MADRILGO GOBERNUA GATAZKA XAXATUZ


2021eko uztailaren 21ean
ETAK iragan irailaren 16an su-etena iragarri zuenetik Euskal Herrian biolentzia politikoak mahaigaineratu duen lehen hildakoa da Jose Luis Geresta zizurkildarra. Heriotzaren samin eta gogortasunari, kasuarekiko ezaugarri ilunak gehitu behar zaizkio. Tiro bat buruan, aldamenean pistola bat eta, antza, balazorro bakarra. Bi bertsio, ohi legez: Estatuaren gerra zikinaren ondorio dela dio ezker abertzaleak; bere buruaz beste egin duela aditzera eman du estatuak –oraindik bertsio ofizialik ez bada ere–. Tartean familia eta gertukoen sofrimendua eta aurreratu ezinean ari den prozesua.
Ez oso urrunekoak baina iraganeko garaiak bizi ditugula dirudi azken boladan. Atxiloketak, torturak, alderdi politikoen egoitzen erreketak, mehatxuak... eta heriotza. Esku beltzen batek denboran atzera eramango bagintu bezala gertatzen ari dira gauzak. Eta modu baten ala bestean, oraindik ondorioak ezagutzen ez badira ere, horrela da.
Su-etenaren iragarpenaz geroztik izan dira kale borrokari lotutako atxiloketak, baina Madril aldean Pepe Rei «Egin» egunkariko kazetari ohiarekin ekin diote benetako atxiloketen dantzari, ehiza bihurtu arte gainera. Parisko atxiloketak izan ziren ondoren, Donostia komandokoaren ingurukoak, Nekane Txapartegi, Mikel Egibar eta Maite Ubiria geroago (ezker abertzaleko Nazioarteko Xaki taldeko kideak azken biak), HBren Donostiako egoitzaren miaketa, Jose Luis Geresta hilda agertzea, Sakanako atxiloketak... Probokazio usain sakona dario guztiari.
Ustez desafioari heldu behar dionak, ostera, ezker abertzaleak, probokazioari ekimen politikoan sakonduz erantzungo diola jakinarazi du behin eta berriz. Horrela adierazi dute HBko buruzagiek prentsaurreko eta adierazpenetan, horrela erabaki zuen HBren biltzarrak martxoaren 19an eta, areago, horrela berretsi zen Jose Luis Gerestaren zerraldoaren aurrean.
Hala ere, kale borrokaren zamak hor dirau, edozeri eusteko prest ageri diren HB eta EHren sorbaldetan, lasta zamatsua bailitzan.
Ez da makala ezker abertzale berriaren erronka: egungo prozesua bake prozesurantz bultzatu; EAJ-EAren gobernua sostengatu, honek ekarriko dizkion kontraesan guztiekin; ezkerraren bide zabal eta zehazgabeetan bidezidor zehatzak topatu; laberinto instituzionalean buru-belarri murgildu eta azken urteetan sakondu duen demokrazia partehartzailearekin uztartu...


KALE BORROKAREN ZAMA.

