BATUA VERSUS EUSKALKIA?

  • Euskara batuak hutsune ugari bete ditu urte hauetan zehar eta dagoeneko ez dugu erdarara jo behar nahi duguna adierazteko.30 urte hauetan akats batzuk somatu ditu euskara batua erabiltzeko orduan. Batetik urrutiko intxaurren lilura deitu duena, hau da norberarena utzi eta hizkera arrotz batean aritzea, eta bestetik eskolako euskararen lilura deitu duena, jatorrizko hizkuntza alde batera utzi eta eskolakoa hartzea.Hala ere, euskalkiek eta euskara batuak badute beren eremua. Euskalkia erabiltzeko lau arlo zehazten ditu Koldo Zuazok: Aisialdia, Irakaskuntza, Herri hedabideak eta Administrazioa, batez ere udal eta foru esparruetan.

2021eko uztailaren 21an
Hogeita hamar urte luze egin berri ditu euskara batuak, eta gogoeta bat plazaratzeko erabili nahiko nuke urtemuga hau. Hasteko, esango dut, gauza bitan behinik behin, euskaldunik gehienok batera samar gatozela:

Euskara batua ezinbesteko tresna dugula.

Euskara batua erdialdeko euskalkian eraiki izana erabaki zuzena izan zela.
Ostera, euskara batu hori erabiltzeko moduek banatzen gaituzte euskaldunok sarri, eta horretan ere iritziak bateratzeko garaia badela iruditzen zait. Esan dezadan aurrera baino lehen, 1960ko hamarkada hartan batez ere hutsune nagusi bi bete nahi izan zirela euskara batuaren bidez:

Leku urrunetako euskaldunek bata bestearekin euskaraz ulertu ahal izatea.

Gairik jasoenak ere euskaraz erabili ahal izatea.
Euskara batua bultzatzeko beste arrazoi batzuk ere baziren, jakina, baina hauexek biok ziren zuzen-zuzenean hizkuntzari berari zegozkionak.
Eta hogeita hamar urteko ibilbideak euskara batuak hutsune bi horiek egoki bete ditzakeela erakutsi du. Dagoeneko ez dugu zertan erdarara jo behar beste edozein euskaldunekin hitz egiteko, eta dagoeneko ez dugu zertan erdarara jo behar edozein gairen inguruan jarduteko. Eta baldin eta erdarara jotzen badugu euskaldunarena da hobena, eta ez euskararena.
Baina kontua da aipatutako baldintza nagusi bi horiek aldatzen direnean, ez dugula denok hain «ezinbestekotzat» jotzen euskara batua. Hau da: leku urrunetako hiztunak gabe, herri edo eskualde berekoak batzen garenean, eta oso gai jasoak gabe, eguneroko bizimodukoez dihardugunean, nahitaez erabili behar ote dugu, orduan ere, euskara batua? Ez ote zaizkie esparru horiek betiko euskalkiei utzi behar? Sarri egiten dira galdera hauek, eta batzuek eta besteek emandako erantzun desberdinek piztu ohi dute eztabaida.
Gauzak bere leku egokian ipintzen hasteko, hiru hiztun multzo bereizi behar direlakoan nago:

Erdialdeko hiztunak, hau da, Gipuzkoako giputzak –Deba arrokoak ez besteak– eta Nafarroako mendebalekoak.

Euskaldun «berriak» ala ez, euskara batua besterik ez dakitenak.

Erdialdeko euskalkia ez den besteren bat hitz egiten dutenak.
Garbi dago arazoa oso desberdin ikusten dela multzo batekoa edo bestekoa izan. Erdialdeko eremukoendako euskara batua ez da, azken baten, maila jasoagoko hizkera baino eta, beraz, ez du horretan ikusten oztopo larririk.
Euskara batua baino ez dakitenek, berriz, dakiten horrekin euren beharrizan guztiak asetzea lor dezakete, eta multzo honetako zenbaitek ere ez du ikusten horrela jarraitzeko ezinik. Dena dela, euskara batua ikasita gero, hango edo hemengo hizkera ikasi eta bertakotzen direnak ere badira.
Baina batez ere hirugarren multzokoak dira auzia oso bestela ikusten dutenak. Betidanik erabili ohi duten euskara nabarmen aldentzen da eredu estandarretik. Kontua ez da hitz bat edo beste ikasi behar dutela. Kontua ez da egitura hau edo hura bere hizkeratik batura aldatzen dela. Kontua da sistemaren zati handi bat dela desberdina. Multzo honetakoena da, beraz, arazoa, eta batez ere eurok dira korapiloa askatzen ahalegindu beharko dutenak.


