ESPETXEAK KATEATUTAKO OSASUNA


2021eko uztailaren 21ean
Apirilaren 7an etxera heldu zen Esteban Esteban Nieto, Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigorra bete barik. Azkenean Tolosan; etxean aske. Minbiziak jota, ordea. Hamabi urte espetxean igaro ondoren, edozein presok duen ilusioa zuen Esteban Nietok; maite dituenen artean askatasunaz gozatzea. Baina espetxeko egonaldiak faktura larria utzi dio: medikuen esanetan, minbizia erabat zabaldua du eta hilabete gutxiko bizitza geratzen zaio. Horrexegatik utzi zuen aske Espainiako Justiziak, 92. gradua emanez.
Espainiako Justizian, aldiz, denak ez ziren Esteban Nieto aske uztearen alde. Eduardo Fungairiño Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak gogor egin zuen bere askatzearen aurka. Honakoa idatzi zion Esteban Nietoren askatasunaz deliberatu zuen epaimahaiari:

«Mediku forenseak egindako txostenaren arabera, fiskalak ez du ikusten bateraezintasunik zigortuaren gaixotasuna eta espetxean egotearen artean. Aipatu zigortuaren esperantza bizitzaren berri besterik ez da ematen. Horrexegatik, eta fiskaltza honek jakin badakienez zigortuak beste bi epaiketa egin gabe dituela, lehergailuz eragindako erahilketa anitzei buruzko epaiketak alegia, fiskal honek uste du ez dela preso honek duen preso errematatuaren egoera aldatu behar».

SEGURTASUNA.

Salbuespena dirudi kontakizunak, fiskal krudel baten mendeku goseak eragindako egoera. Hala izan zitekeen aurretik beste 13 euskal preso politiko arrazoi desberdinez espetxeetan hil izan ez balira, bi Frantziako espetxeetan eta gainerakoak Espainiakoetan. Salbuespena irudituko luke, dozena bat preso oraintxe bertan hilabete luzeak ebaketen zain ez balira. Salbuespena litzateke, presoak konfiantzazko medikuaren bisita –Espainiako legeak baimentzen duen moduan– normaltasunez hartu ahal izango balu.
Baina egoera horiek guztiak, eta askoz gehiago, Espainia eta Frantziako kartzeletan gertatzen dira, preso sozialekin zein politikoekin; azken hauen kasuan gainera, presoaren bergizarteratzea helburu, osasuna presio tresna gisa erabiltzen da. Osasunak etengabe egiten du topo espetxeko horma bezain sendoa den «segurtasun neurrien» harresiarekin. Adibide bat:

«`X' medikuaren bisita izateko zure eskaera luzatu diogu Espetxe Erakundeko Zuzendaritza Nagusiari eta segurtasun arrazoiak medio, ukatua izan dela jakinarazten dizugu. Murtzian, 1999ko martxoaren 10ean. Zuzendaritza».
Murtziako espetxeko zuzendaritzak euskal preso bati igorritako gutuna da. Ehundaka halako da, eta aldaketa bakarrak presoa eta medikuaren izenak dira, idazkiaren gainerakoa berdina da.
1995ean, aldiz, orain bisitaldia ukatua izan duen Euskal Presoen Osasunerako Mediku honek ez zuen bere pazientea bisitatzeko inongo arazorik izan, Murtziako Espetxe Zaintzarako Epaileak hala baimendu zuelako. Orain ere badu epailearen baimena; baina espetxeko zuzendaritzaren baimenik ez, nahiz eta honek, legez, epailearen agindua bete beharko zukeen.
Espainiako Espetxe Lege Organiko Orokorraren 36.3 artikuluak presoak espetxetik kanpoko mediku baten zainketarako eskubidea duela dio, baldin eta presoak bere gain hartzen baditu zerbitzuaren kostuak eta

