ASIA TXIRRINGAREN AIENEAN

  • Kurdistango gerra, Irango une ederrak eta Txinako infernua ezagutu dituzte. Ikaraz abiatu ziren, baina «bustiaren beldur denak ez du arrainik atzemanen». «Txirringaren aienean» liburuaren egileek irakurleari uda honetan Asiarantz abiatzeko harra esnarazi nahi izan diote.

2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Txikitan ereindako uzta bailitzan, bidaiaren ametsa bideratzeko tenorea heldu zen. Betidanik barnean egon izana eta bat-batekotasuna uztartuz hasi zen gure ilusioa, pedalei eraginez.
Bizikletak hartu, poltsak jarri, zakua, denda eta gainerakoak erantsi, eta pedalei eraginez abiatu ginen Asiarantz. 1994ko udazkena zen. Baina abiatu aurrekoak ez ziren makalak izan: loturak, estuasunak, senitartekoak, etxea, lagunak, sentimenduak, prestaketa amaigabeak... guztiak utzi behar izan genituen.
- Ez geninan hasera samurra izan!
- Ez horixe, abiatu orduko etxera itzultzeko gogoa. Turkia eta Kurdistan izugarri gogorrak izan zitunan.
- Eskerrak iraniarrek beso zabalik hartu gintuzten! Turkia aldeko Kurdistangoa latza izan zuan, baina Iran aldeak paradisua zirudien.
Gertakizunak ezin barneratuz gaude. Buruari jira eta bira, atzera eta aurrera eragin eta hausnartu ostean bakarrik ulertu dugu, emakume zapaldua izateak dakarren identifikazioan oinarritzen dela gu onartzea. Kulturen gaindi bada munduko edozein zirkulutako emakumeak elkarretaratzen gaituen ezaugarri amankomuna: alde guztietan menpeko egin gaituzte, gizonezkoek nahi dutenera ohitu gaituzte. Horregatik, emakume izateak, geure bizitzen ildoa eraman nahi izateak, elkartzera, identifikatzera garamatza.
- Aizan, Asiako esperientzia haiek bizitzea gauza bat dun, baina guzti hura paperean jartzea irakurlea inplikatuz...
- Ez zain arrazoia falta. Zenbat atzera eta aurrera, kendu, aldatu eta aztertu, guk bizitutakoa tajuz irakurleari helarazteko!
Gabon bezpera. Euria etengabe, euripean bailara basatien edertasuna basatiago bilakatuz. Hodeiak ia mugitzeke, laino zaplatak itsatsiak geratu dira mendien magaletan. Amildegiaren sakonean zintzur estuetatik jauzika doa erreka: beherexeago, Indus ibaiaren ur biziekin bat egiten du, munduko mendi handienetatik arrapaladan irristatuz datozen ur zakarrekin bat. Urjarioa gero eta naroagoa da. Noraezean, zurrunbiloetatik ihesi, baltsa bat ikusten da, beste bat haruntzago. Ibai handiaren ertzean, hondar grixezko hondartzak hutsik. Han ahuntz saldo bat, emakumezko bi ahuntzain atzetik dituela. Indus handiaren urek, Himalaiako erraldoien oihartzuna dakarte, elur eta izotzen oihartzuna. Bizikletek, euri hotsarekin batera, putzuetatik zipriztin uholdeak sortzen dituzte. Errepidea lohibidea da eta ezinean aieneka entzuten da gurpilen ziztua.
- Dena den, txirringa bezalakorik ez zagon herritarrekin harreman zuzena izateko, bertakoengandik hurbilago izateko, zirrikitu eta karel guztiak ezagutzeko...
- Bai eta erasoak jasotzeko ere, oroitu bertzenaz.
Bizikleten joana haur talde basatien harrikatzeak eten du. «Welcome» lehendabizi eta harri erasoa ondoren bizkarretik. Zer da hura? Atzoz geroztik herri batera hurbiltzen garen aldioro antzeko zerbait gertatu zaigu. Ostiralean, gainera, musulmanen jai eguna izaki, haur guztiak kalean dabiltza eta gu ikusi orduko patrikak harriz betetzen dituzte. Gorputza zeharo uzkurtuta dugu.
-Kohistanen uzkurtuta eta Karakorum alde hartan hoztuta. Gogoratzen al dun zer nolako hotza pasatu geninan Hunzan?
