasunera iritsi bitartean izandako klima gorabeherek, Arabako Errioxan batez ere, zalantzak sortarazi dituzte aurtengo ardo kantitateaz nahiz kalitateaz. Uzta erabat amaitu bitartean itxaron beharko da baina zantzu guztien arabera, iaz baino uzta txikiagoa izango dela dirudi; eta kalitatea ona edo oso ona izango dela, bikainera iritsi gabe. Ardoaren inguruko euskal historian gutxitan lortu izan da kalitate bikaina.
Gogoan izan beharra dago apirilean zehar izotzak gogor jo zuela eta kalte handiak eragin zituela Araba eta Nafarroako mahastien % 100ean. Une hartako gehiegizko ezkortasunagatik eta hondamendi hots interesatuengatik, urteko uzta iazkoaren erdia izango zela aipatu zen. Egia da Aste Santuko beroen ondorioz mahastietako kimuak ohi baino lehen atera zirela. Une hartan, nekazariek, laster biltzeko aukera emango zuen uzta iragarri zuten. Baina, gero, apirilean zehar, termometroak behera egin zuen, bost gradu zero azpitik ere izan zen, eta haren ondorioak guztiz suntsigarriak gertatu ziren. Baina aste batzuk geroago ñabardura gehiagorekin eman ziren datu horiek, eta 1999ko uztaren azken emaitzei buruzko berriak ez ziren hain larriak.
Errioxako Kontseilu Arauemaileak mahatsa biltzeko arau batzuk jarri ditu. Kontrol handiagoa ezarri du eta 32 kontrolatzaile edo mahats bilketarako laguntzaile gehiago jartzea aurreikusi du, 186 kontrolatzailera iritsiz. Kopuru honek bikoiztu egiten du duela lau urtekoa. Kontrol horrekin erabat ziurtatuko da uztaren benetako kopurua.
ERRIOXA ARDOAREN UZTA ONA.
Errioxa jatorrizko izendapenezko 98ko uzta oso ontzat har liteke, bai ardoen kalitate mailagatik eta bai Errioxako historian eman den uztarik ugariena izateagatik. 1998ko uzta 391 milioi kilokoa izan zen, eta hortik 273,5 milioi litro ardo atera ziren. Horrek % 8ko igoera esan nahi du aurreko uztarekiko.
Mahastien zikloa klima baldintza ezin hobean igaro zen; uztari buruzko aurreikuspen oso baikorrak egin ziren eta, neurri handi batean, egiaztatu egin dira. Orokorrean, mahatsa heldutasun maila onean eta oso egoera onean sartu da upelategietan; oso graduazio egokiko ardoak lortu dira, kolore intentsitate onarekin eta 1997an baino kalitate handiagoarekin.
Nahiz eta produkzio kopurua dagoen eskaera baino handiagoa izan, azken ekitaldietan gertatu ohi denez, jatorrizko prezioak, mahatsarenak nahiz ardoarenak, goraka jarraitu zuten eta maila guztiz harrigarrietara heldu ziren.
Merkataritzaren ikuspegitik, 1998ko urtea ona izan da Errioxa ardoarentzako, azken urteetako salmenten gorakada berretsi duelako, barne merkatuetan nahiz nazioartean. Azken urteotako salmenten igoera guztiz ikusgarria izan da, batez ere nazioarteko merkatuetan (azken bost urteetan bikoiztu egin da). Bilakaera honen zergatia, sektoreko iturrien arabera, Errioxak kalitatezko ardo gisa merkatu guztietan duen irudi onaren ondorio da.
Baina 1999ko urte honen lehen sei hilabeteetan salmentak behera egin du % 6,82an. Aipatzen diren arrazoi garrantzitsuenen artean, ardoak izan duen prezio igoera nabarmentzen da, kanpoko merkatuetan beherakada eraginez. 1998an, urtarrila-maiatza bitartean, 96,3 milioi litro saldu ziren, eta 1999ko epe horretan bertan 89,7 milioi litro saldu dira. Arazo larriena kanpoko merkatuetan dago, salmentek % 21,68 egin baitute atzera, 30,7 milioi litrotatik 24 milioi litrotara jaitsiz. Nolanahi ere aurtengo bigarren sehilekoan salmentak hobetu eta bere onera etortzeko itxaropena dago, Errioxako Kontseilu Arauemaileko iturriek adierazi dutenez
Ardoaren kontsumoak gora egin du munduan
A
rdoa, ekonomi jarduera gisa, bere historian zehar izandako une gorenean dago. Haren eskaerak gora egin du kantitatez eta, batez ere, kalitatez, merkatu nazionaletan nahiz nazioartekoetan. Gainera, edari gisa ere, zentzuzko kontsumo bat eginez gero, berari buruzko iritziak gora egin du merkatu guztietan». Hitz horiek euskal enpresen artean sektoreko garrantzitsuenetakoa den «Bodegas y Bebidas»eko lehendakariak esan zituen, 1998ko ekitaldiaren memoria ofiziala aurkeztean.