Baina epe laburrean kale borrokarenari erantzun argia eman beharko dio, bai berak sostengatuko duen gobernuko kideek –EAJ eta EA– hala eskatuko diotelako, bai praktika politikoak hala eskatuko diolako eta, garrantzitsuena, bere oinarri sozialak gero eta indar handiagorekin horrela eskatzen ari zaiolako. Lehen ere nekez ulertzen zuen ezker abertzaleko askok eta, ETAk bere jarduna eten ondoren, are gutxiago.
Estatuari biolentziaren monopolioa ez onartzearen estrategiaren barruan, masa borrokaren barruan egon da kale borroka eta borroka armatuaren osagai gisa hartu da. Estatuek ondoen ulertzen duten hizkuntza biolentziarena zelakoan, borroka armatua erabakiorra zen estatua negoziaziora eramateko, eta horretan lagun zituen beste borroka mota mordo bat, besteak beste kale borroka.
Kale borrokak sustrai politikoak ditu, zalantza barik, eta arazo politikoak konponduz gero desagertuko litzateke, gaur egungo moduan behinik-behin (beharbada askoz gutxiagorekin, presoak hurbiltzearekin adibidez). Begibistakoa da hori, baina egungo koxka ez dago hor. Eremu etikoan koxka da askorentzat baina jarduera politikoan ere bai. Egungo koxka da ezker abertzalearen dinamika berriari mesede egiten dion ala ez, Lizarra-Garaziko tren ospetsua bultzatzen duen ala ez. Lizarra-Garaziko bultzagile garrantzitsuenetakoa da ezker abertzalea eta bere garrantziaz ohartarazi nahi du gizartea, baita ETAk berak ere bere komunikatuetan. Eta, hara kontraesana, Lizarra-Garaziko gehienek oztopo handitzat ikusten dute kale borroka. Gakoa, azken finean, kale borrokan dihardutenak Lizarra-Garaziko bagoiren batera beste borroka bide batzuekin nola igoarazi horretan dago. Lan hori, batez ere ezker abertzaleari dagokio eta nagusiki barne lana da. Makinatxo bat energia da hor, eta gainera etorkizuna. Gaitzespen kontuetatik urruti, bada modurik borroka mota horren egokitasun ezaz jarduteko.
Baina inozoa litzateke pentsatzea –Espainiako Gobernuak eta komunikabide nagusienek sinestarazi gura diguten moduan– kale borroka dela prozesu honek duen arazorik larriena. Inozoa den moduan estatu sendo baten erantzukina eta gazte sektore batzuen erantzukina parekatu nahi izatea. Kale borroka unean uneko traba bat da, gauza batzuei besteei baino gehiago eragiten diena; Espainiako Gobernuaren jarrera, aldiz, klabea da ganorazko bake prozesu bat zabaldu eta euskal herritarrek beren etorkizunaz lasai berba egiten hasteko.


ERABAKIEN BELDUR.

Badirudi Espainiako gobernua su-etenaren seigarren hilabetearen zain egon dela bere erasoaldiari ekiteko. Nekez da sinesgarria zuzenbidezko estatuak ez duela su-etenik ezagutzen. Hamar urte atzera joatea besterik ez dugu, Aljerreko Mahaira. Zeresanik ez beste bake prozesu batzuetara begiratzen badugu. Edo akaso Erresuma Batua ez da zuzenbidezko estatua? Gatazkak eta diplomazia egunero muturren aurrean ditugunean, zuzenbidezko estatuak su-etenik ezagutzen ez duela esatea aurpegira barre egitea da. Eta sofrimenduak –bateko zein bestekoak– barreguretarako tarte txikia dauka. Borondatea badago ezaguna da diplomaziak edozer mozorrotu dezakeela.
Kontua, ordea, serioa da Espainiako gobernuarentzat, Xabier Arzalluz jeltzaleak iragarri duen legez, kale borroka noizbait bukatuko delako eta orduan Mayor Oreja eta enparauak biluzik agertuko direlako. Erropak erantzi ahala gero eta garbiago dago euskal gizartearen erabakiari beldur diotela. Lehen borroka armatua zen arazo, instituzioetan parte ez hartzea, proiektuak indarrez inposatu nahi izatea... Gaur egun euskal abertzaletasuna da arazo nagusia. Zergatik? Oraingoz behintzat EAEn nagusi delako. Ez da nagusitasun handia, eta Euskal Herri osoa hartuta gutxiengoa bihurtzen da gainera. Beldurra hala ere, erabaki ahalmenak bere eskuetatik ihes egitea ekar dezakeelako. Hara espainiar agintarien izua.
Batek daki gaur egun euskal gizarteari banatze kontuak komeni zaizkion, areago abertzaletasunari begira lurraldetasuna horren garrantzitsua izanik. Nafarroa eta Iparraldeko arantzak hor dira. Baina argi dagoena da erabakitzea komeni zaiola: EAEtarrei erabakitzea, iparraldekoei erabakitzea, nafarrei erabakitzea. Eta etorkizunean ere erabakitzea. Iragan astean ARGIAn egindako mahainguruan espainiar eta euskal nazionalismoaren hegemonia borrokaz mintzo ziren Joseba Arregi jeltzalea eta Emilio Lopez Adan, `Beltza'; ados ziren demokratikoki egiten bada borroka hori zilegi dela. Garaia da borroka hori baldintza berdinetan eman dadin, biolentzia barik eta ezpata zarata barik; zapai barik azken finean.


