"EUSKAL DEPARTAMENDUA, NOIZBAIT ZENDAKO EZ?"

  • politikaren garapena «izozturik» duela salatu du Abertzaleen Batasunak (AB). Guk artean, Zuberora jo dugu. Maule kantonamenduko kontseilari nagusiarekin solastatu gara.

2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
J

ean Pierre Mirande zaitugu, `Pepela' lagunentzako. Zuberotik kanpokoentzat xehetasun gehiago emanen al zenidake? Noiztik politikan, eta zertarako?
Bada 22 urte, Maule ondoko Garindaine herrian kontseilaria naizela Herriko Etxean. Sarri lau urte beteko ditut auzapez gisa. Orain bortz urtetik Mauleko kantonamenduko kontseilari nagusia naizela, Pauen dagoen Departamenduaren Kontseilu Orokorrean alki bat betetzen dut Zuberoako ordezkari gisa.

Nik dakidanez, bat baino gehiago harritu egin du zu politikaren maila horretara iritsi izanak.
Udalean kontseilari nintzelarik, ene kandidatura aurkeztu nuen eta ez nuen uste erreusituko nuenik kontseilari nagusia izaitea. Bertze lagun zenbaitekilan Zuberoan gaindi ari ginen, eta pentsatu genuen bertze indar bat egin behar genuela boterearen aldetik aitzinatzeko. Bai ekonomiaren aldetik bai kultura nahiz sozial aldetik politikaren karguetara behar zela heldu pentsatu genuen. Politikaren postu altuetan parte hartu behar genuela abantzatzeko alegia. Ez politika egiteko baina ekintza zonbaitetan aitzinatzeko.

Hori orduan pentsatzen zenuen. Eta orain? Funtsean politiko bat zara, hau da zure profesioa.
Egia erran, ez nuen pentsatzen politiko gizona izanen nintzenik. Gero sartu ondoren, politikan ari behar da izan. Politikan ari naiz, baina ene pentsamendua ez da politikan.

Alta bada. Kontseilu Orokorreko hautetsi izaki, karguak ez al zaitu nahitaez politikoki zure burua definitzera behartu? Abertzale gisa agertzeko arazorik ote?
Ez dut kartarik. Ene sentsibilitate politikoa badut, baina independiente gisa jokatu nahi dut. Zuberoan zenbaitendako abertzale osoa naiz, eta bon, nik ez dut kontrakoa erranen. Euskaltzale gogoa badut, kulturaren aldetik abertzale gisa agertu izan naiz. Politikaren aldetik ez naiz abertzaletasunari arras atxikia izan. Behar delarik, abertzaleen posizioak sostengatzen ditut lotsarik gabe, ene gogoa hor baita. Gero, abertzale zonbaitek pentsatzen dute ez naizela aski abertzale. Abertzale ez direnendako sobera abertzale naiz berriz. Non da arte ona? Ez dakit. Zernahi gisaz, ez da erraz arte on bat atxemaitea. Ene gogoa da, Zuberoan denek elkarrekin lan egin dezagun, Xiberoa aitzinarazteko molde bakarra.

«Oi Zuberoa! Zer hintzen eta non hago» dio kantuak. Zertan da ordea Zuberoa. Hegoaldeko euskaldunek ez dute Zuberoa aski ezagutzen naski?
Bai segurki eta maleruski. Kanpotik Zuberoa jainko bat bezala hartua da, bai kulturaren aldetik bai mintzairaren aldetik. Zuberoan gaindi politikari so bat eginez, 14.000 mila bizizale bertzerik ez gara hemen. Aurten, bizizale-errolda berri bat eginen da eta % 10etik goiti galduko du Zuberoak. Lantegiak aspaldian flakatzen ari dira eta departamenduaren barnean gure garapena zinez tipia da, herri tipia baikara. Hartakotz, bai Parisetik bai Bordeletik nahiz Pauetik erabakiak hartzea zaila da.

