ELA-LAB: BOST URTE ELKARLANEAN

  • Elkarlana barne-tentsio frankoren artean izanik ere, etorkizun hurbilean erronka berriekin segiko du. Eredu izan da alderdi eta talde abertzaleen batasunerako.

2021eko uztailaren 21ean
Hamarkada hasieran ELA eta LAB elkarlanean aritzeari buruzko inkesta plazaratuko bagenu, gehiengoa eszeptiko samar agertuko zatekeen seguruenik, eta agian ez zukeen inortxok ere aukera hori aintzat hartuko. Sindikatuon kultura soziopolitikoa nahiz bakoitzaren politika sindikala aski desberdinak ziren, batzutan kontrajarriak ere bai.
Alabaina, errealitatea arras bestelakoa izan da. Otsailaren 19an bost urte beteko dira ELA eta LAB elkarlanean ari direla. Eta bere horretan darrai, nahiz eta hainbat arazo eta barne-tentsio izan dituzten bidean. Prozesu benetan historikoa, euskal langileria batzeko baliagarria, eta Euskal Herrian zabaldu den prozesu politikorako funtsezkoa.


MOBILIZAZIO BATERATUAK.

ELA eta LABen arteko elkarlana lan-erreforma zela-eta deitutako greba orokorraren bezperan hasi zen. Sindikatu bietako ordezkariek lehenengoz manifestazio nazional bateratua egin zuten Gasteizen, enplegua eta berrindustrialtzearen alde. Hilabete beranduago, otsailaren 19an, sindikatuok beste manifestazio jendetsu bat egin zuten, oraingoan lan-harremanetarako euskal esparruaren alde. Eraikuntza nazionalerako estrategiarekin bat datorren aldarrikapen hau mantentzen da oraindik.
Sindikatu bion artean izandako harreman, eztabaida, mahainguru eta abarrek bien arteko konfiantza areagotzea lortu zuten. Sindikatuon arduradunak gero eta gertuago daude Euskal Herriko egoera politikoa aztertzerakoan: lan eta gizarte gaietan eskumenik eza, Autonomia Estatutua agortu izana, euskal subiranotasunik eza, euskal gizartearen esparru guztietan beharrezko den eraikuntza nazionala, etab.
Testuinguru horretan garrantzia berezia du sindikatu biok 1995eko Aberri Eguna zela-eta publikoki egindako lehen adierazpen bateratuak. Adierazpen horrek Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde egiten zuen apustu, hala nola «

Euskal Herriak egun bizi duen gatazka gainditzeko elkarrizketa eta negoziazio politikorako
» bideen alde. Horrez gain, «

lan-harremanetarako eta gune sozioekonomiko propiorako euskal esparrua
» ere eskatzen zuten, «

herri honetako pertsona askoren arazo ekonomiko eta sozialei Gobernu politikan dagokien lehentasunezko arreta eskaintzearren
».
Ordutik aurrera hainbat adierazpen eta manifestu bateratu egin izan dituzte, bai maiatzaren lehenean, baita bestelakoetan ere. Bazterketa sozialaren eta iruzur fiskalaren aurkako, eta enplegu politikaren aldeko mobilizazio eta lanuzteek garrantzitsuak izan dira. 1998a izan da bi sindikatu abertzaleok bultzatutako dinamikak ESK (euskal ezker sindikalekoa), STEE EILAS, (irakaskuntza sindikatua), EHNE (nekazaritza eta abeltzaintza sindikatua) eta HIRU (garraiolari autonomoen sindikatua) bezalako sindikatuak ere bildu dituen urtea.
ELA eta LABek berriki bultzatutako lan-akordioa izenpetzea da –azken unean CCOO eta UGT ere atxiki zirelarik– elkarlan horrek lortutako azken helburu estrategikoa. Ordu estrak ezabatzeko eta 60 urtetik gorakoak langabezian diren gazteekin ordezkatzeko akordioa lortu ostean, helburu zail eta garrantzitsuena dago lortzeke: 35 orduko lan-astea. Helburu hori lortzeko konpromisoa hartua dute dagoeneko euskal sindikatuek, eta sindikatu estatalistek ere defendatzen duten xedea da.
Aldi berean, sindikatu biok, beste hainbat indar politiko, sozial eta sindikalekin batera, euskal preso politikoen, Irlandako Foroaren edo Lizarra-Garaziko Akordioaren alde aritu dira lanean.
ELA eta LABek batera eginiko bidea ez da erraza izan. Beti izan dira arazo eta barne-tentsioak, Elorrietaren sindikatuan batez ere. Hala ere, konpondu egin dira. Elkarlanean aritzeko sortu den arazorik handiena ETAk burututako borroka armatua izan da, zenbait kasutan Ertzaintzarengan eta ELAko afiliatu batzuengan eragina izan duelarik. Horrelako kasuek ELAn sorturiko tentsioa bi sindikatuon elkarlana zapuztea bilatzen zuen alderdi politiko eta hedabide espainiarrek osaturiko fronteak ere elikatua izan da. Hala ere, nahiz eta ELAko afiliatuen aurkako atentatu hilgarriak izan eta sindikatuan bertan afiliazio bajak gertatu, zorionez elkarlanari eutsi zioten, eta oraindik ere jarraitzen du

