EHUN URTEKO PILOTA, FIRMIN ARRAMENDYREN BEGIETATIK

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lau pilotariek egingo digute ongietorria. Eskuak gerrian, txapela eta guzti, lehen begirada erakusketaren berri ematen digun afitxera zuzenduko dugu. Badaramate gerrikoa, eta baita galtza zuriak ere. Soinean duten atorra ordea ez da zuria (ezta ere noski, gorria edo urdina, azken urteotan bezala). Marratua da eta bi koloretakoa. XIX. mendeko pilotariek ez zuten nonbait zuriz jokatzen, garaiko beste kiroletan erabiltzen zuten arropa baizik. 1930 urte ingurura iritsi zen zuriz jokatzearena, pilotako federazioa ere garai horretan sortu baitzen. Atorraren koloreek erakusten dute kirol honen bilakabidea. Afitxaz gain, erakusketak ehun urteko bide hori apurka-apurka azalduko digu.
«Pilota gogoan» du izenburu erakusketa honek eta mende bateko errepasoa egiten zaio Hego Euskal Herriko zein Iparraldeko pilota jokoari. Ez da 1850-1950 urte bitarteko pilotaren historia zehaztasun osoz agertuko, baina bai printza arras interesgarriak. Bertako material ia guztia Donibane-Lohizuneko Firmin Arramendyrena da. Gizon honen emaztearen aita omen zen pilotaria eta zaletasuna piztuta bilketa lan itzelari ekin zion. Pilotak, saskiak, palak, pilotari onenen eta xelebreen argazkiak... Ez dira jaberik gabeko tresnak ordea. Arramendyren ustez, tresna bakoitzak badu bere historia eta historia hori gabe ezer gutxi da pilota bat edo saskia. Pilota bakoitzak, pala bakoitzak, erabiltzailearen izena, jatorria eta non erabili izan zen adierazten du. Lan zientifikoa bete du beraz Firmin Arramendyk. Gogo bizia zuen garaiko pilota bizitza jasotzeko eta pilotarien atzetik ibili ohi zen pilotak eta tresnak sinatu zitzaten eta argazkirik ezean pintoreari eskatu ohi zion pilotaria bere arropa eta guzti marraz zezan.
Bilketa lan horrek bere tokia hartu du Euskal Museoko hiru aretoetan. Areto bakoitzean gai bat jorratu da. Lehenengoan barruko jokoak erakusten dira banan-bana. Bigarrenean, kanpoan jokatzen ziren eta diren jokoek dute lekua eta hirugarrenean berriz, inspirazio artistikoari egin diote txokoa. Hor bildu dituzte pilota gaitzat duten margoak, argazkiak eta bestelakoak. Hegoaldeko pilotariak ugariago ageri dira ehun urteko tarte horretan, jokalari gehiago zirelako, baina Iparraldeko jokoak azpimarratzen saiatu dira erakusketan.
Lehen aretoan ibilalditxoa hasten badugu, bata bestearen atzetik pilota joko desberdinak tresna bidez agertuak direla ikusiko dugu. Lehena «Le jeu de paume» edo «Esku jokoa» izenekoa da. Aberats jokoa omen zen bere garaian. Hirietan jokatzen zena eta tenisarekin du antzekotasuna; jokalariak parez pare jartzen ziren. Joko honen ohitura galdu zen ordea, eta tokiak hutsik geratu zirenez, erabilgarritasuna bilatzeko asmoz trinkete jokoa jarri zuten abian.
Hurrengo atalean «pasaka» jokoa ezagutzeko aukera dugu. Bideo emanaldien bidez partidak ikusi ahal dira eta mahai gainean tresnak topatuko ditugu. Esku jokoaren eratorri zuzena eta sinplifikatua da joko hau. Bi biren aurka aritzen dira eskularruarekin eta pilota handi batekin. Pilotei begiratuz gero ohartuko gara tamaina desberdinetakoak direla. Ez da orain bezala, egun pilota guztiak tamaina berekoak dira eta pisuan alde handirik ez dago. Joan den mendekoak eta mende honen hasierako pilotek ordea pisu eta tamaina desberdinak zituzten; prozesu guztia eskuz egiten baitzen. Pilota mota desberdinak aukeratzen zituzten desafio baterako edo besterako.
Jarraian «sare» jokoko tresneria ikus daiteke, izen-abizeneko tresnak. Esate baterako, Francisco Aguirre «Matxin Ezkerra»ren (Gipuzkoako Azpeitikoa, 1875ean jaioa) pilota. Sarerako erabili zen larruzko pilota hau Argentinako trinkete batean. Pilotak 70 gramo eta 5,7 zentimetro ditu.
Egurrezko paleta lodi-lodiak ere bistan dira. Pisutsuak inondik ere. 1920an, Baionako Trinkete Modernoan erabili ziren lehen palak dira berauek. Argentinako palen eredua jarraitu zuten hauek.
«Esku huska» jokoak hartzen du segidan tartea. Tamaina anitzeko pilotak dira erakusgai, tartean mende honetako Ezpeletako Jean-Baptiste Harambilleten eta Arrayet anaien pilotak.
Itxian eta euri jasetatik salbu aritu gara orain arte. Aire librean ere makina bat pilota saio egin da ordea. Horiek bigarren aretoan bildu dira. Kanpoan, pilota jokoan sortzen den giroaren deskribapen bikaina da Gustave Colin pintore frantziarraren marrazkia. Pintzelak besapean batera eta bestera zebilen pintore hau eta bitxikeriak marraztu nahi zituenez, Hondarribian egokitu zitzaion «laxua» partidari begira geratu zen. Hondarribiko harresia eskuin horma gisa hartuta ari ziren jokalariak pilotan eta inguruak ikuslez beteta zeuden. Ederki nabarmen daitezke Colin pintorea erakarri zuten zuri-gorri-urdin kolore biziak. Frantziarrak deskribatutako joko hau Iparraldeko mendietan ere, soroetan, baserritarrek jokatzen zuten. Pilota motela zen, larruzkoa, eta boterik behar ez zuenez, zoru leunaren beharrik ez zen. Noski, hormarik gabe aritzen ziren, tenisaren antzera, parez pare.
«Laxua» beraz batetik, eta bestetik errebotea. Joko honen berezitasunak ere mahai gainean dira ikusgai. Bota harriak, egurrezkoak zein harrizkoak, hormapean dira. Atzeko horman berriz, errebotean jokatzeko frontoia neurri eta guzti marraztuta agertzen zaigu. Erreboteak «punta volea»ri uzten dio tokia eta hurrengo dator joko garbia deritzona. Erakusketa honetako jokoekin amaitzeko azken txanpan datoz aire libreko pala jokoa eta erremontea.
Bigarren aretoan, azken muturrean lau pilotari nabarmendu dituzte. Jean Larralderi egin diote tartea. Lapurtar hau zen Firmin Arramendy kolekzionistaren emaztearen aita. Indalecio Sarasqueta «Chiquito de Eibar» ospetsua da bigarren aukeratua. «Pilotari unibertsala» deitu zioten joko mota guztietara aritu baitzen Eibarren hil zen durangarra. Iparraldean ezagunago zen «Chiquito de Cambo» Joseph Apesteguy. 1950. urtean hil zen XX. mendeko pilotari ezagunenetarikoa. Jean Urruty da azken aukeratua. Nafarroa Behereko pilotariak «pasaka», joko garbia eta errebotea menperatzen zituen, besteren artean.
Bigarren aretoaren amaieran hilarri bat topatuko dugu. Zer egiten du hilarriak txoko horretan? Bada, aurrealde tailatuan eskuaren eta pala baten irudia ageri direla dirudi eta atzealdean berriz, pilota irudiko marrazkiak ageri dira. Dirudienez, pilotari baten hilarria da.
Hirugarren eta azken aretora heldu gara. Oraingoan bitxikerien ordua da. Etxeko sarrera-atea dirudien ataka bat topatuko dugu areto erdian. 350 kiloko atetzarra, 1937an Parisen egin zen Erakusketa Unibertsalean, Pirinioei eskainitako aretoko sarrera-atea izan zen. Altzairuz eta zilarrez egindako pilotariak ditu irudikatuta. Atearen atzeko horman, gaur egungo argazkiak. Argazkiok museoak agindutakoak dira eta Iparraldeko trinketeetako arkitektura detaileak azpimarratzen dira.
Eta azkenik, Firmin Arramendyren pilotarekiko maitasuna berriro ere agerian utziko duen adibidea. Euskal trazako egurrezko altzarian, berrogeita bi pilotari ospetsuen datuak biltzen dituen papertxoak eta beraien pilotak ikusgai dira. Pilotari guztiei pilotak zein paperak sinatuarazi zizkien