Munduan zehar ardoaren kontsumoak izan duen gorakadak arrazoia ematen diola esan genezake. 1994an munduan kontsumitu ziren 215,5 milioi hektolitroetatik 1997an kontsumitutako 224,3 milioi hektolitroetara igo da –horiek dira orain arte ezagutzen diren azken datu ofizialak–. Inolako zalantzarik gabe, 1998an kontsumo hori are gehiago igoko zen.
Nolanahi ere ardoaren kontsumoak, azken 45 urte hauetan, ibilbide gorabeheratsua izan du. 1956tik 1985era bitartean kontsumoak izugarri egin zuen gora, gero behera egin zuen 1994a arte eta, azkenik, pixkanaka gora egiten ari da orain. Goiko taulan argi ikus daiteke bilakaera hori.
Adituek diotenez, eskaeraren igoera hori eskatzen den ardoen kalitate hobearekin batera etorri da; eta ardoak edari gisa duen irudi eta iritzi hobe eta baikorragoaren isla da. Gastronomiak eta beren kontsumo gaien barruan ardoa sartzen duten bizi-estiloek nazioartean eskuratutako irudi onak ere zerikusia izan du gorakada horretan.
Ardoa neurriz hartzeak duen geroz eta irudi hobeak –beti ere adituek diotenez– eragin onuragarria du ardoaren kontsumoan tradizioz ardo kontsumitzaile diren herrialdeetan. Bestalde, irudi on hori ardo ekoizleak ez diren eta ardo tradiziorik ez duten gure kultur inguruneko hainbat herrialdetara iristeak ere garrantzi handia du.
Halaber, kontsumatzaileek geroz eta kalitate hobea eskatzeak ere suspertu egin du ekoizleen sektorea (mahastizainak eta upelategiak). Egunetik egunera ardo hobeak eskaintzeko ahalegin handiagoa egitera bultzatu ditu faktore honek, dena kontu gehiagorekin zainduz eta gaiaren aurkezpena nahiz marketinga zintzotasun eta zorroztasun bereziz landuz
Errioxa eta Nafarroa puntan, jatorri izendapenari dagokionean
Espainian, azken urteotan, ardoaren kontsumoak gora egin du, kalitatezko ardoen kontsumoak gora egitearen ondorioz. Ardo lasaien kontsumoak % 0,6an egin zuen gora 1998an, jatorri izendapenezko ardoaren kontsumoa, urte horretan bertan, % 9,8 igo zen bitartean. Jatorri izendapenezko ardoaren kontsumoa 1994ko 272 milioi litrotatik 1998ko 322 milioi litrotara igo zen. Ardo lasaiak, bestalde, 1994ko 1.182 milioi litrotatik 1998ko 1.143 milioi litrotara igaro ziren. Mahaiko ardo arruntak, cavak eta beste ardo batzuk beherakada garrantzitsua izan dute.
Jatorrizko izendapena duten ardoen salmenta oso konzentraturik dago, gutxi batzuen artean banatzen da. Une honetan Espainian jatorri izendapena duten 54 marken artetik bederatzik soilik % 85 saltzen dute barruko merkatuetan. Aipatzekoa da Errioxa eta Nafarroako jatorrizko ardoen salmentek Espainia guztikoaren erdia ia bereganatzen dutela (% 47, horietatik % 39,4 Errioxari dagokio eta gainerako % 7,5 Nafarroari). Errioxako jatorri izendapenak du Espainiako lehen lekua. Ondorengoak ondoko taulan ikus daitezke.
Espainian ardoaren eta muztioaren kontsumoa % 1 igo zen 1998an. Iaz 1.276,1 milioi litro kontsumitu ziren eta 1997an apur bat gutxiago, 1.269,1 milioi litro. Ardoaren eta muztioaren kontsumoa handiagoa izan zen 1994an, 1.335,2 milioi litrotara iritsiz. Ondorengo bi urteetan jaitsi egin zen: 1.255,8 eta 1.254,8 milioi litro, hurrenez hurren. 1997an eta 1998an pixkanakako gorakada bati ekin zitzaion