MUNDUKO ABIADA ZOROAREKIN AURREZ AURRE

  • eta 10 urte espetxean iragan dituzten lau euskal presorekin. Oraingoan mahainguru bereko gai zehatzagoez jardun dugu, gauza arruntagoak, espetxeko eguneroko bizimoduari lotuagoak.

2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Espetxeko eguneroko bizitzaz jardun dugu. Espetxetik kanpokoaz ere bai. Sentimenduak, beraien arteko harremanak, ihesaren griña... Begoña Sagarzazu (10 urtez preso), Jose Miguel Azurmendi (18 urtez), Juanito Nazabal (18) eta Jose Antonio Torre Altonaga, `Medius' (19) ditugu mahainguruan. Hona mahaigaineratutako pasarteren batzuk, preso sozialena esate baterako.
JUANITO NAZABAL.
Azpimarratu behar da preso sozial askoren jarrera ona. Batzuek laguntza handia eman digute.

`MEDIUS'.
Madrilen Aznarren aurkako saioa izan zenean Navalcarneron lau euskal preso geunden, bakoitza modulo batean sakabanatuta, eta eskuindar preso talde baten aurrean nik sekulako babesa jaso nuen preso sozialen aldetik. Kafe batzuk ordaindu edo tabakoa ematen diezulako, adibidez, biziki eskertzen dizute.

B. SAGARZAZU.
Tenerifen jipoitu nindutenean ni isolatuta nengoen baina nire patiotik beraienera bazegoen ate bat eta leiho bat, eta ikusiaz bat nola jipoitzen ninduten horma gainetik gauzak botatzen hasi ziren ni ezagutu gabe. Bost neska zigortuak atera ziren 14 egunez. Guri laguntzeagatik batzutan preso sozial batzuk hilabeteak beranduago atera dira espetxetik eta hori izugarri baloratzen duzu.

Preso sozialen artean `fies presoak' bereizten dituzte, garai bateko COPE erankundearen filosofiari jarraitzen diotenak, hau da, beraien duintasun pertsonalaren alde egitea, horretarako espetxe sistemari aurre eginez. 50en bat dira eta sakabanatuak daude.
J.M. AZURMENDI.
Espetxeko GAL antolatzen saiatu ziren zenbait presorekin baina ez zuten asmatu. `Fies' batengana jo zuten eta honek saiakera salatu zuen.

J. NAZABAL.
`Fiesak' saiatzen dira gurekin harremanak izaten, beraiek ere guk bezala espetxe sistemari aurre egiten saiatzen direla adierazten digute.

B. SAGARZAZU.
Espetxe erregimenari aurre egiten dioten bakarrak dira. Preso sozialen artean, oro har, ez dago salaketarako jarrerarik eta «janaria gaizki dago» izugarria da beraientzat; hau esatean bizpahiru elkartzen badira, espetxeak matxinadatzat hartzen du. Emakume sozialen artean espetxearekiko menpekotasuna are handiagoa da eta funtzionario emakumeen kontrola ere zorrotzagoa. Zure bizitza pertsonaleko gauzarik txikienean ere sartzen saiatzen dira.

J. NAZABAL.
Aitarena, amarena, eta abokatuarena egin behar duzu sarritan beraiekin. Gu ideologikoki indartsu gaude baina beraiek ez eta egoerari aurre egitea oso zaila egiten zaie.

J.M. AZURMENDI.
Sarritan guregana etortzen dira beraien dirua zaindu dezagun. Beraien artean arazo handiak izaten dira eta. Huescan talde batek besteari dirua kentzen zion eta taldea etorri zitzaidan niri ea dirua gordeko genien; behar zutenean eskatzera etortzen ziren: «emaizkidazu 20 hogerleko».

`MEDIUS'.
Espetxeetan degradazio handia dago eta horrek kementsua zen presoa ere etsipenera eraman du.

Iragan asteko kontakizunetan makinatxo bat une gogor agertu ziren. Une gogor hauek beste erabatekoak dira. Pertsonalagoak agian baina kolektiboa ere hor ageri da beti.
J.M. AZURMENDI.
Kolektibo bateko partaide sentitzen zara eta badakizu bakarrik egonda ere haren babes humanoa eta politikoa duzula.

B. SAGARZAZU.
Egoera gogorrak sortzen dira isolamenduaren ondorioz eta batzuetan zure ezintasuna kidearen aurka bihurtzen duzu; horrelako hanka sartzeaz konturatzen zarenean horrek mila jipoik baino min handiagoa egiten dizu.

J. NAZABAL.
Niretzat une gogorrena aitaren heriotza izan zen.

J. M. AZURMENDI.
Niretzat `Kirruli' (Joseba Asensio) eta Mikel Lopetegiren heriotzena. Ordura arte bagenekien kartzelak min egiten zuela baina beharbada une horretan konturatu ginen kartzelak hil ere egiten zuela. Duela gutxi lagun batek bere buruaz beste egin zuen eta Mikel etorri zitzaidan burura.

J. NAZABAL.
Nik ikusten nuen kartzela jaten ari zela Mikel. Zama handia atera dugu espetxetik, ez gara kaleko jendea bezala eta espetxearen eragina gainean dugu, eragin gogorra.

`MEDIUS'.
Jakina, supergizonak ez gara.

Harreman pertsonalak biziki aldatzen ei dira espetxe barruan eta kalean.
J. NAZABAL.
Espetxean pertsona bat kalean hamar urtetan baino gehiago ezagutzen duzu. Kalean azaleko harremanak izaten dituzu sarri, barruan oso sakonak. Zure akatsak eta mugak ezagutzen dituzu barruan.