Departamendua eta Erregioaren aldetik ez duzuela ukaiten behar bezain bat laguntza ekonomikoa erran nahi duzu. Erabakiak hartzea zaila zertan, konparazione?
Konparazione, diruaren partitzean. Erregio nahiz Departamenduan, aberats diren lekuetan, kostapartean konparazione, bertze maila ekonomikoa dute. Xiberoan jendea zahartzen ari da, gazteak kostalderat joaiten dira, edo Pauerat, edo Bordelerat, edo berdin Pariserat oraino ere. Gazteek indar bizia emaiten diote ekonomiari, hemen gelditzen diren zaharrek ez dute ekonomia biziarazten. Guk zer emaiten diogu Departamenduari edo Erregioari ordea? Pobre gara, gero eta bizizale gutiago. Zuberoak bere finantzamendua bere gain hartzea gauza izugarri zaila da. Ekonomiaren aldetik Zuberoa zor handietan sartua da eta orduan kulturaren aldetik ez dugu inbertsio handirik egin ahal izan. Ekonomiak du lehentasuna eta kultura heldu da gibeletik. Guk konparazione, Zuberoako Ikastolen aldeko proiektuak prestatuak ditugu, baina horiek ez dute lehentasunik Departamendu, Erregio edo Estatuarendako. Gure sakeletik ezin dugu aitzina eraman, gutxi baikara. Alta, baratxe-baratxe, hemendik bizpairu urte Zuberoako Ikastolen aldeko proiektuek ukanen dute dirulaguntza.

Frantzian, jabetasun sindikatek pisu handia dute ekonomiaren garapenean. Zuberoan bi kantonamendutan banaturik zaudete. Nola egituratuta zaudete aspektu horretan?
Oraiko sindikatek, SIVOMAk (haranetako kudeaketa ekonomikoaz arduratzen den sindikatu mota) edo kantonamenduen arteko sindikatek ez digute deus ekartzen. Proiektu baten obratu behar dugularik, herriek pagatzen dute osoki. Exenplurako, aurten Mauleko kantonamenduko SIVOMAk lantegiak laguntzeko egin duen inbertsioa. Bada, sindikata hau zorretan dago, jendeka 800 libera baizik ez baita bildu kantonamenduko. Hots, pertsona bakoitzeko sos kopuru hori baino ez dugu bildu.

Entzuna dut ordea, Atharratze eta Mauleko kantonamenduetako sindikat bakar batean bilduko zaretela. Zer ekar dezake horrek?
Eiki. Pentsamendu zenbait badira asmo hori gauzatzeko, nahiz badiren auzapez zonbait kontra ere. Elkarren kontra jartzez ez gara abantzatzen, baina ideia honen aldekoen nahia da Komunitatearen Komuna delako baten egitea Zuberoan. Zuberoa sobera tipia da, eta bi kantonamenduek badugu interes aski formula honen barnean biltzeko. Akzione ainitz bereiz eramaten ditugu aitzina eta Zuberoako sindikata oso bat antolatu behar dugu fiskalitate osoa geureganatzeko. Oraiko gisan, fiskalitaterik gabe egiten dugu anitz akzione. Gure fiskalitatea izatez, herriak bilduko lituzke hemengo profesionalen tasak, konparazione.

Sindikatarik sindikata. Badago bertze bat ere, Irati pagadiko lur komunalen kudeakuntzaz arduratzen dena; zu buru izaki. Zein da bere zeregina hain justu? Kalapitak izan omen dituzue Larraineko herritarrekin.
Mendiko sindikat hori –

Commission Syndical du Pays de Soule
–, Zuberoko eta, oro har, Bortuko lurren propietatearen gestioneaz okupatzen da. Hastapenean kabaleen zaintzaz okupatzen zen, gero ehizaz ere okupatu da, eta berrikiago turismoaz ere. Ni naiz turismo sailaren arduradun nagusia. Kalapitak izan dira bai, Larraine eta Zuberoako gainontzeko herrien artean. Orain urte zenbait Larraineri baimen bat eman zitzaion Bortuko lur parte bat bere gisara erabiltzeko. Konbentzione bat izan zen eta denak akort.

