"EPAITEGIAK DERRIGOR EZAGUTU BEHAR DU EUSKARA"


2021eko uztailaren 21an
H

iru hilabete dira kontseilariorde izendatu zintuztenetik, eta hasieratik aipatu duzu herritarrarekiko hurbilpena lortu behar duela Justiziak, Euskal Herrian bereziki urrun dauka-eta.
Herritarragaz gauza bat pasatzen da. Badirudi justiziarekiko ez dagoela konfiantza larregirik, batez ere Euskal Herrian. Baina hala ere, epaitegi eta auzitegi guztiak daude lanez eta arazoz gainezka. Ez gara fidatzen epaitegiekin, baina gutxiago lagun hurkoarekin, eta orduan auzitegira jotzen dugu. Horregatik, nahiz eta gaur egun prestigioa sobera izan ez, auzitegiak lanez gainezka daude.

Egoera politiko berriak lagun lezake mesfidantza hori gainditzen?
Egoera politiko honetan, garrantzizkoa bakea lortu nahi dela da, ezta? Bakea zelan lortzen da? Termino ekibokoa da bakea, irabazlearena bakea da, indarrez eta derrigorrez inposatzen du eta kito. Baina guk ez dugu indarkeri ezaz bakarrik ulertu behar. Bakeak oinarri eta zutabe bat dauka: justizia.
Epaitegiek a priori legea aplikatzen dute, ez justizia. Legea justua bada, justizia ere aplikatuko digute, beraz, gure egoera honetan, justizia lege bidez aplikatzen duten neurrian euren ekina garrantzizkoa da bakebideratzeko eta konfiantza izateko epaitegi eta auzitegiekiko.

Beraz zuk gidatutako kontseilariordetzak paper garrantzitsua dauka bakea lortzerakoan?
Dudarik gabe. Justizia Sailak zeozer baino gehiago egin dezake. Baina gauza bat gertatzen da. EAEn, esparru konkretu baten barruan eta eskuduntza batzuen arabera botere legegilea eta exekutiboa badauzkagu. Autonomoak dira, ez subiranoak. Autonomia subiranotasuna duenak marratzen duen esparrua da, eta autonomia horren baitan jardun behar dute. Hirugarren boterea, epaile boterea, badaukagu EAEn, baina ez da erkidego autonomoarena. Hor Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak eta Justizia Ministerioak agintzen du. Gasteizko Kontseilariordetzak horren zerbitzuan dagoen pertsonalean dauka bere egiteko eta eskumena, eta baita azpiegituretan ere, ez epaile, ez fiskal ez idazkariengan. Beraz, botere judizialarekiko egiteko askorik ez dago. Egin genezakeena pertsonal hori trebatzea, baliabideak eskaintzea, euskalduntzea... da. Hor dugu guk gure lana eta honekiko badugu zeresan handia.

Gero joko dugu euskalduntzearen gaira, baina bakegintzan apur bat sakonduz, jarraidazu haria. Kale borroka aipatu ohi dute batzuek bakegintzan urratsik ez emateko aitzakia, kale borrokako ekintzak sarri presoen sakabanaketaren aurrean erantzun gisa aurkezten dira. Justizia Kontseilaritzak eskatu izan du espetxeetako eskumena. Pentsa liteke hari mataza desegiten hasteko lehen urratsa hortik letorkeela?
Puntu asko aipatu dituzu. Uste dut bake justiziazko izipiritu hau, denok ilusioz hartu dugun izpiritu hau gauzatuko bada –eta Lizarra-Garaziri egiten diot erreferentzia zuzena–, ezin ditugula guk geure teilatura harriak jaurti, bake epaitegiei-eta eraso eginez. Kale borrokak ez dio bake bideari mesederik egiten, eta bai argudioak eman aurka daudenei. Geroz eta gehiago dira eta frontea ere egin dute aurkalariok. Kale borroka desagertuta bake bidearen etsai direnak argudio gabe utziko lituzke, eta Lizarra-Garaziko alderdien egitekoa indartuko luke. Baina, kale borrokak oinarria presoak urrun izatea badu, hor ez dago dudarik. Kontseilaritzak ere argi dauka preso horiek hona ekarri behar direla. Ez da eskari politiko soila, juridikoa ere bada, euskal giltzaperatuak hemen behar genituzke, Espetxe Lege Orokorrak dioelako ezin direla presoak sakabanatu eta deserrotu. Eskari hori kale borrokarik gabe ere egin beharko da, baduelako berez bere entitatea. Motiboa hori bada, nik uste lasai egon beharko luketela, motibo horri ekingo zaio kale borrokaz kanpo ere. Uste dut zentzua etorriko zaigula eta kale borroka desagertu egingo dela.