EGURRA ETA AZENARIOA.

Sakoneko arazoa hor dagoenean, Espainiako Estatu aparatuetan oraindik jarraitzen dute pentsatzen arazoa poliziala dela eta handik edo hemendik Lizarra-Garazikoa eztandarazi daitekeela. Espainiako Gobernuak –Mayor Oreja buru, antza– barneratua dauka ETAren su-etena bere ahuldadetik datorrela, hots, berak emandako egurragatik. Seguruenik izango da egi zatirik hor ere. Ez da zalantzarik bide hori eraginkorra izan zaionik, epe laburrera behinik-behin, epe luzera ezker abertzaleak batere argi jokatzen badu bere aldekoa bihurtuko baitu –eta hala gertatzen ari da–.
Baina Madrilen horren jakitun dira. Astoak badira, tontoak ez. Espainian «terrorismoa eta beraien lagunen aurrean» gogor jarduteak zenbat boto ematen duen ondo ezagutzen dute. PPren orain arteko ohiko jarrera errepresiboaren joeraz gain, inozoa litzateke errepresioak hauteskundeei begira duen eragina kontuan ez hartzea. Egurra eta azenarioaren politika ezaguna da. Makinatxo bat egur banatu dute, azenarioaren ordua da orain. Aurreko hauteskundeetan «Aznarren borondatea» eta penintsularatutako 21 presoak izan ziren azenarioa eta oraingoetarako ere bide berberetik jo dezakete.
Dagoeneko entzuten da hauteskunde aurretik mugimenduren bat egin dezakeela Mayor Orejak, presoren batzuk gehiago hurbilduz adibidez. Espainiako prentsan, «El Mundo»n eta «El Pais»en zehazki, oraingoan azenarioa indultuen bidetik etorriko dela esan da. Ongi etorriak presoentzat eror daitezkeen edozelako onurak, baina eskubideez gain apustu politiko sendo bat eskatu behar zaio seriotzat hartua izan dadin: hiru laurdenak bete dituztenak kaleratzen hasi, gaixo guztiak eta ebakuntzak behar dituztenak hurbilduz, preso kopuru oso handi bat Euskal Herriratu... Zerbait serioa, ez adar soinua.


JELTZALEEN TINKOTASUNA.

Udal hauteskundeetara EArekin joatearena da EAJren azken garaipena. Horrez gain, Lizarra-Garaziren aldeko apustua berretsi eta berrindartu du azken asteetan. Barne desadostasun kontuak aireratu ditu hainbatek baina jeltzaleen makineria ondo koipeztuta ageri da. Ondo kokatzen jakin ohi dute eta oraingoan ere euskal gizartean lidergoa zergatik duten argi erakusten ari dira.
Ibarretxe lehendakaria izan daiteke arazo handienak dituen jeltzalea, baina Jaurlaritza ekimentsu eta jakintsuenak ere nekez egin ahal izango luke aurrera aldez aurretik alderdiak akordioren batera iritsi barik. Ibarretxeren foro ospetsuak, beraz, alderdiek zerbait adosteko beharko duten adina denbora beharko du. Bada foro bateratu horren beharrik, eta etorriko da, argi baitago Lizarrakoak ez duela balio guztiak biltzeko. Bitartean, sozialista eta popularren eraso gordinari eutsi behar, EHren sostengu sinatuarekin bada hobe.
Edozein modutan ere, PPk, PSE-EEk, eta UAk egiten duten oposizio lana neketsua izan daiteke gobernu batentzat baina horrela jarraituz gero, beraiek nozituko dute. Gainerako alderdiek mugimenduak egiten ari diren bitartean, beraiek Konstituzioa eta kale borrokaren aurkako gotorlekuan babestu dira ezer berririk eskaini barik. Egin ere ez ezer gutxi egingo dute Madrilen mugimendurik ez dagoen bitartean, batez ere PPn. Bitxia da oraindik Ajuria Eneko Mahaiaren bilera eske ibiltzea, batzuetan aritzen diren bezala, Mahai hori aspaldi hila dagoenean. HBri sarritan esan diote Ajuria Eneko Itunetik, zerbaiten alde baino aurka aritu dela, eta sarritan egia izan da. Alderdi estatalistak horretan ari dira orain, zerbaiten alde baino, zerbaiti eusten. Bide arriskutsua beraientzat, baina baita eragiten duten gizartearentzat ere.
Bitartean, mugitzeko prest daudenak Lizarra-Garazikoak dira. Ekin diote sozializazio kanpainari eta epe oso laburrean, Aste Santu ostean agian, Espainiako Gobernuaren erasoaren aurkako mobilizazio erraldoi baterako deia egin dezakete. Aberri Eguna izango dugu ekimen bateratasunaren lehen test handia. Ondorengoa hauteskundeetakoa izango da

