T
uterakoa jaiotzez, historialaria ikasketaz eta Gabirin euskaldunberritua ere bazara. Zein toki du gauza bakoitzak zure buruan?
Historialaria, dudarik gabe. Niretzat historia grina da. Betidanik izan dut jakinmina, ez dakit zergatik, orain jendeak oporrak hartuko ditu, baina nik ikertzen jarraituko dut. Ez dut etenik egiten. Tuterakoa eta euskalduna izatea ezin dira bestearekin konparatu. Tuterakoa izatea hor dago. Zuk eramaten duzun gauza bat da. Eta euskalduna izatea nire aberastasun kulturalerako zalantzarik gabe egin dudan gauzarik garrantzitsuena da. Aita eta ama erdaldunekin, Nafarroan unibertsitate normal bat ez zegoenez, Zaragozan ikasi nuen. Baina dena hasi zen aldatzen soldadutzan, Donostian. Aberria hasi nintzen ezagutzen. Politikan sartuta geunden, baina euskaran oraindik ez. Gero Donostiatik Iruñera etorri nintzen eta euskara oso azkar ikasi nuen.
Laster baserri batera joan nintzen, Gabiriara. Basterrika baserrira. Lagunak gara betiko. Nik lanean lagundu eta hizkuntza ikasi nuen. Euskararen inguruan zegoen guztia barneratu nuen. San Juan sua, adibidez, han hunkigarria izan zen, toki guztietan piztu zituzten, mendietan, ilunabarrean. Tuteran ere egiten zen. Betiko gorde ditut baserriko oroitzapen horiek.
Zer zen Herri Ikastola?
Bi gauza handi. Lehenengoa hor ezagutu nuela pertsona jator bat, hemeretzi urte daramagu ja elkarrekin. Bigarrenik hango euskal giroa. Haragia banatzen, eraikuntzan, tabernari gisa, hainbat gauzatan aritu nintzen lanean eta hau beste esperientzia izan zen. Ordu gutxi nituen, atzerriko hizkuntza ematen nuen, gaztelera. Jende askorekin harremanetan jarri nintzen, hori bai. Dena den, ikerkuntzan murgiltzea erabaki nuen. Nire helburua ez zen hezkuntza maila horretan gelditzea. Ez nau erakartzen. Gero unibertsitatean bai, beste gauza bat izan da.
Zergatik erabaki zenuen ikerkuntzan murgiltzea?
Galdera ona! Horretan behin baino gehiagotan pentsatu dut. Lehen jendeak bazuen gogo hori, zer gertatzen zen jakin nahi genuen, Nafarroan batez ere. Herri Ikastolan nengoelarik Gizarte Asistentziako eskola batean ere ordu batzuk irakasten nituen, astean behin. Euskal Herriaren historia ematen nuen, nahiz eta paper ofizialetan bakarrik Nafarroako historia zela jarri. Alde horretatik, bertan ez genuen arazorik. Ez da egun bezala. Historia Garaikidea lantzen hasi nintzen, gustura.
Hor erabaki nuen ez nuela oposaketa gehiago egingo eta ikertu nahi nuela. Nafarroako historian bi une garrantzitsu ikusten nuen, bata gerra zibilarena eta bigarrena 1841eko legearena. Justu orduan oso liburu ona, eztabaidagarria, argitaratu zen: Minaren «Fueros y Revolución en Navarra». Corcuera, Extramiana bezalako egileen liburuak garai hartakoak dira. 1978-1984 tartean liburu onak, pisudunak agertu ziren, ondo jantzitako tesiak. Orduan hasi nintzen eta beti gogoratuko dut izan nuen kontaktu txiki baina garrantzitsua, Jimeno Juriorena. Berak esan zidan herriko lurren gaia landu beharra zegoela. Eta horrekin hasi nintzen. Nire senide batzuk nekazariak ziren eta Tuteran kutsu hori hor zegoen, eguneroko bizitzan. Betidanik gustatu zait historia soziala.