Eta espetxeetako eskumena?
Oraintsu egon naiz Madrilen kartzelen egoera aztertzen. Presoak hona ekartzea lortu behar da, baina horrekin bakarrik ez dugu konformatu behar, espetxeen gestioa, eraentza eta funtzionamendua oso osoan gaur behar ditugu, Estatutuak dioen bezala. Hori da ez daukaguna, eta Gartzela Zuzendaritzari eskatu niona. Beti egon izan da Justiziaren baitan espetxeen zuzendaritza, baina gobernu honek Barne Ministerioan sartu du eta horra jo genuen. Horretaz hitzegin behar dela eta tratatu beharrekoa dela esan ziguten baina Barne zuzendaritzan beharrean Herri Administrazioaren ministeriora jotzeko, lan teknikoa delako. Horra bidali gaituzte, eta hor saiatuko gara.

Presoekin batera biktima edo kaltetuen kontua dago, bakoitzaren definizioa zertan da, nor da kaltetua eta bakoitzaren papera zein da.
Biktimekiko esan litekeena, ezin dela biktimen arloa mugatu, kaltetuak denetik izan dira, ez bakarrik erailak eta elbarrituak, biktimak torturatuak ere badira, torturaren ondorio psikikoak eta umiliazioaren eraginak hor gelditzen direlako. Guztiek izan beharko dute ezagutza eta ordainketa. Nola? Hori beste arazo bat da. Ezingo ditugu baztertu eta kontuan hartu gabe utzi baina ordainketa gure gizartean ekonomikoa baino ez da zoritxarrez, gizarte honek ekonomiarekin funtzionatzen du eta. Epaitegien bidez eta Administraziotik etorriko da ordaina, erantzule subsidiario bezala. Neurtu beharko litzateke sekuela fisiko-moral-afektiboak nola ordaintzen diren. Hau da biktimez eman litekeen ikuspegia, baina bakebideaz berbetan hasi eta biktimak irten ohi dira eta arriskua dago instrumentalizatzean. Kontuz politikazko instrumentalizazioarekin.

Irakaslea ere bazara unibertsitatean, euskaraz. Hortik etor liteke euskaldunentzako epaileen auziaren konponbidea, baina denbora kontra dabil eskaria gaur egonik eta eskaintza etorkizunerako bada.
Denbora beti izan da euskaldunon kontra, gaur ere bai, eta ez dakit bihar... baina egia da gure lan egitekoan erlojuaren kontra egiten saiatu behar dugula, ezin dugu lo hartu. Herri bat bi zutabek egiten dute batez ere, hizkuntzak eta barne eraketak. Guk biak ditugu, badugu gure hizkuntza eta baditugu gure legeak, bai pribatuak bai publikoak. Gaur Euskal Herrian epaile izateko bi baldintza horiek betetzea eskatzen dugu, hizkuntza, bi bertako legeen ezagutza, Zuzenbide Zibila, pribatua eta Zuzenbide publikoa. Zuzenbidea euskaraz ikasten bada, eta urtero ehun ikasle baditut, bihar edo etziko epaileak nahiko bermaturik beharko lukete, batetik euskaraz badakitelako eta bestetik gure zuzenbide foral propioa ere badakitelako, horretan ere trebatu direlako. Horrela konponduta geldituko litzateke hemen dugun arazoa, behintzat hizkuntzarekiko.

Eta dugun hori euskalduntzeko emandako urratsek ba al dakarte fruiturik?
Euskalduntze bidean bi egiteko dira oinarrizkoenak eta biak bultzatzen ditugu gaur egun. Bata, itzultzaileak trebatu eta kopurua areagotzen, egiten duten lana benetan garrantzizkoa baita. Ez da hizkuntzaren ezagutza soila, lege kontzeptuak ere kontuan izan behar dira eta beraz formazioa eskatzen du. Lan serioa da, kontuan izanik pertsonen eskubideekin sarri jokatzen dela. Horrekin batean, nahiz eta borondatezko planteamendua baino ez den, epaile eta auzi maisuen euskalduntzea ere badator, eratzen ditugun kurtsoen bidez. Poliki poliki arlo hori ere irekitzen ari da eta bagoaz aurrera. Nahi genukeen abiaduran? Geldi behintzat ezin gara egon eta egin beharrekoa egin behar da, nahiz eta beharbada ez nahi genukeen abiadan. Euskalduntzea batez ere gaurko ikasleen bidez etorriko zaigu, hori bai dela aterabide argia, baina bitartean, eta hori lortuta ere, beste bide biak ezin ditugu ahaztu.

