XXI. MENDEKO BASOGINTZA: BASO OREKATUAK AMETS

  • besterik ez dago aldaketaz jabetzeko. Gaztainondoak, pagoak eta haritzak nekezagoikusiko ditugu; zuhaitz kanpotarra, pinua, aldiz, erruz. Arazo nagusia ez ei da kanpotarren etorrera, basoa zerekin jantzi eta berarekin zer egin omen da gakoa.

2021eko uztailaren 23an
Basogintza edo silbikultura, basoa ustiatzeko edo babesteko egiten den lan multzo gisa ulertzen dugu gehienok. Baina, zer da basoa? Basoaz hitz egiten denean, denok gauza bera al dugu buruan? Ez da erraza basoa definitzea, beste askotan gertatu ohi den bezala, agian, errazagoa da basoa zer ez den zehaztea, muturrak argiago ikusten baitira, ezbairik gabe. Jo dezagun horrelakoetan jo behar den tokira, hiztegietara alegia. Elhuyarrek berriki argitaratu duen Ingurugiro hiztegi entziklopedikoan zera aurkituko dugu: Basoa: «Zuhaitzak eta zuhaixkak nagusi diren landare elkartea, ezaugarri, mikroklimatiko, biologiko eta edafologiko bereziak dituena». Baina, hara nondik, definizioaren azpian ohartxo bat topatuko dugu eta agian berau da interesgarriena; «Berez, euskaraz, baso eta oihan sinonimoak dira. Zenbaitetan komenigarria izaten da bere kasa hazten den baso naturalaren eta gizakiak guztiz gidatu eta kontrolatutako basoaren artean bereizketa egitea, erdaretan askotan egiten den bezala;

woodland (wood) / forest, bosque / selva, bois / fôret.
Horrelakoetan

baso / oihan
bereizketa erabili ohi da».
Zentzu hertsian, Euskal Herrian baso natural edo ohianik ez dugu aurkituko, gutxi edo gehiago, denak gizakiak landuak izan baitira. Edozein modutan, muturrak argi daude; baso natural batean, egitura nahasia aurkituko dugu, adin eta neurri guztietako landareak topatuko ditugu aldi berean, soilguneak izango dira tarteka, landaredi trinkoa beste batzuetan, eta horretaz guztiaz gain, baso egitura horri lotuta landaredi eta fauna jakinak egongo dira, ekosistema bat eratuz.


Basoa: kontserbatzeko ala ustiatzeko?

Beste muturrean, baso landaketak izango ditugu, adin bereko aleak, batetik bestera distantzia berarekin, eta oro har, ingurune homogeneo eta bateratua, ondorioz, habitat aniztasuna urria izango da toki hauetan eta beraz, animalia eta landare espezie gutxiago inguruetan.
Baso orori lau funtzio nagusi aitortzen zaizkio; lehenik, babes funtzioa edukiko dugu, lurzoruak higaduratik babesten baitituzte, era horretara, euri eta haizeen indarra moteldu eta geldiaraziz. Bestetik, atmosferaren egitura mantentzeko hain garrantzitsuak diren oxigenoa (O2) ekoiztu eta karbono dioxidoa (CO2) zurgatzeko ahalmena dute basoek. Ondoren, biodibertsitatearen kontserbazion jokatzen duten babes funtzioa aipatzen da edonon, animalia eta landare askoren elikadura eta babesa bertan aurkitzen baita. Eta azkenik, ekoizpena edukiko dugu, zenbait baso ekoizpen handiko guneak dira eta bertatik hainbat lehengai lortzen ditugu gizakiok.
Funtzio hauen guztien oreka mantentzea ez da erraza izaten eta askotan bati edo besteri garrantzi gehiago ematen zaio basoak ustiatzerako garaian.
Euskal Herrian, basoaren ustiapena, ikuspuntu ekonomiko batetik soilik ulertzen dugu, hau da, aipaturiko azken funtzio horren haritik, basoen ekoizpena da betidanik ustiatu izan duguna. Baso bat ikuspuntu kontserbazionista batetik ustiatzea, hots, lurzoru, animalia, landare edo paisaje bat kudeatzeko basoa ustiatzea, kontzeptu moderno samarra da eta egia esan hemen ez gaude horrelakoetara ohiturik, baina datozen urteetan, gisa honetako neurriak ere hartu beharrean izango gara ezbairik gabe.


Nola ustiatu pinudiak?

Euskal Herriko baso paisajeari erreparatzen baldin badiogu bi errealitaterekin topatuko gara. Alde batetik, Kantaurialdera begira ditugun Gipuzkoa eta Bizkaiko egoera eta landaretzari dagokionean askoz ere mediterraniarragoak diren Araba eta Nafarroa, beste aldetik. Gipuzkoa eta Bizkaiko zuhaitz estaldura ia azaleraren % 60koa da, Arabakoa % 47koa eta Nafarroakoa % 33koa.
Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den basogintza, monokultibotzat har daiteke, izan ere, Bizkaiko basoen % 62, intsinis pinua edo

Pinus radiata
k estaltzen du, Gipuzkoan berriz, % 47 inguru. Araban, espezie honen estaldura proportzioa askoz txikiagoa izan arren (%11), bertako basogintza urria espezie honen inguruan lantzen da. Nafarroako basogintza ezberdina da, eta gehienbat bertako espezieak kudeatuz burutzen da.
Gipuzkoa eta Bizkaiko baso landaketek duten dibertsifikazio urriaz aritu gara EHNE sindikatuko teknikari Olate Arrarterekin: «

Baso landaketa hauek duten dibertsifikazio txikiak zuzenean eragiten du gure animalietan eta landaretan, esate baterako, hor dago basurdearen kasua. Baserritarrei gero eta kalte gehiago sortzen ari den animalia honek badu non babestu eta ezkutatu, baina baso landaketa hauek ez diete bazkarik eskaintzen
».
Nekazaritzak eta basogintzak lan unitate bera erabili izan dutenez, aurrez-aurre izan dira betidanik, baina Arrarteren ustez, «

lehen bi jarduerak orekaturik ziren eta orain berriz oreka hori galdu egin da
».
Edozein modutan, EHNEko teknikariak garbi utzi nahi izan du kanpoko pinua bera ez dela kaltegarria beraien ustez, kudeatzeko modua baizik: «

Espezie forestal gisa ez daukagu ezer pinuaren aurka, baina hemengo basogintza oso bortitza da eta pinuaren etekin ekonomikoari soilik erreparatu zaio, kasu askotan, mendian kalteak sortuz
».
Mendiko kalte horiekiko itaundu dugunean, adibide gisa mendiko pistak jarri ditu mahai gainean: «

Kategoria desberdineko pistak daudela dirudi. Komeni da zenbait pista egoera onean mantentzea, era horretara basoa atera behar den bakoitzean berriak egiten ez aritzeko
».
Gai honen inguruan, Josu Azpitarte Bizkaiko Basogintza Elkarteko lehendakariarekin mintzatu gara: «

Egia da, zenbait kasutan, neguan eta euriarekin, pista asko hondatzen direla. Gai hau aztertzen ari gara, eta udan egurra biltegietan pilatzea izan daiteke hartu beharreko irtenbidetako bat, baina hau oraindik asmo bat besterik ez da
».
Lurzoruan kalte gutxiago sortzeko egurra kableen bidez ateratzea proposatzen da askotan. Bizkaiko Basogintza Elkarteko lehendakari Azpitartek iritzi garbia du honen inguruan: «

Kablearen legeria oso zehatza da, eta bertan agintzen da kablea non eta nola erabili, malda handia dagoenean eta abar. Kontuan izan behar dugu kablea irtenbide puntual bat besterik ez dela, eta ezin dela edonon erabili, izan ere, kable bidez egurra ateratzea garestiagoa da eta askotan ez du merezi egurra horrela ateratzea, bere etekinaren errentagarritasuna asko txikitzen baita
».


Sektorea osasuntsu

Josu Azpitartek sektorearen egoeraren berri eman digu: «

Bizkaian ustiatzen ditugun bi espezieen (pinua eta eukaliptoa) bilakaera desberdina izan da, pinuaren salneurriak gora egin du azken urte hauetan, baina gorakada hau ez da izan pinu eskasiagatik, egurraren erabilera erabat aldatu delako baizik. Duela hamar bat urte, pinu egurra batez ere paperetarako bideratzen zen, geroztik egin diren ikerketek ordea, pinu egurra beste zenbait erabileratarako lehengai ona dela ziurtatu dute, hala nola, altzarigintzan, eraikuntzan eta arotzgintzan. Eukaliptoaren kasuan berriz, salneurriek gorabehera handiak izaten dituzte. Hemen oso gutxi dagoenez, kanpotik ekarri behar izaten da, paper pasta egiteko erabiltzen da eta Hego Ameriketatik ekartzen da gehienbat. Herrialde haiekiko txanpon aldaketa egiterakoan izaten diren gorabeherek izugarrizko eragina izaten dute hemengo egurraren azken salneurrian. Pinu egurrak papertegietako bidea utzi eta beste erabilera batzuk hartu izanak, zenbait ondorio ekarri ditu bere ustiapenean. Gero eta pinu zaharragoak botatzen dira, ahalik eta korapilo gutxien edukitzea nahi izaten da eta beraz, gaztetan kimaketa egokiak burutu behar izaten dira. Paperetarako pinua 30 bat urterekin botatzen zen bitartean, orain ohikoa izaten da 35-40 urteko pinudiak ateratzea, izan ere, urte gutxi batzuetan, bere salneurria bikoiztu egin daiteke
».
Gai honekin lotuta, Josu Azpitartek kontu bitxi bat aipatu digu: «

1996. urteko azken baso inbentarioak dioenez, baso zahar asko dago inguru hauetan eta komenigarria da hauek atera eta berriz birlandaketak egitea. Baso hauek bere horretan daude, familia arteko arazoengatik, herentzia kontuak daudelako, edo zenbaitetan egurra ateratzeko pista egokirik ez dutelako
».
Baso jabeen soslaia zein den galdezka ere ibili gara eta argi dago baso jabegoa oso zatikatuta dagoela. Azpitartek eman dizkigu zenbakiak: «

Guk urtero egiten ditugun espedienteen arabera, esan dezakegu, batez beste, jabe bakoitzak 3-4 hektarea besterik ez dituela, eta Bizkaian erabat basotik bizi diren baso jabeak eskuetako behatzekin kontatu daitezke
».
Olate Arrartek ere antzeko datuak eskaini dizkigu, baina bere ustez, kontuan izan behar da baso jabeen artean baserritar ez den jende asko dagoela, eta hori kaltegarria suertatu daiteke kasu askotan: «

Gure ustez, basogintza baserritarren jarduera osagarri gisa bideratu behar da, eta kalean bizi den baso jabeak ez daki askotan bertako berri
».
Baso mutilen lan baldintzak zeintzuk diren ere jakin nahian ibili gara eta Josu Azpitartek esan digunez, basoan bada lanik, baina bertan lan egiteko jendea aurkitu ezinik ibiltzen dira: «

Kontuan izan behar dugu oso lantegi gogorra dela, eta inork ez duela mendira joan nahi lanera, hori dela eta maila baxuko lanbidetzat hartu izan da, nahiz eta oro har, soldata onak izan. Ondorioz kanpoko jende asko aritzen da basoan
».


Nora doa egurra?

Pinu egurra papera egiteko erabiltzen zenean, lehengaia Euskal Herrian gelditzen zen, baina orain, erabilera hauen aurrean, sektoreak inguruan ez du gisa honetako industriarik eta ondorioz kanpora bidaltzen da: «

Egur txarrena hemen gelditzen da, baina hoberena, % 80-90 inguru, kanpora bidaltzen da. Lehengai asko eta asko Burgos aldeko zerrategi handietara eramaten dira zuzenean. Euskal Herritik Burgosera eta handik Espainiako Levante aldera, Bartzelonara eta abar bideratzen da. Leku hauetan nagusitzen da altzariaren industria eta gainera etengabe gure egurra eskatzen ari dira. Espainian egindako altzari hauek Europa osora zabaltzen dira, eta lasai asko aurkitu dezakegu Alemanian hemengo egurrarekin eginiko altzaria. Gainera, hemen pinu egurrak ez du behar adinako estimaziorik eta apur bat penagarria da kanpokoek eskutatik kentzen diguten produktuari hemen balio handirik ez ematea
»

Adan de Yarza markesak Kaliforniatik ekarria
Gaur egun, Intsinis pinua edo Monterrey-ko pinua aski ezaguna da gure artean, baina ez dira urte asko igaro lehen pinuak Euskal Herrian aldatu zirenetik.
XIX. mende amaieran, Adan de Yarza markesa, Bizkaiko Foru Aldundiko abokatu eta politikaria, lan gabe gelditu zen, azken karlistadaren ondorioz aldundia disolbatu zenean. Egoera horren aurrean, bere benetako zaletasunean, nekazaritzan eta basogintzan murgildu zen. Europan eta Ameriketan ibili zen, tokian tokiko nekazal teknikak eta baso birlandaketak ikasten. Bidaia hauetan aurkitu zuen hainbat zuhaitz espezie frogatu zituen Lekeitioko Zubietarren lurretan. Bizkaiko lur eta eguraldietara ongi egokituko zen espezie baten bila zebilen, eta Kalifornia aldetik ekarritako

Pinus radiata
edo intsinis pinua gure lurretara ederto egokitzen zela konturatu zen. Geroztik espezie hau pixkana zabaltzen hasi zen Bizkaia eta Gipuzkoan. 1920. urtean hil zen eta beraz ez zuen izan Bizkaian eta Gipuzkoan egun dugun paisajea ezagutzeko aukerarik. Burutik pasa ere ez zitzaion egingo, orduan, berak ekarritako pinuak horrenbesteko eraldaketa sortuko zuenik gure paisajean. Egun, bi lurralde hauetako basogintza sektorea espezie honetan oinarritzen da ia erabat.
Arestian aipatu dugunez, pinu honen jatorria Kaliforniako eskualde txiki batera mugatzen da, kostatik oso gertu dagoen Monterrey-ko basoetara hain justu. Inguru haietan, ordea, baso naturalak eratzen ditu espezie honek eta noski, ez dauka zerikusirik hemengo baso landaketekin. Izan ere, Kaliforniako baso hauek ekosistema helduak dira, hau da, bertan adin guztietako zuhaitzak aurkituko ditugu tartekatuta baso berean, eta horretaz gain, pinudi hauek, beraien fauna eta landaretza berezia izaten dituzte.
Gaur egun espezie hau munduko hainbat tokitan erabiltzen da basogintzan, hala nola, Zeelanda Berrian, Txilen, Hegoafrikan eta Australian

Australiako erraldoiak Bizkaiko kostan
Eukaliptoak jatorriz Australia eta inguruko irletakoak dira, 500 bat espezie ezberdin ezagutzen dira eta Euskal Herrian landatu dena, Bizkaiko kostaldean batik bat,

Eucalyptus globulus
espeziea dugu. Berau Australiako hegoaldekoa eta Tasmaniakoa da berez, klima heze eta epelak ditu gustuko eta ez ditu jasaten neguko izozteak, hori da hain justu, Bizkaiko eskualde jakin batzuetan soilik landatzearen arrazoi nagusia. Edozein modutan, azken urteetako ikerketek, izozteak hobeto jasaten dituen eukalipto espezieren baten bila jo dute, bere ustiaketa zabaltzeko asmoarekin.
Tamaina handiko zuhaitza da eta erraz gaindi ditzake 50 metroko altuerak, Penintsulan ezagutzen den alerik handiena Lugon dago eta 80 metroko altuera eta 6 metroko zirkunferentzia ditu.
Erraz bereiztuko dugu enbor azalerari erreparatzen badiogu. Grisazka izaten da, zaharkitutako azal zirrindak zintzilika dituela ikusiko dugu, azpialdean azal berri eta zuriska prest izaten duelarik. Bestalde, bitxia da bere hostoei gertatzen zaiena. Ale berean bi motatako hostoak ikusiko ditugu, alde batetik hosto borobilskak ikusiko dizkiogu, hauek hosto gazteak izaten dira, eta bestetik igitari formako hosto luzeskak topatuko ditugu, hauek berriz, hosto zaharrak izaten dira. Fenomeno hau, botanikarien artean heterofilia izenez ezagutzen da

Koniferoak jaun eta jabe eta gaztainondoak gaitzak jota
Garai bateko basoei buruzko informazioa, gutxi edo gehiago, topatzen da horretan jarriz gero. Askotan testu zaharretan begira hasi eta bertan aurkitzen diren deskripzioek laguntzen digute horren berri jakiten. Askoz ere zailagoa izaten da ordea, baso haien egitura eta azalerei buruzko datu zehatzak aurkitzea. Bada, 1784. urtean Espainiako estatu osoan burutu zen baso inbentario bat eta esan beharrik ez dago datu hauek balio handikoak direla, ez baitago garai haietako beste daturik.
Espainiako Marina Realaren aginduz burutu ziren zuhaitzen kontaketa hauek guztiak. Udalerri bakoitzak galdetegi moduko bat bete behar izan zuen zuhaitz espezieak, kopuruak, adinak eta abar zehaztuz.
Bide batez, 1990. urtean «I. Gerriko idazlan sariketa» irabazi zuen lana lerro hauetara ekartzea interesgarria iruditu zaigu. Mikel Sarriegi mendi ingeniari beasaindarrak Gipuzkoako Goierriko basogintzak XVIII. eta XX. mendeen artean izan zuen bilakaera aztertu zuen orduan. Lan honetan, lehen aipatu dugun 1784. urteko baso kontaketaren datuak, 1986. urteko datuekin alderatzen dira eta egia esan ondorio interesgarriak topatu daitezke bertan.
Kuadro honetako irudi horietan ikusten den moduan, 200 urte horietan Goierriko zuhaitz estaldura bikoiztu egiten da. Emendio honek noski, nekazal lurren galera eragin du eta horretaz gain, ugaldu diren zuhaitz espezieak kanpotarrak dira, koniferoak, bertako espezieak atzerakada jasan duten bitartean.
Deigarria da, bestetik, berrehun urteko bitarte horretan, gaztainondoak % 87 gutxitu direla behatzea. Neurri handi batean gaitzek eragin dute beherakada hori


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


Eguneraketa berriak daude