- Oroitze soilak gorputza dardarka jartzen zidan.
Goizero, eguzkia atera zain egoten gara bizikletaz abiatu ahal izateko, baina eguzkipean ere ez dugu atarramendu onik, eta maiz gelditu behar izaten dugu bizikletak bide erdian utzi, eta lasterka eta txaloka oin eta eskuak berotzera. Mukiak atera orduko izoztu egiten zaizkigu, kanpoko arnasa zuzenean ez hartzearren, zapia daramagu aurpegian, baina arnas hatsa ere izoztu egiten zaigu. Betile eta bekainak ere zuri-zuri ditugu, eta Philipek aitona zaharra dirudi bizar eta bibote zuri eta guzti. Ura erruz baina guztia izoztua; gure ur botilatxoak bi izotz puska mardul baizik ez dira. -25C egiten du. Gaur bederen, Sha Zamanen familiaren berotasunean pasatuko dugu gaua, hotzari muzin eginez.
- Hala ere, zinez merezi izan zinan. Berriro ere gustura egongo nindukenan suaren inguruan sorgin eta txamanen kontuak entzuten.
- Ea, irakurtzan haietako istorioren bat.
Sorginak, txamanak, Rakaposhi, Hunzako Ura, lagunak, hotza, herritarren begirada beroak, ele goxoak... gaur Hunzari tristuraz adio esan behar izan diogu. Azken herrixkak pasatu ditugu pedalei eraginez eta hotzari aurre eginez, mendien handitasuna, glaziareak, hormak, paretak, izoztutako ur jauziak, ibar malatsa eta herri zoragarria atzean utziz. Eta Rakaposhiren magalean elurra urtzen hasten denean, udaberriaren etorrera adieraziz loretuko dira muxikondo, aranondo, gereziondo, sagarrondo, pikuondo eta gainerako fruituondoak. Eta haran osoa, neguaren hoztasunetik bereiziz.
Eta eguzkiak bailaratik alde egiten duenean, mendi kaskoek eguzkipean jarraitzen dute, iluntzen duen arte. Baina ez dute lorik egiten, beraiek baitira Hunzaren zaindari, sorgin eta txamanekin batera.
- Nik unerik gogorrena errege bezperan bizi ninan.
- Bai, nik ere bai, bidaia eta bizitza ere hantxe utzi behar genituela uste ninan.
Errege eguna, Erregeek opari berezia ekarri digute: bizitza. Atzo, inoiz ez bezala, heriotza ibili genuen hurbiletik segika. Inoiz, sekula ez bezala etorri zitzaizkidan bizitzako pasarteak, oroitzapenak burura. Zergatik daude hain hurbil bizitza eta heriotza? Zergatik hain lotuta edertasuna eta ikaragarritasuna?
- Skardun huen piurarekin amak ikusi izan bahindu...
- Ez naun ez inoiz hain zikin ibili, baina ez zegonan beste erremediorik.
Karel goxo bat izan gabe bizi dira, egun osoa hotzak akabatzen. Apenas dago sutondorik, ez laratzik eta kerosenorik berogailu kaskarren kiratsarekin, sudurra beztu eta muki beltz-beltzak ateratzen zaizkigu. Ur izoztua berotu egin behar da aldiro, uraren iragazkia, ur epelarekin ez bada, ez dabil eta. Hamabost egun daramatzagu garbitu gabe, gure zolden babesean.
- Behin baino gehiagotan pentsatu ninan udaberri arte ez genuela handik mugitzerik izanen.
- Sekula ez ninan ordura arte hainbeste izotz beltz ikusi.
Ekaitza izan da bart, tximista eta oinaztargiz argitutako erauntsia. Ernai, ortotsek baino, Karimi entzundako istorioek bete dute nire barrunbea. Trumoien burrunba, nire pentsamenduen gibelean entzuten nuen doinua izan da. Hormaize bolada zakarrek kolpatu dute leihoa behin eta birritan; pareko zuhaitzeko adarrak kristalaren kontra kolpatu ditu Eolo handiak. Ez da giro izan etxe eta atean.
- Irakurleak, kalamitateak besterik ez zitzaizkigula gertatu pentsatuko din. Konta ezan pasarte politen bat.
- Mmmm, bai, gogoratzen dinat bat.