Egin nuen gauza zailena aguantatzea izan zen, 1980an ez nuelako ez lanik ez ezer. Etxetik kanpo nengoen. Gaur egun oso zaila izango zen, baina honela eman nuen bost urte, ikerkuntzan. Beka txiki bat lortu nuen, gero normal bat, baina gutxi zen. Hitzaldi pila eman nuen, oso lan polita izan da. Jendeak jakiteko gogo handia zuen eta oraindik irauten du. Ehunka hitzaldi eman nuen eta horrek aberastu nau asko. Jendea ezagutzeko balio zidan eta gainera beti gauzak oso ongi prestatzen nituen, lana serio hartzen nuen hitzaldi bakoitzerako. Ikastaro trinkoak ere ematen nituen. Bibliografia ezagutu eta Nafarroaren historiaz jantzi nintzen. Askotan kobratu gabe, nire kabuz joaten nintzen. Denbora pila galtzen nuen, baina merezi zuen. 1983an tesina bukatu nuen, bi urte baino gehiago kostatu zitzaidan.
Bigarren Errepublika Nafarroako Erriberan.
Bi hitzetan, aurrekoarekin oso loturik dago. Emaitza izan zen. Autoestopez udaletxez udaletxe ibili nintzen, artxibategiak miatzen. Gauza asko atera eta Erribera hobeto ezagutu nuen. Tutera aldeko liberal kutsua eman zen bere garaian, errepublikarra gero, eta 1936an eten zen. Joera hori agortu da. Frankismoaren emaitza korronte horren bukaera da. Bizi izan dugun basamortu intelektuala hortik dator. Eskuindarrek egin zutenaren ondorioa oraindik bizi dugu.
1936.
Doktorego tesian ikuspegi zabala eman nuen. Orain badirudi logikoa dela, baina garai hartan azaldu behar genuen gizarte klase borroka gertatu zela Nafarroan errepublika garaian. Ezetz esaten zen, baina eman zen. Eta hori moztu zen, Josu Txuekak deitzen duen «uzta gorria». Zergatik eman zen, zeintzuk izan ziren kaltetuenak? Txiroenak, jornaleroak, eta liberal tradiziokoak, hala nola medikuak, irakasleak... Nik badakit Nafarroako Gobernuak nire liburua argitaratzerakoan eztabaida hori bazegoela, «nola da posiblea liburu hori argitaratzea Nafarroan klase borroka eman ez bazen?» esaten zuten batzuek. Agian ez zuten nire liburua irakurri. Borroka hura eman zen.
Izan ere, zure liburuan ongi islatzen da gatazkak herri guzietan emaiten zirela. Hainbatetan harridura ere sorrarazten du...
Toki guztietan ematen ziren, nahiz eta larritasun ezberdinekoak izan. Erriberan, batez ere, eman zen. Jornaleroen poltsa handi bat zegoen. Patxi Zabaletak ongi islatu du bere nobelan, jendea nola bizi zen, leizeetan, lanik gabe eta udalak jana banatzen zuen, Milagron edo Iruñean. Langabezia eta herriko lurren arazoa txanpon bereko bi aldeak dira, hiriburuan eta hegoaldean batez ere, baina egia da toki askotako informeak badirela. Jendeak lantzeko lurrak nahi zituen, baina ezberdina da Mendigorrian edo Ablitasen. Azken honetan lantzeko lur gehiago zegoen eta horregatik borroka handiagoa eman zen. Eta, noski, horrekin oso lotuta dago errepresioarena. Altaffaylla taldekoekin «Navarra 1936. De la Esperanza al Terror» liburu famatuan parte hartu nuen eta hor errepresio bortitza eman zela garbi islatzen da.
Nor zen «Geronimo de Uztaritz» eta zer da bere izena jaso duen Institutua?
XVIII. mendeko nafar ezaguna izan zen, oso ezaguna. Ekonomilaria zen, oso pertsona jantzia. Oso onartua, gainera. Europako egoera ekonomikoa primeran ezagutzen zuen eta aholkuak, informeak eman zituen erresumako politika ekonomikoa gidatzeko. Adam Smith edo Karlos Marx bezalako pertsonaiek aipatzen zuten, ezagutzen zuten. Europa mailako pertsona.