«segurtasun arrazoiek eskubidea urratzen ez badute».
Baina zera gehitzen du,

«segurtasun arrazoi horiek inoiz ezin dutela izaera orokorra izan eta beti kasu zehatzei dagozkiela».
Espainiako espetxeek, ordea, modu orokorrean ulertzen dute artikulua, esate baterako Euskal Presoen Osasunerako Medikuekin. Ikusi besterik ez oraintsu 92. artikulua eskatu zaion Pedro Miner Aldabalde preso hernaniarrari, Cacereseko espetxeko zuzendaritzak iazko urrian erantzundakoa:

«Aipatu profesionalak KAS barruan dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeetako medikuak eta psikologoak dira, eta KAS ENAMeko erakundea da, zeinaren adar militarra ETA erakunde terrorista den. Zenbaitzutan, kolektibo honetako kideek, formularioak edo beste bitarteko batzuk medio, espetxez kanpoko kontsulta medikuez baliatu izan dira zuzenki segurtasunari dagozkion gaiei buruzko informazioa biltzeko».
Antzerako balorazio ugarirekin jarraitzen du idazkiak, azkenean

«segurtasun arrazoiak»
eta

«presoenganako eragin txarra»
argudiatuz, bi elkarteko bi medikuei bisitaldia ukatzeko. Hala ere, mediku hauek arriskutsuak dira leku batzuetan eta besteetan ez, ohikoa baita espetxe batzuetan arazoak izatea eta beste batzuetan ez. Era berean, eragin txarrekoak dira espetxe batzuetan eta sasoi batzuetan, eta besteetan ez. 1997tik aurrera espetxe guztietan idazki eredu berbera erabiltzen da ukatze hauek guztietarako; dagozkion izenak aldatu eta kito. Alta, oztopoak lehenago hasi ziren, 1990era arte konfiantzazko medikua sartzeko aukera askoz zabalagoa zen eta orduz geroztik baimenak izugarri murriztu ziren.
Pedro Minerrek 65 urte ditu eta gaixo larria du –biriketako gutxitasun butxatzaile kronikoa–; Hernanin 92. artikuluaren bidez aske jar dezaten mobilizazio ugari egin bada ere, Espainiako Justiziak eta Espetxe Erakundeek entzungor egin diote eskariari. Txotxe Andueza, espetxeratutako HBko Mahai Nazionalkide ohiari ere 92. artikulua eskatu zaio: artritis reumatoidea eta hepatitis C kronikoa dauzka. Gaitz larriak, beraz, eta espetxean gainbehera handia egiten dutenak. 98ko irailean odoljario handi batekin eraman zuten ospitalera:

«txiripaz atera zen»,
diote medikuek. Bi preso hauek dira egun 92. artikulua eskatua duten bakarrak, baina beren eritasuna ez bide da aski larria oraindik.


ESPETXETAKO MEDIKUAK.

Askatasuna ukatzen duen lekua nekez izan daiteke osasungarri edonorentzat. Espetxeak bere baitan dauka eritasuna: bai askatasun eza berez delako gaitza eta baita espetxearen bizi baldintzek luzarora gaitz zehatzak eragiten dituztelako ere. Hori espetxeak presoari eskaini diezaiokeen arretarik txukunena eskainita ere. Ez da oraingo kasua. Espainiar eta Frantziar estatuko espetxeetako egoera arreta egoki horretatik oso urruti dago. Espainiako espetxe askok ez du presoari beharrezko aditasuna eskaintzeko bitartekorik, ez humanorik ezta materialik ere. Negligentzia ere ageri da batzuetan.
Kasu ugari dago, horien arten Joseba Asensio `Kirruli' preso bilbotarra zenaren kasua aipagarria da: 1987an hilda topatu zuten Herrera de la Mancha espetxeko bere ziegan, Erdi Aroko presondegietan legez. Espetxeko X-izpien makina matxuratuta zegoela eta xarabe bat errezetatu zion espetxeko medikuak, nahiz eta denbora luzea zeraman bularreko minarekin. Bronkitisa diagnostikatu zitzaion.
Josu Retolaza eibartarraren kasua ere oso esanguratsua izan zen: melanoma bat zuen –azaleko minbizia– eta medikuak garatxo bat zela esan zion. Espetxetik larri atera zuten eta etxean hil zen minbiziak jota, 33 urterekin. Elkarteko medikuen esanetan, preso gutxi izango da diagnostiko txar bat jaso ez duena edo tratamentu desegokiren bat izan ez duena edo ospitalera joateko atzerapenen bat jasan ez duena. Eta, hala ere, aitortzen dute:

