Goizeko hamar t'erdiak inguruan iritsi gara Beasain eta Azpeitia lotzen dituen Mandubiko gainera. Kiskitzarako bidea hartu eta berehala, ezkerraldeko pinudian, Mandubi Zelaia trikuharria non dagoen antzeman dugu. Xirimiriak eraginda, urrundik ikus daiteken toldo gorri batez estalita baitago gure arbasoek eraikitako hilobia. Hurbildu ahala, 15 bat metroko diametroa duen harri piloa dugu bistan. Bertan garela, hilobiaren ganbara garbi ikus daiteke, bi harlauza paralelo nabarmentzen baitira, tartean, trabeska, beste bat dutela (ganbararen estalki eroria seguruenik). Laupabost lagun ari dira ganbara inguruan, labana eskuan, industen. Zertxobait urrunago beste talde bat. Zortzi-hamar bat ikasle ari da aldamenean jarritako galbahetan, eskuez lurra xehetzen. Harriak marrazten dihardute beste batzuk, edota, metroa eskuan, sakonerak hartzen.
Duela bizpahiru urte bertara hurbildutako bisitariak ez zukeen Kalkolito-Brontze Aroko dolmen bat zapaltzen ari zenik pentsatu ere egingo, sasi eta pinuek erabat estalita baitzegoen. Inguruko baserritar batek, ordea, zeozer izan zitekeela susmatu eta Joxean Mujika EHUko Historiaurrea irakasleari abisua eman zion. Mujika bera, 1981etik 1986ra bitarte, pareko tontorraren magalean dauden beste hiru trikuharriren indusketan aritua zen (Trikuaizti I eta II, eta Larrarte).
Ateri da eta badirudi eguzkia irtengo dela aurki. Toldoa jasotzea da orain egokiena, eguzki izpiek buztina lehortu eta lana errazago gerta dakien.
PRESTAKUNTZA.
Iazko uztailean ekin zien Mujikak, hainbat ikaslerekin batera, Mandubi Zelaia industeko lanei eta datorren udan ere lanekin jarraitzeko asmoa du. Uztailaren lehen egunean ekin zion aurtengo kanpainari eta hiru bat astez jardungo dute bertan. Aitzurra hartu eta lurra zulatzen hasi baino lehen, ordea, bada egin beharreko lanik.
Lehenengo gauza, noski, industu beharrekoa topatzea da. Esan dugu, kasu honetan, baserritarraren begi zorrotzak egin zuela lan hori. Hilobiak eta, oro har, harrizko egiturak topatzea ez da zaila. Lan handiagoa ematen du, ordea, gure arbasoen bizilekuak topatzeak. Horretarako prospekzioak egin ohi dira, hots, puntu desberdinetan metro karratuko zuloak egiten dituzte, bertan aztarnaren bat topatzeko helburuarekin. Zulook ez dira nonnahi, besterik gabe egiten, noski, eta aurretiko azterketa bat eskatzen du horrek, prospekzioaren kokapena aukeratzeko. Esker txarreko lan gogorra omen da, nolabaiteko loteria.
Behin aztarnategia aurkituta, beharrezko baimenak lortu behar dira, lurjabeena zein instituzioena. Errazagoa izan ohi da nekazal lurretan, zailagoa gune urbanoetan. Zentzu honetan eta zorionez, euren hurbilekoak ehorzteko kokagune garaiak hobesten zituzten gure arbasoek.
Baimena bakarrik ez, dirua ere behar izaten da indusketa lanak burutzeko. Aldundiek kudeatzen dute gurean hori guztia eta horiei proiektu bat aurkeztea beharrezkoa da. Lanek euren emaitza izango dutela bermatu eta aurrekontua osatzen duten gastuak justifikatu egin behar dira. Eta gastuak ugariak dira, inondik ere. Aitzurrak, labanak, palak, aztarnak gordetzeko poltsatxoak, sakonera neurtzeko tresnak, kuboak, eskuilak, pintzelak... material ugari bildu behar da. Gainera, bertan lanean jardungo dutenen mantenuak aurrekontuaren zati handi bat jaten du. Musutruk jardun ohi dute, ez dute dirurik jasotzen, baina lo egiteko tokia eta jana eskaintzen zaie. Ia 30 lagun bildu dira oraingoan, ezaugarri bereko indusketetan gutxiago izan ohi badira ere –20 bat lagun–. Ezin ahaztu, indusketak amaitu ondoren, datatu beharreko arrastoak izan ohi direla maiz; Karbono 14 bidez egindako datazio bakoitzak 50.000 pezeta (2.000 libera inguru) balio du eta, azeleradorez eginez gero –material printza txikienarekin ere egin daiteke– 100.000 pezetara iristen da.
Hau guztia kontuan harturik tankera honetako indusketa batek milioi bat pezeta inguruko aurrekontua izaten du.
Aste Santu inguruan-edo, proiektua dagoeneko aurkezturik, eskulan bila hasi ohi da Mujika, bere ikasleen artean gehienbat.
Izena ematen dutenentzat aterpea lortu behar da ondoren, berau egokitu eta lanetik gosetuta itzultzen direnerako zer jana izango dutela ziurtatu.
ZEOZER AURKITU DUT!
Hamaika t'erdiak jo gabe dira: «
Joxean! –dio galbahetik gertu industen ari den ikasle batek–
zeozer aurkitu dut hemen!». Bi zentimetroko kuartzo zati bat da, landu gabea, kristalizazioak emana da duen forma berezia. Ez da, beraz, garrantzia handiko aurkikuntza. Kuttun edo amuleto bezala erabiltzen omen zituzten honelako kuartzo harriak.
Iaz Mandubi Zelaian bertan buruturiko indusketetan brontze zatiak, dekoraziorik gabeko zeramika, hildakoen arrastoak... topatu zituzten bertan, guztia bi azal altxata, hots, batez beste hamar bat zentimetro behera eginda. Datazioaren emaitzaren zain, Kalkolito-Brontze Arokoak direla uste da, duela 3.500 urte ingurukoak.
Fruituak jasotzen hasi baino lehen, ordea, bada zereginik. Aztarnategira iritsi eta lehen lana industu beharrekoa mugatzea da. Kasu honetan, 15x15 metroko karratua da industu beharrekoa. Mugaturiko esparruko landaretza garbitzea da ondorengo lana. Garbiketa amaiturik, mugatan metalezko egitura altxa eta berau esparrua sokaz banatzeko erabili ohi da. Alde banatan, eta metro bakoitzeko, soka luzatu eta metro karratuetan banaturik geratuko da horrela indusketa eremua.
Kuboa, pala, labana eta eskuila hartu eta bakoitzak bere metro karratua, bere koadroa, hartuko du. Labanaz lurra altxa eta eskuila eta palaz kuboan sartu. Behin eta berriro. Harria garbituz eta zer azalduko ote den zain. Kuboa beteta, galbahera eramaten da, han hainbat esku lohituk industen ari denak antzeman ez duen piezarik txikiena ere aurki dezan.
Nibela, sakonerak hartzeko tresna, eremuaren herpin batean dago kokatua, atzean, adi-adi, ikasle bat duela tresnak erakusten duenari begira; parean, koadroz-koadro eta metroa eskuan beste ikasle bat dabil, nibel atzekoak esaten dizkion zenbakiak paper batean idazten.
Beste batzuk marrazketan dihardute, paper koadrikulatuan koadro bakoitzeko harri guztiak xehetasunez jasotzen.
Indusketa-burua, Joxean Mujika, han eta hemen dabil argazki zein bideo kamera hartuta egiten den guztia jasotzen.
Behin harria garbitu, sakonerak neurtu eta marrazki eta argazkiak eginda dituztela, nahi izanez gero, beste azal edo kapa bati ekin dakioke. Harriak altxa eta berriro prozesu berbera jarri beharko lukete abian.
Mujikak, behera egin ahala, aztarna interesgarriak aurkitzea espero du. Trikuharri hauek denbora luzez erabiltzen zirenez, sakonago Eneolito amaierako arrastoak egoteko aukera aipatu du, gutxi gorabehera orain dela 4.500 urtekoak.
HAMABITAKOA.
Ogia moztu, txorizoa tartean sartu eta ogitartekoak prest dituzte. Hamabiak aldera egin ohi dute hamaiketakoa, bederatzietarako lanean direla eta berandu bazkaltzen dutela kontuan harturik, gustura egin gainera.
EHUko Historia Fakultateko ikasleak dira gehienak –dagoeneko lizentziaturik dauden bizpahiru salbu–. Lehen aldia dute batzuk, beste batzuk aurreko urteetan ere jardun dute indusketa lanetan eta esperientzia badute dagoeneko. Segurar bat eta bi ordiziar kenduta, ez dago beste goierritarrik taldean. Gipuzkoar, bizkaitar, arabar eta nafarrek, denek, elkarrekin lo egin gosaldu, bazkaldu... eta lan egiten dute; giro ona nabari da.
Euskal Herriko Unibertsitatea ez da, dena den, indusketak antolatzen dituen bakarra. Deustuko eta Nafarroako Unibertsitateko zenbait irakasle eta ikaslek ere indusketak aukeratzen dituzte opor garaian. Unibertsitatetik at, hor dira Aranzadi Zientzia Elkartea (1947), Arabako Arkeologia Institutua (1966), Iparraldeko Eruri, Irungo Arkeolan...
Eta, noski, indusketak ez dira historiaurreko aztarnategietara mugatzen. Historiaurrea ezagutzeko funtsezkoa izanik, gainontzeko garaietarako ere lagungarri gerta daiteke. Arkeologia elkarteek beste aro historikoen inguruko sailak ere izan ohi dituzte.
Urte osoan zehar maiz iristen da komunikabideetatik errepide bat eraikitzean edo hiri bateko gas sarea moldatzean, XII. mendeko galtzada baten edota XVI. mendeko harresi baten arrastoak topatu direneko albistea. Eta maiz galdera hauxe izaten da: zer egin egoera horretan? Aztarnak mantendu eta lanak bertan behera utzi? Indusketa lanak egin, ondorioak atera eta aztarnak hondatu?... Interes ugari da tartean eta irtenbide desberdinak aukeratu ohi dira.