B. SAGARZAZU.
Kalean estimulu pila bat duzu, barruan gutxi.

`MEDIUS'.
Logroñon, nire azken espetxean, ezagutu bai baina inongo harremanik ez nuen kide batekin egotea egokitu zitzaidan eta sekulako harremana egin genuen. Biok geunden bakarrik, berak nigan babesa zuen eta nik berarengan. Bada, gaur egun –berak ez zuen familiarik–, nire familia joaten zaio bisitan, nik baimenik ez dudalako.

J. NAZABAL.
Egoerak asko baldintzatzen ditu harremanak. Denak batera geundenean batzuekin hitz egin ere ez zenuen egiten. Gure artean tirabirak sarritan tontakeriengatik izaten ziren, kontu pertsonalak, ezberdintasun politiko txikiak...

'MEDIUS'.
Edo futbolean liskarren bat izan zenuela...

J. NAZABAL.
Bai, bai. Gero sakabanaketaren aurretik harremanik ez nuen batekin egon naiz sei urte modulo berean eta egundoko lagunak egin gara. Ez genuen uste horren ondo konponduko ginenik.

Azkenean urte mordoska pasatu ondoren, kalera. Kontrastea nagusitzen da.
B. SAGARZAZU.
Batzuetan atearen aurrean geratzen zara, noiz irekiko den zain; maldan behera erori behar nuela uste nuen beste behin, espetxean ez baitago maldarik –sekulako barreak egin nituen–, eraikuntza berriak, krisia ez da ikusten inon...

`MEDIUS'.
Duela hogei urteko errealitatearekin konparatuta kalean egundoko abiadura dagoela ikusten duzu, jendea presaka ari da etengabe, gizakiak ala robotak diren galdetzen diot neure buruari. Gorbeara igo eta han morroi bat telefono mugikorrez hitz egiten. «Txoratuta hago txo!». (

Barrez esaten ditu azken esaldiak eta barre artean jarraitzen du berriketaldiak).

J. NAZABAL.
Jendea bizitzen ari da eta ez da konziente hortaz.

B. SAGARZAZU.
Erritmo karibeñoarekin ateratzen garela esaten dute. Dena den badago zerbait gogorra, desfase bat badagoela konturatzen zara, denbora bat pasatu da eta zuk ez duzula zure adinekoekin batera eboluzionatu.

`MEDIUS'.
Hemeretzi urte espetxean egon ondoren atera eta hutsetik hasten zara, ezin zara denbora horretan guztian galdutakoa berreskuratzen hasi, hori lelokeria bat litzateke. Barruko denborak merezi izan du, jakina, baina orain kalean gizaki berri bat naiz eta gauza berrien bila noa. Ikusten badut auto bat automatikoki zabaltzen, bada barrura! (barre artean).

J. NAZABAL.
Zure burua prestatzen duzu eta gauza askorekin ez duzu horrenbeste ezusteko baina beste gauza batzuek norberaren kontroletik kanpo geratzen dira, batez ere jendea nola hazten den... Halako batean etortzen zaizu lagunen bat eta bere semea, adibidez, eta semea goitik behera begiratzen geratzen zara, «baina zer da hau!», esaten duzu. Hogei urte pasatu dira.

B. SAGARZAZU.
Gauza oso interesgarriak gertatzen dira. Adibidez, preso egon zarenean zu zara nolabait zentroa, lagunena, familian, kalera atera eta ongietorria... Baina gero bat-batean konturatzen zara munduak bere martxa jarraitzen duela eta zu martxa horretatik kanpo geratzen zarela. (Zurrumurrua nagusitzen da eta baieztapenak entzuten dira «bai bai, eta a zer martxa!», dio Nazabalek.)

`MEDIUS'.
Ni afari guztietara joaten naiz.

J. NAZABAL.
Bada, nik ezin dut. Badakizue Gabon Eguna nola pasatu nuen? Etxean bakar-bakarrik, saldatxo bat hartu, zainzuri lata bat zabaldu eta gustura! Lasaitasuna behar nuen eta agian zenbait jarreren aurka joateagatik ere bai. Iruditzen zait duela hogei urte beste ilusio bat zegoela kalean, bazirudien gauzak errotik aldatu behar genituela... orain badirudi gauzak automatikoki egiten direla.

Ihesa ei da preso guztiaren betebehar nagusia, ahal izanez gero bederen. Ihesa, alabaina, modu desberdinetan bizitzen da garaia eta espetxeen arabera. Guri Azurmendik egin digu ihes, jadanik ordu batzuk badaramatzagu berriketan eta berak lana zain du.
`MEDIUS'.
Hasierako urteetan ihes egiteko ehundaka saio egiten genuen. Egunero zuloak nola egin edo beste zerbait asmatzen ari ginen. Soria eta Carabanchel hustu bazituzten erabat minatuta zeudelako izan zen. Zuloak benetan nora zihoazen batek daki! (dio barrez mungiarrak, eta txantxa giroan jarraitzen du Nazabalek).

J. NAZABAL.
Sekulako informazioa genuen beti! Sartu zuloan, lurra toneladaka atera, ezkutatu, sekulako hotza pasatu... Prozesu bat da. Hasieran goitik eta behetik ihes nola egin pentsatzen ari zara; azkenean ikusten duzu han egon behar duzula, ikasten hasten zara... espetxean zure bizimodua antolatzen, alegia


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Eguneraketa berriak daude