"GURE NAFAR NAZIONALISMOA KONSTITUZIONALISTA DA"


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
E

lkarrizketari propio heldu aurretik berriketan jardun dugu iragan hurbileko kontuez eta, nola ez, UPN atera da mintzagai. Zipriztinen batzuk mahai gainean geratu ziren. Maeztuk UPN aldatzen ahalegindu zirela diosku baina ezin izan zutela)
.

Eta zuek hori posible zela sinesten al zenuten?
Hasieran bai. 1985ean Juan Cruz Alli alderdiaren lehendakari izendatzen saiatu ginenean hori posible ikusten genuen. Orduan ezin izan genuen eta alderdiaren organuetan sartzeari ekin genion ideia berdinarekin, baina batzuen botere goseak operazioa porrotera eraman zuen.

UPN-PSN akordioa gauzatu da. Atsekabe handia hartu al duzue?
Ez, inondik inora. Koalizio gobernua espero genuen, baina gure asmoa zen UPNren alderakoa izan beharrean, bestalderakoa izatea. Moderatuak izan gara kaltetuenak hauteskunde hauetan eta, azkenean, ezin izan da gauzatu gobernu alternatiboa.

Baina ba al zenuten UPNri gobernu alternatiboa ateratzeko esperantzarik?
Bai, EH aldatzen ikusten genuen eta bere mezua UPNri gobernu alternatiboa eratzearena zen. Baina PSN erabat itxita agertu izan da gobernu alternatibo honen aurrean; PSNkoak nabarristak kopiatzen saiatu dira eta horretarako hautesleak nahiago du benetazko nabarristak bozkatzea.

Baina zuek ere, kanpainan zehar zein ondoren, EHrekin itunik egitea oso zaila izango zela esan izan duzue behin eta berriz.
Bai, eta hori zaila zen; baina EHk bere botoak eskaintzea UPNren gobernu bat ez egotearen truke posible zen. Hori zen gure formula.

Baina formula horrek legealdi osorako balio izateko, EHrekin akordioren batera heldu beharko litzateke.
Bai, seguruenik bai, gobernua ez dizute doan ematen eta. Dena den, EHk instituzioetan normaltasun osoz jokatuz gero, guretzat nahikoa zen. Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta abarrekoak instituzioen bidez eraman ditzala, bide demokratikotik, eta ez bitarteko biolentoen bidez.

PSN-UPN akordioa kritikatzen duzu baina CDNk ere egin zuen bere ahalegina UPNrekin gobernua lotzeko.
Ez, hura keinu bat besterik ez zen izan; UPNk gurekin itunik nahi ez zuela eta PSN UPNrekin akordioa lortzeko desiatzen ari zela agertarazi nahi genuen.

CDNrekiko eta bere buruzagi batzuekiko UPNren mendeku gosea antzematen da oraindik.
Ez dut uste, lau urte ondoren ez dut uste liskar pertsonalik dagoenik, areago azken legealdian gobernuarekin aurrekontuei buruzko ituna egin genuenean. Hiruko gobernuaren esperimentua berriro errepika ez zedin egin dute indar hemengo botere guztiek eta jokaldia ondo atera zaie.

UPNri egin zenioten eskaintza keinu bat izan zela diozu. UPN 23. eserlekua eskuratzekotan izan zen EA-EAJri bere hirugarrena kenduta. Orduan ere keinu hutsa izango zen?
UPNk alderdi sozialista zuen buruan eta oso zaila izango zen guri eskaintzaren bat egitea. Gobernuan parte hartu gabe PSNk laguntza emanez gero, UPNrentzat ez zuen zentzu handirik koalizio gobernu bat eratzea. Gobernu alternatiboan egon nahi genuen, bestelakorik ia segurtasun osoz genekin ezin izango zela.

Gobernu alternatibo horren buruan PSN izango litzateke. Zer eskaini ahalko zenukete zuek gobernu horretan?
Emaitzen araberakoa izan zitekeen. Udaletxean PSNk baino emaitza hobeagoak lortu izan bagenitu, guk gidatuko genuke udaletxea eta gobernua beraiek. Dena den, jadanik zentzurik ez duten hipotesiak dira, PSNk ondo lurperatu dituenak.

