"KANPAINA AHULEZIAREN AGERPENA DA"

  • Hitz egiteko inolako arazorik ez eta gai guztiak jorratzeko prest. Inauteri garaia izaki garai bateko inauterien esanahia eta gaurkoaren artean dagoen desberdintasun itzela azpimarratu du.Nafarroako Euskara Kontseilutik kanpo geratu berri den etnografoak kanpainak ez dituela oso gogoko ere aitortu digu.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lehenik eta behin, inauteri garaian murgildu berri garenez, askotan inauteriak lotu zaizkio euskal izaerari, euskal munduari, nolabait galtzen ari omen den euskal senari. Beste batzuen ustez ez dago lotura handirik. Nola ikusten duzu?
Inauteriak ez du aurpegirik. Inauteria da aldian aldiko karatula eta disfraz hori irekia da. Eta beraz ez da Euskal Herrikoa, ez da beste toki batekoa. Irekia da eta denbora guztietan izan da. Inauteria topagunea da eta bertan dabiltzan pertsonek egiten dute inauteria.

Orduan hemen berezia dena, ezberdintasuna, hizkuntza da.
Herri bakoitzak, noski, inauteriak egiten ditu bere nortasunarekin, bere hizkuntzarekin eta ez hori bakarrik. Inauterien berezitasuna da, beti aldakorra baita urteko edo une hartako arazo bat. Beti salaketa bat izan da inauteria.

Zuberoako maskaradetan bezala...
Eta garai batean zen, horregatik debekatzen zituzten, urteko agintarien akatsak plazaratzea. Markitosek Zalduondon bertan izan ziren alkatearenak islatzen ditu, eta herrian eskandalo bat izan zen eta bazen hori alde batetik. Hori ere inauteriaren zati bat da. Beraz, ez da errepikatzen. Horregatik esan dut berak ez duela aurpegirik. Plaza ireki bat bezala da. Eta esan dut denbora guztietakoa dela. Hasieran egiten ziren inauteriak eta oraingoak ez dira berdinak eta ez dute helburu berdina, inola ere. Hasierakoak kanpora begira ziren. Pertsonak egiten zituen baina urte sarrerakoak ziren eta urte berriari ez zioten festa egiten baizik eta nolabait beren bidea prestatzen zioten horretarako zeuzkaten tresnekin, erritoekin. Erritoa zen, karatula. Ez zen pertsonaren gauza baizik eta momentu baten gauza sakratua.
Oraingoa, alderantziz, barnera begira da. Guk urteren buruan karatula eramaten dugu, disfraza, antifaz, urte guztia. Bere karguan baldin bada, muga honeraino egin dezake, beste hau ez. Eta forma batzuk gorde behar dira. Muga batzuk errespetatu behar dira. Kontsumismoa eta beste dela-eta, geu oso zokoratuta gaude, berdin sentimenduetan eta beste gauzetan. Orduan, norbaitek inauterietan bere urte kutsura hori, bisitako tarjeta hori estaltzen du hain zuzen ere horren babesean ezkutaturik zegoen gizona ateratzeko eta bere barne indar ezkutuak kanporatzeko. Oso gauza konplexua da inauteria.

1512-1522
Zertara zoaz? 1512? Bai, eta orduko ondorioak ditugula orain? Bai, honela da eta Duque de Albak egin zuen herri hau (Arruazuz ari da). Duque de Albarena zen, baina berandu arte, eh! Hori 1512-1530eko ondorio bat da eta jabetu zen Nafarroako parte gehienaz eta orduan markaturik gaude fetxa horrekin. Bistan da. Alde guztietatik.

Behin, Iruñean, konkistaren 475. urtemuga zela eta, oroitzen naiz zuk bertan esandakoaz, hots, harrigarria zela Nafarroan oraindik euskara bizirik egotea...
Bai, erasoengatik. Beharbada, era berean, erasoengatik iraun du. Ez dakit. Baina harritzekoa da. Burua garbitu digute. Beti mespreziaturik, beti «habla en cristiano, con éso adónde vas», erdaraz beti, «a dónde vas con éso» eta... Eraso izugarria. Guri ere. Gure denboran ere. Eta aurrekoei pentsa, eskolan sarrerarik ez zutenean, euskaraz ez zuen sarrerarik eskolan. Bai, harrigarria da, mirari bat da.

XVI. mendeko ezkontza klandestinoak Nafarroan, euskaraz, badirudi orduko gizartea islatzen digutela, edo baliagarriak dira ezagutzeko errealitatea guztiz ezberdina zela, beste bat zela. Nola zen gizarte hura, garai horretakoa justu?
XVI-XVII. mendean?