Gaurko ikasleak edozelan biharko epaile izateko abantaila gutxi izango ditu Sevilla edo Madrildik etor litekeen epailegai batekiko.
Batasun jurisdikzionala badaukagu, EAE irekia gelditzen da Estatu osorako epaile eta auzi maisuekiko. Euskararen eta gure zuzenbidearen ezagutza meritu hutsak dira. Orain, meritu hori eraginkorra izango litzateke? Botere judizialak euskara ezagutu behar du, derrigor, nahi eta nahi ez. Gaztelania bezain estatuaren hizkuntza da, mugatua esparru geografiko juridiko batera, baina bere ordenamenduan dago, beraz estatuaren botereak ezagutu behar dute derrigor.
Epaile bakoitzarekiko merituzko bihurtzen da hori. Baina epaitegira ez goaz epaile honen edo harengana, epaitegira goaz, eta epaitegiak ezagutu behar du euskara. Epaile honek edo hark beharbada ez, baina epaitegiak bai. Eta epaitegiak euskara ezagutu dezan, epaileak ere euskalduntzen joan behar dira. Nik ez nuke behar bitartekorik estatuaren hizkuntza ofizial batean estatuaren botere batekin neure burua ulertzeko. Ze, gaztelania bezain espainola da euskara Espainiako gaurko ordenamenduan. Eta hau funtsezkoa da, inor gutxi konturatzen bada ere.
Zer da gertatzen dena? Ezinaren ondorioz ohi diren erremedioak asmatu behar ditugula, itzultzaileak adibidez. Baina ezin ditugu itzultzaileak baztertu eta gutxiagotu, ezinbestekoak dira eta beti izango ditugu auzitegietan. Ez auzitegiarekin bitartekari egiteko, baina auzian gutxienik bi parte gaude, eta parteok ez dugu zertan euskara jakin. Euskaraz ari banaiz, eta beste parteak ez badaki, harekiko beharko da itzultzailea, ez epaitegiarekin erlazionatzeko. Hemen hiritarrok ez gaude beharturik euskara jakitera, gaztelania bai. Ez dut uste zuzenbide konparatuan beste kasurik dagoenik Konstituzioak dioena halako edo holako hizkuntza jakin behar duzunik. Gauza bat da hizkuntza ofiziala izatea eta beste bat hiritarra hori jakitera behartzea. Eta itzultzailea behar dugu baita ere auziperatua atzerritarra bada.

Goazen beste epaitze kontu batera. Nik irakurria dizut gaurko bertsolariak urbanoa baino intelektuala izan behar duela, denaren gainean apur bat jakin behar duela. Bertso epaileek ere erreziklaje hori behar al dute?
Nik uste dut derrigorrezkoa dela epaileengan ere gertatzea. Bertsolaritza garai bateko emaitza da, berez bertsolaritzak ez dauka ezer kultura formalarekin, marginazioa da. Ez da ahozko literatura ere, bertsolaritza estadio pre-literarioa da. Edo literaturarekin lotu nahi bada, lekua rapsodetan edo juglareetan legoke. Hori ez da sekula izan formalki mundu bat, eta gure artean ere bertsolaritzak ikuspegi hori eskaini digu lehenagoko bertsolarietan. Nahiz eta oso aberatsa izan. Bertsolaritzan eragin handia izan zuen Santiagoko Bideak eta Nafarroak, lehendabidizi Europatik etorri eta gero sustraitu egin zen.
Mundu osora hedatu den kulturarekin ez dago analfabetorik, bertsolaritzak ez luke tokirik behar hortaz. Baina bertsolaritza teknika bat da, ikasi eta transmititu daiteke eta hori da gertatu zaiguna. Kezka bat daukat: gaurko bertsolaritza ahoz ematen da, baina ahozkotasunaren kategoriz, ala idatzizko kategoriz? Gauza bat da ahoz esatea eta beste bat ahozkotasunez. Kategoria oralak literaturara, idatzira iritsi ez denaren kategoriak dira. Literatura idatzia baita, littera-litterae. Hortaz, idatzira iritsi ez denaren kategoriz ematen dira ala, paradoxa bada ere, nahiz eta ahoz eman, idatzizko kategoriz ematen dira gaurko bertsoak?
Gaurko bertsolaritza kualitatiboki diferentea da tradizionalarekiko eta bertsolariak kultura formalean erabat sarturik daude, ezagutza eta protagonismoa daukate, bertsolariz kanpo idazle dira... meta-bertsolariak dira. Orain, hala ere, bertsolaritza da. Edo ez dago bertsolaritzarik, edo gaur egiten den moduan egin behar da, bertsolaritza deduktiboa, ez induktiboa lehen bezala eta bertsolaritza honek maila handia eta ona du. Hau bertsolaritzaren erreflejo bat da. Hori da nire konklusioa. Zure galderara bilduz, bertsolaritzan aldaketa funtsezko hau eman bada, epaimahaietan ere uste dut eman egin dela, badirudi aldaketa fisikoa gertatu dela (barrez), oraindik epaimahaikide gazteagoak ikusten ditut, eta fisikoarekin batera mentala ere gertatuko zen.

