Ikerketa eta garapenak, I+G-k, geroz eta garrantzi handiagoa du Hego Euskal Herrian. EAEn eta Nafarroan burutzen ari diren teknologi planek eta esparru honi eskaintzen zaizkion aurrekontu zati gero eta handiagoek garbi erakusten dute gure enpresen lehiakortasunari eusteko giltzarri direla. Aurrekontu mailan, EAE eta Nafarroako gobernuen artean ezberdintasun handiak egon arren, onartu beharra dago biak ari direla ahalegin garrantzitsu bat egiten I+G indartzeko. Iparraldean, bestalde, eremu honetan zenbat inbertitzen den jakitea zaila bada ere, hasiak dira pauso zenbait ematen, Izarbel teknogunea kasu.
EAEn I+G arloko gastua Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,23koa zen 1997an, Espainiakoa baino % 40 handiagoa, eta gainean dugun mendearen lehen urteetarako Europarekin bateratzeko asmoa du arlo horretan. Nafarroa, bestalde, une honetan BPGren % 0,90 ari da inbertitzen, hau ere Espainiako batez bestekotik gora. Bere teknologi plan berriarekin % 1,6 lortzeko asmoa du 2003an, gaur egungo inbertsioa bikoiztuz.
EAE BIGARRENA.
Gaur egun, EAE bigarren lekuan dago Espainian I+G arloan inbertitzen dutenen artean. BPGren %1,23arekin, erraz gainditzen du Espainiako batez bestekoa (% 0,87, duela bi urteko datu ofizialen arabera). Garrantzitsuena zera da, I+G arloko gastuaren % 71 EAEko euskal enpresek egin zutela, eta horrek garbi erakusten du EAEko hiru herrialde historikoetan ikerketa eta garapenean dagoen oinarri sendoa. Finantzaketari dagokionez, EAE finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean dago (% 59,9). Alemania eta Estatu Batuen pare dago, eta Europako batez bestekoaren (% 45,5) gainetik.
BPGri dagokionez, EAEren I+Gko inbertsioa Europako batez bestekoaren (BPGren % 1,8) azpitik dago. Kopuru hori, noski, nahiko urrun dago Estatu Batuetan eta Japonian inbertitzen dutenetik (BPGren % 2,6 eta % 2,8, hurrenez hurren). Baina EAEko Gobernuak abian jarri asmo dituen teknologi planekin, I+Gean Europarekin bateratzeko benetako prozesu bat aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Josu Jon Imazen hitzetan, «
herrialde aurreratuenekiko, erdibideko postu batean kokatu gara, eta hurrengo planean Europako I+Gko gastuarekin bat egitera iritsi nahi dugu».
EAEko Gobernuaren zientzia eta teknologiako plan ezberdinek teknologi esparru berri bat sortzen lagundu dute azken urteotan. 1997-2000rako azken planak ikertzaile eta teknikari adituen prestaketa bultzatu nahi du, industrian barnera daitezen ahaleginduz. Planak 112.300 milioi pezetako (4.492 milioi libera) aurrekontua du aipatu epealdirako, eta horietatik 56.000 milioi pezeta baino zertxobait gehiago sektore pribaturako izango dira.
Teknologiako Euskal Sareak, Saretek-ek, lan garrantzitsua bete du berrikuntza bultzatzearen alde. Sare hori honako hauek osatzen dute: zortzi teknogune horizontalek, Europako bi teknogunek, lau teknogune sektorialek, enpresetako zazpi I+G unitatek, hiru laborategik, ikerketarako bi erakunde publikok, berrikuntzarako zazpi bitarteko elkartek eta EAEko lau unibertsitateek.
Teknologiako Euskal Sarea erreferentzia bat da gaur egun Europa hegoaldean, eta datuek hala egiaztatzen dute: 1998an, unibertsitateak kontuan hartu gabe, gune guztien artean 16.424 milioi pezetako fakturazioa izan zen, 3.000 milioi pezetatik gorako inbertsioak egin ziren eta ikerketa lanetan 2.004 langile eta 433 bekadun aritu ziren.
Ez da ahalegin makala izan EAEk egin behar izan duena maila hori lortzeko. Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Joseba Jauregizarren arabera, «
Euskal Autonomia Erkidegoak bere zientzia eta teknologia sistema propioa eratu behar izan du. 70eko hamarkada bukaera arte Euskal Herrian ez zegoen ikerketarako gune publikorik eta Estatu mailan, berriz, 105 zeuden. I+Gean inbertitzen zena EAEn (BPGren % 0,07 1977an) oso gutxi zen Estatuan inbertitzen zenarekin alderatuta (% 0,3)».