«batzuek lana ondo egiten dute».
Medikuntzaren ikuspegitik, medikua eta pazientearen arteko konfiantza funtsezkoa ei da gaitzari dagokionez, oinarrizko eskubidea izateaz gain. Nazioarteko legedi guztiek hala diote eta medikuntza mailako kodigo deontologiko guztiek ere bai. Espainiako espetxeetan, dena den, mediku askok funtzionario zeregina ere badu eta horrek erabat hausten du presoa eta bere arteko konfiantza.

«Batzuk funtzionarioak dira –
diosku Itsaso Idoiaga elkarteko medikuak–

eta beste batzuk funtzionarioarena egiten dute. Ezin da ahaztu medikuek presoen graduen sailkapenean partehartzen dutela eta beraiek biltzen duten presoari buruzko informazioa nonbaiten pilatzen dela».
Baina borondaterik onenarekin diharduen medikuak ere mugatuta daude, espetxeetako medikuak generalistak direlako eta edozein froga berezi lortzeko ospitalera atera behar dutelako. Presoarentzat beste abentura bat hasten da. Batetik ez daki noiz aterako den ospitalera eta generalean atera behar izate honek izugarri atzeratzen ditu tratamenduak. Ospitaleko txandara heltzea miraria da sarritan. Lehenik, espetxeko medikuak txanda lortu behar du; sarritan hemendik hasten da atzerapena, mediku gutxi eta preso asko dago eta. Bigarrenik, ospitaleko zerrenda dago eta han ere sartu egin behar da. Azkenik, behin txanda lortu ondoren, espetxetik ospitalerako trasladoa egin behar da eta hori Guardia Zibilak egiten du, eta Guardia Zibilak ere batzuetan egin behar dituen gauza guztiak egiteko jende nahiko ez duela argudiatzen du.
Ospitalera iristeko azken oztopoa sakabanaketa politika bera da, espetxez espetxe ibiltzean, bakoitzean prozesuari hasieratik ekin behar baitzaio. Esteban Nietorena da honen kasurik nabarmenetakoa, bi urteko epean bost traslado ezagutu baitzituen eta tarte horretan beti zegoen ekografia bat egitekotan. Azkenean, Cadizen egin zioten, minbizia jadanik gorputz osoan zabalik zuenean.
Egoera hauen ondorioek ez dute atzera egiterik kasu askotan. Zeresanik ez hildako hamairu pertsona horienean, edo hamarkada honetan Espainiako Kode Penaleko 92. artikuluaren ondorioz –lehengo espetxe araudiaren 60. artikulua– aske utzi dituzten hamalauenean.
Polizia, Guardia Zibila edota Ertzaintzaren jokaera salatzen duten denuntzia ugari jarri izan dute presoek, askotan emakumezkoen kasuetan gainera. Hiru kasu oso aipagarri emakumezkoenak dira. Idoia Lopez de Riañok Frantziako ospitale batean miaketa ginekologiko bat poliziaren aurrean egin ziotela salatu zuen. 1997ko apirilean, Valladolideko Ospitale Klinikoan, Dolores Gorostiagak miatua izateari uko egin zion Guardia Zibila aurrean zuelako; medikuak erantzun zion berak poliziarik gabe ez zuela miaketarik egingo. Txotxe Anduezak ere –espetxeratutako HBko Mahai Nazionaleko kidea–, iazko otsailaren 5ean ertzaintza ginekologiako kontsultatik ateratzea eskatu zuen baina hauek uko egin zioten. Kontsulta egin gabe itzuli behar izan zuen espetxera. Idoiaga doktorearen esanetan, «

batzuetan, anestesia orokorreko kasuetan ere ertzaintza kirofanoan egon izan da, adibidez Oscar Abad edo Mariano Perez del Rioren ebaketetan
».