Sei hilabeteetako gertakizun esanguratsuenak
98-9-12.
EAJ, HB, EA, IU-EB, AB, Batzarre, AAB, Senideak, Elkarrik eta beste alderdi eta elkarte ugarik Lizarrako Akordioa sinatu zuten.

98-9-16.
ETAk su-eten mugagabea eta baldintzarik gabekoa iragarri zion euskal gizarteari. Su-etena hilaren 18an sartu zen indarrean.

98-10-02.
Lehenbiziko noraezaren ondoren, Aznar Espainiako gobernuburuak bake prozesu bati hasiera emateko prestutasuna agertu zuen.

98-10-25.
Hauteskunde autonomikoak EAEn. EAJ irabazle, PP eta EHren gorakada nabarmenak. Lizarra-Garaziko alderdiak garaile atera ziren.

98-11-03.
Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuak ETArekiko kontaktu zuzenak baimendu zituen.

98-12-05.
HBko ordezkariak eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak bildu ziren Briviescan (Burgosen).

98-12-29.
EHren sostenguarekin Juan Jose Ibarretxe lehendakari izendatu zuten Gasteizko Legebiltzarrak.

99-01-09.
Lizarra-Garaziko alderdiek eta beste elkarte ugarik egindako deialdiari jarraiki, Bilbon egin den manifestazio jendetsuenetakoa izan zen euskal presoen eskubideen alde.

99-02-06.
Udal Ordezkarien Biltzarra bildu zen Iruñean.

99-02-18.
EAJ, EH eta EAk biolentzia guztien aurkako adierazpena atera zuten aurrera Gasteizko Legebiltzarrean; biolentzia gainditzeko bake prozesuan sakontzearen aldeko apustua egiten zen.

99-03-07.
Garzonek aginduta, Pepe Rei «Egin»eko kazetari ohiaren atxiloketa.

99-03-09.
Polizia Frantsesak ustezko sei etakide atxilotu zituen Parisen. Hurrengo egunean, Polizia Nazionalak beste bederatzi pertsona atxilotu zituen Gipuzkoan, ustez Donostia komandoarekin zerikusirik zutela eta. Guardia Zibilak ere atxiloketa berriak egin zituen.

99-03-16.
HBko Donostiako egoitza miatu zuen Guardia Zibilak, bertatik material ugari eramanez, besteak beste 18 ordenagailu.

99-03-20.
Jose Luis Geresta ustezko etakidea hilda agertu zen Errenteriako zelai batean, tiro batekin buruan eta pistola bat aldamenean. Ezker abertzaleak gerra zikinari egotzi dio hilketa. Bertsio ofizialik ezean, filtrazioek suizidioaren hipotesia ageri dute.

99-03-25.
«Egin»eko ikerketa talde ohiko zenbait kazetarik Garzon epailearen aurrean deklaratu zuen


Azkenak
Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian

Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


Eguneraketa berriak daude