"MAIZEGI JOTZEN DUGU FANTASIARA"


2021eko uztailaren 21ean
Duela hamabost urte zera adierazi zenuen elkarrizketa batean: «Euskara batuaren arazoan, nik uste dut batez ere Gabriel Aresti eta sasoi hartan gaztelaniaz "cagaprisas" deitzen diren horiei esker, behar genuenerako sortu genuela euskara batua, eta ez behar genuenean». Zer esan nahi zenuen?
Euskara batuaren planteamendua azaldu zenean, euskara ez zen ofiziala. Bazegoen ordea premia objektibo bat, eta premia horri euskara batuak erantzuten zion; baina euskara irakaskuntzara sartu bezain laster galderak sortu ziren:

«Nolako euskaran egin behar ditugu testuliburuak? Zein ereduri jarraitu behar diogu?»
. Lehenago, euskarak erabilera sozial zabalik ez zuenean, berdin zen euskara batua egon zein egon ez. Azken buruan, nork bere euskalkian hitz egiten zuen ingurukoarekin. Baina euskara irakaskuntza munduan sartu zenean, eta euskararen eremua Euskal Herri osora zabaldu behar izan zenean, hortxe planteatu zen euskararen batasunaren premia. Unibertsitateak gerora izango zituen premiak-eta ez ziren orduan gure eguneroko premiak, baina hizkuntza prestatzen hasi ginen, unibertsitatera, komunikabideetara, administraziora iritsiko zenerako. Ahalegin kontziente bat izan zen, euskara eguneroko zeregintxoetara mugatua gera ez zedin.

«Aresti hil zenetik, batasunaren arazoan motel, geldi eta atzerapausoka dabil Euskaltzaindia».
Gauzak erabat aldatu dira. Garai batean Euskaltzaindia –agian Euskal Gobernua sortuta gauzak aurrerantzean berez joango zirelakoan– motel ibili zen. Hainbeste urtetan ez zen inolako erabakirik hartu, baina nik esango nuke Euskaltzaindia berriz ere martxan ari dela; akademia baten zeregina batez ere arauak ematea da, eta Euskaltzaindiak erabakiak hartzen dihardu gaur egun. Beraz, 1984ko aipu hori erabat zaharkitua geratu da.

Zertan da hiztegi batua?
P letran gaude jada. Lehenengo oinarrizko zerrenda prestatuko dugu, eta horren ondoren, bigarren pasada batean handitu egingo dugu hiztegia. Hitz asko eta asko bigarren bueltarako gelditzen dira. Hala ere, estreinako pasada honekin ere oraingoa baino batasun handiagoa lortuko dugula uste dut. Martxa onean doa, beraz.

«Sarasola eta bestek (...) goitik egiten dituzte azterketak, eta besteok, Euskaltzaindian boturik ez dugunez isilik egon behar. Eta jakina, ni ez nago bide horretatik joateko prest. Gehienok, orain artean, bizkaitarrak izan gara hiztegigintzan, baina ez dut uste bizkaieraz abusurik egin dugunik. Orain, gipuzkera gauza guztien gainetik jarri da eta besteok hutsaren hurrengotzat jo gaituzte, geure euskarak ezertarako balio ez duelakoan». Aldatu da hori joeraori?
Zerbait bai, baina ez guztiz. Hori da nire kezkarik handienetako bat. Euskara batua ez da bakarrik literaturarako euskara bat; nik neuk euskaldun guztion integraziorako bidetzat ikusten dut. Hizkuntzaren ikuspegitik, jendea prest baldin badago Euskaltzaindiak erabakitzen duen edozer onartzeko, bistan dago berdin dela Zuberoako euskara edo Gipuzkoakoa edo beste edozein hartzea batuaren eredutzat. Baina beste gauza bat da soziologia. Hau da: euskara batuan guztiok irabazle eta guztiok galtzaile izan behar dugu; guztiok amore ematen jakin behar dugu, alegia. Baina badirudi bizkaitarrok ia gauza guztietan amore ematen jakin behar dugun bitartean besteei ez zaiela gauza bera eskatzen. Esate baterako, nire ustez erabat lotsagarria da aspaldi honetan euskara batuaren aitzakian Euskadi Irratian dagoen etengabeko gipuzkoar gehiegikeria. Nik ez dakit hor zuzentzailerik baduten, baina urtebete da, adibidez, haurrentzako saio batean (Maritxu Berritsu-n, hain zuzen ere)

