Funtsezko aldaketarik ez baldin badago –eta zantzu guztien arabera, ezinezkoa izango da–, ez litzateke harritzekoa izango hastear dagoen udazkenean, birmoldaketa eta birregituraketen azken hamarkadetako
udazken beroak berriro errepikatzea. Azken hilabeteotan lan arloko hainbat arazo inkubatzen egon dira, langileen eta sindikatuen aldarrikapenei erantzun onargarri bat eman gabe. Oraingoz, mobilizazioen egutegirik ez da zehaztu. Hauek pixkanaka eta era mailakatuan etorriko dira, beti ere une jakin batean, eta patronalak bere horretan jarraitzen badu, beste greba orokor baterako deialdia egin daitekeela baztertu gabe.
Azken bolada honetako sindikatuen ardatz nagusia, langabeziaren aurkako borrokan, 35 orduko lanaldia izan da. Iragan maiatzaren 21ean Hegoaldean egindako greba orokor indartsuak ere ez du lortu patronalaren jarrera aldatzerik. Jarrera horren arabera, enpresetako lanaldia murrizteak enplegua suntsitzea besterik ez luke ekarriko. Gasteizko Administrazioak, berriz jarrera neutrala erakutsi du gizartean hain ondorio larriak izan ditzakeen gai honen aurrean.
Gainera, udazken bero hori suharrago egingo dute gizarte soldataren aldeko aldarrikapenak eta hainbat euskal enpresa garrantzitsuk izan ditzaken arazoek. Esaterako, hor jarraitzen dute irtenbide argirik gabe Babcok Wilcox (BW) eta Mecanica de la Peñak, berentzako kontzentrazio sektorialaren irtenbidea aipatzen delarik. Sestaoko La Naval enpresa garrantzitsuak ere Japonia eta Koreako enpresen lehiaren erasoa bizi du berriro, eta iristear dago beste enplegu-erregulazio espediente bat. Nahiz eta etekin ikaragarriak izan, erregulazioaren gaia aztertzen ari da baita ere Telefónica, zeinak langile asko dituen Hegoaldean.
35 ORDUEN HEDAPENA.
Sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoan ematen den langabezia maila hartzen dute abiapuntutzat: ia % 16ra iristen da, 152.000 pertsona bilduz. Aldi berean, enpresek geroz eta etekin handiagoak dituzte eta egonkortasunik gabeko enplegua indartzen ari dira. Egoera horretan, euskal sindikatuek, joera bateko zein bestekoek, bat egiten dute 35 orduko lanaldia sektore guztietara hedatzearen aldeko aldarrikapenean.
Ia bi urte daramatzate gai hori negoziatzen, baina ugazabak guztiz zurrun daude beren jarreran. Nahiz eta greba orokorrak erantzun oso ona izan, patronalak tinko jarraitzen du bere aukeran. Sindikatuek uztailaren 8an adierazi zuten Confebaskek gatazkaren bidea aukeratu duela «
elkarrizketari uko eginez», eta uda ondoren udazken beroa etorriko zela iragarri zuten.
Sindikatuen adierazpenek ez zuten zalantza izpirik uzten negoziaketak hautsi ondoren gerta zitekeenaz. ELAko Jose Miguel Unanuek Confebask salatu zuen: «
Gizartetik zerga erraztasunak eta dirulaguntzak jaso ondoren, elkartasun jarrerarik erakutsi gabe, harrokeriaz jokatzen du, eztabaida irekitzeko duen beldurra ezkutatu nahian». Sindikatu bereko German Kortabarriak gogorarazi zuen «
sindikatuen ahalmena ez dela greba orokorrarekin ahitu» eta hurrengo urratsa «
gogorra eta luzea» izango zela.
LABeko Jose Luis Rezabalek ukatu egin zuen sindikatuak «
inposizio bidearen alde» zeudenik, nahiz eta garbi utzi zuen ez zeudela maiatzaren 21eko greba orokorrean bildutako ondarea alferrik galtzen uzteko prest. Rezabalen ustez, urrats berriaren helburua «
eztabaida Lan Harremanetarako Kontseiluan bideratzea da, bakoitzak bere ardura beregana dezan. Grebaren ondoren, negoziazio urratsari ekin zitzaion, baina hori ezinezkoa gertatu den unetik, zoritxarrez, gatazkaren bidea ageri da aurrean».
