Handia da Euskal Herritik Pirinioetako frantziar zein espainiar aldera eskiatzera joan ohi den jende multzoa. Eski estazioetan bertako matrikula duten autoekin topo egitea edota euskaraz mintzatzen den koadrila topatzea ohiko bihurtu da azken urteotan. Espainiako aldean Candanchú, Astún eta Formigal izango dira seguruena estazio bisitatuenak –Hego Euskal Herriko 400.000 bisitari dituzte urtero–. Bada, hiruok batu eta Pirinioetako estazio handiena –300 kilometro eskiagarri izango lituzkena– bilakatuko lukeen proiektua gorpuzten ari dela dirudi, nahiz eta aurkako iritziak ere amilka azaleratu diren.
Bi dira estazio hauek batzeko aukerak: bata, Canfranceko Udalak proposatzen duena, Izas bailaran zehar burutuko litzatekeena; eta bestea, Sallent de Gállegoko Udalak defendatzen duena, Roya Kanala zeharkatuko lukeen tunel bat irekiz egingo litzatekeena. Azken hitza Aragoiko Gobernuak du, baina lehenak dirudi, jasotako babes ekonomikoa dela medio, bideragarrien.
Azken hau Canfranc 2000 Partzuergoak, hots, Canfranceko Udalak, Ibercaja (Formigal estazioaren jabea), Aragoiko Diputazioak eta Renfek bultzatutako proiektua da. Honen arabera, lehenik Canfranceko eski pista eraikiko lukete, zeina Izasko mendi-lepotik, lau-sei eserlekutako teleaulki baten bidez, Formigalekin elkartuko litzatekeen. Ondoren, Astún eta Candanchú telekabina bidez lotuko lirateke. Makroestazio honek, bere mantenimendurako beharrezko elektrizitate eta ur instalazio eta erregai-deposituez gain, 175 logelako luxuzko (lau izar) hotela, bi jatetxe, 440 etxebizitza, 25.000 metro karratuko aparkalekua eta 3.500 metro karratuko merkatal gunea izango lituzke, besteak beste. Egun Canfranceko tren geltoki ezaguna dagoen eremuan eraikiko lukete luxuzko hotela, eta bertan bilduko litzateke turismo-gunea. Geltoki pareko zelaiunetik, telekabina batek Santa Cristina inguruetara eramango lituzke eskiatzaileak eta hemendik, beste telekabina batek, Izas bertara.
Tarteko eragozpenik ez bada, Canfranc 2000 Partzuergoak Espainiako eski estazio handiena eraikiko du, Baqueira eta Sierra Nevada estazioak baino bi eta hiru aldiz handiagoa, hurrenez hurren. Egitasmoaren kostua 4.000 milioi pezetatan (24 milioi inguru euro) legoke.
Proiektua abian jartzeko arrazoien artean, Canfranc 2000 Partzuergoak herri honek 1970az geroztik, nazioarteko trenbidearen ixtea eta mugen zabaltzea dela eta, izan duen biztanleri murriztea aipatzen du. Orduan 1.400 biztanle bazeuden, egun 500 eskas baino ez dira. Honen haritik, estazio berriarekin 500 lanpostu egonkor eratuko liratekeela ere badiote egitasmoaren sustatzaileek.
INGURUGIROARI KALTE.
Ez dira, ordea, denak iritzi berekoak. Azken datu hau ezbaian jartzeaz batera, asko dira proiektuari ikusten zaizkion trabak. Izas Bailararen Defentsarako Plataforma da, nolabait, proiektuaren aurkako direnen bilgune; talde ekologista, auzo-elkarte, mendizale eta ingurugiroaren defendatzaile aunitzek –baita, besteak beste, hainbat alderdi politikok eta Mendi Federaziok ere– azaldu du bere kezka egitasmo honen aurrean. Beren ustez, Aragoiko Pirinioko azken natur gotorleku garbia deusezteak izugarrizko kaltea lekarke.