Metalezko saskiak eta harrizko bota harriak.

Gustave Colin frantziarraren Hondarribiko «laxua» jokoaren margopean, hiru bota harritzar ditugu. Hau da, pilotak botea hauen gainean egiten zuen pilota abian jartzerakoan eta gero botea egin baino lehen harrapatuko zen beti pilota. Bi egurrezkoak dira, lehena Sarakoa eta bigarrena Jean Baptiste Haltyrena. Harrizkoa berriz, Garruzekoa.
Erakusketa honek jaso duen ehun urtekoan (1850-1950), gizakiak (batik bat gizonak) pilotan jokatzeko tresnen prototipo ugari egin du. Batzuk aurrera egin dute, beste batzuk ez. Batzutan lehendabizi pilotaren materiala edo tamaina aldatu da eta gero pala edo saskia. Besteetan azken hauen aldaketek ekarri dute pilota berriak sortu beharra. Argazkian bitxikeria gisa metalezko prototipoak ikus daitezke. 30eko hamarkadakoak dira gehienak. Bestalde, arreta jarriz, pilota bat beste guztien gaindi nabarmentzen dela ohartuko da bisitaria. 800 gramoko pilota bat da; ez dago daturik partidatarako erabili den edo ez, baina ia ziurra da egileak tamaina horretako pilota egiteko gutizia zuela, frontoiratzeko asmo barik.
Pilotaren tripak ere agerian dira erakusketan eta pilota egiteko lau pausoak azaltzen zaizkigu, egite prozesua, hitzez nahiz irudiz adieraziz. Amaitutakoan pilota sartzen deneko molde batzuk ere bertan dira eta baita prentsa ere, pilotari azken ukitua emango dion tresna. Garai batean eskuz burutzen zen prozesu guztia; gaur egun makinek ordezkatu dute prozesuaren zati bat.
Azken argazki honetakoak ez dira pilotari ospetsuenak. Firmin Arramendyk bazuen jende bitxia erretratatzen zuen pintore lagun bat, H. Elizaga, eta pilotan aritzen ziren pertsonaia bitxiak marraztea eskatu zion. Abadeak eta emakumeak dira horien artean. Pilotari seriosak ordea ez zituen bazterrean utzi eta argazki banatatik «Chiquito de Eibar» eta «Chiquito de Cambo», Jean Larralde eta F. Amadeo, pilotari heroien marrazkiak eskatu zizkion H. de la Tourasse pintoreari. Pilotari heroiek argazkiaz gain marrazkia izatearen pribilejioa zuten


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude