Alderdi Popularra buru duen Espainiako Gobernuak aurten argindar tarifak % 2,5 murriztuko direla iragarri du. Ez du esan, ordea, murrizketa % 8koa ere izan zitekeela, legeria argindar enpresen mesederako aldatu izan ez balute. Argindar sektorea merkatu konkurrentziara igarotzeak argindar enpresei ordainduko zaien, eta kontsumitzaileen patrikatik aterako den, dirutzaz (ia bilioi eta erdi pezeta, 60.000 milioi libera inguru) ere ez dute hitzik esan. Kontsumitzaileak jada aritu dira beste legealdietan Alderdi Sozialistaren Gobernuak burututako inbertsio nuklearrak beren argindar fakturan ordaintzen.
Joan den urteko azken egunetan hain zuzen, ezkutuan ia, Espainiako Kongresuak EAJ eta CIUren laguntzaz argindar enpresei zuzendutako 1,3 bilioi pezetako dirulaguntza onartu zuen, sektorearen liberalizazioari, edo bestela esanda, merkatu konkurrentziara sartzeari zuzendua. Industria Ministerioarekin hitzartutako akordioa dela-eta, ia bilioi bat pezeta jasoko dute argindar enpresek aldez aurretik. Bien bitartean, kontsumitzaileek ordainduko dute beren fakturetan bilioi eta erdi hori, 2014. urtera arte. Nola ordea? Bihilabeteroko fakturetako % 4,5 argindar enpresei zuzenduta.
PREZIO JAITSIERAREN TRIKIMAILUA.
Aurtendik aurrera argindarraren prezioa murriztearen gaineko Espainiako Gobernuaren iragarkia trikimailu hutsa baino ez da. Hori dio behintzat Sistema Elektrikoaren Batzorde Nazionala (SEBN) deritzon estatu-organismo independenteko presidente Miguel Angel Fernandez Ordoñezek berak.
Argindar enpresek sektorearen liberalizaziorako legea aldatzeko eskatu zioten Gobernuari, aldez aurretik bilioi bat pezeta jaso ahal izateko. Horretarako zera esan dute: «
kontsumitzaileek kopuru hori aldez aurretik ordaintzen badute, neuk prezioak murrizteko eta liberalizazioa areagotzeko konpromisoa hartuko dut».
SEBNeko presidentearen ustez, hauen abilezia, bilioiaren eskaria prezio jaitsieraren eta liberalizazioa areagotzearen ordain emate gisa aurkeztean datza. Horrekin jendearen arreta alde positiboenetarantz desbideratzea lortzen dute, eta era berean indarrean den legea aldatzeak prezio jaitsiera eta liberalizazioa moteltzen dituela isilpean gordetzen dute.
Bada ezkutatzen duten beste konturik ere, adibidez Gobernuak Senatura eramandako zuzenketan argindar enpresen arteko konkurrentzia bultzatzeaz diharduen lerro bat bera ere ez dela ageri.
Hori da baina, Fernandez Ordoñezen ahotan, ilusionista trebeen sekretua: jendearen arreta beste nonbaitera eramatea, bitartean, jendea ohartu gabe, batek nahi duena eginez. Trikimailua, bere iritziz, burutsua eta sofistikatua da; kontua ez da ez liberalizatzea edota prezioak ez murriztea, hala balitz edonor konturatuko litzateke eta. Kontua da prezioen murrizketa eta liberalizazioa, indarrean zen legea aldatu izan ez balitz emango zena baino txikiagoa izan dela.
SEBNeko presidenteak esan duenez, 1997ko legea aplikatu ordez 1996ko protokoloa aplikatuko balitz, argindarraren prezioa % 8 inguru murriztu ahalko litzateke, interes tasen jaitsierak eta eskaria handitzeak eraginda.
Nolanahi ere, zuzenketa onartu eta legea aldatu ostean, argindarraren prezioa % 2,5 baino ez da jaitsiko, lehen aipatu gainordaina dela-eta ez baita posible izango beste % 4,5 murriztea. Eskaria areagotzeak eta interes tasak jaisteak urtero 160.000 milioi pezeta aurreztea ahalbidetzen die argindar enpresei; horrek esan nahi du prezioak % 7,8 ere murriz zitezkeela, SEBNeko presidentearen esanetan.