Izas glaziar jatorriko bailara malkartsua da, albo banatan Ip-eko Pala, eta Campanal eta Anayet mendiak dituena. Bertako faunan, babestutako eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak topatu ahal dira: ugatzak, desman piriniarrak, arrano beltzak, saiak, eper zuriak, sarrioak eta basaoilarrak. Mendi-mazeletan pago eta haritzez osatutako jatorrizko basoak aurki daitezke, baita trikuharriak, tumuluak eta Neolitikoko beste monumentu megalitiko zenbait ere. Mendia maite duenak nahi adina zidor, gailur, korridore eta ur-jauzi ditu bertan.
Aragoiko Diputazioak babes bereziko gune moduan dauzka katalogatuak Izas bailara, Roya Kanala –Canfranceko alkate Victor Lópezek dio proiektuak ez lukeela kanal hau ukituko– eta Ip-eko Kanala, «
ingurugiro eta paisaje aldetik balio handikoak» izateagatik. Izas eta Roya Kanala RENPAren (Red de Espacios Naturales Protegidos de Aragón) barnean daude; legez babestuak izateko lehentasun handiena duten guneak dira, beraz. Eta honek, «
lurraren kalifikazioan ezein aldaketa izatekotan, Ingurugiroarekiko Eragina neurtzeko Azterketa» egitea exijitzen du.
Hau kontuan hartuta, aipatu plataformak alegazioak aurkeztu ditu Canfranceko Udalak Izas, Roya eta Ip-erako aurreikusitako Plan Berezietan. Egun alegazio hauek guztiak aztertzen dihardu udalak eta Victor López alkatearen esanetan, «
udal hauteskundeak tarteko, ez da udal gobernu berria osatu arte erabakirik hartuko». Aitzitik, baikor ageri da, eta «
legearen aurka ez dugula deus egingo» argi uzteaz batera, «
prozesu hau geldiezina» dela aitortzen du.
Izas, Roya eta Ip-erako Plan Bereziak burutzeko izan den «
ezohiko presa» kritikatu du Izas Bailararen Defentsarako Plataformak. Baita «
Canal Roya babestuko» dela dioen adierazpena ere: «
Canfranceko Udalaren proiektuak gauzatzen badira, bai Royan bai Izasen lehen debekatuak zeuden erabilpenak onartuko dira, hots: hotelen, campingen, aparkalekuen, kirol nahiz aisialdirako guneen eraikuntza, kableen ezartzea... Eta Kanal Roya babesten dela esaten dute. Nola da posible halako kontraesana?».
BESTE ZENBAIT ARGUDIO.
Plataformakoek, aipatutako arrazoiez gain –hots, inguru naturalari, fauna eta flora aberastasunari, egingo liokeen kaltea, eta legeak babestu beharreko gunea izatea–, beste batzuk ere mahaigaineratu dituzte: «
Lillehammer-eko Joko Olinpikoetatik (1994), ingurugiroarekiko kezka izan da Nazioarteko Batzorde Olinpikoak hiri-hautagai bat aukeratzeko elementu erabakigarria. 2006ko Jokoetarako hautagai den Sionek Suitzako lau talde ekologistekin hitzarmena sinatu du, Sidneyek Greenpeaceren babesa jaso du. Izas bailara deusezteak bideraezin egingo luke Jaca Neguko Joko Olinpikoen egoitza moduan hautatzea. Lehenik Jaca 98z hitz egin zen, gero 2002z, gero 2006z, eta orain Jaca 2010ez. Urte hauetan guztietan inork ez du ingurugiroa kontuan izan».
Beldur dira, gainera, Plataformakoak, proiektu honek ez ote duen antzeko egitasmorik ekarriko, Pirinioetako gainerako herriek, «
Canfrancen `eskubide' berarekin, soilik etekin azkarrak eskuratzeko nahiak bultzatuta, proiektu berriak bultza baititzakete. `Domino efektu' horrek Aragoiko Pirinio guztia suntsi dezake».
Testuinguru honetan, Aragoiko Gobernuaren «
erabateko eraginkortasun eza eta itsutasuna» salatzen dute. «
Eta ez soilik oraingoarena (Alderdi Popularra-Aragoiko Alderdi Erregionalista), baizik eta aurreko guztiena, salbuespenik gabe. Inor ez baita Pirinioak benetan, eta ez zurikeriaz, babesteko neurriak bultzatzeko gai izan. Egungo gobernua haratago dihoa, eta beharrezko lege horiek ez bultzatzeaz gainera, gure poltsikotik ordaindutako zergekin Izas, Roya eta Ip deusezteko dirutza izugarria ematekotan da. Ez gara besoak gurutzaturik egongo». Aragoiko Gobernuko Lehendakaritza kontseilari Manuel Gímenez Abadek, ordea, argi eta garbi adierazi du berriki bere iritzia: «
eski estazioen elkarketa egin egin behar da. Eta luzamendutan ibili gabe».