ARAZOAREN OINARRIAK.

Euskalkien auzia aipatu ohi denean, Bizkaiko edo Zuberoako adibideetara jo izan da beti, baina ez dago zertan hain urrun joan behar. Hurbilagoko beste edozein lekutan, Baztanen esate baterako, geldi gaitezke. Jo dezagun etxekoengandik «errain datzut» eta «gaki naiz» ikasi duen hiru urteko haurra eskolara joan, eta eskolatik etxerakoan «esango dizut» eta «noa» esanez itzuli dela. Hor hasi da arazoa.
Eta arazoa ez da Baztanen beti esan ohi diren «errain datzut» eta «gaki naiz» belaunaldi bakar batek galtzea. Horrek ere eman beharko liguke zer pentsa, baina galtze horren ostean dagoena da benetako kezka. Euren seme-alabak etorkizunerako prestatze alde eskolara bidali dituzten gurasoak berehala ohartzen dira eurena ez bezalako euskara irakasten dietela. Eta berehala ohartzen dira eskolan ez eze, gainerako esparru esanguratsuetan ere eurena ez bezalako euskara erabiltzen dela: telebistan, irratian, egunkarian, herriko iragarkietan... Eta galdera hauxe egingo dio beraren buruari: zertako Baztango euskara? Baztan ibarreko muga estuetan erabiltzeko, bistan da. Baina ez edozein baztandarrekin ere, gero! Baztango hizkerak ez baitu, nonbait, eskolara doazen gazteekin eta eskolan ibili diren helduekin erabiltzeko balio. Baserri giroko eta adin haundiko baztandarren artean erabiltzeko baizik ez baitu, nonbait, Baztango hizkerak balio.
Horrela edo horrelatsu ikusi ohi ditu gauzak Baztango gurasoak, eta gauzak horrela ikusteak beste ondorio batzuk ekarriko ditu.

Beraren euskarak gizarte hiritar eta modernorako ez duela balio uste duen gurasoak nekez erakutsi ohi die seme-alabei. Ahal duen neurrian, telebista ikusiaz, irratia entzunaz, seme-alaben jarduna adituaz... ikasi duen euskara berria erabiltzen saiatuko da bera ere. Garbi dago euskara berri hori menderatzen ez duenez, hanka sartze galantak egingo dituena. Garbi dago, era berean, euskara berri horretan ez duela lortuko bere betikoan izango zukeen jarioa, grazia, zehaztasuna eta dotoretasuna.
Eta argi izan behar dugu gaur egun hitzetik hortzera aipatzen dugun euskararen osasun edo kalitate ezak gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura ezarekin ere baduela zerikusia. Ez diezaiogun, beti bezala, osasun txarraren erru guztia erdaran murgilduta bizitzeari egotzi. Horrek ere badu bere eragina, baina ez da inondik inora ere gure ezin guztien iturburua.
Era berean, ez dezagun sinestu haurrak eskolara bidaltzea eta ETBren aurrean jarrita ipintzea euskara ona ikasteko nahikoa denik. Eskola eta hedabideak lagungarri dira, ezbairik gabe, baina etxea eta lagunartea dira denetan oinarririk sendoenak. Eta osasun oneko euskara nahi badugu, belaunaldi batetik besterako hizkuntza lotura horri –«hizkuntzaren transmisioari», gaur egun esan ohi denez– eutsi beharko diogu.