Nire ustez XVII. mendean oso aldatua jadanik. XVI. mendean zehar...
Ondorioak dira. XV. mendetik. Hor, argi berri bat da datorrena. Berpizkunde honek gauzak aldatzen ditu, ez denak. Lehenagoko mundua hor zegoen eta berandu arte egon da. Aldatzen dena da forma, itxura, legea. Zeren egia da oso egoera desegokira iritsi zela. Gizonak emakumeak irentsi behar zituen. Emakumeak ez zeukan defentsarik. Eta orduan Trentok ipintzen du ziurtatze bat, pertsona bakoitzak ardura har dezan. Eta hortik dator prozesu hori guztia. Neska batekin ibili, berarekin haurra izan eta gero ukatzen du, hitzezko ezkontza baldin bazuen ukatzen du eta beste batekin joaten da. Emakumea gelditzen zen bazterturik. Sekulako desmadrea zegoen. Gauzak ez ziren burutazioz ipini. Beharrezkoa zen nolabaiteko bideratze bat. Gero dator, orduan, aldaketa hori, legeztatzea, baina ez zentzu txarrean baizik eta parte ahulenaren defentsan. Gauzak esan behar dira era guztietan. Eta hortik aurrera emakumearentzat ez zen askoz hobea izan, eta orduan, gure denboraraino emakumeak ja ez zeukan eskubiderik berak gehienetan gure herrietan aukeratzeko bere amodioz ezkontza. Gurasoek egiten zioten eta askotan berarekin kontatu gabe. Hor dabiltza hainbat eta hainbat istorioa. Emakumea erabiltzen zuten interesen arabera.

Eta lehenago ezberdina zen?
Denetatik izan da baina hori ja legeak ekarri du. Hasieran neska batek eta mutil batek hitza ematen zioten elkarri eta kito. Hori zen ezkontza. Eta hori izan behar luke: Ezkontzen oinarri bakarra maitasuna da. Baina gero maitasuna saihestu eta beste interes batzuk eta grinak sartzen direnean badator erabateko desden. Leialtasuna galtzen duenean pertsona ja ezin da horrela jokatu. Beti galtzaile bat izango da, leialtasuna ez duenaren aurrean leialtasuna duena beti galtzailea izango da. Eta ez dago eskubiderik horretarako. Orduan nagusitzen da legea nolabait hori bideratzeko, baina desbideraturik zegoenak legeari ere itzulia hartzen dio eta orduan beti egon da, azken mende honetan, gure denbora arte, askotan gizonak ere ez zuen ezagutzen bere ezkontzeko emakumea. Gurasoek egiten zioten eta kito. Hor daukazu Urdiaingo pazkoetako kantua, erromantze bat da, mutilak abesten dio bere maitale, egun hartan ezkontzen denari, beste batekin ezkondua, biek elkar maite dute eta beste batekin ezkondu da neska. Hori arrunta zen, normala. Amodioa ez zen aintzat hartzen. Hori ere aldatu da eta orain beste egoera batean gaude. Amodioari indarra eman nahi izan zaio baina beldur naiz ikusten ari diren gauzekin. Erdi Arokora goazela. Egin, desegin... Ezin da ez bata eta ez bestea. Ez legea honelako gogortasunarekin ez eta legerik gabeko bidea, zeren eta lehengokora joango gara.