Baina ehizarekin arazo batzuk jalgi dira. Larraintarrak ez dira akort beren lur horretan ehiza libro egiteko nonbait.
Akordioa sinatu zenean denak akort ziren. Hots, larraintarrak ziren lur horien jabe nolazpait. Orain berriz, gaineratikoek erraiten dute, funtsak –

lurrak–
zuberotar guziona direla. Arazoa da, jendeak ez direla beti berak. Hau da, sinatu zutenak eta oraikoak kanbiatu dira. Baina enetako hori arazo tipi bat baino ez da, zuberotarrek baditugu egiazko problemak.

Joan gaitezen politika eremura, orduan. Zuberoa Biarnoko jauntxoei saldua omen dago.
Salduak? Zuberoa ez da saldua, eta Zuberoko hauetsiak ere ez dira ez Paueri ez Baionari salduak. Zuberotarrak gara eta Zuberoarendako arrunt ari gara lanean. Hastekorik, gu lanean aritzen gara Zuberoa ondoan ditugun Salbaterre nahiz Barrenkoxe kantonamenduetako instituzionekilan. Bai baititugu akzione zenbaitetan gauza ainitz elkarrekilan ekartzeko eta eramateko. Elkarri loturik gaude, bai errepideetan bai industria aferetan, beraz Biarnoko zenbait kantonamenduekilan bortxatuak gara elkarrekin lan egiterat; gauza naturala baita, eta beharrezkoa. Berdin ari gara ere Baxenabarreko Amikuze, Oxtibarre nahiz Donapauleko kantonamenduekilan.

Euskal Departamenduaren afera nola ikusten duzu zuk zeuk? Zer iritzi duzu hortaz?
Ene ikusmoldea aldekoa izan da betidanik. Orain aspaldi erraiten nuen bai Euskal Departamenduari. Gero politikan sartu naiz independente gisara. Egun, erran nezake, ez dudala deus erraitekorik. Hola ez naiz ez alde ez kontra. Eta gisa honetara ez naiz saldua ez biarnesei ez euskaldunei. Alta bada, ene ikusmoldea da, egun batez badatekeela Euskal Departamendua. Ez dut pentsatzen biharko afera denik alta.

Horiek horrela, zurea badateke alde ez agertzeko, edota kontra agertzeko manera bat.
Ez, neholaz ere. Politikan ari garelarik ez gara soilik ari, denekilan ari gara lanean ditugun aferak eta arazoak gainditzeko eta ez blokeatzeko. Hautetsi gisa ene lana da proiektuak ekartzea eta debelopatzea Zuberoaren onerako. Hasten banaiz politikaren afera handietan, filosofia baten alde akort batekilan eta elkarren kontra bertzekilan fini da ene lana.

Alta bada, UDFko eta oraingo Departamenduaren buru den Francois Bayrouren hurbil ikusia zara abertzaleen begirada zorrotzetatik. Bera biarnes jauntxoa eta Euskal Departamenduaren arras kontrakoa da.
Francois Bayrouren ekipan naiz, baina independiente bezala ohartaratzen dut. Bere ekipan lan egiten dut mementuan eta Zuberoarendako indar gaitza ekartzen ahal dut, eta ekartzen dut nik uste. Ni ez nintzen Bayrouren zerrendan aurkeztu, ni independentea naiz. Gero, Bayrouren sostengua ukan dut eta gogo onez baliatzen dut. Zonbaitek Euskal Departamenduaren afera baliatu nahi badute Euskal Herria bakarrik biltzeko edota hersteko, arras tronpatzen dira. Euskal Departamendua izanen delarik ere, Euskal Herriak bat egiteko beharko du izan eta hortik bertzeengana zabaltzeko.