Alabaina, zuzendari berak dioenez, «
Euskadin euskal enpresak jabetuak dira I+Gean egiten den inbertsioa funtsezko eragile estrategikoa dela merkatu globalean behar den lehiakortasun maila lortu ahal izateko. Halaber, I+Gean Europan inbertitzen denaren batez bestekoaren pare jartzekotan gaude. Horrela, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriaren ikuspegitik, 2004. urterako % 1,8ko gastua izatea aurreikusten da».
EAE-N I+G TALDERIK HANDIENA.
EAEko teknoguneen zeregina herriaren ekonomi eta gizarte garapenean laguntzea da, eta horretarako teknologiaren erabilera babesten, bultzatzen eta errazten ahalegintzen dira, beti ere lehiakortasun tresna gisa harturik. Gaur egun, teknogune horiek Espainiako ikerketa talderik garrantzitsuena osatzen dute, eta erreferentzi garrantzitsu bihurtu dira Europan ere. Teknoguneek enpresekin, kontratu bidez, egin dituzten ikerketa lanek 3.800 milioi pezetako kostua izan zuten 1997an eta 3.900 milioi pezetakoa 1998an.
Bestalde, EAEko teknoguneek 166 proiektutan eskuhartu zuten 1997an, 1.000 milioi pezetako itzultze ekonomikoa eraginez. Iaz 219 proiektutan eskuhartu zuten, 1.200 milioi pezeta inguruko itzultze ekonomikoa sortuz. Ikerketa proiektuetan izandako partehartzeak –enpresen kontratupean– eta Europako programa markoetan izandako presentziak «
ondorioztatzen du euskal teknologia guneak direla Estatuko talde handiena ikerketa aplikatuan», Josu Jon Imazen iritziz. «
Europan presentzia handiena duten Estatuko 15 enpresen artean Euskadiko bost teknologi gune azaltzen dira».
Garrantzi berezia dute baita ere, Gasteizen, Donostian eta Bilbon dauden EAEko hiru teknologi elkartegiek. Hauen barruan 132 enpresa biltzen dira eta 115.000 milioi pezeta inguruko fakturazioa dute, goi mailako kualifikazioa duten 5.000 langilerekin (% 60 goi mailako tituludunak) eta I+Gean lan handia eginez.
NAFARROAK 2003-RAKO BIKOIZTU NAHI DU I+G-KO INBERTSIOA.
Ikerketa eta garapena, orain artean, ez dira garaiek eskatzen zutenaren arabera joan Nafarroan. Badirudi, aurrerantzean, arlo horrek indar berri bat hartuko duela aurrekontuen aldetik. Enpresa txiki eta ertainak ez zeuden behar bezain jabeturik, eta multinazionalen lantokietako ikerketa maila urria izan da. Horrek eragin du Nafarroak BPGren % 0,9 besterik ez inbertitzea I+Gean. Kopuru hori Espainiako batez bestekoaren gainetik dago, baina EAErekin (% 1,23) edo Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero, oso behean geratzen da.
Nafarroako Gobernuak berriki onartu duen eta 2000-2003 urte bitartean garatuko den teknologi plan berriaren arabera, aurrez adierazitako ehuneko hori % 1,6raino igotzea aurreikusten da. Administrazio, unibertsitate, enpresa txiki eta ertain eta multinazionalen arteko lankidetzatik jaio den proposamen horrek 20.000 milioi pezetako inbertsioa eskatzen du. Bere finantzaketan ekimen pribatuak ere eskuhartuko du, Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilari izan den Ramon Bultók iragarri duenez. Beraz, aurreikusten den inbertsio horrek bikoiztu egingo du orain arte Nafarroan I+Gean inbertitzen zen kopurua.
Bultók dioenez, Nafarroako plan berriak hainbat ideia hartzen ditu kontuan: enpresa txiki eta ertainak berrikuntzak txertatzearen premiaz jabearaztea, teknoguneak eta ingeniaritza enpresak behar dituzten baliabideez hornitzea eta ikerketa sarituko duen arautegia garatzearen komenigarritasuna.
