Bazen k.a. IV. mendeko Grezia Klasikoan kupel baten barruan bizi zen filosofo bat: Diogenes. Eguzkia eta euriarekin batera bizi zen, jendeak ematen zizkion ondasunetatik, eta hamaika dira hari buruz kontatzen diren pasadizoak. Halako batean agintari handi bat etorri zitzaion, pentsalari entzutetsua zela eta hura ezagutzera, eta harritu egin zuen pertsona hura kupela baten barruan aurkitzeak: «Eskatu egidazu nahi duzuna, eta nik eman egingo dizut», eta Diogenesek zera erantzun omen zion: «Bai? orduan, mesedez, apartatu hadi hortik, eguzkiaren itzala egiten didak eta!».
Halako egoeren sorkuntzak etengabe gertatzen dira gizakiaren historian, eta horretan oinarritzen da XX. mendean
performance (errepresentazioa, irudikapena) izena hartu duen arte adierazpena. Orson Wellesek munduaren amaieraren albistea egi itxuraz kontatu zuen irratiz eta estatubatuar askok sinetsi egin zuten. Duela bizpahiru urte «La hinteligencia militar» liburua kaleratu zuen Euskal Herriko talde antimilitarista batek, zeinaren orri guztiak txuriak diren. Beharbada performance izena inoiz hartu ez duten hiru ekintza dira, baina arte arlo honen aniztasunaren barruan sar litezkeenak.
Zer da bada performancea? Finean zera: norbaiten aurrean gertatzen den zerbait, non batean eta noiz batean. Ezin askoz gehiagorik definitu. Intentzionalitate bat dago ekintza horretan eta, hortik aurrera, gertatzen den unearen bizipena eta eragiten duen gogoeta ditu helburu. Egunerokotasunaren arau baten apurtzea da, baina imagina ahal ezina den modu orotan. Hasieratik bilatu du performanceak arte disziplinak banatzeko ohitura horrekin apurtzea, ezin eman beraz definizio argirik. Intentzionalitate metafisiko horren ostean
performer adina korronte ezberdin dago.
Arte sailkatu bakoitzaren abangoardiari lotuta kokatzen da ekintza-artea, eta baita guztien erdian ere, arte espazioaren definizio guztiak hankaz gora jartzen baititu. Aniztasuna erabatekoa da, izugarri zabala: batek antzerki esperimentaletik edango du, bestea bideo soportean emango da, beste batean musika da nagusi edo arte plastikoa...
Beste arteekiko ezberdintasuna publikoaren presentziak markatzen du argien. Antzerkian publiko bat dago eta publiko horrentzat errepresentatzen da. Badago presentzia bat ere, baina errepresentazioa nagusitzen da. Performancean, aldiz, presentzia nagusitzen da. Presentzia eta irudikapenaren arteko mugak zalantzan geratzen dira. Ikuslearen
statu quo erosoan haustura bat sortzen dute une batean, akaso barnean zeozer mugitzen zaio.
Arte totala da performancea:
Artea aldatu, gizakia aldatu. Filosofiatik gertuen dagoen arte adierazpena izan liteke ere, eta ekintza gehienek zentzu erritual indartsua daukate. Artearen funtzio majikoaren berreskurapen nahia oso lotua dator hainbat artistek zibilizazio teknokratikoaren arrakastari aurre egin nahi izateari. Artistaren zeregin publikoa aldarrikatzea xede horren barnean kokatzen da.
60ko hamarkadako Fluxus ekintzek, arte elitistari aurre eginez, artea bizitzari ekiteko jarrera ludiko moduan proposatzen zuten, egunerokotasuna ulertu eta gizarte itxi eta intransigentea aldatzeko modu bat bezala. Esanak esan, mende bukaerako arte sorkuntzaren ikur bilakatu da performancea, hibridismoen garaian arte adierazpen ezberdinen topagune.
MINTEGIAREN BEHARRA.
Performancea gizakia gizaki denetik existitzen bada ere, arte adierazpen tankera XX. mendekoa du, abangoardia kultural eta artistikoekin batera iritsia: futurismoa, dadaismoa, bauhaus, surrealismoa... 60 eta 70eko hamarkadatan izan zuen bere unerik gorena, baina performancearen kaduzitateaz mintzatzea pinturaren kaduzitateaz mintzatzea bezala litzateke; adierazpide berriak asimilatzeko daukan gaitasunak bilaketa berrietara bultzatzen du. Azken urteotan boom txiki bat dagoen arren, bazterrean jarraitzen du.