UGTko Bermejoren ustez, «
Confebasken esku dago lan esparruko ernegazio eta gatazka giroa saihestea» eta «
patronalak, bere gizartearekiko ikuspegi motz eta baldarraren ondorioz, hondamendira darama negoziaziorako euskal esparrua. Enplegua sortzeko asmoz bi urte bileretan eman ondoren, hainbeste itxaropen sortarazi ondoren, plantilak gaztetzea izan da beren arreta erakarri duen xede bakarra».
CCOOek, berriz, «
gaur egungo langabezi maila handia errotik murrizteko ahaleginean guztiz funtsezkoa zen akordioa lortzeko aukerari uko eginez, patronalak erakutsitako jarrera gogor eta kontserbadorea» kritikatu zuen. Azkenik, sindikatu honek lanaldiaren murrizketa eta horren ondorioz enplegua sortzeko plataforma bateratuak osatzea proposatu die gainerako sindikatuei
Confebask 35 orduko lanastearen aurka
Euskal Autonomia Erkidegoko patronalak, Confebaskek, hainbat hilabete sindikatuekin hitz egiten eman ondoren, bere horretan jarraitzen du eta, bere ustez, «
lanaldia orokorki murrizteak enplegua ez sortzeaz gain, suntsitu ere egiten du eta beste bide batzuk bilatu beharko lirateke». Horixe da, funtsean, patronalak behin eta berriz adierazten duen jarrera, eta sindikatuek «
egosgogorra eta atzerakoia» dela eta elkarrizketarako prest ez dagoela salatzen dute.
Confebaskek lanaldiaren murrizketari buruz duen jarrera ofiziala zein den ezagutzeko, bere «Confebask» aldizkariko azken editorialetako pasarte batzuk biltzea izango da biderik egokiena. Bitxia gertatzen da izenburua bera: «Enpleguaren alde». Lehenik eta behin patronalak Euskadin enplegua sortzen lagundu duela adierazten du, beren «
ardura eta ahalegin enpresarialaren» emaitza izan dela, eta azken lau urteotan sortutako 126.400 lanpostu berriak gogorarazten dituzte, nahiz eta ez duten ezer esaten lanpostu horien behin-behinekotasunaz, Lan Harremanetarako Kontseiluarekin izenpetutako akordioaz eta abar.
Sindikatuekin elkarrizketetan emandako hilabeteak aipatu ondoren, honela dio editorialak: «
Hilabete hauetan zehar, sindikatuek lanaldia legez 35 ordura murriztea egiten zuten planteamenduaren aurrean, Confebaskek proposatu izan duena da, gogoeta sakonagoa egin beharra bai lan-denborari berari buruz, bai beraren egituraketa eta antolaketari buruz, garaiei egokituago leudekeen alternatibak bilatzeko asmoarekin. Pentsatzen genuen, eta orain ere horrelaxe pentsatzen dugu, lanaldia orokorki murrizteak enplegua ez sortu ez ezik, suntsitu ere egiten duela eta beste bide batzuk bilatu beharko liratekeela. Horretan egon gara harik eta, aldebakarreko erabakiz eta negoziazioak aurrera joan zitezen astirik eman gabe, sindikatuek lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten arte».
Aurrerago eta «
grebaren arrakasta edo porrotari» buruzko iritziak albo batera utziz, honela dio enpresarien editorialak: «
benetan gertatzen dena da, legez ezarri nahi dela lanaldi-murrizketa bat enpresa edo sektore bakoitzaren inguruabar konkretuei begiratu barik, bide horretan egindako beste esperientzia batzuen porrota ezagutu nahi gabe eta, horrelako neurri batek eragingo lituzkeen ondorio kaltegarriak haztatu gabe, gure iritziz hori ez da formularik egokiena enplegua sortzeko».