Elorrieta eta Diez Usabiaga, funtsezko giltzarri bi

Aitortu beharra dago ELA eta LABeko Idazkari Nagusiak, Jose Elorrieta eta Rafa Diez Usabiaga, buru eta gidari izatea erabakiorra izan dela ideologikoki ELA eta LAB bezain aldenduta dauden sindikatuek horrelako prozesu garrantzitsuari hel ziezaioten. Bere ideiekiko malgu eta sendo, Euskal Herriak subiranotasunik gabe ezin biziraungo lukeela eta bere eskakizun sozioekonomiko eta laboralak lortuko ez lituzkeela jakinik, gogor aritu dira idazkari nagusi biak bere sindikatuetan, puntuan puntuko ezadostasunak alde batera utzi eta gai amankomunean indarrak batuz: eraikuntza nazionalean, alegia.
Euskal Herriak, aurrera egiteko, Frantzia eta Espainiarekin konpondu gabeko gatazka politikoa duelako ideiaz jabeturik, bere helburu sindikalez gaindi joan dira bi sindikatu hauek. Horrela, alderdi politiko eta gizarte mugimendu abertzaleen arteko giro mesedegarria sortu eta ahalbidetu dute, alderdi politiko eta gizarte mugimendu hauek elkarrengandik sindikatuak bezain aldenduak badaude ere. Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su-etena direla medio, eszenatoki politiko eta sozial berri bati eman dio honek bide.
Bi sindikatuok elkarlanari eusteko ahalegina giro politiko eta sozial abertzaleak onartua izan da, nahiz eta sarritan zalantzan jarria izan eta bereziki Estatu mailako sindikatu, alderdi eta hedabideek gaitzetsia izan. Eta hauteskunde sindikaletako emaitzen arabera, jarduera bateratu horren alde azaltzen dira euskal langileak. Hori dela-eta, ELA eta LABek Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen jarraitzen dute