Gurasoak izan ohi dira seme-alaben lehen irakasle. Hainbat bider gertatu zaigu geuri ere «Josemariri ikusi deutset kalien» esan, eta gurasoen oharra entzun izana: «Zer ikusi deutsek, ba? Belarrixe, ala?» Baina gurasoak horrelako zuzenketa bat egin ahal izateko konfiantza osoa izan behar du beraren buruan. Eta nola izango du beraren buruan konfiantza, baldin eta seme-alabek ikasten duten euskara berarena bezalakoa ez bada? Nola izango du beraren buruan konfiantza, azken baten beraren euskararen lotsa baldin bada? Baldin eta beraren euskara txarra dela, kaxkarra dela, zaharkitua dela uste badu?
Bestalde, seme-alabek eskolan ikasten badute euskara, nor da gurasoa ezer zuzentzeko? Ez ote dira irakasleak horretarako? Eta zer, gainera, irakasleak irakatsitakoa bada haurrak dioena? Eta, azken baten, isil-isilik geldituko da gurasoa... badaezpada ere! Eta hona hemen atzera berriro euskararen osasunaren auzia jokoan.


ARAZOAREN BESTE OSAGAI BATZUK.

Hogeita hamar urteko ibilbidean mintzagai dugun auziarekin zerikusia duten beste akats batzuk ere sumatu dira euskara batua erabiltzeko orduan. Horietarik bi aipatuko ditut jarraian:

Urruneko gauzak, gauza exotikoak, sarri sortu ohi dute lilura, eta hizkuntza kontuetan ere gertatzen da hori. Eta, jakina, zenbat eta norberaren hizkuntzarenganako lotsa eta konplexu handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da urrunekoarenganako lilura. Hori dela-eta, esate baterako, mendebaleko hiztunengan, eta zer esanik ez idazleengan, oso nabarmena da mendebaleko hitzak eta egiturak bertan behera utzi eta inorenak erabiltzeko joera. Aldi eta alde orotako hitzak eta egiturak nahastuaz, euskara aberastu egiten dela uste du, gainera, zenbaitek; baina aberastu beharrean, hoztu eta arroztu egiten du horrek.
Esango dit norbaitek aldi eta alde orotako osagaiak jakitea onuragarria eta ezinbestekoa dela, eta esango diot norbait horri zeharo bat natorrela berarekin. Baina gauza bat da jakitea eta, oso beste bat, inolako oreka eta zentzu gabe erabiltzea. Adibide baten bidez erakutsiko dut esan nahi dudana. Gaztelaniaren komunitatean, esate baterako, egokia eta onuragarria da «guagua» eta «frijoles» zer diren «jakitea», baina desegoki eta zentzugabe irudituko litzaiguke Bilboko kaleetan bilbotar biren solasean hitz horiek «erabiltzea». Petralkeria eta sasiletraukeria hutsa iritziko genioke, ezbairik gabe, horrela mintzatzeari, «autobus» eta «alubias» direlako Bilboko jardunean ohikoak. Eta euskaraz dihardugula, ostera, zenbat petralkeria eta sasiletraukeria ez ote ditugu entzuten Bilboko eta beste hainbat lekutako bazterretan!
Bizkaitar baten euskara ez da hobea eta aberatsagoa «bainator, konpontzen ari naiz, zure zain nengoelarik, politika dela medio, kirolari buruz, demagun, adibidez, bederen, noski, agian»... esateagatik. Izatekotan ere, pedanteagoa izango da. Zeren eta Bizkaiko jardunean «nator-eta, konpontzen nabil/dihardut, zure zain nengoela, politika dela eta, kirolaren gainean, jo daigun (= dezagun), esate baterako, behintzat/behinik behin, jakina, beharbada/baliteke» dira ohikoak. Zer dela-eta, orduan, Bizkaian ohikoak diren, eta betidanik izan diren, horiek alde batera utzi eta inorenak erabili? «Bizkaikoak direlako», hain zuzen. Eta gauza jakina da Bizkaiko euskara ez dela ona, ez dela dotorea.
Garbi dago inorena ere jakin egin beharko duguna, eta jakin ez eze, erabiltzeko gai ere izan egin beharko duguna; baina noiz den, non den eta norekin den, erabiliko dugu. Eta noiz, non, norekin horiek zuzen bereizten dituenak daki ondo euskaraz; ez bateko eta besteko osagaiak noiznahi, nonahi eta nornahirekin nahas-mahasean darabiltzanak.