Hegatarren basatiak agertu zitzaizkigun bidean, elefanteen oinatzak, eta aurrerago orein saldo zoragarria pasatu zen jauzika gure aurretik. Paumak, beren edertasuna eta harrotasuna erakutsiz, eta orein eme eta kumeak lirain eta arin. Ah zer nolako jauziak! Ezkutatuta zeudekeen guri so. Gero, ohartu ginen Indian pasatutako herririk gabeko lur eremurik handiena zela, antza, biztanle bakarrak tximuak eta termitak ziren. Termitek, bi metrotik gorako eraikuntzak zituzten.
- Bai eta tximutzarrek jana ebazten zigutenean. Ene...
- Nepalen sartu gineneko eguna ere ez dinat atzendu.
Nepalen gaude, beraz. Hainbeste amestutako Nepal kuttunean, mitifikatuan. "San Miguel" garagardoaren iragarki erraldoi batek eman digu ongi etorria. Noiztik ez ote dugu garagardorik edan? Sei, zazpi hilabete? Garagardoa zanga-zanga dastatzeko asmotan eseri gara, baina lehenengo tragoa hartu orduko ohartu gara ez gaudela etxean eta hemen ez dagoela hozkailurik; eguraldi sargoria bezain gori dago! Gorputzarentzako hozbero naturalean hartzea hobea dela eta, barrura. Egindako ehun kilometroen ordainetan, garagardoak erdi zorabiatuta abiatu gara berriro.
- Idazte langintzan zailenetarikoa inor mindu gabe eta ahalik eta modu objetiboenean gauzak azaltzea izan dun. Izan ere tentuz azaltzeko gaiak zitunan hainbat.
- Himalaiako egoerarena bereziki...
Duela urte gutxi arte, Ama Dablan mendi sakratuen zerrendan zegoen mendietariko bat zen. Herritarrek gurtu egiten zuten, jainkoen aterbe zelakoan. Eta orain, gobernuaren diru goseak eraginda, bere gailur zorrotzera igotzeko aukera dago. Ez ote da jada sakratu? Non ote daude Ama Dablanen bizi ziren jainkoak? Zer gurtuko dute herritarrek? Non dago ohiturekiko begirunea?
- Kalapita ederra sortu zinan Euskal Herrira bidalitako gutunak.
- Ez zinan guttiagorik merezi. Mendizale handiak gurtzen ditinagu gero gure herri santu honetan.
Himalaiako mendi erraldoiak hurbiletik ikusi nahian, edo Jetiren paradisua oinez zapaldu nahian heldu ohi gara gehienak Nepalera. Elurraren zuritasunak txundituta, ortzetik hurbil dagoen zeru sabaiaren urdinak zoratuta edota mitifikatutako Himalaiaren mitoa gainbehera datorrela ikusita itzuli ohi gara etxera batzuk.
- Mitoak mito, Himalaia zeharkatzea uste baino gogorragoa egin zitzaidan. Mendate gainera sekula ez nintzela iritsiko uste izan ninan.
- Baina ailegatu hintzen tirriki-tarraka.
Juxtu-juxtu heldu gara Jia Tsuo La mendatera, beste guztien antzera banderaz eta harripilaz betea. Tibetarrek, mendateetan otoitz banderak zintzilikatzen dituzte, beren ibilaldietan zorte ona izan dezaten, eta harripilaren gainean beste harri bat gainjartzen dute jainkoei eskerrak emateko. Milaka banderatxo eta harripila dago lepaka bakoitzean; haizeak ferekatzen ditu oihaltxoak.
- Hire erorketak marrazki bizidunetakoak bezala hituen. Geroztik ikasiko huen bizikletan ibiltzen, ezta?
- Ja,ja, ja... txantxa gutxiago, baina barre egin nahi badun liburuko pasartea oroituko dinat.
Mendatetik behera gentozela, bidea zakartu eta olatu moduko gora-beherez bete da; bizikleta jauzika eta brinkoka hasi zait, eta salto eta triska artean, aurreko bidasa gurpilean sartu eta konturatu orduko airean joan naiz hegan. Ziplo hartu dut lur; atzetik bizikleta gainera etorri zait zama guztiarekin.
- Budismoa praktikatuko bahu ez huke horrelako triskantzarik eginen.
- Egia esan, lasaitasun eta bake ederra sumatzen zitunan monastegietako ateetatik sartu orduko.

