J
aun/andere agurgarria: Txosten honetan harrotzen den arazoak euskal kulturaren munduan garrantzirik baduela uste izan baitugu, jakingarri gertatuko zaizulakoan, testua bera eta beroni atxikiriko dokumentuak bere osotasunean igortzen dizkizugu, zuk zeure kabuz juzga dezazun». 1999ko urtarrilaren 19ko data du Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetak sinatutako gutun honek, eta berekin batera 14 orriko agiri bat dator, izenburu honekin: «Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa: Iruzurraren Eskola»; agiria 14 dokumentu dituen dosier batez osatuta dator. Pakete hau hilaren 25etik aurrera bere etxean jaso du hainbat kazetari, editore, eta orohar kultur munduko pertsona ezagunek, eta hasierako aste terdian behintzat publikora ezer zabaldu ez den arren, dosierra eskuz-esku ibili da.
Euskal kultur mundutxoa azken hogei urteotan ezagutu duenak Jokin Apalategi eta Paulo Iztueta Elkar argitaletxearekin loturik ezagutu ditu. Hogeita hamabost urtez goiti dabilen edonor oroituko da Jose Migel Beñaran `Argala' zenaren hitzaurrez argitaratu zen «Los Vascos de la Nación al Estado» famatu hartaz. Paulo Iztueta hasierako Bilintx liburudendan ezagutu zuen askok, artean UZEI existitzen ez zenean, are gutxiago gaur lan egiten duen Unibertsitatea. Jokin Apalategi Iparraldeko euskaltzaleak Pannecau karrikako Zabal liburudendarekin lotuko du berehala, bere emaztea den Maite Idirin bezala. Paulo bezala Jokin ezagunak dira ezker abertzalean, Apalategi UEUren «Uztaro» aldizkariaren zuzendaria da, eta biak ere dozena erdi bana libururen egile dira.
Bi irakasle eta idazleok agiri honekin zera salatu dute: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren sorrerarekin Elkar argitaletxea eta Zabaltzen banatzailea kudeatzen dituzten arduradunek, biei argitaletxean omen duten % 40aren lapurreta egin dietela eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren sorrera horretarako antolatu duten iruzurra dela. Gainera, plazaratu duten dosierra lehen entrega dela iragarri dute.
«IRUZURRAREN ESKOLA».
1996ko azaroan plazaratu zen Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, eta oihartzun zabala izan zuen gertakari hartaz abenduaren 8ko ARGIAn eman zuten hainbat argibide Marijose Irizar Fundazioko lehendakariak eta Josemari Sors Patronatuko kideak.
«Orain ez dago atzera bueltarik: gure ondasunak kulturarentzat dira» esaldia zeraman izenburuan Ritxi Lizartza eta Maite Artolak egindako elkarrizketak, eta Fundazioko partaideen artean Jokin Apalategi aipatzen zuen ARGIAk, Fundazioaren organigrama izeneko lauki berezian, nahiz eta Patronatuko kide bezala Jokini oker batez abizena kanbiatu zitzaion (Arratibel). Bi arduradunek zioten orduan:
«Ondasun guztiak igaro dira Fundazioaren eskuetara» eta aurrerago,
«Elkarrek jarraituko du, Zabaltzenek jarraituko du, Bilintxek... (...) Orain Fundazioa da jabea».
Zabaldu duten idatzian, Fundazioaren sorreraren ikuspegi erabat alderantzizkoa ematen dute Apalategik eta Iztuetak. Orain diotenez, ez zuten onartu 1997ko uztailean Elkarren zeukaten jabego zatia Fundazioaren lehendakari izango zen Marijose Irizarren (Joseba Jaka zenaren alarguna) esku uztea, Elkar eta Ttarttalo argitaletxeak eta Euskal Kulturgintza (Zabaltzen) banatzailea ez dira pasatu Fundaziora eta ez da
«ez inon ez inoiz ez ezertarako agertzen Emankor S.L. finantza erakundea, ezkutuan gordez egiazko jabetza guztien matriza, hor aurkitzen baitira bildurik hiru sozietate horien ondare-ondasunak eta besteak, higiezinak eta higikorrak». Apalategi eta Iztuetak diotenez,
«geroztiko ikerketek erakutsi digute Fundazioarena funtsean aitzakia maltzur bat besterik ez dela izan, zehazki landutako plangintza bat, injinerutza sofistikatu baten obra gaitza, gu legez Elkarreko jabetzatik kanpo uzteko espreski asmatua».
Txostenaren hurrengo atalean Baionako megadenda proiektua jorratzen dute bi idazleok. Joan den udazkenean plazaratu zen Baionako Herriaren eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren arteko hitzarmena Baiona Ttipian megadenda bat zabaltzeko. Aipatu dokumentuan, Zabal liburudendako zenbait kideri leialtasunaren sari lanpostuak eskaintzen zaizkiela eta aldiz hasieratik hor den Maite Idirini (kantari ezaguna eta Apalategiren emaztea) langabezia agindu zaiola.
Fundazioaren sorrerako prozesu honetan bi irakasle idazleon eta enpresetako arduradunen artean egon den beste eztabaida bat argitaletxean «Pentsamendu landuaren saila» izeneko proiektua martxan jartzearen inguruan izan dute.