Hipotesiak bai, baina legealdi batek lau urte dauzka.
Egia da, bai, baina orain Alderdi Sozialista dagoen egoeran, Araban eta Nafarroan PPrekin akordio kontuetan, euskal nazionalismoarekiko edo nafar nazionalismoarekiko –hau da gure kasua– akordioak baztertuak dituzte. Beraz, UPNk lau urteak ondo lotuak ditu.

«Nafar nazionalismoa» esan duzu. Zuk uste duzu horrela ikusten zaituztetela Nafarroan?
Zaila da bai, hemen nazionalismoa euskal nazionalismoarekin lotzen delako. Arturo Kanpioni edo mende hasierako beste pertsonai batzuei lotutako nafar nazionalismoari buruz ez du ikasi jendeak eta, beraz, zailagoa da gure mezua zabaltzea. Horrez gain, alderdiaren barruan bada ikuspegi honekin adostasunik ez duen jendea. Beraz, alderdiak ez du bere burua zehazki nazionalistatzat definitzen, baina ponentzien kutsua erabat nazionalista da. Hori bai, euskal nazionalismoarekin erkatuta, gurea nazionalismoa konstituzionala da. Naziotzat dugu Nafarroa, bai bere historiagatik baina baita Konstituzioak ere horrela adierazten duelako.

Euskal nazionalismoarentzat ere erreferentzia garrantzitsua da Arturo Kanpion...
Baina Arturo Kanpion ez zen euskal nazionalista, nazionalista nafarra baizik. Arturo Kanpionen artikuluak eta idazkiak aztertu dituen edonork ikusi dezake hori. Euskal kulturaren defendatzaile handia izanik ere, eta folklorearena, etniarena... sakonean bere ustez nazio nagusiena Nafarroa zen eta ez zuen beharrezkoa ikusten beste euskal lurraldeen batasuna. Bere ustez, Nafarroak nahiko identitate zuen berezko entitate gisa eta baskongadak instituzionalki beste gauza bat ziren; honek ez du esan nahi beste gauza bat denik kulturan, folklorean eta beste gauza askotan.

Orduan euskal nazionalismoa eta nafar nazionalismoaren arteko puntu amankomun ugari egon daiteke.
Bai, badago. Sabinoren garaiko nazionalismotik gaur arteko jauzia sekulakoa izan da, edo trantsizio garaikotik hona, eta zeresanik ez EHrena. EHk asko aldatu du nazionalismoarekiko bere mezua. Nafarroan, adibidez, EHk ez du ikurrinarik atera, ez da bere banderaren erreferentea izan.

Gutxiago baina atera, atera ditu.
Baina gutxi. Nafarroako bere erreferentea Nafarroako bandera da eta ikurrina gehiago beraien eraikuntza nazionalaren erreferente gisa dute, edo kultura eta hizkuntza oso baten sinbolotzat. Jakina, Arturo Kanpioni batetik eta bestetik begiratzeko modua desberdina da.

Hauteskundeetara itzuliz, atzerakada handi hau gogorra izango zen.
Bai, duela hiru urtetik jada inkestek jaitsiera handia iragartzen ziguten. Neurri batean espero genuen, baina kolpea ez da atseginagoa horregatik.

Aste batzuk pasatuta jada, zein da galdutako gudu honen analisia.
Batetik polarizazioa dago. Estatuko gobernuak, nazionalismo desberdinen aurkako diskurtsoa gogortu du eta horrek botoa polarizatu du, batetik nazionalismo espainiarraren aldera –PP nagusiki– eta nazionalismo erradikalera bestetik, EHra batez ere, ERC, BNG... Alderdi nazionalista moderatuek –EAJ, EA, PAR, CiU, gu Nafarroan–, aldiz, botoak galdu ditugu. Bestetik, askok gure jaiotzan Juan Cruz Allik gidatuko zuen zentro-eskuineko indar berri moduan ikusi gintuen eta horregatik eman ziguten botoa; baina, noski, gu ez gara hori eta agian orduan botoa eman zigutenek ez dute berdin egin orain.
Azkenik, legealdi honen bukaeran UPNrekin egin genuen akordioak ere botoak kendu dizkigu. Nora joan ote diren botoak? Asko abstentziora, beste asko UPNra eta besteak berriz alderdi desberdinetara.