Ommmm... Ommmm... Om mani padme hum
mantra ezaguna entzun da monastegian.

Om
sakona, sarkorra, entzutetsua. Monjeak han-hemenka barreiaturik daude otoitz gelan, beren oles eta otoitzean barneraturik. Orri luzexkak irakurtzen dituzte bata bestearen atzetik. Eguzkia leiho ertzetatik labantzen da; arratsaldeko eguzki izpiak monjeen artean islatzen dira. Buda dute zaindari, gelaren erdian dagoen Budaren irudi erraldoia. Lama nagusiak zuzentzen du otoitza, eta lama gazteek adi-adi entzuten diote.
- Eta Erdi Arotik kontsumismoaren munduan buru belarri murgilduta dabilen Txinara.
- Aldaketa ez zunan denborari zegokiona bakarrik izan.
- Ez ninduke berriro hara itzuliko, ezta...
Txinak irentsi egiten gaitu, hustu, xurgatu egiten digu izatea. Ez dago gure neurrira egina, ez neurriagatik, bizikletaz goazelako baizik. Poliziak ez daki txirrindulariokin zer egin. Orain arte Txinara etorri den turismo ia guztia bidaia antolatuetan etorri da, ingurune turistikoak bisitatzera eta dirutza ederra ordainduz. Horrela etorrita ez dute inongo eragozpenik, guztiz kontrolatuta baitaude. Bizikletaz eta diru gutxirekin etorriz gero, kontrolatu beharrak edozein bidegabekeria egitera bultzatzen ditu, antza. Beldur dira gure kabuz gabiltzanokin, kontrola eskuetatik doakielako edo.
- Eta gero gainera Txinatik ateratzen utzi ez.
- Ordurako eskarmentu ederra bageninan, ordea. Etxetik abiatu berritan ez geninan horrelakorik eginen.
Oso urduri nago. Gauerdian jaiki eta egunsentia baino lehen iritsi gara mugara. Ez dago bart arratseko azantzarik, ez trafikorik. Han-hemenka, batzuk erdi lo, besteak tabernan. Polizia postuak itxita. Poliziarik ez begibistan. Inora begiratu gabe, inork ez gaituela ikusi pentsatuz pasatu dugu polizia txinatarren muga, mugan ginela ohartu izan ez bagina bezala. Hesiaz bestalde Myanmar.
- Txinan pasatutako izu ikarak izan zinan ordaina zoritxarrez.
- Eta ezin jakin zerk eraginda, gainera!
- Orain aise ikusten ditun gauzak, baina orduan...
Ekaitzaren ondorengo barealdia, zahartzarotik gaztaroko memoriak idatzi beharko banitu bezala begiratzen ditut orriok. Iluntasunaren ondoren argi izpi bat sartzen hasten den modura, lasaigarria da une honetako argitasuna. Eta, neure erditzalitako kontzientzian, oso ongi ikusi ez badut ere, hurbilean izan dut heriotza izua. Ez beharbada erreala, bai, ordea, ezjakintasunak zer neukan ez jakiteak eragindakoa. Nire barnean, banekien ene bizitzak ezin zuela amaierarik izan, ez hemen, ez honela, ez orain; baina neure buruagan dudan ziurtasuna, konfiantza ere kolokan jarri eta zalantzak asaldatu ninduen.
Eritetxeko gehienak malariak jota zeuden. Eta guztiak lagun on moduan elkarrekin, eta moskitoak jira-biran eta paseoan, eta bakterioak eta birusak eta baziloak dantzan.
- Eskerrak hura ere pasatu zuan.
- Hura eta gainerakoak. Egoera zailak beste modu batera hartzen ikasi dinagu behintzat.
Gizarteak hain ongi irakatsitako ikara partikularra generaman 1994. urtean Istanbuletik atera ginenean. Baina bustiaren beldur denak ez du arrainik atzematen. Bizikletaren sakel txikian generaman ikara gainditu behar izan dugu, aurre egin diogu, desegin, xehetu, baztertu. Hamaika aurreiritzi eta uste ustel atzean utzi dugu, jauregi nagusiko hainbat ate zeharkatu izan bagenu bezala. Esperientziak eta egoera gogorrek irakatsitako ziurtasun eta konfiantza daramagu soinean. Indarberrituta, babesik gabe, bakarrik baina lasai ibiltzen ikasi dugu. Eta bizitza maite dugu. Gauza guztien gainetik maite dugu bizitza.