Deskribitzen duten honen guztiaren erantzule zazpi pertsona izendatzen dituzte Paulo Iztueta eta Jokin Apalategik:
«Zazpi aberats berri eta hiru familia: Jaka, Sors eta Lizarragaren holdingak». Eta horiei Fundazioaren sorrerarekin kolektibo baten ondasunak pribatizatzeko eta euskal kulturaren merkatuan egindako kapital metaketa pribatua ezkutatzeko xedez jokatu dutela aurpegiratzen diete, Elkar ixterakoan 1996ko ekaineko uholdeak ere aitzakia gisa erabiltzea bezala. Eta Elkarreko langileentzako ere badute zer esana:
«Zertara dator patroien eta langileen arteko elkar aditze itsusi hori inolako arazorik ez den lekuan?».
Hauek eta beste hainbat xehetasun eta balorazio dakartzan 14 orriko idatzia, enpresa eta talde barruko hainbat agiriz, errejistroetan dauden eskritura publikoen fotokopiekin eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eta hizpide diren enpresa eta taldeen organigramarekin banatu dute, lan honetan Joxemartin Apalategi irakasleak lagundu diela eta lehen entrega baino ez dela argituz.
ARGIA idatziaren egileekin ipini da harremanetan, eta hauek inolako polemika edo gatazkatan sartzeko asmorik ez dutela adierazi digute. Ahalik eta jende gehienak beren idatzia eta horri erantsitako dokumentua bere osotasunean ezagutzea nahi dute, eta baldintza honen gainean daude prest debate batean sartzeko.
«KALTE EGITEKO GOGOA».
Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko kudeatzaile den Mikel Arrizabalagarekin harremanetan jarri zen ARGIA, eta honek otsailaren lehen astea bukatzerako erantzun ofizial eta ondo dokumentatua izango zela adierazi zuen.
Otsailaren 4ko data daraman gutunean, Mikel Arrizabalagak dioenez, Apalategi eta Iztuetaren
«dokumentu horretan esaten den guztia gezurra dela» frogatzen duen txosten bat eskaintzen du. Biek zabaldutako
«susmo gaizto horiek, interpretazio maltzurrak, tesitzat ematen diren azpijokoak, ez dute zerikusirik errealitatearekin». Eta aldiz iragartzen du «
Fundazioak bere bidea jorratzen jarraituko duela, euskara eta euskal kultura sortu, garatu, zabaldu eta indartu egin nahi duten guztiekin batean».
Gutunarekin batera zenbait dokumentu. Batetik, 1999ko urtarrilaren 28an Fundaziopeko enpresen jabe direnek notarioaren aurrean sinatutako dokumentua, non berresten duten 1996ko maiatzaren 27ko dokumentu pribatua, enpresa guztiak, baita Emankor SL, transmititzeko konpromisoa. Notario aurrean sinatu dutenez,
«zain gaude oraindik ere Gipuzkoako Foru Aldundiak noiz prestatuko transmisio horretarako formula fiskala, eta hark jakinarazi bezain laster gauzatuko dugu transmisio hori».
Fundazioak erantsitako beste dokumentu bat, Baionan 1999ko urtarrilaren 29an 29 "elkarkidek" sinatutako agiria dator. Honetan, Apalategi eta Iztuetaren jokabide desleiala salatzen dute, beren historiaren faltsukeria, eta hauei gogorarazten dieten 96ko ekaineko biltzar nagusian berek ere sinatu zutela Fundazioaren sorrera prozesua. Sinatzaileen artean Gexan Alfaro, Joxe Azurmendi, Battitta Larzabal, Argitxu Noblia, Joxe Manuel Odriozola, Pantxoa eta Peio kantariak eta Joan Mari Torrealdai.
Hirugarren agiria Elkarreko langileena da. Hauek bat datoz enpresak Fundazio bihurtzearekin, aldaketez informaturik egon omen dira eta
«ondasun guztiak fundaziora transmititzeko prozesua bide onean doala sinesten dugu, epeak betetzen ari direla, eta horrenbestez, ez dagoela inongo iruzurrik».
Azkenik, Fundazioak berak argitasun batzuk zor dituela uste du,
«froga gabeko susmo txarren gainetik egia bere lekuan ezartzeko». Fundazioak ziklo bat itxi eta berri bat etenik gabe ireki duela esanik, dio
«Fundazioaren sortzaile diren kide kudeatzaileek beti izan dutela garbi beraiek sortu eta kudeatzen zituzten enpresa guztietako ondasunak euskal kulturara itzuliko zituztela». Aurrerago diotenez, tramitazio administratibo eta juridiko guztiak burutzean,
«Fundazioan egongo dira goian aipaturiko kideenak diren enpresa guztiak: argitaletxe, banaketari eta denda. Eta Emankor ere bai, noski, beti garbi egon den bezala». Eta ororen buru, Apalategi eta Iztuetari aurpegiratzen diete:
«Azpikeriazko bestelako helbururik egoztea irainka aritzea da, sortzaileei min egiteko asmoz eta Fundazioari kalte egiteko gogoz».
Bi idazle ezagunen salaketa hor dago; euskal kultur industriako talderik indartsuenaren (eta tartean beste kulturgizon ospetsuen) erantzuna ere bai. Batzuek eta besteek beren buruen eta beren proiektuen izen ona eta prestijioa dituzte jokoan. Gerra luze, gogor eta sonatua izango dela dirudi