Duela hamalau urte institutua sortu genuen. Ikusten genuen OPUSek historia politikoa lantzen zuela batez ere, baina guk ekonomia eta gizartea kontuan hartu nahi genuen. Horregatik bere izena hartu genuen. Reyes Fernandez Duran egileak duela aste batzuk bere bibliografia argitaratu du, hogei urteko lana. Liburuan ikusten da Europa mailan ezaguna zela. Eta horretan ari gara, historia ekonomikoa eta soziala lantzen.
Zein da zuen helburua, nolako lanak bultzatzen dituzue nagusiki?
Lehenengo Nafarroaren historiako kongresua antolatu genuen, XVIII-XX. mendekoa. Oso interesgarria izan zen eta harritzekoa piztu zuen arreta. Ehundaka pertsona apuntatu zen. Hutsunea bete behar zen. Gero beste motako pertsonek honelako kongresuak antolatu dituzte. Garai hartan, bestalde, Nafar Gobernuak dirua jarri zuen ikerlari gazteentzat. Bi talde osatu genuen eta ikerketa sakonak egin ziren. Talde horietako batzuek tesi doktoral bikainak egin dituzte. Aukera hori aprobetxatu genuen, hitz batez.
Beranduago laguntzak beste era batera eman dira eta talde lana ere galdu da. Hortaz, beste mailako ikerkuntza egiten da institutuan. Duela hamahiru urte hasi ginen urtekaria argitaratzen. Kalitate aldetik oso ona da. Zaletuentzat beharrezko lanak daude hor. Honetaz gain hitzaldiak ematen dira, mintegiak, barne mintegiak. Gure artean ikerketa lanen berri ematen dugu, aurreratzen dugu argitaratu aurretik. Hau oso arraroa da, konpetentzia diferentea da beste tokietan. Lanak aberasten dira. Aurten Moskutik zientziaren historiaz espezialista bat ekarri dugu.
Kongresu bat prestatzen ari gara. Ez dugu presarik, antolatzen dugu zerbait kontatzeko dugulako, ez antolatzeagatik (hau nahikoa gaixotasun hedatua bada ere). Gure helburua XX. mendeko ikerkuntzaren berpasa eskaintzea da, hemendik aurrera historialariek materiala bilduta izan dezaten. Nafarroari buruz ikuspegi orokor bat eskaini nahi dugu.
Amaitzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta euskararen inguruko hausnarketa eskatu nahi nizuke.
Unibertsitateko agintarien jarrera euskararekiko ez da eskasa, kontrakoa da. Nik uste dut ez dakitela irakasleon artean zenbatek dakigun euskaraz. Eskaintza aldetik asko murriztu dute eta beharrak aurreikusteko ere ez dira gai izan. Euskara gauza bat bezala dute, magisteritzan eta filologoen arloan bakarrik. Batzuok ematen dugu gure borondatez, inork ez digu esan. Plangintza orokor bat falta da. Eratutako batzordeetan egon direnak aspertu dira eta oso tratu maltzurra eman zaie gainera. Hemen jendeak eskainitako denbora eta txostenak pikutara bota dituzte eta hori ez da ulergarria. Nik uste dut oso inkultoak direla. Nafarroako Gobernua gure kulturaren aurka ari da, haien kulturaren aurka ere bai, haiena ere delako. Hemen egiten diren astakeriak beste maila orokorrean ez dira hainbeste nabaritzen, baina biak batera gure kulturaren aurka ari dira. Bost axola zaie gure euskara, horri deitzen zaio ezjakintasuna. Haien kultura iraintzen dute. Ez dute ikusten euskara aberasten gaituen tresna bezala, eta eskerrak Nafarroan tresna hau daukagun. Baina batzuek euskara haien abizenak ahoskatzeko bakarrik dute. Zoritxarrez ez dute ezer jakin nahi