1999an Espainiako kontsumitzaileek, legea aldatzen ez bada bederen, ordaindu beharko ez lituzketen 88.000 milioi pezeta ordainduko dituztela da Gobernuaren trikimailuak ezkutatzen duen errealitate gordina.
88.000 milioi pezeta horietatik 9.000 milioi pezeta inguru Hego Euskal Herriko kontsumitzaileei dagokie, gaineko koadroan ikus daitekeen moduan. Kopuru hori, gainera, kontsumitzaileek bilioia bete bitartean –eta ezingo du ordura arte inongo Gobernuk 4,5 hori inondik atera– epeka ordaindu beharko dutenaren zati bat baino ez da. Beste hitzetan esanda, geure argindar fakturen % 4,5 bilioi hori argindar konpainiei ordaintzeko erabiliko da, 2014a bitartean
Banketxeak, argindar enpresen jabe, onuradunik handienak
Argindar enpresen atzean banketxe handiak ezkutatzen dira. Banketxe handiak dira argindar enpresen jabe, hauen kapital sozialean partehartzerik handiena dutenez, enpresa hauen administrazio kontseiluak ere kontrolpean baitituzte. Egoitza soziala Euskal Herrian duen enpresaren, hau da, Iberdrolaren kasuan, Banco Bilbao Vizcaya (BBV) da, beste banketxe batzuen ondoan, administrazio kontseilua kontrolatzen duena.
Gainontzeko argindar enpresak ere, Endesa, Union Fenosa eta Hidrocantabrico, garrantzitsuenak aipatzearren, nahiz eta batzuk milioika akziodun dituzten, Espainiako banketxe handien kontrolpean daude, BBV barne dela.
Espainiako banketxe handiak izaki etekin errekorra dutenak –1998an bilioi bat pezeta inguruko etekina lortu zuten-, argindar enpresak ere ez dira makal ibiliko. Joan berri zaigun 1998an bilioi erdi pezeta inguruko etekina lortu dute. Beste behin, beraz, banketxe handiak izango dira Espainiako Gobernuak argindar enpresei merkatu konkurrentzian sartzeagatiko konpentsazio gisa eskainitako bilioi pezetako opariaren onuradunik handienak
Hego Euskal Herriak 9.000 milioi pezeta oparituko dizkie argindar enpresei
Hego Euskal Herriko kontsumitzaileok 9.000 milioi pezeta (360 milioi libera) inguru oparituko dizkiegu argindar enpresei geure argindar fakturen bidez. Hauen patriketara zuzenduko da argindar fakturaren %4,5, merkatu konkurrentziara sartzeagatiko konpentsazio gisa. Aurrez pentsatuta eta azpikeriaz ia eta EAJ eta CIUren aldeko botoek lagunduta hartu zuen erabaki hori Espainiako Gobernuak.
Horixe dio IU eta Talde Mistoarekin batera kontrako botoa eman zuten sozialistek Espainiako Senatuan egindako txostenak. Aipatu txostenak 1998an EAEko argindar fakturazioa 152.412 milioi pezetakoa (6.000 libera inguru) izan dela azaltzen du, 192.502 milioi pezeta (7.700 libera inguru) guztira Hego Euskal Herrian, Nafarroako datuak EAEkoekin batuz gero. Enpresa eta kontsumitzaile arabarrek 24.308 milioi pezeta ordaindu zuten erabilitako argindarraren truke. Gipuzkoako faktura 53.850 milioi pezetakoa izan zen eta 75.000 pezeta ingurukoa Bizkaikoa. Nafarroan 40.000 milioi pezetatik ordaindu dute.
Gauzak horrela, Hego Euskal Herriak 1998an ordaindu zituenen %4,5 kalkulatuz gero, 1999tik aurrerako fakturen %4,5 argindar enpresen esku izango baita, Arabak 1.094 milioi pezeta emango lituzte; Gipuzkoak 2.423 milioi pezeta, Bizkaiak 3.341 milioi pezeta eta Nafarroak berriz, 1.840 milioi pezeta. Guztira 8.600 milioi pezeta lirateke aurten Hego Euskal Herriko kontsumitzaileok argindar enpresei oparitutako genizkiekenak