Formigal estazioaren jabe den Ibercaja jokatzen ari den rola ere sutsuki kritikatu du Plataformak. Beronek proeiktuaren zati handi bat finantziatzeak «
Pirinioen deuseztean partaide egiten du. Ibercajaren jarrerak bere horretan jarraitzen badu, ezingo du esan natura eta Aragoien interesak defendatzen dituenik, bere interes ekonomikoak baizik. Ez badu atzera egiten, han ditugun kontu korrente, mailegu eta pentsio planak bertan behera uzteko prest gaude».
Alabaina, kritika guztiekin batera, Plataformak bere alternatiba ere luzatu du. «Anayet Parke Naturala»ren sorrera bultzatzen du, bere baitan Izas bailara, Roya Kanala, Anayeteko mazizoa, bere aintzirak eta abar hartuko lituzkeena. «
Uste dugu benetan etorkizuna duena, `desarrollismo' erabat zaharkituaren aurrean, `turismo berdea' dela. Europako Batasuna ingurugiroa zaintzen duten proiektuei dirulaguntzak ematekotan da eta hau Canfrancendako alternatiba ekonomiko egokia litzateke».
ERREFERENDUMA.
Iragan martxoaren 28an Canfranceko Udalak erreferendumera deitu zituen bertako herritarrak. Galdera honakoa zen: «
Ados al zaude, Canfranceko Udalak proposatzen duen eran, Roya Kanala eta Izaseko plan berezien burutzearekin?». 280 alde azaldu ziren, 76 kontra (% 75-% 25). Plataformakoek galderaren orokortasuna kritikatu zuten, ez baitzen proiektuaren zati bakoitzaren (Izas, Roya eta Ip) inguruko iritzia eskatzen, eta «
hauek independenteak izan daitezke».
Victor López Canfranceko alkatearen iritziz, «
erreferendumak argi azaldu du herriaren erabateko adostasuna. Gainera udaleko talde politiko guztiek babestutako plana da». Proiektuak barne hartzen duen gunea babestu beharrekoa behar ote lukeen galdetzean, irmo erantzuten du: «
Batzuei gune horrek babestua behar duela egon iruditzen zaie; guk uste dugu ezetz. Ez gara legearen kontra joango, ergelkeria litzateke hori, bestela epaitu beharko gintuzkete. Legea errespetatuz egin daitekeen proiektua da gurea».
Horren haritik, herriak biziraun dezan, mendiak eskaintzen dituen baliabideak ustiatzea nahitaezkoa dela uste du Lópezek: «
Beste tokitatik baliabideak ateratzen dituztenek proiektu honen aurka darabilzkiten argudioek nazkatuta gauzkate. Mendiak ematen dituen aukerak erabili egin behar dira. Lehen mendia egurra ateratzeko eta beste zenbait gauzetarako erabiltzen zen; bada, orain beste erabilpen batzuk eman behar zaizkio, beti ere errespetuz. Gune hau birjina izan zen mende hasiera arte. Orduan, trenbidea egiteko, ibaia desbideratu zen, geltokia egin zen... Zentral hidroelektrikoa, aduana, nazioarteko trenbidea... horiek ziren Canfrancen lehengo diru iturriak; orain, horiek alde egin dutenean, birmoldatu egin behar ditugu, eta hori, turismo erakarriz egin behar da».
Arazoak egongo direla aitortu arren –«
talde ekolojistek jarriko dituztenak baino, gehiago kezkatzen naute ekonomi eta politika arlotik datozen presioek»–, aurkeztutako alegazioei erantzungo dietela eta udalak plana onartuko duela dio. «
Izapideak amaitu ondoren, eta hauteskundeen ondotik, udal gobernu berria osatzean, lehen urratsak ematen hasiko gara, Aragoiko Gobernuarekin hitzartu...»