AUTOIKASKETA OINARRI HOLANDAKO LANBIDE HEZIKETAN


2021eko uztailaren 19an
Guztira EAEko hamar Lanbide Eskoletako 13 zuzendari eta ordezkari izan ziren Holandan. Lau ikastetxe eta Ingeniaritzako beste bat ezagutu zituzten, denak pribatuak.
Gaur egun Holandako Lanbide Eskoletan %80a pribatua da eta %20a publikoa. Bi sareek tratamendu bera jasotzen dute Gobernuaren aldetik. Hau da, jasotzen duten dirulaguntza emaitzen eta ikasle kopuruaren araberakoa da guztietan.
Bestalde, hemen gertatzen den antzera, Lanbide Heziketak Batxilergoak baino pisu gutxiago du. Ikasleen %80ak Batxilergora jotzen du eta %20ak Lanbide Heziketara. Hala ere, aipatzekoa da hemengo eta hango unibertsitateak ez direla berdinak. Hemen zientifiko, kimiko, biologo eta psikologoak dauden bitartean, han karrera teknologikoek pisu gehiago dute. Hori da gizarteak eskatzen duena eta horri erantzuten saiatzen dira.
Lanbide Heziketako sisteman zentratuta, berriz, hemen baino aukera gehiago dago. Iraupen eta maila ezberdineko kurtsoak daude eta batetik bestera igarotzeko aukerak erraztuak daude. Horixe da HETELeko ordezkariek ikusi duten abantailetako bat. Baliozkotzeak eginda daude eta ez dago inolako oztoporik ikasketa batzuk bukatu ostean beste batzuekin jarraitzeko. Batetik besterako zubiak oso ongi lotuta daudela aipatu dute guztiek. Mikel Balerdi HETELetik joandako ordezkarietako batek eta Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxean zuzendari denak ere erraztasun horiek aipatu dizkigu.

«Bigarren mailako Lanbide Heziketa egin ostean hirugarren mailakoa egin nahi badu norbaitek, behar duen azterketa publikoa egin eta urte batzuk baliozkotzen zaizkio. Horrela, hiru urtetan egin beharrean batean egiteko aukera du»
.


ERAIKUNTZEN GARRANTZIA.

Bisitatu dituzten zentro guztiak azalera aldetik izugarriak direla ikusi dute. Hau da, ez dituzte bi solairu baino gehiago. Eraikuntzak pisuak gehituz hazi beharrean, azalera gehituz handitzen dituzte. Milaka metro karratuko azalera dute. Espazio zabalekoak dira eta lasaitasuna eta erosotasuna islatzen dituzte. Zentroak oso garbiak eta oso ongi zainduta daudela nabaritu zuten HETELeko bisitariek.
Guztiek sarrera handi bat dute, bostehun edo mila metro karratukoa. Elkartzeko eta dibertimendurako gunea da. Bertan daude kafetegia, ikasketa leku informala... Ikasleei egokitutako lekua da eta hauek etxean senti daitezen saiatzen dira. Zentroa ez da ikasketa lekua soilik, ikasleen etxea baizik.
Talde-lanak egiteko «gela irekiak» daude. Areto handiak dira hauek, bostehun metro karratu izatera iristen direnak. Ikastetxea handia bada horrelako hiru, lau edo bost egon daitezke. Bertan 50-100 ordenadore inguru, aldizkariak, liburuak, CD-ROMak... egon ohi dira. Ikasleei egokituta daude eta ikerketak eta lanak egiteko behar dituzten materialak eta bitartekoak hor aurki ditzakete. Sor daitezkeen arazo informatikoak konpontzeko arduradun bat egoten da, baina ez beste irakaslerik. Ikasleen gelak dira hauek.
Lanbide Eskola guztietan bezala, tailerrak ezinbestekoak dira. Hemengo eskoletakoak baino bost edo hamar aldiz handiagoak dira Holandakoak HETELekoek adierazi dutenaren arabera.
Eskola batean txartel berezi bana du ikasle bakoitzak. Txartel hau eskolako hainbat gauzatarako erabiltzen dute: sarrerarako, fotokopiagailuak erabiltzeko, freskagarrien makinetarako, janarietarako eta abar.
Eskolak gaueko 10:00ak arte irekita egoten dira eta larunbatetan ere bai. Horrela, ikasleei erraztasun handiak ematen zaizkie talde-lanak egiteko eta tresnak eta materialak erabiltzeko. Ikaslea da eskolaren ardatza eta egitura honek guztiak hori islatzen du.