Euskara Nafarroan: 1935, 1975, 2000.
Euskara Nafarroan orokorrean hobeki dago 1955ean lanean hasi ginenean baino. Orduan dozena erdi bat ginen euskararen gauzetaz arduratzen ginenok. Eskolan sarrerarik ez genuen eta hasi ginen ordu erditxo bat diputazioaren babesean sartzen eta kostatu zitzaigun, Altsasun ere, ateak irekitzea. Egoera hori galdu da. Zorionez gaur euskarak badu sarrera, hutsune askorekin, baina eskoletan. Gaur gazte jendea, orduan ez bezala, euskara ikasteko nolabaiteko erraztasunarekin dator. Eta pixkanaka-pixkanaka baita ere prestigioa esaten dena, ematen ari zaio euskararen gauzei, ez dute far egiten, behintzat. Alderdi hartatik asko irabazi dugu.
Orain, ez da dena urre. Guk uste genuen euskarari eta euskaraz okupatzen zirenei laguntza etortzen zitzaiolarik, ogibidea sortzen zelarik, horrekin aski izango zela. Zoritxarrez toki askotan eta pertsona askorentzat ogibide hutsean gelditu da eta zaletasun gutxi, uste dut. Eskolan euskaraz eta irakasle asko, handik atera orduko erdaraz elkarren artean. Eta hori on egitea baino kalte egitea da haurrei.
Orduan horrek ditu alderdi onak eta alderdi txarrak. Eta azkenean esaten da, bueno, hainbeste mila haur ikastoletan, eskoletan dago Euskal Herrian eta Nafarroan ere bai, ja euskararekin kontaktu izan dutenak. Eta zer gertatzen da hauteskundeetan? Ba euskararen aurkakoei boto ematen zaiela. Lehengoan, Iruñeko irratian izan dut saio luze bat, hor zeuden Markotegi eta Arteta eta bueno... Eta ateratzean Markotegik esan zidana: «bai, bai, Joxemari, hik nahi dukena esango duk baina hire lurraldean eta euskaldunen artean gure partidoak gehiengoa dik». Zuk erantzun horri eta horrek ez dauka erantzunik. Orduan, euskara bai, baina sentitzen da? Eta gure helburua zaintzeko prest gaude? Nik ez dut ikusten eta hor daude hauteskundeak. Gero eta euskaldun gehiago gara eta gero eta indar gehiago daukate etsaiek. Eta nahi dutena egiten dute. Eta gero aurpegira esan. Orduan ezin gara ametsetan ibili. Behar dira ikusi alderdi onak baina baita ere ikusi zailtasunak eta gu gure aldetik ustez zailtasunak egon behar duen tokian dugun jokabidea. Eta aurkakoa da. Hori horrela da.

36an moztu zen bidea hobea zen?
Ez zen hobea. Han ere borroka egin zuten, borroka handiarekin ateratzen zituzten gauzak aurrera. Ez zuten honelako setakeriarik agintarien aldetik, hori egia da. Oraingo setakeria hau, maltzurra, ahul, ahula beren jokabidea pertsona aldetik, baina indarkeriaz jokatzen dute eta agintea berek dute, eh! Nik Migel Sanzi aurpegira esan nion kontseiluan, nik Francoren denboran borroka handia egin dudala, hogeita lau orduak euskaraz irratian lortzeko, neuk egin nuela gestioa komisio mistakoa bainintzen, kontseilu generalean gobernu aurretik. Eta Madrilen aiseago lortzen genituela gauzak, hemen oztopo gehiago daukagula. Eta esan dit: «Zer, haren garaiaz orain?», pentsa ezazu, nik borroka egin eta harenaz ari banaiz bere buruari zein harria bota dion! Ez da konturatu! Baina kalte egiten dute eta agintea daukate, eta gu aginte horretara ez gara joan aginte horretaz baliatzeko eta honela gabiltza!

Batzuen ustez Nafarroak aspaldi galdu zuen bere nortasuna, euskararekin batera beharbada. Hainbat herritan jaso dena: «Sí, aquí había vascos, el abuelo tal aún sabía, pero se murieron». Nahiz eta berreuskaldundu, sentimendua galdu da?
Ezin dut esan galdu denik edo ez denik. Batzuek galdu zuten eta beste batzuok ez dugu galdu. Hori ezin da esan. Denetatik dago eta gaur badaude abertzale sutsuak, ez politikan, hitzetan esaten dute baina ez naiz batere fidatzen, baina badaude euskaldun sutsuak ere.
Euskararekin oso gutxi lor daiteke. Pragmatikoki eta hortik jokatzen dute gaurko izpiritu, arima galdu duten gure agintari eta abarrek, ez du merezi sosik botatzea euskararen alde. Ingelesa hobe. Eta hori normala da gaur mundu materialista batean baikaude. «Bai, horrekin jango duk» esaten zidaten hasi ginenean, dozena erdi bat txotxolo ginen 1955ean. «Bai, horrekin jango duk. Bai, apezok ez duzue familia hazi beharrik eta, galdu dezakek denbora gauza horiekin», aurpegira esana da hori, eh!
Bueno, haiek galdua zuten arima, 36ko gerra batzuk gorputzez hil zituen, baina gorputzez honera etorri zirenak ere arimaz hilik zeuden. Eta herri honetan bertan, Arruazun, maistrua etorri zen, herriko semea, euskaldun peto-petoa, bere aita eta ama ziren bezala, eta ez zekiten erdara gehiegirik, eta aitari esaten: «Zertarako hitz egiten diezu euskaraz seme-alabei, zein kalte den hori, eskolarako eta, egin ezazu erdaraz mesedez».

Lizarra-Garaziko akordia. Balorapen bat.
Nik esan dizut politika aldetik ez naizela gai. Hain zuzen ere hori beste ekintza bat da eta beraiek eman behar dute bere neurria, horretan dabiltzanak eta aski lan izango dute. hala eta guztiz ere, aspaldiko urteetan, orain momentuan fruiturik emango ez badu ere, argi printza bat edo zentzun onaren abiada bat behintzat ikusten hasten da, zeren orain arte gure bizian euskaldun sentitzen garenok ez dugu elkartzeko adorerik izan. Eta bai elkar ezin ikusiz, zatikatuta biziz. Eta hortara ez dago eskubiderik. Euskaldunon eta abertzaleon etsai nagusia euskaldun eta abertzalea izan da, ez beste etsaiak. Orain aipatu duzun Lizarra-Garazikoarekin eta, behintzat asmo itxaropentsu bat badago. Gu euskaldunok biltzen bagara guztien ideiak errespetatuz, senide bezala, urrats handia izango da. Ez dakit zein ondorio aterako den. Nahi nuke zuhur jokatuz eta hortik euskaldunok nolabaiteko lotura bat ateratzea. Hori egundoko jauzia da, aurrerapena izango litzateke. Asmoak txaloa merezi du.

Ekainean hauteskundeak dira eta Nafarroako Gobernu berria. Euskara garaile aterako da?
Nik egunean egunekoa nahikoa dut. Beldur naiz ezetz.

Bateginik, bai euskarari, eta bihar?
Kanpainaz leporaino nago. Onddoak udaberrian bezala, agertzen dira kanpainak bazter guztietan, eta onddoen iraupena oso motza izaten da sasoian. Eta horiek bezala, kanpaina askoren ondorioak desbideratu dira, edo galdu egin dira. Nik nahi nukeena da kanpaina gutxiago, zeren kanpaina baldin badago zerbaiten eskasia dagoenaren seinale da. Kanpaina gutxiagoren beharra, bakoitzak gure izaera sentituz eta bere neurrian jokatuz ez da kanpaina beharrik. Ahuleziaren agerpena da kanpaina bat

Tantoa
Sakanakoa 1930ean San Alberto Magno egunez Arruazun jaio zenetik. Gertaera horrek ikerketa eta literatur ekoizpen urte luze eta emankorretan zehaztu du bere euskaldun izatea eta bere pentsaera, sentimenduak eta euskaraz hitz egitea.
Luzaiden egin zituen apaiz lanak lehen aldiz eta Roldanen olifantea bailara osoan, Mokosailia baserriraino entzunez eta erromeroen igarotzea Irauzketa, Kapeiron eta Gorostgarai, Orreaga bidean eta pixkabat urrunago Campus Stellaen entzunez.
Kondairak, tradizioak, historiak eta mitoak biltzeari ekin zion bere lurra maite duenaren mimoz. Eta bazekien merezi dutela berreskuratzeak bere Herriaren, Euskal Herriaren nortasuna eta baloreak ezagutzeko eta ezagutarazteko.
Euskararentzako garai zailetan «Diario de Navarra»n (1961-72) "Euskal Hizkuntza orria. Página vasca"n idatzi zuen. Eta orduko giro politikoan beren hizkuntza itota ikusi zuten haur eta heldu euskaldunentzako arnas bide eta argia zen «Principe de Viana» aldizkarian ere idatzi zuen.
Ordurako Euskaltzaindiako kidea zen, akademikoa, 14 urtez Akademia honetako idazkari nagusia eta Urdiaingo parrokoa. Kargu eta tituluen zerrenda luzean, guztiak Euskararekin zerikusia dutenak, Amerikako Eusko Ikaskuntzaren Institutuko kidea eta «Fontes Linguae Vasconum. Studia et documenta» aldizkariko zuzendaria Foru Aldundiak sortu zuenetik.
«Euskal Testu Zaharrak»en antzinako euskarazko testuak bildu zituen, «Ekaitza» eleberria, «Mattin Motela»n ipuin bilduma, autoreak omentzeko liburuetan idatzitakoak, biltzarretako lanak, Euskal Herriko aldizkarietan idatzitakoak eta atzerrikoetan... Horregatik guztiagatik autore hau herri zahar baten, baina adoretsuaren, (Euskal Herriaren), kultura, izpiritua eta mentalidadearen adierazlea da


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Eguneraketa berriak daude