«Bizkaiatik deitzen baduzue»
moduko astakeria entzuten ari naizela; horrez gain,

«laister»
gora eta

«laister»
behera jarraitzen dute, eta

«hemezazpi»
gora eta

«hemezazpi»
behera, eta beste hainbat gehiegikeria, etengabe. Badirudi eredu bakarra Gipuzkoakoa dela, eta besteak dialektokeriak direla. Ez dut uste hori bide ona denik. Euskaldun guztiok sentitu behar dugu eroso euskara batuan. Gauza batzuetan (aditz formetan, adibidez) amore eman behar da. Baina beste batzuetan erabat normala izan beharko luke beste euskalkietako hitzak ere euskara batuan sartzeak. Eta hori da nik ikusten ez dudana.

Hedabideetan ere ez gabiltza beraz behar bezain fin.
Komunikabideetan gehiegikeria nabarmenak egiten direla iruditzen zait. Oraindik euskalkietatik egin daitezkeen ekarpenak gutxietsi egiten direla uste dut. Kontuan hartu behar da bizkaiera dela euskara baturako prozesuan gehien galdu behar izan duen euskalkia. Hortaz, lexiko arloan eta ekarpen osagarrietan garrantzi gehiago eman beharko litzaioke bizkaierari (eta, zer esanik ez, baita Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko euskalkiei ere).

Batua-euskalkiak dialektika ez da atzo goizekoa. Zein leku dagokio bakoitzari?
Bada bide bat nik oso garbi ikusten ez dudana. Batzuek jendea bere euskalkian alfabetatu gura dute; nik ez dut uste hori bide zuzena denik, eta esango dizut zergatik:

«eman dizkiot»
idatzi beharrean

«eman deutsodaz»
idatzita ez dugu hizkuntza aberastuko, gauza berbera esango baitugu. Beste gauza bat da

«erori»
-ren sinonimo moduan

«jausi»
ere erabiltzea, edo

«anaia»
-ren aldean informazio gehigarria ematen duen

«neba»
erabiltzea. Berdin

«hatza»
eta

«behatza»
-ren kasuan ere. Hor badaude ñabardurak, hortxe dago bizkaieraren aberastasuna. Baina euskal aditza den bezain aberats eta zaila izanik, zertarako zailduko dugu gehiago? Azken buruan, zertarako alfabetatu nor bere euskalkian gero gaur egungo literatur produkzio osoa euskara batuan badago? Gainera, euskaldunberriak ere hor daude. Zer irakatsi behar zaie haiei? Bada, ikas dezagun euskara batua eta kitto. Baina hori bai, nork bere euskalkian mintzatzen jakinez eta euskalkien lexikoa eta esaera jatorrak euskara batura ekarriz.

Erdaren morrontzapetik askatu beharra ere planteatu du Sarasolak.
Ibonek oro har arrazoia dauka, espainolera makurtuegi gaudelako. Hala ere, lehengo egunean Amazoniako indioei buruzko saio bat ikusi nuen. Peru aldeko indio batzuk ziren; bertako hizkuntzaz aparte ez zekiten beste bat bera ere, eta gaztelania ikasi nahi zuten, kosta ahala kosta, goragoko maila sozial bat iristeko. Jakina, mundu-ikuspegi batetik zera esan daiteke:

«Gaztelaniaren pentsuan egon beharrean, hobe lukete ingelesari erreparatzea»
. Baina zer egingo lukete ingelesarekin non eta Perun? Hango gizartean gaztelaniak askoz ere indar eta garrantzi handiagoa dauka ingelesak baino. Hortaz, ingelesa bai, kontuan hartu behar dugu, baina ez gaitezen pasa. Zoritxarrez, gaur egungo euskal gizartean asko dira ingelesez hitz egiten ez dakitenak. Hortaz, ingelesa askoz ere hizkuntza arrotz eta urrunagokoa zaigu gaztelania eta frantsesa baino. Beraz, gaztelania eta frantsesa batera datozenean, nik uste, bide hori gutxienez kontuan hartu beharko genukeela, nahiz eta ingelesak beste gauza bat agindu. Horrek ez du esan nahi ingelesa nagusituz doan neurrian bide nazioartekoago bat hartu behar ez dugunik; bi muturren arteko oreka beharko genuke.