MEDIKU BIDAIARIAK.

Ikusmenaren galera, aginetako arazoak, arazo esteoartikularrak (hezur eta giltzaduren gaitzak), azaleko arazoak, arazo digestiboak, emakumezkoengan arazo ginekologikoak, gizonezkoengan prostatitisa, antsietatea, kolesterol maila altua... Horiek dira medikuek beren bidaietan topatzen dituzten arazo ohikoenetakoak, gehienak espetxeetako bizibaldintzek eragindakoak. Gizakume askearen arazoak ere badira aipatutakoak baina gaitzok saihesteko aukera anitzagoa da eta sarritan norberaren borondatearen araberakoa. Espetxean ez, dauden baldintzak daude eta kito.
Jon Eizagirre dentista lekeitiarra da Espainian zehar hara eta hona diharduenetakoa eta aurkitutako egoerak era guztietakoak dira, bai espetxeetako ekipamendu zein erraztasunei dagokienez.

«Espetxe berriek ekipamendu hobea izan ohi dute eta zaharrek txarragoa, nahiz eta salbuespenak badiren, esate batera Cordobako espetxea, zaharra izan arren oso ondo hornitua zegoena
». Dena den, ondorio bat da nagusi: «

Gu oztopo gara espetxean. Orain siesta ordua da eta ezin dugu lanik egin eta gero beste zerbait da
».
Baina ezin erreportajea bukatu Frantziako egoera azpimarratu gabe, oro har osasunari dagokionez –eta seguruenik gainerako arloetan ere–, hango egoera Espainiako espetxeetakoa baino askoz okerragoa baita. Kartzelako medikuari sintomak aipatu eta berak erabakitzen du miatu ala ez. Ez dago kanpoko espetxerako eskubiderik eta ospitalera eskuburdinez eta oinak kateatuta eramaten dituzte. Hori guztia, giza eskubideen erresuma izan ei den Errepublikan

Osasuna kartzeletan

Kartzela zigorra da. Estatuak bere dominazioa ezartzeko erabiltzen duen tresna zapaltzailea. Beraz, izatez, kontzeptu kontrajarriak dira kartzela eta osasuna.
Izan ere, zigorrak kalte egiten dio pertsonari. Eta espetxea horretarako dago. Ezin dugu ilusiorik egin, bada, kartzelaz mintzatzean osasunaren alorra begiratu nahi dugunean.
Horren aurrean, osasunaren aldetik, preso dagoenarentzat hainbat eta hobeto irauten ahalegintzea da kontua. Bizirik irautea, alegia. Badakizu zure kalterako dihardutela eta aurre egin behar diozula. Bidea bakarra da. Espetxean bizitzea bera borroka egitea baita, bertan bizitzeko ere borroka egin behar duzularik.
Osterantzean, legez presoak baditu bere osasuna bermatzen dituen hamaika eskubide. Lege guztietan daukazu idatzita. Espainiako eta Frantziako konstituzioek, Espetxeetako Lege eta Araubide guztiek horretaz dihardute.
Eskubide horiek oso ondo daude. Baina kontua ez da hor amaitzen. Ze aspirina mota emango diozu zigor ziegetan dagoen presoari? Zein botikaz sendatzen da preso jipoituaren amorrua? Nola osatu amaren bihotz urteetan erdibitua?
Euskal preso politikoen kasuan gainera badago espetxe politika jakin bat presoak izorratzen saiatzeko programatua. Damutu ala heriotza esan da askotan. Eta ez da kontsigna hutsa. Hor ditugu hainbat lagun kartzeletan hil direnak politika horren aplikazioaren ondorioz. Baita torturak, minak, kalteak eta sofrimenduak pairatu eta osasunez ukituta eta jota gelditu diren milaka preso eta inguruko ere.
Zer esango dugu? Erantzukizunak estatuaren ingurumenetik bilatu beharko ditugula, jakina. Politika hori asmatu, bultzatu eta babesten dutenengan. Kartzeletan politika hori aplikatzen dutenengan.
Azken hauen artean espetxeetako sendagileak ere sartu behar ditugu. Teorian presoaren osasuna bermatzen saiatu beharko lirateke, baina praktikan oro har espetxe politika jakin bat bideratu ahal izateko daude hor. Ez ahaztu Tratamendu Batzordeko partaideak ere badirela medikoak. Eta seguritate neurrien, espetxeko bizimoldeen, zigor eta sari parametroen eta bestelako irizpide politikoen menpe jokatzen dutela beti.
Adibide bat: Josu Retolazari larru azaleko minbizia diagnostikatu ondoren hitzez hitz esan zioten: tratamendu egokia nahi baduzu preso politikoen kolektibotik irten behar duzu. Gero, amore eman gabe kalera irten eta hilabete gutxira hil zen.
Egiturazko arazoa ere badago. Jakina, espetxea ez da gaixoentzako leku aproposena. Gogora dezagun, esate baterako, Kirruli: Herrera de la Manchan hil zen tuberkulosiak jota. Aste bat lehenago sendagileak xarabe bat eman zion besterik gabe. Gero alegatu zuen kontua zela espetxean X izpiko aparailurik ez zegoela (!).
Ez dago X izpiko aparailurik. Edo gabean ez dago sendagilerik. Ziegan zaudela atea jo arren ez dizute atea zabalduko. Espetxean itxita zaude, eta ez dago aterabide errazik osasunez jota daudenentzat.
Baina azken batean, borondatea da kontua. Zer nahi duten. Hortik atera ditzakegu ondorio argi nahikoak.
Darocan 1987 urtean Felix Zabarteri kartzelariek jipoi bat emanda ziegan konorterik gabe utzi zutelarik espetxeko sendagileak txosten bat egin zuen eskatuz buruan gehiago jo ez ziezaioten, bertan lesio bat zeukala eta.
Espetxeetan galdu egiten dira txosten medikoak jipoien frogak ezkutatzeko. Informe mediko faltsuak bidaltzen dira salaketei aurre egiteko. Tratamendu okerrak ematen dira. Gaixo larriak ospitaletako ohean lotuta izaten dira. Polizia eta kartzelarien aurrean egiten dira kontsultak. Zure medikoaren bisitak ukatzen zaizkizu, seguritatea eta arrazoi politikoak argudiatuz. Behar duzun tratamendua txantaje politikorako erabiltzen da. Preso larriak ez dira baldintzapean kaleratzen. Administrazioak ez du inoiz aipatzen kartzeletan hiltzen den jende kopuru izugarria. Gezurrak zabaltzen dira komunikabideetara presoen egoerak distortsionatzeko...
Ni, Almeriako espetxean garunetako hemorragia izan nuenean, konorterik gabe aurkitu ninduten ziegan kartzelariek afaria ekartzera etorri zirenean. Ez nintzen itzartu hainbat ordu pasa arte, Almeriako ospitalean. Baina tarte horretan zabaldu zuten pilularen bat hartuta izan nuela hemorragia hori. Eta horrela agertu zen komunikabide guztietan.
Kartzelan osasun arazoak dituena txarto dago. Eta preso askok du sendagilearen beharra. Areago sartu ohi dituzten espetxe zigor izugarriokin. Okerrena, baina, presoak gaixotu egiten dituela kartzelak. Eta nahita jokatzen dutela horrela. Gogoratu Esteban Nieto.
Gizarte gaixo baten sintoma ditugu espetxeak

Gaixotasun larrien ondorioz hamarkada honetan kaleratutako presoak

Espainiako Kode Penal berriaren 92. artikuluaren esanetan, «gaixotasun kroniko eta larria duen preso bati baldintzapeko askatasuna» eman ahal zaio. Kode Penal berriaren aurretik Espainiako Espetxe Araudiaren 60. artikulua zen gaixo larrien kasuan indarrean jartzen zena. Ramon Arzamendi, Josu Retolaza eta Julen Galarza, adibidez, 60. artikulu horren ondorioz kaleratu zituzten 80ko hamarkadaren bukaera aldera. Josu Retolaza eibartarra minbiziz hil zen askatu eta denbora batera. 1987an Joseba Asensio, `Kirruli', tuberkulosiak jota hil zen Herrera de la Manchako espetxean, Erdi Aroko presoak legez. Ziegan hilik aurkitu zuten goizean. Kontzientzia asko astindu zuen bilbotarraren kasuak.
Honako hauek dira hamarkada honetan gaitz larriez jota atera izan diren euskal preso politikoak:

Jon Iturriaga Omar (Bilbo).
80ko uztailean espetxeratu zuten eta 95eko azazoan kaleratu. Gaixotasun psikiko larria zuela medio kaleratu zuten.

Fran Franco Argibai (Pasaia).
Gaixotasun psikikoa izatearen ondorioz kaleratu zuten. 86ko irailean espetxeratua eta 97ko apirilean ateratakoa.

Xabier Alkain Ipinazar (Donostia).
86ko urtarrilean espetxeratu zuten eta 97ko otsailean kaleratu, gaixotasun psikikoaren ondorioz.

Patrizio Goienetxe (Lesaka).
94ko urrian espetxeratu zuten eta 98ko urrian aske utzi, pairatzen zuen gaixotasun psikikoaren ondorioz.

Mariasun Sierra (Donostia).
Lupus Eritomatoso Sistemikoa du. Gaitz reumatologikoa da hau eta, ondorioz, azalean gorridurak ateratzen zaizkio, artikulazioetan mina jasaten du eta giltzurrunetako gutxieritasuna du. 87ko abuztuan espetxeratu zuten, 89ko uztailean baldintzapeko askatasunean atera zen, 95eko apirilean berriro zigorra betetzeko kartzelaratu zuten eta 96ko ekainean, azkenik, aske utzi zuten.

Santi Diaz Uriarte (Basauri).
92ko ekainean espetxeratu zuten eta 97ko martxoan kaleratu minbiziak jota. 97eko ekainean hil zen Basurtoko ospitalean.

Jose Javier Gorostiza Lejarraga (Basauri).
92ko maiatzean espetxeratu zuten eta 94ko uztailaren 16an atera zen. 97ko urriaren 27an hil zen minbiziak jota.

Jon Idigoras Gerrikagoitia (Zornotza).
97ko abenduan espetxeratu zuten azkenekoz –96an lau hilabetez preso izan zen– eta 98ko maiatzean kaleratu zuten arnas gutxiegitasunagatik.

Pedro Mari Ginea.
Bi aldiz izan da espetxean. Lehenengoan hilabetez 89an; 97an hiru hilabete egin zituen. Kardiopatia eskemikoa eta bihotz gutxitasunagatik kaleratu zuten.

Inaxio Mendiburu (Oiartzun).
Espondiloartritis ankilopoietikoa du. Bizkarrezurreko zurruntasun handia eta, ondorioz, bizkarrezurrarekin egiten diren mugimenduak galerazita ditu. 84ko ekainean espetxeratua eta 97ko urtarrilean kaleratua.

Jose Luis Urain.
Hipertentsio arteriala du. 94ko ekainean espetxeratua, 94ko ekainean baldintzapeko askatasunean aterea. 98ko martxoan berriz zigorra betetzera sartu zuten eta 98ko urrian kaleratu.

Esteban Esteban Nieto (Tolosa).
1987ko urtarrilean espetxeratu zuten eta 99ko apirilean kaleratu minbiziak jota, hilabete gutxiko bizitza iragarri ondoren. Esteban Esteban Nieto izan da gaixotasun larriagatik askatutako azken euskal presoa.
Epaitu gabe dauden presoei edo oraindik epaiketaren bat egin gabe dutenei ezin zaie 92. artikulua eskatu eta behin-behineko askatasuna eskatu behar zaie. Honakoak dira modu honetan atera diren presoak:

Begoña Sanchez del Arco (Portugalete).
95ean entregatu zuten Mexikotik eta, duela bi urte, 97ko ekainean aske geratu zen. Baldintzapeko askatasunean dago gaur egun eta 92 artikulua eskatua du.