"Arlo askotan erreferentzia izatea lortu dugu"
1.- Zer balantze egingo zenuke ELA eta LABen bost urte hauetako jarduera bateratuaz?
2.- Zeintzuk izan dira denbora honetan gainditu behar izan dituzuen zailtasunik handienak?
3.- Zein neurritan eragin du jarduera bateratu horrek egun bizi dugun prozesu politikoan?
4.- Zeintzuk dira sindikalismo abertzalearen erronkak epe labur eta ertainera?
5.- Zein da sindikalgintza abertzalearen egungo harremana estatalistarekin? Nola lortu haiekiko harreman normalizatua, elkartasunezkoa, begiruneduna eta eraginkorra?
6.- Zer erantzungo zenieke politikan sartzea leporatzen dizueten sindikatu estatalistei?
7.- Hauteskunde sindikalak amaitzear daude. Zer emaitza espero duzue?
8.- Posible al da epe ertain edo luzera sindikalisgintza abertzaleak sindikatu bakarrean bat egitea?
1.- Dudarik gabe, esan dezakegu oso positiboa izan dela ELA eta LABen arteko elkarlana. Denbora honetan, bi sindikatuok hausnarketa amankomunak egiteko gai izan gara eta dinamika honek erabakiak hartzeko orduan balio handia izan du. Era honetan, gehiengo sindikala erreferentzia izatea lortu dugu arlo askotan. Maila orokor batean, Euskal Herriak bizi duen egoera berri honetarako bi sindikatuok egin ekarpena ere aipatuko genuke.
2.- Bi eratako arazoak izan ditugu. Alde batetik, bi sindikatuok urte askotan eraman dugun jarduera eta kultura propioei zegozkienak. Baina, zorionez, ahalegin berezirik gabe gainditu ditugu arazo hauek eta une honetan kointzidentzia aipagarriak lortu ditugu. Bestetik, alde bakoitzak aurrera egiteko dituen mugak eta honek sortzen dituen blokeoak gainditzeko, ezinbestekoak izan dira eztabaida eta hausnarketa, beti ere, leialtasun giro batean. Konfrontazioa ezinbestekoa zela jakin arren, kolaborazioaren bidez arazoei irtenbideak aurkitzen ahalegindu gara.
3.- Modu batean entsegu bat bezala har dezakegu bi erakundeon arteko lankidetza, baina ez laborategi batean sortutakoa, gizarte errealean baizik. Gure ustez, beharrezkoa zen entsegu hau egitea eta gure esku zegoen guztia jarri dugu aurrera ateratzeko. Bestalde, ez gara inoiz bakarrik egon, aliatu bat baino gehiago izan dugu eta hauen laguntza garrantzizkoa izan dela aitortu behar dugu. Zorionez, gauzak ondo joan dira eta Lizarrara iritsi gara. Erakunde bakoitzak bere bideak eta erritmoak ditu erabakiak hartzeko eta une honetan jarrera konbergente batetara heldu da indar mordoxka bat. Dena den, orain protagonismoa alderdi politikoei dagokie.
4.- Elkarrekin lanean jarraituko dugu, lehentasuna emanez enplegua bezalako aldarrikapenei. Gure lankidetzari beste ikuspegi bat eman behar diogu eta egoera politiko-juridiko berri batean, lan harremanen esparru propioa lortzeko gai izan behar dugu.
5.- Sindikatu estatalekin bi eratako arazoak ditugu: alde batetik, eredu sindikala eta bestetik, esparrua. Lehenengoari dagokionez, aipatu dezakegu estatu mailako sindikatuek ez dutela autonomia finantzierorik, eta ondorioz administrazioarekiko menpekotasuna izugarria da. Diru beharrek estrategia sindikala baldintzatzen dute eta tentsio sindikala galarazten diete. Esparruari dagokionez, argi dago sindikatu hauek Estatu zentralista eta uniforme baten aldeko apostua egin dutela eta jarrera hau ez dator bat, erabat aurka dago, sindikatu abertzaleek defendatzen dugunarekin. Bestalde, kontutan hartu behar da, eraikuntza nazionalean esparru sozial eta ekonomikoak garrantzi apartekoa duela. Gehiengoaren iritzia errespetatzen badute, konpromezuzko irtenbide bat lor daiteke, baina gaur egun sindikatu estatalak ez dira horren aldekoak. Arazo hauez gain, beste bat aipatuko nuke, aurreko arazoekin zer ikusi handia duena. Sindikatu estatalek "navarrismo"aren aldeko apustua egin dute sindikatu abertzaleak baztertu eta erasotzeko. Nafarroan CCOO eta UGTk daramaten jarrera adierazgarria da ohar gaitezen nola jokatzen duten sindikatu hauek gehiengoa dutenean.
6.- Ez du erantzunik merezi.
7.- Hauteskunde sindikal hauetan ELA eta LABek gora egin dute eta inoiz izan dituzten emaitzarik hoberenak izan dituzte. ELAk ordezkarien %40,18 lortu du, inoiz izan duen kopururik handiena. Ngusitasuna homogeneoa da EAEn, esukualde nahiz sektore guztietan nagusitu baita. Era honetan, aipagarria da Ibar Ezkerrean ELAk %43ko ordezkaritza duela.
Era berean, pozgarria da Nafarroan ELAk izan duen igoera. Hauteskundeak EAEn amaitzear dauden bitartean, Nafarroan oraindik asko falta da eta oraindik goiz da emaitzak emateko. Baina, aurrera dezakegu ELAk lortuko duen ordezkari kopurua %25tik hurbil egongo dela.
8.-Uste dugu une honetan hau ez dela lan hipotesi bat