Beste kontu batzuetara etorrita, azken boladan zeresan dezente eman dute «Sugearen iraultza» eta «Euskal zibilizazioa» liburuek. Zer pentsarazten dizute liburuok?
Antzeko fenomenoa ikusi dut nik Georgian; georgiarrak, nola-halako kultur askatasuna lortu zutenetik, beren hizkuntza eta kultura aztertzen aritu ziren. Eta hartan, arazo batekin egin zuten topo: herri indoeuroparrek elkarren artean lotura handiak dituzten bitartean, eurek, aldiz, oso lotura txikiak dituztela ingurukoekin. Egoera horretan umezurtz izateko sentimendua sortzen da. Espainiar zein frantsesak, ordea, latindarrak dira, eta horrez gain indoeuroparrak ere bai, germaniar eta eslabiarrekin batera. Haiek badakite zer nolako kultur familian bizi diren. Euskaldunok, aldiz, ez dugu lotura genetiko ez linguistikorik aldameneko herriekin. Orduan, tentazio hori aski normala iruditzen zait. Hala ere, ez daukagu elementurik gure lehen aro hori nolakoa zen jakiteko eta maizegi jotzen dugu fantasiara; eta jakina, horrek ez digu inolako mesederik egiten. Nazio guztien sorreran egon da zorioneko arkadia horretara itzultzeko guraria,

«libre ginenean zoriontsu ginen eta orain menperaturik gaudela ez»
eta antzerako mitoak. Hori guztiori oso polita da, eta lehenago, historia irakasteko beste modu batzuk zeudenean horrelakoez baliatzea normala zen, baina gaur egun serioago izan behar dugu, eta gauza bat esaten dugunean ondo oinarritu. Hor daukagu problemarik handiena: nola-halako intuizio batetik mundu bat ateratzen dugu eta mundu hori kanpoko edozein kritikok harrikada batekin birrin diezaguke, kristalezkoa delako.

Ez dira falta izan horrelako kritikoak, euskal kultura barru-barrutik ezagutzen dutenak gainera. Horrek asko kezkatzen ei zaitu.
Kasu bakoitza desberdina da, ez dira nahastu behar. Hala ere, euskal kultura egiterakoan monolitikoegiak izan garela esango nuke; beste gauza batzuetan, berriz, ez dugu hain modu hertsian jokatzen. Txirrindulari on bat daukagunean kirol aldeko emaitzak txalotzen dizkiogu, baina ez diogu galdetzen zer iritzi duen politikaz edota abortuaz; neutralago jokatzen dugu. Pentsalariekin, aldiz, berehala hasten gara filiazio politiko bila, Inkisizio moduko bat sortuz. Hori ez da bide zuzena. Ez dugu pentsatu behar independentista izatea dela euskaldun izateko era bakarra. Aukera politikoetan erabateko askatasuna egon behar da. Norbaitek euskaldun izanagatik beste hizkuntza batean idatzi gura badu, hori ere onartu egin behar diogu. Horrela jokatuz, aniztasuna errespetatzeaz gain jende gehiago erakarriko genuke, geure euskalduntasuna ukatu gabe. Guztiz bestelako kontua da Mosquerak-eta, aipatzen duten "vasco" izateko beste modu erabat erdalduna, hori espainolismo lotsagabea baino ez baita

BENJAMIN TUTERAKOA
«Marco Polok baino 100 urte lehenago egin zuen bidaia; bere bidaia-liburua garrantzitsua da garai hartako judu komunitatea nolakoa zen jakiteko»

JOANNES LEIZARRAGA
«Berari eta bere taldearen lanari esker Euskal Herria modernitatean sartu zen»

RESURRECCION MARIA AZKUE
«Izugarrizko bakarlari lana egin zuen. Ez zuen eskolarik utzi, eta hori izan zen bere akatsik nabarmenena»

SABINO ARANA
«Lan ikaragarria egin zuen nazio honen kontzientziaren alde. Euskaraz ere arduratu zen, baina, borondaterik onenarekin bazen ere, hor gauza gehienetan okertu zen»

GABRIEL ARESTI
«Haren inguruan ibili ginenok ispilu bat genuen berarengan. Euskara baserri-girotik urrundu eta bide berria urratu zuen»

FEDERIKO KRUTWIG
«Unibertsaltasuna irakatsi zigun. Bi maitale zituen: euskara eta greziera. Agian liluratuegi zegoen grezierarekin»

XABIER GEREÑO
«Inurri-lana egiten du. Biziki estimatzen dut»

BITTOR KAPANAGA
«Zentzu komun eta oneko baserritar ilustratua. Beti izan du gazteak erakartzeko ahalmen berezia»

JON JUARISTI
«Lan inportantea egin dezake euskal kulturaren alde. Idazle desaprobetxatua da. Bere kritikak neurri handiz egia diren arren, ez ditu kontestualizatzen»

IBON SARASOLA
«Mitxelenak utzitako lana bere gain hartu du; etorkizunean zor handia izango dugu berarekin»

Tantoa
Ez da erraza norberak aspalditik ezagutzen duen eta benetako estimutan daukan lagunaz era publikoan berba egitea. Ez zait horregatik erraz egiten Xabier Kintanaz berba egitea, gauza onik baino ezin baitut esan, eta beldurrez bainago norbaitek esan behar ditudanetan lagunarteko larregi ikusiko ez ote dukeen.
Aspaldian ezagutu nuen Xabier, hamasei urterekin eta euskaldun bihurtu berritan, bion irakasle zorrotz Aita Mokoroarekin nengoen egokiera baten, apaiz eskolapioak euskal aditzaren katramilen berri ematen zidanean. Gero Unibertsitatean eduki nuen lagun. Beraren bidez Gabriel Aresti zena ezagutu nuen, eta niretzat arras berri zen euskal munduko beste hainbeste jende, baina beraren bidez batez ere (Xabier beste edozer baino zehatzago definitzen duen eskuzabaltasunari esker) asko eta asko ikasi nuen, bera izan baitzen, Aita Imanol Berriatua zenarekin batera, eroapen ez gutiz, euskaraz idazten irakatsi zidatenak.
Gabrielekin zebilela, orduko burruka latzetan poeta handiak zeukan su berberaz aritzen zen euskara batuaren alde, hala nola harekin batera «Batasunaren kutxa» idatzi zuenean, edota berarekin batera ere gero gauzatuko ez zen, baina hizkuntzaren ikuspegi historikotik bezala, hala ikuspegi nazionaletik hoberena zen aditz baturako proposamendua egin zutenean. Gero euskarari eskainitako orduak eta urteak etorriko ziren literatur obra interesgarria sortuz, baina hizkuntza moderno bat egiteko esperantzarekin hamaika erdaretatik itzuliriko orri kopuru amaigabea batez ere. Horiekin batera, Euskara Batuaren zabalkundean eragin gehien eduki duen liburua ere etorriko zen: «Hiztegi modernoa».
Oso gaztea zelarik euskaltzain urgazlea jadanik, urteen poderioz euskaltzain osoa ere egin zuten. Eta hor segitzen du, lantzean behin apur bat erretxin, baina inongo zalantzarik gabe bere burua osotara euskarari eta Euskal Herriari eskainia. Ez baita guti oraindik Xabierrek eskaintzeko daukana


Azkenak
Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


2025-04-01 | dantzan.eus
Zuberoa dantzan batuko da berriz ‘Aitzina Biga’ ikusgarrian

Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Eguneraketa berriak daude