Bada gurean bestetan ez den berezitasun bat. Edozein herritan hizkuntza eskolan ikasi duenak, behin maila jakin bat iritsi ondoren jatorrizko hiztunak hartu ohi ditu eredu eta irakasle. Eta hiztun horiek bere inguruan ez dituenean, dauden lekura joan ohi da bertan egonaldi bat egitera.
Kontua ez da eskolan hizkuntza txarra irakasten dela; kontua da eskoletan hizkuntzaren zati bat baino ez dela irakasten. Eta delako hizkuntza hori erabiltzen duten jatorrizko hiztunekin hobetu ohi da fonetika eta prosodia, aberastu ohi da lexikoa eta, azken baten, ikasi ohi da hizkuntza bere osotasun eta zabaltasun guztian.
Euskal Herrian, ostera, munduko eskolarik hoberenak ditugu nonbait, zeren behin eskolan agiri edo profil jakin bat lortuz gero, ez dago zer ikasi gehiago. Eskolako agiria duenak lasai asko egin dezake lan Iparraldean, Bizkaian zein Nafarroan. Irakaskuntzan dela, leihatila baten herritarrekin hartu-emanetan dela... edozertan jardun dezake eskolako agiria eskuratu duenak. Arrakasta osoa, benetan, gure eskoletakoa!
Baina gure egoera ez dela batere arrakastatsua ikusiko dugu kalera irten bezain laster. Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen euskara behar bezala menderatzen ez duen eta euskararen senik ez duen kazetariak euskaldun peto-petoari zer edo zer galdetu eta honek bere euskara ez dela ona eta ez duela hitz egin nahi erantzuteak! Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen euskaldun peto-petoa bulego batera joan eta bertako langile euskaldunarekin erdaraz jarduteak! Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen guraso euskaldun peto-petoa seme-alaben irakasle euskaldunarengana joan eta bien arteko solasa erdaraz izateak!
Eta joan den urteetan zenbat bider ez ote ditugu horrelakoak entzun eta ikusi! Ezbairik gabe, meritu handia dauka agiriak eta profilak lortzeak; baina askozaz ere meritu handiagoa dauka hizkuntzaren bidezko komunikazioa lortzen eta inkomunikazioa saihesten egoki asmatzeak.


ETORKIZUNARI BEGIRA OHAR BATZUK.

Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, harritzekoa ere bada euskalkien arteko aldeak hain handiak izan, eta euskara batua zabaltzeko inolako plangintzarik tajutu ez izana. Horrek, jakina, badu bere arrazoia. Ez dugu ahaztu behar 1968an aurkeztu zela euskara batua, bete-betean Francoren diktadura garaian. Euskaltzaindia zen orduan euskara garatzeko eta bultzatzeko erakunde bakarra; bitartekoetan urri eta ahalmenetan mugatu zen Euskaltzaindia. Ahal bezala egin ziren gauzak orduan, eta ahal bezala egin dira gauzak gero. Baina, joanak joan, etorkizunari begira jarri behar dugu, eta nahiz eta berandu gabiltzan, oraindik ere ez dago dena galduta.
Helburua behinik behin argia da: euskararen osasuna hobetu behar da, eta horretarako hiztunak beraren euskaran konfiantza osoa izan behar du. Eta beraren euskara erdialdeko euskalkia ez bada, batuarekin batera eta batuaz gainera, beste horiek ere erabili egin beharko dira. Euskalkiak erabiltzeko, berriz, lau arlo ikusten ditut:
- Aisialdia.
- Irakaskuntza.
- Herri hedabideak.
- Administrazioa, batez ere udal eta foru esparruetakoa.
Izango da arloz arlo gauzak hobeto zehazteko aukera, baina ohar orokor batzuk egingo ditut behinik behin.

Alor honexeri deritzot euskalkiak lantzeko bitartekorik egokiena. Neska-mutilek eskolorduetatik kanpo egin ohi dituzten kirol saioak, ikastaroak (pintura, musika, argazkigintza, zeramika, bideogintza...), ibilaldiak, kanpaldiak... sartzen dira sail honetan. Ekintza hauetan guztiotan ahozko hizkuntza erabili ohi da gehienbat; nekez hizkuntza idatzia. Esparru hau «zeharo eta erabat» dagokio, nire ustez, euskalkiari.

Irakaskuntzan badirudi mailaz mailakoa izan beharko lukeela euskalkitik baturako bidea. Esango nuke, Europako beste herrialde batzuetan bezala, lehen mailetako irakasleak haurraren euskalki berekoak izan beharko luketela. Ez da nahikoa irakasleak euskaraz jakite hutsa; haurraren euskalkia ere jakin egin behar du. Ondorengo mailetan, berriz, irakurmenaren eta idazmenaren bidez landu liteke euskara batua, eta mintzamena bertako euskalkian egin.
Irakaskuntzaren barruan leku esanguratsua dute euskaltegiek, eta arlo honetan ere gauzak zeharo beste era batera egin beharko liratekeela iruditzen zait. Inguruko jardunean erabilienak diren hitzak eta egiturak irakatsi beharko litzaizkioke lehenengo eta behin ikasleari. Horrela egitera, eskolan ikasitakoa berehala baliatu ahalko luke eskolatik kanpo ere. Baina, ostera, bertako hizkerarekin zerikusirik ez daukan bat irakasten bazaio, «Kutsidazu bidea, Ixabel» kontakizuneko protagonistari bezala, suahiliera begitanduko zaio autoktonoek darabiltena eta hauek, berriz, amaigabeko eztabaidetan galduko dira euskaltegiko ikaslearen euskalkia Bonaparteren mapan kokatu ezinda.

Ez dago zalantzarik ETBko, Euskadi Irratiko, «Euskaldunon Egunkaria»ko, ARGIA aldizkariko hizkuntza euskara batua izan behar duela. Euskal Herri osoko hedabideak direnez, bidezkoa da Euskal Herri osoko hizkuntza erabiltzea. Baina bidezkoa da, era berean, esparru murritzagoko hedabideetan esparru horietako entzule, ikusle eta irakurleei gertuagokoa zaien hizkera erabiltzea. Horixe da, esate baterako, Bizkaia Irratiak, Eibarko Arrate Irratiak eta «Eta kitto!» aldizkariak egin duten aukera, eta aukera hori egin izatean dago, besteak beste, hedabideok lortu duten arrakasta.
Herri hazietan –aipatu berri den Eibar bera, esate baterako– bidezkoa da euskalkiarekin batera euskara batua ere erabiltzea, asko direlako halako herrietan euskara batua besterik ez dakitenak. Baina estandarra erabili arren, lexikoan eta sintaxian bertakoari eman beharko litzaioke erabateko nagusitasuna.
Hedabideen artean, gainera, ahoz eta idatziz dihardutenak bereizi behar dira. Batez ere ahozko hizkuntza lantzen duten herri irrati eta telebistetan erabili beharko litzateke euskalkia.

Nahitaezkoa da herritarrekin hartu-emanetan jardun behar duenak herritarren hizkera jakitea. Hizkuntza nolakoa den, halakoa izango da herritarren eta Administrazioko ordezkarien arteko hartu-emana. Eta hurbileko hartu-emana nahi bada, hurbilekoa izan beharko da hizkuntza.
Dena dela, administrazio mota asko dira, eta bakoitzean erabili beharreko hizkera motak ere desberdinak izango dira. EAE osokoa den «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria»n (alegia, boletin ofizialean), esate baterako, euskara batua erabiltzea da zentzuzkoa. Ostera, Nafarroako Malerreka eskualde euskaldunean pediatra lanetan diharduenak bertako euskara erabiltzea litzateke zentzuzkoa. Orobat Bizkaiko Lea-Artibai eskualde euskaldunean basozain lanetan diharduenak.
Etorkizunari begira, beraz, artikuluan zehar aipatu diren lau arlo hauetako bakoitzean bertako egoera aztertu eta plangintza zehatz bat tajutu beharko litzatekeela uste dut. Ezinbestekoa iruditzen zait, bestalde, lau arlo hauetako ordezkarien elkarlana, eta ezinbestekoa, era berean, Euskaltzaindiaren esku hartzea. Euskaltzaindia bera izan liteke, gainera, egitasmoaren gidaria

AEK-ko euskaltegiak: zuberera eta bizkaiera euskalki nagusiak

Euskalkia modu naturalean ikasten den hizkera izan arren badira hizkera hori ikasteko aukera eskaintzen dutenak, AEK esaterako.
AEKren ohiko eskoletan oinarri gramatikala batua bada ere, ahozkoa ikaslea bizi den lekuko euskalkia izaten saiatzen dira irakasleak. Hala ere erakunde honek bere ikastaro eskaintzaren barruan euskalkien ikastaroak ditu, leku bakoitzean bertako euskalkiak lantzeko ikastaroak egiten dira baina eskaintza nagusia ulertzeko zailak diren euskalkiak ikasteko egiten da, bizkaiera eta zuberera. Euskal Herriko alde banatan gelditzen diren bi euskalkiak, alegia.
Bizkaieraren kasuan Bilboko Indautxu euskaltegiak egiten du eskaintza. Ikasturte honetan hamar lagunez osaturiko talde bat astean hiru orduz bildu da euskaltegian. Talde honetan maila eta ezagutza ezberdineko ikasleak zeuden, inguruko euskaldun zaharrak, ulertzea helburu duten euskaldunberriak, euskalkia eta euskara batua bereiztu nahi duten euskaldun zaharrak eta baita EGAdunak ere.
Zuberera da AEKn lantzen den beste euskalkietako bat. Azken urteetan barnetegi moduan antolatu izan da ikastaro hau. Ikastaro hau euskaldunei bideratutakoa da eta Zuberoan bertan egiten da. Helburua Zuberoa bertako jendea biltzea bazen ere, parte hartzen duen jendearen gehiengoa bizkaitarra da.
Barnetegi honetaz gain Zuberoako euskaltegietan ikastaroak egiten dira.
Ikastaro hauetan zailtasun nagusia materialarena izaten da.
Hauetaz at hitano ikastaroak ere egiten dira. Hitanoak euskalkitik euskalkira aldaketa nabarmenak jasaten dituenez, tokian tokiko euskalkian egiten dira ikastaroak

IKAko euskaltegiak: aldizkaria, irratia eta hizketaldiak euskalkiaren oinarri

Mendebaldeko IKAk, hau da, Bortziriak, Malerreka eta Leitzako IKAk, azken 4 urte hauetan «Etxetik Plazara» izeneko aldizkaria argitaratu du. Aldizkari honetan bertako euskalkia landu eta alfabetatzeari hurbilketa ere egin diote. Oso esperientzia polita izan da IKAko kideentzat, guztira 40 ale argitaratu dituzte, bakoitza 8 orrialdetakoa. Aldizkarian irakurlearen laguntza ezinbestekoa izan da, proposatzen ziren ariketak egin eta gero euskaltegira eramaten zituzten bertako irakasleek zuzen zitzaten.
Aldizkari honetaz gain irratsaioak ere egin dituzte Xorroxin eta Karrape irratietan. Emanaldia astean behin eta ordu erdiz izan da aldizkariko helburu berarekin, euskalkia landu, akatsak zuzendu eta norberak duen hizkerari duen garrantzia ematen ahalegin berezia egin dute. Honekin batera «Euskaldunon Egunkaria»n agertzen ziren hitz berriak ezagutarazten saiatu dira.
Euskaltegi barrura begira, ikastaro arruntetan, bai euskalduntzean eta zer esanik ez alfabetatzean, hitz egiterakoan bertako euskalkia erabili ohi dute, idatzian berriz euskara batua darabilte eta honen arauak jarraitzen dituzte.
Eskaintza arruntetik kanpo antolatzen diren ikastaroetan hitanoa da aipagarriena, honetan euskalkia da nagusi, bertako hitanoa baita erakusten dena.
Bukatu berri den ikasturtean Lekunberriko IKAko euskaltegiak saiakera berria egin du. Herriko gazteekin antolaturiko ikastaro batean bertako euskara berreskuratu eta akatsak zuzentzea zen helburua


Azkenak
Herrialde Katalanetako herririk turistikoenak, eskuin muturraren bozen biltoki

Kataluniako azken hauteskundeetako eta Europako hauteskundeetako emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu.


Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu
Puigdemontek nola egin zien iskin poliziei?

Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte

Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.


Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik

Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate... [+]


Lodifobia eta patologizazioa Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean

Bizkaiko e28 koordinadorak salatu du kide trans lodi batek eraso lodifoboa pairatu duela Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean.


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-08-09 | Axier Lopez
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan

UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]


2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Eguneraketa berriak daude