Juan Pablo Diegez.
98ko maiatzean espetxeratu zuten eta 99ko otsailean atera zuten 35 milioi pezetako fiantza (1,4 milioi libera inguru) ordaindu ondoren. Arnasa hartzeko tresna berezia behar du lo egiteko


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


“Itxaropena” lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


19 preso larriki gaixorik daudela salatu du Etxeratek

2019ko zerrendatik bi izen atera dira: Aitzol Gogorza, espetxeratze arinduan, eta Jose Angel Otxoa de Eribe, berriki zendua. Duela hamar urte baino hamahiru preso larri eta sendaezin gehiago daudela ohartarazi du Etxerat elkarteak.


2019-12-13 | Hainbat egile*
Jon Gurutz Maiza Etxera!

Euskal Herrian jaio izanaren ordaina izan da gatazka mingarri batean harrapatuak egotea. Aukera bat izan zitekeen ez ikusiarena egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen saiatzea. Zilegi izan daiteke.


2019-12-10 | Z. Oleaga
KRONIKA:
Preso gaixoak askatzeko aldarria egin dute Gasteizen debeku eta kriminalizazio saiakeren gainetik

Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak eta Txeman Matanzas abokatuak preso gaixoen egoeraren inguruko hitzaldia eman dute Gasteizko unibertsitateko campusean. Aretoak gainezka egin du. Aurretik Esteban de Garibay elkarte eskuindar unionistak hitzaldiaren aurkako kontzentrazioa... [+]


2019-12-10 | ARGIA
Lopez de Abetxukok hitzaldia emango du, EHUk berau debekatzeko Coviteren eskaria baztertuta

EHUren Gasteizko campusean egingo da hitzaldia, asteartean. Esteban Garibai elkarteak hitzaldiaren kontrako elkarretaratzea deitu du, hitzaldia hasi baino ordu laurden lehenago. Hizlariaren aurkako jazarpenarekin aurkako “sufrimendu jakin bat” estali nahi dela salatu... [+]


2019-11-13 | ARGIA
Ibon Fernandez Iradi presoaren zigorra etetearen alde agertu da Parisko Zigor Aplikazioen auzitegia

Ibon Fernandez Iradi euskal presoak egindako zigor etete eskaera onartu du Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak, baina Fiskaltzak jarritako helegitea medio, haren askatasunari buruzko azken erabakia bi hilabete barrura arte atzeratu da. Esklerosi anizkoitza du Lasarte-Oriako... [+]


2019-09-11 | ARGIA
Euskal presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen egoeraren txostena, Nazio Batuen Erakundera

Espainiako Estatuak darabilen kartzela politikak euskal presoen eskubideak urratzen ditu eta urraketa horien txostena aurkeztu dute Sare Herritarrak eta EHUko Ikasmirak elkarteak. Txostena Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera eramango dute orain.


2019-07-10 | ARGIA
30 urte preso daramatzan Xistor Haranburu askatzeko eskatuz 6.700 sinadura jaso dituzte dagoeneko

Larunbatean jarri zuten abian kanpaina Bakearen Artisauek. Uztailaren 5ean Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak baldintzapean aske uztearen alde egin zuen, baina fiskaltzak helegitea jarri zuen eta preso jarraitzen du.


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-02 | ARGIA
Gaixo dagoen Aitzol Gogorza espetxetik atera dute eta zigorra etxean beteko du

Oreretarrak 20 urte egin ditu espetxean. Gaixotasun psikiko larriak ditu eta hainbat aldiz eraman behar izan dute ospitalera. Urteak dira Gogorza etxeratzeko eskatuz kanpaina egiten ari direla. Basauriko espetxean zeukaten 2012. urtetik, eta asteartean, Martutenen tramite batzuk... [+]


Eguneraketa berriak daude