AUTOIKASKETA DA MUINA.

Eraikuntzaren eta zentroaren antolaketan ikaslea oso kontuan hartzen dute eta horrek jarraipena du heziketa sisteman. Alde horretatik begiratuta, hemengo sistemarekiko ezberdintasunak ikusi dituzte bisitari euskaldunek. Autoikasketa erabiltzen dute metodologia bezala. Leideneko Unibertsitateak bultzatzen duen ikas- irakas-sistema da. Irakasleek ez dituzte klase magistralak ematen, ez dira beraiek gidariak, laguntzaile eta orientatzaileak baizik.

«Irakasleek azalpen xume bat ematen die ikasleei, eta hortik aurrerako lana bakoitzak bere erritmoan egiten du»
dio Balerdik.

«Hamar minutuko azalpena izeneko klaseak daude. Hauetan irakasleek hamar minutuko azalpena baino ez dute ematen, eta hortik aurrera ikasleek taldeka zein banaka lantzen dituzte gaiak».
Bestetik, oso normala omen da asteko lau egunetan klaseak jasotzea eta ostirala proiektuak egiteko eguna bezala izendatua egotea. Ostiral goiz-goizetik ikasleak taldeka elkartzen dira proiektuak lantzeko eta egun osoa horretarako hartzen dute. Beste kasu batzuetan, astean egun erdi bat edo osoa hartzen dute irakasle batek prestatutako diziplina anitzeko proiektu bat lantzeko. Lan hauek guztiak taldeka zein banaka burutzen dituzte.
Autoikasketa metodologia hau aurrera eramateko dena oso ongi koordinatu eta antolatu behar da. Ikasleek gai bat lantzerakoan edo makina baten aurrean jartzerakoan zein pauso jarraitu behar dituzten jakin behar dute. Horregatik, irakasleek programa guztiak ongi zehaztuta dauzkate.

«Horrek arreta deitu digu, bai. Dena goitik behera zehaztuta daukate. Programak prestatuta eta landuta daude eta ikasle bakoitzak badaki zer egin behar duen. Programa horiek gida moduan harturik, ikasle bakoitzak bere kabuz eta bere erritmoan burutzen du bere egitekoa. Bakoitzak kontrolatzen du egiten ari dena eta ez da irakaslea etorri zain egoten hemen gertatzen den moduan».
Horrek, aurretik irakasleek lan egin behar dutela esan nahi du, hau da, programa horiek denak landu eta prestatu behar dituztela.

«Alde horretatik ere, dedikazio handia ikusi dugu. Irakasleek astean 40 ordu egiten dute lan: 28 inguru klaseak ematen eta gainontzekoak prestakuntzarako»
dio Balerdik.

«Dena dela, ordu kopuruari baino garrantzi gehiago ematen diete helburuei. Ez da hain garrantzitsua zein ordutan sartu eta irteten diren, baizik eta zein prozesuren jabe diren eta prozesu horiek nola garatzen diren».
Irakasleen prestakuntzari garrantzi handia ematen diote eta asko bultzatzen dute. Esaterako, irakasle batek zuzendaritzari proiektu bat planteatzen badio eta honek zentroko hainbat arazo konpontzeko egokia dela ikusten badu, irakasle hori eta bere laguntzaileak proiektu hori prestatzeko eta gero martxan jartzeko liberatuko ditu.


IRAKASKUNTZA ETA GIZARTEA.