CDN, orain alderdi txikia eta gainera gobernu erantzukizunik gabe. Egoera oso arriskutsua alderdi berri batentzat.
Pena da, guk nafar nazioaren barruan nafar guztien integrazio prozesu bat bultzatzen dugulako, baina hautesleek horrela erabaki dute.

Nola baloratzen duzue EHren igoera Nafarroan.
Mayor Oreja hor ari da etengabe erasoan, zaunka ia. Dioenez ez dute bake prozesuan sinesten, su-etenarena gezurra dela... horrek tentsio handia sortzen du eta herritarrak ez dira tentelak. Badakite bake prozesua sendoa dela, EH mezua aldatzen ari dela... Jendeak EHren mezu aldatze hori saritu du.

Legealdi osoa iraungo al du UPN-PSN akordioak?
Ez dut uste. PSOEk bere leialtasun ezaren adierazle asko ditu: hiruko gobernuarekiko leialtasun eza, berdin Eusko Jaurlaritzan, UPNrekiko aurrekontu itunean... Beraz, une batean egungo akordioa ere apurtuko duelakoan gaude.

Gerta liteke denbora batera PSNk akordioa apurtzea, oposizioko erreferente nagusi gisa agertu nahi izateko?
Seguruenik bai. Gainera, botoemaile sozialistaren memoria historikoa oso txikia dela ikusten da, eta PSOEk egindakoak eginda ere, botoa ematen diote, berdin da dauden amarrukeriak edo buruzagi batzuk talde terrorista erahile baten kide izatea, edo lapurretan jardutea, edo eskuinarekin ez dutela itunik egingo esatea eta gero egitea...

Nola egituratuko da orain oposizioa Nafarroako Legebiltzarrean?
Oso zaila da baina egingo ditugu ahaleginak. Hamar parlamentariorekin hirurekin baino askoz errazago egiten da oposizioa. EAk, IU-EBk eta guk eserleku kopuru berdina dugu, EH erreferente biolentorik gabeko alderdi gisa egituratzen den neurrian, oposizioaren dinamikan ere sar liteke, eta 17 eskainuekin jardun dezakegu elkarrekin. PSOEk, kasualitatez, noizbait oposizio gogorra egiten badu, atera dezakegu zerbait aurrera; aurreko legealdian bezala badabil, orduan ez. Noizean behin egin beharko dio keinuren bat bere hauteslegoari, batez ere eremu sozialean eta abar.

Bada, UGT izan da akordioaren aldekoena.
Gobernuaren egiturek UGT erosia dutela esan liteke, UGTk menpekotasun handiak ditu, formakuntza dela eta Europatik datozkion fondoak, kurtsoak... CCOO ez da ausartuko publikoki laguntzarik ematen UPNri, baina antzera ibiliko da.

Goiztxo da akaso, baina zer egin behar du CDNk datozen Espainiako hauteskunde orokorretan?
Barne mailan oraindik ondo aztertu behar ditugu hauteskundeetako emaitzak eta gero 2000. urteko hasieran egingo dugun kongresua prestatu behar dugu. Hortik aterako da gure estrategia eta parte hartuko dugun edo ez hauteskunde horietan.

Desagerpenaren itzala ere hor daukazue, egoitzaren gainean jiraka.
Bai, zalantza hori azaleratzen da. Batzuek argi dugu gure proiektu politikoa beharrezkoa dela Nafarroarentzat –alderdiko gehiengoa uste dut–, oraindik ez da gizartearen gehiengoarena baina 15-20 urtera izan daiteke. Pentsatzen duenak alderdiaren izakera ez dela idatzia duguna, egun garena aldatzen saiatuko da edo alde egingo du

NAFAR NAZIONALISTA
NAFAR NAZIONALISTA
Victor Maeztu Esparza, 38 urteko iruindarra da, gaur egun CDNko idazkaria eta ogibidez irakaslea. Pedagogian doktorea. Alderdi barruko gora-beherez arduratzen da, eta hauteskundeen ondoren, badu zereginik. UPN-n ere ibili zen, 1982tik CDNren sorrera arte: «Hamairu urtez alderdia aldatzeko saioan». Kanpainan CDNk halako mezurik zabaldu ez badu ere, Maeztuk dio CDN nafar nazionalista dela.


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Eguneraketa berriak daude