Hartara, zein da zure iritzia Euskal Departamendu baten alde paratu diren politikoez, Michel Intxauspe edota Nicole Peryz kasu, nahiz azken buruan deusik lortu ez duten.
Ene ikusmoldea da, hauek politikan ari direla baina berendako. Jendea ekarrarazten dute bozen erdiesteko. Hauek dira zinez politika gizonak edo politika emaztekiak. Ni ez naiz politikan sartu orainokoan, politikak bere berezitasuna ekartzen baitu. Politikak jendea bereizten du, eta nik edota ene ekipan ari garenok jendea bildu nahi dugu elkarrekin lan egiteko. Hori da ene kandidatura sostengatu dutenen ikusmoldea. Libroagoa gara eta aiseago mintzatzen eta obratzen ahal gara. Bestenaz, Peryk edo Intxauspek zer egiten duten? "Bai" erraiten dute bozen biltzeko eta gero kontrakoen egiteko. Abertzaleen jokoan sartu eta nahasi. Pariserat joan eta zer? Parisen ez dute serioski hartu oraino Euskal Departamenduaren afera.

Zure ikusmoldetik azterturik, Zuberoari interesatzen al zaio Euskal Departamendu bat?
Agian bai. Euskal Departamendurik ez dugu oraino, baina Zuberoari bera hasteko ez da bat. Oixtian aipatu Komunitatearen Komuna ez dugu oraino antolatu. Guk batu behar dugu lehenik, gu Maulekoak eta Atharratzekoak bereiz baikara. Gero gure ondoko kantonamenduetarat zabaldu, bestenaz kostaldeak erantsiko gaitu, kosta ari baita azkartzen eta handitzen eta gu pobretzen. Zuberoan kontrabotere bat egin behar dugu, eta biarnoaldearendako berdin pentsu dut.

Euskal Herria 2010 delakoak behar zituen kostaparte eta barnealdearen aldea orekatu, baita Ipar Euskal Herriak dituen beharrei erantzun ere. Zer balorazio egiten duzu Garapen Eskema delakoaz?
Baikorki ikusten dut. Kostaldeko azpiegitura azkarra da eta indar hori Landesetarat bideratu izan da osoki orain arte. Aipatu desmartxa honen bitartez Euskal Herria osoari buruzko proiektu ekonomiko-sozialak zabaltzen ari dira. Kulturak funtsa handia hartu du. Hedabideen –Euskal Irratiak– desmartxa hor dugu lekuko. Badakit hizkuntz eremuan eskasia handia dela oraino. Hizkuntz Kontseilua falta da, euskararen ofizializazioa eta abar. Baina, egun denak akort gara euskara galtzen ari dela erraiteko eta behar dela salbatu. Duela 10 urte nehork ez zuen oraiko sostengua ekartzen.

Politiko batzuk ez dute Garapen Eskema begi onez ikusten, uste baitute proiektuak Euskal Departamendura eramaten gaituela?
Eramaten bagaitu, ontsa, zendako ez?

Finitzeko. Zein da zure aburua Lizarra-Garazi akordioaz? Udalerrien Biltzar antolaketa...
Indarkeria izan delarik imagen gaizto bat ukan dugu hemen, bereizkuntza gaizto bat oraiko Departamenduaren barnean. Ezin izan dugu hegoaldeari buruz begiratu indarkeria zen bitartean. Orain, berriz, Lizarra-Garaziko akordioaren bidean kurutzatuko gara aiseago, bai ekonomia aldetik bai kultura aldetik. Udalerrien Biltzarra, zendako ez? Zuberoa lotua da molde natural batez Nafarroarekin. Lizarra-Garazi akordioa da libertateari buruz joaiteko manera bat nik uste, alkarretaratze posible baterako hastapena. Gisa honetara Euskal Herria osoko jendea batuko baita egunen batez. Lizarra-Garazi akordioa gauza izugarria da, behar da atxiki, luzaz atxiki, sekulako atxiki!

ABERTZALE POSIBILISTA
ABERTZALE POSIBILISTA
Zuberoako Garindainen sortu zen eta bertan bizi ere. Ezkondua eta bi seme-alabaren aita. Herriko Etxeko bere bulego paretak pastoral irudiez apainduak ditu; Garindainen jokaturiko Sabino Arana Goiri-ren irudia gailen. Bost pastoraletan aritu izana da. Kantua du afizio eta politika ofizio. Politiko gisa jardun aitzin, etxegintzan aritu zen teknikari. Bere aburuz, politikan baino aitaren etxea eraikitzeko lanetan ari da.


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Eguneraketa berriak daude