Hauteskunde sindikalak estrategia abertzalearen alde

Iragan urte amaiera arteko hauteskunde sindikaletako emaitzak –EAEn dagoeneko ia amaituta daude eta Nafarroan urte erdi aldera arte jarraituko dute– ELA eta LABek azken urteotan gauzatutako estrategia sindikal abertzalearen alde azaldu dira. Gehiengo historikoak lortu dituzte bi sindikatu hauek. ELA sindikaturik nagusiena da eta sektore eta eskualde orotan sendotu da, beste sindikatuak atzean utziz. LABek, bere aldetik, batzuek ukatzen zioten %15a gainditu du modu erosoan. Bigarren indarra da Gipuzkoan, Araba eta Bizkaian leku hori, hurrenez hurren, UGT eta CCOOk betetzen duelarik.
Datuok estatu mailako sindikatuenekin alderatuz gero, ELA eta LABek, batera, 8.708 ordezkari eta CCOO eta UGTk berriz 5.218 lortu dituztela ikus daiteke. EAEn sindikatu abertzaleen ordezkaritza estatu mailakoarena baino %66 handiagoa dela esan nahi du horrek.
Urte erdialdera arte fidagarriak izango ez diren Nafarroari buruzko datuen esperoan, EAEn izandako emaitzak baino ez ditugu eskainiko, ia behin-betikoak izango baitira. Horrela, 1994ko hauteskundeetan lorturiko %39,7tik 1998ko %40,2ra igaro da ELA. LAB 1994ko %15,4tik %15,5era igaro da 1998an. Gainontzeko sindikatuei dagokienez, berriz, CCOO 1994ko %16,5etik 1998ko %17,5era igaro da, UGT 1994ko %16,2tik 1998ko %13,9ra igaro den bitartean. Gainerakoen atalean, non sindikatu txikiak sartzen diren, honakoak izan dira emaitzak: 1994ko %12,1etik 1998ko %10,9ra igaro da.
1998ko amaiera arte hautatutako ordezkari kopurua EAEn 15.634 ordezkarikoa izan da. Horietatik 6.281 ELAri dagozkio, 2.730 CCOOi, beste 2.488 UGTri eta 2.427 LABi. Gainontzeko 1.708 ordezkariak sindikatu txikiek lorturiko %10,9ri dagozkio. Emaitzak, herrialdeka, ondoko taulan ikus daitezke