Euskal patronalaren ustez, «
enplegua ekonomi hazkundearekin, enpresa lehiakorrekin, jardueraren eta enpresari izan nahi izateko bokazio berriak sortzearen aldeko ingurunearekin sortzen da, kasu batzuetan baita, gure ekoizpen ehunaren lehiatzeko gaitasunari kalterik egin gabe, lanaldiaren arloko alternatibekin ere. Enpresen beharrak, ez dira berdinak eta gaur egun enplegu aukerak ere ez daude lehengo esparru berdinetan. Hala ere, ez dugu etsi behar eta sor daitekeena banatzearekin pozik geratu. Enplegu-politika ekinkorrak beti izaten dira, etsipenezko edozein politika pasibo eta, oraingoa bezala, haizearen kontra doana baino erakingorragoak eta benetako beharrizanei hurbilagoak»
Gizarte bazterketaren aurkako ibilaldia
Aberastasunaren banaketa izango da udazken bero edo gorriaren osagaietako bat. Gizarte bazterketa, soldata soziala eta etxebizitza duin bat izateko eskubidea izango dira datozen hilabeteotako gai nagusiak, eta sindikatu, gizarte eta politika arloko hainbat esparru guztiz prest daude gaia kalera ateratzeko, mobilizazioekin, eta erakundeetara eramanez (legebiltzar, aldundi eta udaletxeetara). Sindikalgintza abertzaleak eta EH, EA eta IUk dagoeneko adierazia dute datorren udazkeneko ekinaldi tinkoan eskuhartzearen aldeko jarrera. Pentsa liteke Euskal Herrian bere presentzia duen sindikalgintza estatalistak ere gizartearen ekinaldi honen alde egingo duela.
Testuinguru horretan kokatu behar da Gizarte Bazterketaren Aurkako Batzar Nazionalak Nafarroan irailaren 11n burutuko duen bilkura, bertan Koordinakundea Nazionala eratzeko asmoz.
Bere egitekoa Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan bazterketaren aurkako mugimendua bultzatu duten gizarte, politika, sindikatu eta gizarte arloko mugimenduak artikulatzea izango da. Halaber, Gasteizko Legebiltzarrak Karta Soziala –Euskal Herriko biztanleen 82.000 sinaduraren babesarekin– eztabaidatuko duela espero da, irailaren amaieran hasi eta urrian zehar. Legebiltzarrean Karta Sozialari eginiko 112 zuzenketa daude burutuak. Une honetan hiru alderdi politiko daude herri ekimenaren aldeko jarrera agertzeko prest: EH, EA eta IU.
Karta Sozialaren arduradunak jabeturik daude hori egitate bihurtu ahal izateko «
gaur egungo jardunbide ekonomiko eta sozialaren norabidea aldatu beharra dagoela, eta gaur egungo indarren arteko hartuemanek ez dutela aldaketa hori bultzatzen, nahiz eta hainbat mugimendu horren alde egon». Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaie gizartearen eta herriaren presioa. Beraz, Koordinakunde horrek gizartea abian jarri beharko du «
Legebiltzarrari presio egiteko eta politikoek Giza Eskubideen Kartaren alde egin dezaten bultzatzeko». Horretarako, dagoeneko, gizarte bazterketaren aurkako ibilaldi bat eratzen ari dira, eta Hego Euskal Herriko zati handi bat zeharkatuko du.
Etxebizitzaren gaia edota pobreziaren femenizazioa ere aztertuko dituzte ekinaldi honen aldeko taldeek, baita Administrazio Publikoko lan banaketa eta lanaldiaren murrizketa ere. Dagoeneko eginak daude hainbat azterketa, eta horietan ageri denez, Administrazio Publikoan 32 orduko lanaldia ezartzeak 6.000 lanpostu gehiago eragingo lituzke, eta sektore pribatuan 35 ordura murriztuko balitz, beste 46.400 lanpostu sor litezke. Honela, gizarte bazterketaren aurkako herri ekimenaren arduradunen iritziz, «
langabezia ofiziala 80.000 pertsonetara jaitsiko litzateke, eta gizarte soldataren ezarpena, kasu horretan, 66.000 milioi pezetakoa (2.640 milioi libera) izango litzateke». Kopuru horiek, berraztertu beharrekoak, EAEren BPGren % 1,2 edo zerga iruzurraren % 11 besterik ez lirateke