Ez abentura, ezta erokeria ere

- Kostata baina kontakizun polita osatu dinagu, ezta?
- Hori irakurleak esan beharko din eta horretarako irakurtzea beste aukerarik ez din.
- Pasarte hauekin barneko harra esnaraziko ote genien?
Asiarako bidaia amets batetik esnatu zen, eta ilusio, gogo eta bizitzeko grinak errealitate bilakatu dute. Ez da ez erokeria izan, ez eta abentura ere, bizitza bera izan da, Asian egindako bizitza, egunez egun, urratsez- urrats egindako bizitza. Loturak, beldurrak, ziurtasuna, lagunak, familia eta Euskal Herria utzita abiatu ginen Asiarantz. Herrialde musulmanetatik, hinduista eta budistetara egin dugu bidea, Karakorumgo negu hotzetik tropikoko bero eta hezetasunera, Kurdistango gerratetik Indiako izpiritualitatera, Irango une zoragarrietatik Txinako infernura... beti pedalei eraginez. Hamaika une latz eta beste hamaika une goxo bizitu dugu, ahaztezinak guztiak. Atzerrian, senitarteko eta arrotz izan gara, baina beti eutsi diogu goiari. Eta bi pertsona gara, bi emakume, beste ezeren gainetik bizitza maite dugunak, eta urtebetez gure eguneroko bizitza Asiako mila kareleran egin dugunak; hori besterik ez edo hori guztia


Azkenak
Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Etxarri Gaztetxearen aldeko zenbait gaztek Bilboko udaletxeko osoko bilkura eten dute

Amenabar enpresak Bilboko Udalaren eskutik apirilaren 4rako agindu duten desalojoaren kontra azaldu dira bilkuran. Poliziak indarrez kanporatu ditu. Ostiral honetan18.30ean, Errekaldeko Plazatik hasiko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute gazteek, baita desalojoaren... [+]


Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...

Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.


2025-03-27 | ARGIA
proiektuak 10 urte!
Lurrari begiratzen diogunok badugu aldizkari berezi eta berria: Bizi Baratzea Orria

Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]


Eguneraketa berriak daude