"Bi fase politikoren tresna-zubia izan gara"
1.- Zer balantze egingo zenuke ELA eta LABen bost urte hauetako jarduera bateratuaz?
2.- Zeintzuk izan dira denbora honetan gainditu behar izan dituzuen zailtasunik handienak?
3.- Zein neurritan eragin du jarduera bateratu horrek egun bizi dugun prozesu politikoan?
4.- Zeintzuk dira sindikalgintza abertzalearen erronkak epe labur eta ertainera?
5.- Zein da sindikaligintza abertzalearen egungo harremana estatalistarekin? Nola lortu haiekiko harreman normalizatua, elkartasunezkoa, begiruneduna eta eraginkorra?
6.- Zer erantzungo zenieke politikan sartzea leporatzen dizueten sindikatu estatalistei?
7.- Hauteskunde sindikalak amaitzear daude. Zer emaitza espero duzue?
8.- Posible al da epe ertain edo luzera sindikalgintza abertzaleak sindikatu bakarrean bat egitea?
1.- Guztiz baikorra. ELA-LAB jarduera bateratuak hasieratik inertzia politiko eta sindikal asko ezegonkortu zituen, eremu ideologiko ezberdinetan, eta batez ere abertzalean, erreferentzia eta eragin handiko faktore politiko bilakatuz. LAB jakitun zen kolaborazio horretan sakonduz gogoeta eta azterketa berriak sortuko zituena eta, horren ondorioz, estatutuaren "bidaia" zalantzan jartzen hasiko zena. Hots, kolaborazio horrek zalantzan jartze sakonago baten hastapena behar zuela izan, frankismoan sortutako esparru politiko, ekonomiko eta sozialarena alegia. Gaur, guztien ahaleginekin, elkarlanak horretarako balio izan duela eta, are gehiago, egungo egoera ahalbidetu duen faktore politiko garrantzitsuetako bat izan dela uste dut.
2.- Zailtasunak asko izan dira kontuan hartuta 15 urte iraun zituen "kultura" politikoarekin hautsi zela. Barne-ezegonkortasun nabariak izateko arriskua zegoen eta horrek hausnarketa eta azalpenerako ahalegin berezia eskatzen zigun. Gezurra esango nuke prozesu honetan bidegurutzeak izan ez ditugula esango banu, baina unean unekoa erlatibizatuz eta beti ikuspuntu politikotik begiratuta gainditu ditugu.
3.- Bi fase politikoren tresna-zubia izan da. Hego Euskal Herria pixkanaka heriotzera zeraman "autonomismo" batetatik atera eta etorkizunera hausnarketa eta aldarrikapen berriekin begiratu beharra zegoen. LAB-ELA beste bidai politiko bat abiatzeko oinarriak sortzen joan da. Euskal Herriarentzako Demokrazia, Bakea eta Subiranotasunarena. Euskal Nazioaren eraikuntza nazioal eta sozialarena.
4.- Gure herriaren etorkizuna eraikitzea ahalbidetuko duten oinarri demokratikoak lortzeko subjetu bat izan behar du sindikalgintzak. Lizarrako trenari indarra emateaz gainera, LABek beste balore eta konpromisoak dituen gizarte baten alde borrokatuko du. Lan eta aberastasunaren banaketa funtsezkoa da. Langileek ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik Euskal Herriaren subiranotasuna positiboa dela ikusi behar dute. Lizarra-Garaziren sozializazioak PP, PSOE, UPN, UGT, CCOO eta abarren irudi demokratiko faltsua agerian utzi behar duen bezala, erakutsi behar dugu Euskal Herriaren eraikuntza politiko, kultural, ekonomiko eta soziala demokrazioaren sinonimo dela.
5.- Ez dago harremanik. Estatuan CCOOk eta UGTk bi urte baino gehiago daramatzate PPko Gobernuarekin "bake sozial"ean. Nafarroan sindikalgintza abertzaleari erabateko "apartheid"a egiten diote eta Vascongadetan PP eta PSOEren politikaren gatibu dira. Guk harreman eszenatoki bat nahi genuke, baina hori euren esku dago.
6.- Demagogia egiteaz gain, eskubiaren diskurtso erreakzionarioan dutela iturburua. LABen ustez, sindikalgintzak lantegien aldarrikapenei erantzuteaz gain, langileei eragiten dieten egiturazko arazoei egin behar die aurre. Historikoki sindikalgintzak eskubide demokratikoen alde egin du, baita autodeterminazio eskubidearen alde ere. Nor aldatu da? Bada, CCOO eta UGT. Lehena batez ere, bere historia kontuan hartuta.
7.- Emaitzek LABen aurrerapena berresten dute, eta oro har "gehiengo sindikal" horren indarra. Uste dugu Vascondagetan hirugarren izango garela, UGT gaindituz eta CCOOtik puntu batera. Orokorrean emaitzak onak dira. Hori bai, nabarmendu nahi dut Araban eta Bizkaian gure itxaropenak handiagoak zirela eta ahalegin bat egingo dugu horiek berbideratzeko. Nafarroan aurreikuspenak ona dira, oro har % 12 eta enpresa komiteetan % 15 gainditzea espero dugu.
8.- LABen ez dugu galdera hori egiten, pentsaezina da. LABek, sindikatu abertzale eta independentista gisa, estrategia ildo batzuk dauzka. Ildo horietara beste erakundeak hurbilduko balira, galdera planteatu ahalko litzateke


Azkenak
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


Eguneraketa berriak daude