GANBARAKO ALTXORRA.
Ia denak atsedenean daude, eserita, ogitartekoa jaten. Ia denak diot, bik lanean jarraitzen dutelako. Izan ere, indusketa-buruak ganbaran gehiago sakontzea erabaki eta biri harriak kentzeko eskatu die. Ogitartekoa ahaztu dute, pribilejioa baita eurentzako ganbaran aritzea. Bertan dute zeozer topatzeko aukerarik gehien. Hildakoak han sartzen zituzten, euren hainbat objeturekin batera: zeramikazko ontziak, suharrizko tresnak, metalezko bitxiak... Mendetan zehar nekazarien goldeek edota zuhaitzen sustraiek aztarnak trikuharri osoan barreiatu ditzakete. Lurraren ezaugarriek ere hainbat material eraldaketa edo desagerketa ekar dezakete. Baina, normalean, trikuharrietako ganbaratatik lortu ohi da emaitzarik oparoena.
Hildako baten hagina agertu da, hirugarrena dagoeneko. Berau gorde eta harriak altxa eta altxa jarraitzen dute... oraingoz ez da besterik ageri. Erreleboaren ordua da, beste hiruk dute orain ganbaran industeko zortea, azal berria garbitzeko lana. Emaitzak azaleratzen dira berehala: hezur zatiak, bata luzea –metatarsoa dela dio Mujikak–, beste batzuk txikiagoak; galbahera eramandako lur zatietan ere hezur mordoa azaltzen ari da. Deigarriena lur eta harri artean ageri den hezur zati zabal eta laua da... garezurra. Eta, noski, metro eskasera agertu den suharrizko gezi-punta; bi-hiru zentimetro luze, ez du suharriak izan ohi duen leuntasuna, jatorriz kalitate txarreko harriz eginagatik beharbada, edo denboraren eta inguruaren poderioz eraldatua izanagatik, agian.
HISTORIAURREA ALDATUZ.
Egun gutxi barru amaituko da indusketa. Trikuharria utziko dute, seguruenik, datorren uda arte. Kendutako harri guztiak bere lekuan utziko dituzte berriro, trikuharriari industu aurretik zuen itxura bera emanez. Hori bai, ganbararen egitura ederra agerian uzteko asmoa dute.
Lana, ordea, ez da orduan amaituko, ezta gutxiagorik ere. Egunotan aurkitutako pieza guztiak ongi garbitu eta siglatu egin beharko dira (objetu bakoitzari bere kontestuan identifikatzea ahalbideratuko duen izena ematen zaio), ondoren inbentario bat osatzeko. Datagarriak diren objetuak (hezurrak, ikatza... aztarna organikoak) laborategira eraman beharko dira, Karbono 14 sistemaren bitartez beren adina zehazteko. Emaitzak, batez beste, sei hilabeteko epean jasoko dituzte. Memoria burutzeko orduan, gainera, azterketaren ondorioak agertu beharko ditu indusketa-buruak. Edo beste era batera esanda, lan horrek guztiak duela 4000 urte inguruko historiari egiten dion aportazioa frogatu beharko du.
Izan ere, azterketa hauek burutu ahala eta teknologia berrien laguntzaz, gure historiaurrea aldatuz doa. Duela urte batzuk, esaterako, Euskal Herrian nekazaritza oso berandu sartu zela esaten zuten adituek. Azken urteotako lanak bestelakorik erakutsi du; egia da gure arbasoak ez zirela nekazaritzan Mediterranio inguruko biztanleak bezain goiztiarrak izan, baina, lehen uste zena baino lehenago hasi ziren lurra lantzen. Joxean Mujikak beste adibide bat ere eman digu: duela bospasei urte Zegama eta Ataun arteko Praalata trikuharria industen aritu zen. Ordura arte, Gipuzkoa aldean hildakoak erretzeko ohiturarik ez zegoela uste zen. Baina, Praalatan erretako hezurren arrastoak topatu zituzten.
Ordubiak jota bazkaltzeko ordua iritsi da. Talde handia izanik bi txandatan joan ohi dira Mandubiko Bentara otordua egitera. Lehen taldea abiatu da dagoeneko. Guri ere itzultzeko tenorea iritsi zaigu.
Euripean hartu gaituzte eta eguzkia dute lagun joan garenean. Iaz eguraldi kaskarra izan zuten eta aurtengoan hobea izatea espero dute. Urak lohia nonnahi zabaltzen du eta orduan garbiketa lana alferrikakoa izaten omen da.
Ezin esan, ordea, euren oporren zati bat indusketa lanei eskaintzen dietenek alferrikako lana egiten dutenik. Denboran atzera joanez gero, iraganak gero eta zalantza handiagoak sortzen ditu, gero eta erantzunik gabeko galdera gehiago. Indusketen bidez, apurka, erantzunak topatzen dira, lurrean, harri artean