Asturiaseko sagardoa
Adituen arabera Euskal Herrian lehenago hasi ziren sagardoa produzitzen baina Asturias beti izan da produkzioaren errege. Urtean estatuan produzitzen diren 70 milioi litroetatik Asturiasek 51 milioi inguru egiten ditu (% 72,8), EAEk % 21,4 eta Galiziak % 5,7. Nafarroan oso gutxi ekoizten da. Asturiasen sagardoa ura bailitzan edaten da etxeetan, tabernetan zein era guztietako ospakizunetan. Taberna batek egunean 35-40 kaxa sagardo zerbitzatzen ditu. Euskal Herrian, berriz, arraroa da taberna batek urtean 200 kaxa zerbitzatzea.
Batzuen arabera Asturiaseko sagardo naturala Euskal Herrikoa baino gozoagoa da, baina beraiek gurea gozoagoa dela diote. Dena den, desberdintasun bat finkatzearren, asturiarra arinagoa dela esan genezake. Edaria egiteko prozesuan desberdintasun txiki batzuk dauden arren sistema nahiko antzekoa erabiltzen da hemen eta Asturiasen. Dena den, haiek sagardoa kupeletan denbora gehiago edukitzea atsegin dute, kontsumitzen den heinean ateratzen dute sagardoa kupeletik. Ondorioz bi urtez egon daiteke sagardoa kupelean. Bestalde asturiarrak artistak dira sagardoa zerbitzeko garaian: sagardoari beharrezko bizia eta gozotasuna emateko botila eta edalontzia ahal den guztia aldentzen dituzte.
Asturiarrek bertako sagarrarekin produzitzen dute sagardoa eta gehiena bertan kontsumitzen dute (40 milioi litro inguru). Sagardo atxanpanatuko produkzio handia dute eta arrakasta handia du mundu zabalean. Horietakoa da "El Gaitero" ospetsua.
Frantziako sagardoa
Normandia eta Bretainiako lurraldeak dira sagardogintzan ospe handiena dutenak. Sagardoa tradizio handiko edaria da Frantzian eta janariaren kulturarekin batua agertzen da normalean. Arestian esan bezala Frantzia da sagar produzitzailerik handiena Europan eta gaur egun 18 milioi sagarrondo inguru dituzte sagardoa egiteko.
Frantziako sagardorik ospetsuenak Auge eta Othe lurraldetakoak dira. Bertan antzinako sagardogintza sistemak erabiltzen jarraitzen dute produkzio kopuru altuan egiten badute ere. Lurralde hauetan egiten den sagardo naturala guk ezagutzen duguna baino askoz ere gozoagoa da eta atxanpanatuak du arrakastarik handiena. Othen lau sagardo mota egiten dira: "Cidre de Cru", "Cidre Bouché", "Cidre de Table" eta "Cidre".
Ingalaterrako sagardoa
Ingalaterran, Estatu Batuetan eta Kanadan bezala, sagardoak izugarrizko lehia mantentzen du garagardoarekin. Sagardoa pub eta tabernetan asko edaten da eta munduan sagardo gehien kontsumitzen den herrialdea dela esan daiteke. Dena den, Europako beste herrialdeetan bezala, Ingalaterran ere sagardo gozoa eta atxanpanatua da nagusi. Hereford zonaldean egiten den sagardo ia guztia gasifikatua da eta egiten den sagardo natural urriak azukre asko du. Guk ezagutzen dugun sagardo naturala baserrietan besterik ez da egiten.
Ingalaterra, Irlanda zein Frantzian egiten den sagardoak, produktu industrializatua izaki, guk ezagutzen dugun sagardoaren naturaltasuna galdu egin du. Industrietan egiten den sagardoa sagar-zuku, muztio eta kontzentratuak oinarri hartu eta gasa eta gozagarria gehituz egindako txanpain erako sagardo gasifikatu gozoa da. Alkohol gutxidun edari arina da. Txanpain sagardoari gasa, ezaugarririk nagusienetakoa, prozesuan zehar gehitzen zaio. Gainera, gozo puntu berezia lortzeko, muztioaren hartzidura moztu egiten da azukre guztiak alkohol bihurtzea eragotziz. Behar izanez gero azukre gehiago eransten zaio ondoren.
Estatu Batuetako sagardoa
Sagardoa kolonizatzaileen bitartez iritsi zen Ipar Ameriketara eta historia nahiko laburra du. Dena den sagardoak azkar egin du bere bidea lurralde hartan beste arrazoien artean ingelesek sagardoa edateko ohiturari eutsi egin ziotelako. Bertako sagardogintzak urte gogorrak ezagutu ditu inportazioak min handia egin baitio. Sagardoa egiten duten enpresak mendebaldean daude nagusiki eta beraien artean munduko sagardoaren merkatua menperatzen dute. Kanadan, Ontario aldean sagardo produkzio handia dago.
Estatu Batuetan bost etxe dira sagardo egile nagusiak: "Hornsbys", "Woodchuck", "Cider Jack", "Woodpecker" eta "Wyders". Guk bigarren etxearen datuak ezagutzen ditugu nagusiki.
Enpresa honek hiru motatako sagardoak egiten ditu: "Amber", txanpain legamia eta azukrearekin egindako sagardo fresko eta txispaduna. "Dark and Dry" motak legamia du baita ere baina ezaugarri nagusia goxoki bihurtutako azukrea duela da. Horrek ematen dio kolore iluna. "Granny Smith Draft Cider", mota honeteko sagarrez bakarrik egina. Hauxe da gogorrena eta mikatzena. Hiruretatik lehena da gehien saltzen dena (% 67).
Finlandiako sagardoa
Estatu Batuetan bezala, sagardo asko edaten da Finlandian ere, batez ere tabernetan. Garagardoaren alternatiba da eta azken urteetan arrakasta handia izan du. Dendetan 0,33 edo 0,75 litroko botiletan saltzen da. Botila txikienaren prezioa 2$ ingurukoa da. Tabernetan prezio hau bikoiztu egiten da.
Finlandian bi sagardo marka bakarrik ezagutzen dira, gainerako sagardo mota guztiak kanpotik ekartzen dituzte. Etxekoak "Chymos" eta "Marli" dira. Lehenengoak "Green Fizz" deituriko sagardoa egiten du. Honek % 4,7ko alkohol kopurua du eta litro bakoitzeko 80 gramo azukre du. "Green Fizz Extra" delakoa ez da hain gozoa baina alkohol gehiago du. "Marlik Golden Cap Cider" (60gr/l eta % 4,7 alkohola) eta "Golden Cap Extra Strong Cider" (60gr/l eta %7 alkohola) delakoak egiten ditu. "Golden Cap" ez da "Green Fizz" bezain gozoa