Merkantzi portuak termometro oso garrantzitsuak dira herrialde bateko ekonomia egoeraren bilakaera neurtzeko. Zenbat eta merkantzia trafiko handiagoa izan portuetan, orduan eta ekonomia egoera hobea urte horretan. Horrela bada, aurreko urteekiko marka guztiak hautsi dituen Hego Euskal Herriko portuetako 1998ko trafikoak gure ekonomiaren bilakaera baikorra egiaztatzen du, barne nahiz kanpo harremanetan.
1998an euskal merkatal portuek –Bilbo, Pasaia eta Bermeok– batez beste % 10 inguruko igoera izan dute aurreko urtearekiko, eta 30 milioi tonako kopurura iritsi dira. Gorakadarik handiena Bilboko portuak izan du, 27 milioi tona ingururekin, aurreko urtearekiko % 18ko igoera izanik eta Espainiako bigarren portu bihurtuz. Pasaiakoak, 4 milioi tona ingururekin, % 5eko igoera izan du. Eta Bermeokoak, 500.000 tona ingururekin, % 8koa.
BILBOKOA, ESPAINIAKO BIGARRENA.
Bilboko portua Espainiako bigarren portu bihurtu da merkantzien trafikoari dagokionez (Algecirasekoaren ondoren), azken urtean 26,4 milioi tona mugituz. Eta tokiko trafikoa eta hornidura kontuan hartuz gero, 27,2 milioi tonatara iristen da. Euskal portu hau, urte bakar batean, Espainiako portuen rankingean laugarren lekutik bigarrenera igaro da, Tarragona eta Bartzelonako portuak gaindituz.
Bilboko portua inportatzailea da nagusiki. Euskal inportazioen zati nagusia Bilboko portutik iristen da. Trafikoen neurketa orokorrak garbi adierazten du Bilboko portua nabarmenki inportaziorako portua dela, bere kanpoko trafikoaren % 72,8 era guztietako inportazioz osatzen baita. 1998an 3.904 itsasontzi sartu zen bertan, 1997an baino 212 gehiago.
Bilboko portuko zerbitzu salmentaren eta kanonen fakturazioa 8.011 milioi pezetara (320 milioi libera) iritsi zen, hau da 1997an baino % 19 gehiago. Sortutako cash flowa (etekinak gehi inbertsioak) 3.829 milioi pezetakoa izan zen eta bere zortzapena 11.000 milioi pezetatan geratu zen.
1999 urterako Bilboko portuak 5.800 milioi pezeta inbertitzea aurreikusten du, kanpoko badia handitu eta instalazioak hobetzeko obretan. Kopuru horren zati nagusia bigarren kaiko obren jarraipenerako xedatuko da, 500 metrotako atrakalekua eskaintzeko, eta baita alde industrialeko kairako ere, itsasoari 200.000 metro koadroko azalera irabazteko.
1998. urtea bitartean beste 40.000 milioi pezeta inbertitu dira kanpoko badia handitzeko. Fondo horiek neurri handi batean fondo propioetatik zetozen eta gainerakoak Europako Batasuneko Feder Fondoetatik (5.765 milioi pezeta) eta Inbertsioen Europako Bankuarekin egindako kontratu batetik (7.000 milioi pezeta) etorri dira.
Bilboko portuak geroz eta aurrerapen handiagoak izan arren, bertako arduradunek diotenez, azpiegitura arloan dituen hutsune garrantzitsuek mugatu egiten dute portuaren garapena. Hutsune horien artean, tren-sarbide lehiakor bat ez izatea nabarmentzen dute, hala nola errepideetako garraioen sektorean birmoldaketa bati ekin beharra, portuko instalazioetan merkatu librea ezarri ahal izateko.
Bilboko portuko 1998ko ekitaldiko datuak jakinarazi diren une berean jakin ahal izan da Europako Batasuneko Kohesio Fondoak 3.000 milioi pezetako dirulaguntza eman duela Bilboko Itsasadarraren ingurugiroa bere onera ekartzeko proiektu bat burutzeko. Kopuru hori aurrekontuaren % 85 da eta gainerako % 15 Bilboko Portuko Agintaritzak jarriko du.