Lanbide Eskolen antolaketa, irakasleen prestakuntza eta ikas- irakas-sisteman ikasleek duten partehartzea ikusita, abantaila hauek gizartean bere isla izan behar dute. Azken batean, zentro hauetatik irteten diren ikasleak lan mundura joanen dira eta hori posible egiteko balio behar dute ikasketok.
Balerdik azaldu digunaren arabera,

«Lanbide Eskolek harreman onak dituzte enpresekin. Badakite enpresen etorkizuna Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela eta horregatik, proiektu komunak garatzen dituzte elkarrekin. Ikasleek enpresetan egiten dituzte praktikak eta enpresetarako proiektuak garatu ere bai. Adibidez, Ingeniaritza eskolako ikasleek enpresek eskolari eskatutako ikerketak egiten dituzte. Beraz, praktikotasun guztia duten ikerketak dira, gero enpresetan aplikatuko direnak. Esperientzia interesgarria da oso».

HOLANDA ETA EUSKAL HERRIA.

Bisita honen ondoren hausnarketarako unea iritsi zaie hara joandakoei. Ikusitako hainbat gauza hemen martxan jartzeko modukoa dela esan daiteke, nahiz eta erraza ez izan. Balerdik, adibidez, autoikasketa metodologia defendatzen du eta Holandan bezalaxe, hemen ere ezarri daitekeela uste du.

«Horrelako sistema batekin etorkizunari izugarrizko aportazioa egin geniezaioke. Izan ere, jasanezina da Euskal Herrian ikasleen erdiak DBH ez gainditzea. Argi dago hor zerbaitek gaizki funtzionatzen duela eta horren aurrean irakasle talde bat ezin da lasai gelditu».
Horregatik, Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxean datorren ikasturtean sistema hau martxan jartzeko erabakia hartu dute.

«Boluntarioz osatutako irakasle talde bat bildu gara eta nola antolatu pentsatzen ari gara»
azaltzen digu Balerdik.

«Taldearen gestio akademikoa eta funtzionamenduaren antolaketa dozena erdi bat irakasle, ikasle eta gurasoren eskuetan egongo da. Proiektuaren muina, berriz, ikasleen partehartze aktiboa izango da. Bakarrik edo taldeka egingo dute lan eta irakaslea laguntzaile edo aholkulari izango da».
Metodologia aldatzeak irakasleen lana eta jarrera aldatzea dakar.

«Kontuan izan behar dugu Holandan astean 40 ordu egiten dituztela lan eta horrek prestakuntzarako denbora ematen diela. Hemen ere aukera hori izango bagenu, edo gutxienez 35 ordu izango bagenitu, beste antolaketa bat egin ahal izango genuke».
Denbora hori ikasleentzako materiala prestatzera bideratuko litzateke beste gauzen artean. Eta baita irakasleen artean biltzeko eta lan-taldeak egiteko ere.

«Irakasleon arteko koordinazioa oso garrantzitsua da sistemak ongi funtziona dezan eta koordinazio hori bideratzen jakin behar da. Guk orain arte arratsalde bat libratzen genuen gure artean elkartzeko, baina irailetik aurrera bi arratsaldetan elkartuko gara. Bestela ezin da talde-lana bultzatu eta jendea animatu, eta hori oso garrantzitsua da».
Gaur egun autoikasketa metodologia haur txikiekin erabiltzen da hemen, baina mailak igo ahala ahaztu egiten da, eta ohiko eta betiko sistemetara itzultzen gara: irakasle eta liburu gidariak, klase magistralak eta ikasle pasiboak eta batere motibatu gabeak. Lortutako emaitzak, berriz, ez dira batere desiragarriak. Prozesu hau aldatzeko nahia erakutsi du hainbat ikastetxek eta eginbehar horretan hasiko dira. Ea zortea duten eta guztion mesederako suertatzen den


Azkenak
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Bilboko genero-indarkeriagatiko epaiketetan kolore bereizgarriak jartzeko neurria ezabatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek neurri hori onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek neurria emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko helburuarekin hartu dela esan du, baina Bilboko Abokatuen Elkargoak salatu du kolokan jartzen dituela ikertuen... [+]


Menditik hirira: zer ezkutatzen digu Pirinioetako sendabelar saltzaileen lanak?

XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Eguneraketa berriak daude