Jarduera honen arabera, Nafarroako ekonomian guztiz funtsezkoak diren sektoreetan I+G indartzearen alde jokatuko da. Automozioan –herrialdearen esportazioen erdia baino gehiago biltzen du– edo nekazaritzako elikagaietan, esaterako. Bestalde, etorkizun handiko teknologiak bultzatu nahi dira, hala nola, energia berriztagarriak –Nafarroak Espainian jarritako energia eolikoaren % 28,5 du–, biomedikuntza, informatika edo telekomunikazioak. Lanbide Heziketa ere teknologiaz hornitu nahi da, eta berrikuntza elkartegi bat ere sortzekotan dira.
Nafarroako administrazioaren asmoa herrialde honetatako multinazionalek ere ikerketa lanak egin ditzaten da. Hori, gaur egun, bideragarria da informazio arloko teknologiari esker. Enpresa handien ikerketa eta garapen guneek etengabeko laborategi bihurtzeko aukera dute, munduko edozein lekutan dituzten filialetako teknologi laborategiekin denbora errealean loturik egon daitezkeelako.
I+G IPARRALDEAN.
Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan ez bezala, Iparraldean ezin dugu zehatz-mehatz I+G delakoari buruzko datuez ezer esan. Ez termino berdinetan behintzat. Arrazoia, batetik, frantses estatuan gaudelako, eta bestetik, Iparraldeak ez duelako izate juridiko-politikorik, eta ondorioz, ez erakunde ekonomiko espezifikorik ere.
Gaur gaurkotz, Iparraldean dagoen behatoki ekonomiko bakarra Baionako Merkatal Ganbara (Chambre de Commerce et d'Industrie) da. Berau, ordea, Akitania (Erregioa) eta Pirinio Atlantiarreko (Departamendua) bi Kontseilu Nagusiek markatzen dituzten norabide ekonomikoen arabera kudeatua da.
Frantziako finantz sistema, sistema politikoa legez, oso da zentralizaturik; Parisen hots. Erregio eta Departamenduen bidez kudeatzen diren enpresak edo erakundeak, beren ekonomiak bideratzeko, Pariseko estamenduetatik pasa behar dute ezinbestean. Hala ere, Iparraldean aldagai ekonomiko batzuk ere erabiltzen dira, bai ekoizpen mailan bai ikerketa alorrean.
Esandako honegatik guztiagatik, Iparraldean ikerketa eta garapenean zenbat inbertitzen den jakitea zaila da. Ikerketa alor pribatu nahiz publikoan burutzen da edonola ere. Esaterako, Hegoaldean badaude Ikerlan edo Tekniker bezalako guneak, eta Iparraldean hasia da antzeko zerbait ere bideratzen.
Horietako bat Izarbel teknogunea da. Berean informatika, elektronika, elektromekanika nahiz industriari buruzko ikerketa inportanteenak garatzen dira. Nahiz ez den ikerketa eta garapenerako gune bat berariaz, bera da Iparraldean baliabide teknologiko eta industrialak garatzeko gune berria.
Ekonomia ez da garatzen industria alorrean soilik, jakina. Arrantza eta laborantza alorrean eta gai beraiei loturiko ekoizpenaz arduratzen diren sektoreetan ari diren enpresek ere ikerketak garatzen dituzte era autonomo batez. Donepaleuko Lur-Berri enpresak urteko aurrekontuaren zati handi bat ikerkekuntzara zuzentzen du. Bestalde, Senpere herrian INDRA (Institut Nationale de la Recherche Agronomique) institutua dago, Frantzia mailan funtzionatzen duen institutuaren adarra; orain hamabost urte Iparralderako eratua.
Ikerketa garatzen den lekune hauetaz gain, enpresa bakoitzak bere premien araberako ikerketa planak garatzen ditu, eta horretarako hiru dira Iparraldean baliabideak. ANVAR (Agence Nationale pour la Valorisation de la Recherche deitua garai batean) Berrikuntzarako Agentziara (edo Agence de l'Innovation) jo beharra dago; Bordelen eta Pauen ditu egoitzak agentzia honek. Bestalde, Europatik datozen diru publikoekin FEDER plana garatzen ari da egun. Erregioko prefetak kudeatzen ditu diru publiko hauek. Badago, azkenik, enpresek ikerketa eta garapenerako baliatzen duten beste diru iturri bat,
Incitation fiskale deiturikoa. Enpresek ikerketa alorrean beren aurrekontuaren parte bat inbertitzen badute, Estatuak beren zergen ordainkizuna tipitzen die