Proiektua urrats ezberdinetan gauzatuko da, eta kutsadurak eta itsasaldiek ibai ingurune guztian, hau da, Ibaizabal Itsasadarrean bertan eta bere lau ibaiadarretan, eragindako kalteak konpontzeko xedea du. Gauzak ondo, obrak aurten hasi daitezke, 2001. urte erdialdean amaitu ahal izateko
Bermeok bere historiako emaitzarik onena izan zuen iaz
Bermeoko merkantzi portuak, 1989an inauguratu zenak, 1998an bere historiako emaitzarik onenak lortu ditu, Eusko Jaurlaritzako Portu Agintaritzak emandako datuen arabera. Horrela, Bermeoko kaian 1998an izandako trafikoa 442.271 tonatara iritsi da, eta horrek % 8ko igoera erakusten du aurreko urtearekiko. Guztira 315 itsasontzi lehorreratu zen bertan –joan den urtean baino zazpi itsasontzi gehiago–, hau da, hilabeteko 26, batez beste.
Bermeoko merkantzien trafikoaren funtsezko kopurua materialek osatu zuten. 378.000 tona hustu ziren, eta gainerako 64.000 tonak Bermeotik beste portu batzuetara atera ziren. Hustu eta eraman ziren materialen zati nagusia hau izan zen: 4,75 milimetroko lodierako bobinak, siderurgiako materiala, beruna, sulfatoa, sodikoa eta potasa erregarria. Denen artean, 306.819 tona (guztiaren % 69,1).
Bigarrenik, merkantziaren % 12,5 (55.217 tona) paper pastak, 4,75 milimetro baino lodiera handiagoko bobinek, burni eta altzairuzko profil hutsek eta hodiek, eta zura serratuak hartu zuten. Bermeoko portuan hustu eta eraman zen gainerako materiala, %8, hau izan zen: fosfatoak, aluminio landugabeak eta bobinetan dagoen paper eta kartoiak
Txatarra izan zen Pasaiako merkantzien arteko izar nagusia
Pasaiako Portuak 1998an zehar 3.941.544 tona merkantzia mugitu zituen guztira, eta horrek % 5eko igoera esan nahi du 1997 urtearekin alderatuz. 2.108 milioi pezetako fakturazioa (84 milioi libera) izan zuen iaz, aurreko urtean baino % 3 gehiago.
Pasaiako portuko merkantzia nagusia txatarra izan zen, Gipuzkoako siderurgia enpresentzako inportazioko lehengai nagusia. 1998an marka guztiak hautsi dira gai honen garraioan, portuan mugitutako merkantzia guztiaren heren bat baino gehiago izan baitzen (1.429.000 tona), % 11ko igoera izanik aurreko urtearekiko.
Automobilen mugimenduan ere beste marka bat hautsi da. Ibilgailuak hustu edo ontziratzeko arrapala berri bat erabili ahal izateak 320.000 tonako marka historikoa lortzea ahalbidetu zuen 1998an, hau da, 1997an baino % 21 gehiago. Pasaiako portuko beste igoera garrantzitsu bat, % 151rainokoa hain zuzen, ikatzaren trafikoarena izan da, guztira 256.000 tonatara helduz. Igoera horren eragile garrantzitsu bat Pasai Donibaneko zentral termikoa izan zen, eta berau iazko urrian hasi zen jardunean.
Aipatutako igoera horien ondoan, berriz, Pasaiako portuak beherakada izan zuen siderurgia eta petrolioaren inguruko gaien trafikoan. Horrela, siderurgiako gaiek, nahiz eta trafiko kopuruan bigarren gai ugariena izan (779.000 tona), % 22ko beherakada izan zuten joan den urtean, besteak beste, esportazioen beherakadagatik eta Asiako hegoekialdeko krisiagatik.
Pasaiako portuko petrolio-gaien trafikoak aurreko urteetako beheranzko joerarekin jarraitu zuen. Trafiko hori % 18an jaitsi zen 1998an. Dirudienez, azken urteetako etengabeko beherakada hori, gaur egun petrolio gordina garraiatzeko oliobideak erabiltzeko dagoen joeraren ondorio da.
Portu honetako arduradunen iritziz, gainditua dago 1996ko finantz-egoera larria eta ez dago krisian. Nahiz eta Pasaiako badia berrindartzea ezinbestekoa izan, portu honetako arduradunen ustez, portua berez «
egoera zuzen eta pozgarrian dago une honetan».
Pasaiako portuaren arazoetako bat lekurik eza da. Bertako arduradunek diotenez, arazo hori konpondu daiteke inguruan eraikitzen ari diren industrialdeetara hedatuz. Nolanahi ere, Portuko Agintaritzak Foru Aldundiarekin batera ekin beharko dio eginkizun horri datozen hileetan