Mintegiaren lehen bi egunak gaurdaino performancean zer egin den ikuspegi historikotik aztertzeari emango zaizkio, eta hurrengo hiru asteetan lan arlo anitzei buruzko ikuspegi zabala eskaini nahi da, sei gai abiapuntu hartuta. Gai bakoitzari buruz bi artista gonbidatu izango dira eta bakoitzak egun oso bat izango du bere lanen berri emateko. Goizez 10etatik ordu batera azalpen teorikoak egingo dituzte, eta arratsaldez 4etatik 8etara aukera praktikoak aztertuko dira tailer moduan. Zenbaitek performanceak ere egingo ditu, 8etatik aurrera.
Astelehena 10ean, adibidez, Kantonen familia finlandiarrak egunerokotasuna publikoarekin konpartituz egindako esperientzien berri emango du. Eguneroko bizitza eta artea konbinatzeko interesa konstante bat da euren lanean, eta
presentzia eta irudikapenari buruzko sailean ariko dira. Bigarren gaia gorputza da, mina eta probokazioaren tartean. Askotan minetik abiatzen da performerra bere lanaren adierazpenerako. Artistaren presentzia ekidinezina da, gorputza tragikotasunaren baitan kokatu eta oso performance gogorrak egiten dituzte, gorputzaren muga fisikoak dardar batean jarriz, adibidez erresistentziaren bidez: postura batean ordu askoz egon eta gertatzen ari den unetik sor daitekeen tentsio hori. Hirugarren gaiak
espazio publikoei heltzen die, performancearen une magikoa ez baita gertatzen galeria edo espazio instituzionaletan. Izan ere, bizitzaren artea baita, artearen eremu estuegia gainditzen du performanceak bizitzarekin bustiz. Publikoak ez dauka beti publiko izatearen pertzepzio hori eta «zer gertatzen ari da hemen?» galdetuko dio bere buruari. Performancearen hibridazioaren mundu horretan hainbat arte ekintza sailkaezin gertatzen da, eta laugarren gaiak
periferia horiei heltzen die. Bostgarren gaiak
teknologiaz dihardu. Teknologia berriak praktika artistikoetan asimilatzen dira eta performancea horretarako ezin egokiagoa da, errekurtso infinitoekin jokatzen uzten baitu. Azken urratsa
soinuari buruzkoa da, ikuslearen mundu arrazionalaren dekonstrukzioan gai garrantzitsua baita musika.
EKINTZA ARTEAREN IRAKURKETAK.
Badago performancea ekintza errepikaezintzat jotzen duenik. Egia da beti ezberdin ateratzen dela performancea. Batzutan publikoaren paperarekin jokatzen duelako, eta presentzia horrekin edo probokazio ekintza horrekin publikoaren partehartzea bilatu dezake edo ez, eta horixe faktore aberasgarria da ekintzaren garapenean. Performance gehienek ez dute iraupen zehatzik, esperimentazio bat den heinean iraupena bera unearen bizipenaren edota gorputzaren erresistentziaren arabera neurtzen baita.
Mintegiaren antolatzaile eta performer diren Alberto Lomas eta Beatriz Silvaren ustez «
ez da garrantzitsua performancea definitzea mugen artean lanean ari zarenean, baina performancea ez da anekdota bat ala edozer kabitzen den zakua. Errealitatea eta bere errepresentazioa elkartuz doazenean banatu egiten dituen espazio batekin egiten dute topo, laztandu eta igurtzi egiten dira, eta izuikara bat sortzen da gure kokalekuaren ateak zabaltzen direnean. Nahi duzuna egin dezakezu baina zentzu bat izan behar du berez».
Abangoardiaren ezaugarriak betetzen ditu performanceak: lengoaia artistiko tradizionalarekiko haustura bat dago, kode linguistiko berria sortzen da, eta errealitatea, artea eta artistaren ikuskera berria dakar. Beatrizen hitzetan: «
zuk egunero bazkaltzen duzu etxean, baina kalean jartzen bazara bazkaltzen jada badago intentzio bat, zerbait kontatzekoa, galderak sortzekoa, ekintza bat azpimarratzen ari zara. Intentzio horrek bihurtzen du ekintza adierazpen artistiko edo poetikoa, edo dena delakoa». Albertoren ustez bada zerbait gehiago: «
Ez da zerbait adieraztea, haustura eta zentzu momentu hori niretzako bilatzea baizik, eta agian baita besteentzako ere. Momentu horretan izatearen zentzua sortzea. Performancean ez dut bilatzen nire sentimenduak adierazteko espazio bat, sentitzeko espazio bat baizik»