Hor nonbait irtendako kritika eta hausnarketa botako dizut: gaurko bertso moldeak kalkoak omen dira, askotan oso kalko zehatz eta estuak, bai errima, joskera aldetik, freskotasuna...
Gaur beharbada freskoak izateko bertso perfektuegiak egiten dira. Eta zer esan nahi du? Bertsolaritzak maisuak dituela, maisuak bertsoaren bere ikuspegia dauka eta hori azaltzen du. Errepikatzeko arriskua hor dago, esaldi eta esamoldeak, ahapaldiak eta errimak... horrelako zerbait beharbada nabari daiteke gaur, bertsolaritza deduktiboegia, ikasiegia delako. Denentzat arau berdinak transmititzen dira eta arau horiek gero bertsogintzan azaltzen dira, baina lehen esan bezala nik uste gaur ez dagoela beste era batera bertsoa egiterik. Lehenago ere horrelako zerbait ematen zen, izaten ziren jiro ezagunak eta jardun erabiliak... gugandik agian urruti samar gelditzen dira, baina orduko eskola informaletan, sagardotegi-tabernatan erabiltzen ziren esamolde asko elkarri kopiatuak ziren. Eta gaur ere behatzaile batentzat horrelako zerbait badago. Bertsolari bakoitzak badu bere errima almazena, errima batek beste bat dakar, eta denak badira eskola berekoak, errima berdinak ikasten dituzte eta horri dago jarduna loturik, esaldi, esamolde eta errimetan, baina hori zelan ekidin? Ez da erraza, ez dut uste hortik irteterik posible denik. Lehenago ere antzeko zerbait gertatzen zen

Behin seminarioko jai-afari batean, ikasle-lagunen eta batez be irakasle-nagusien aurrean, bertso batzuk kantatuz, danei ezusteko bat eta askori musturreko bat emoteko asmoz, oholtzako laubost mailak igoten niharduela, atzetik nonor somatu neban. Abel Muniategi zen.
- Hik zer ein bi'ok? -itaundu neutson goian.
- Bertsuek kantau -erantzun eban.
- Neu be horretantxe nanajjatok, ba!
- Alkarregaz kantauko jjuau.
Biok kantatu genduen eta biok batera jatsi ginen, batzuren txalo beroz eta beste batzuren begirada zehartiz. Ha bere mahaira eta ni neurera banandu ginenean, zurtz eginda jesarri nintzen. Jantokiko urtekeran itxaron neutson eta, pasilu luzean zehar tropelean ginoazela, esan neutson:
- Gu zelan bixi ixen gozak alkarren ondoan, alkarren barri gaur arte jakin barik?
- Etxakijjat. Oin bajjakijjau.
- Zegaittik etxuk alkarregaz zozer eitten?
- Ni bertsotako animosuau najjauk errezureko baiño.
Hantxe hasi zen nire bertsolaritzako aldikadarik gogotsuen eta xarmantenetakoa. Abel Muniategiren burua, bai etxetik, bai berak landutik, bertsoz eta bertso munduz josita zegoen. Biontzat oso langintza atsegina izanaz ganera, seminarioko itxipenetik eskapu bikaina emongo euskun. Zorionez, biok be ez geunkan eskrupulu handirik seminarioko eginkizunak saltatzeko. A zer urtea eta abentura txiki piloa pasatu genduena! Gero berak abadetzatik urten egin eban eta nik jarraitu, baina nire hasierako plazarik gehienak beragaz izan ziren. Abel Muniategi nire bizitzako arorik eder eta garrantzitsuenetako baten bidelagun izan dot


Azkenak
2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Palestinaren alde mobilizatuko dira Bilboko Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.


Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Musk amen-omenka, trumpismoa besarkatzen

Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.


Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte

Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio Europar Batasunari.


Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Zortzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, beste biak, berriz, Gasteizen. Horrez gain, Algortako Portu Zaharreko jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, astelehenean.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Paquita Bretos Andueza zendu da, mendizale aitzindari eta antifrankista

96 urterekin eman du azken hatsa. Nafarroa Garaian zein Euskal Herri osoan, mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen, Angel Oloron senarrarekin batera.


2024-08-13 | Euskal Irratiak
Aitor Elexpuru: “Larhunen ez dugu gehiago eraiki dadin nahi, baizik dagoena hobe kudeatua izatea”

Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude