Jean Marie Diharce zaitugu. Aita Xabier apaiza legez eta "Iratzeder" poeta izenez. Donibane Lohizunen sortu zinen 1920an, eta 1936tik aurrera Euskal Herria ia beti gatazkan murgildurik ezagutu duzu. 16 urtera bitarteko urte haiek gogoan al dituzu?
Donibane Lohizuneko portua eta elizaren artean sortu nintzen hil honen 4ean. Ene sortetxea banku bat zen:«
La Banque Populaire du Pays Basque», egun berriz goxotegi bat bilakatua da (irriz...). Ene aita banku hartako nagusia zen. Familiako laugarren haurridea nintzen, ni baino zaharrago ziren bi anaia eta arreba bat izan nituen eta beste bat ni baino gazteago. Txikitan ezagutu nuen giroa arras itsasokoa zen, baita elizkoia ere.
Euskaldun odolez eta legez frantsesa" zela zioen. Gurasoak euskarari atxikiak ziren alta?
Anaiarrebok eskolan erderaz aritzen ginen osoki. Etxean sartzen ginelarik aitak oihu egiten zigun: eskuaraz! Biak euskaltzaleak ziren: aita, donibandarra, Akotz-ko Potxutegi etxaldekoa. Ama berriz, Arbonako Katalienekoa. Sei urterarte euskaraz aritu nintzen beti etxean, gero eskolan hasi ondotik, frantsesera lerratu nintzen. Karrikan ere, frantsesa zen nagusi.
Aitak bankuaz beste arrain kontserbategi bat ere kudeatzen zuen. Itsas aferei lotua zen ere Mark Legasse zenaren aita. Auzokideak izango zineten beharbada?
Ene aitak Legassetarren mozkinak kudeatzen zituen, Marken aita armadorea baitzen; itsasuntziak zituen. Nik Mark ez nuen ezagutu gazte aski heldua izan artio. Hura gaztea zela Parisen bizi zen eta Euskal Herria etorri nahi zuen abtsolutoki. Donibane Lohizunen nahi zuen finkatu eta bertan bizi izan. Gurasoek etxean hartu zuten eta biziki lagunak egin ginen.
Aintzina izeneko aldizkaria eratu zenuten. Izugarria izango zen. Piarres Lafitte buru izaki eta Mark Legasse iraultzaile eta anarkista tartean egoki.
Antzina aldizkariaren burua Piarres Lafitte izanagatik, bageunden denetarikoak. Konparazione, Amuzain eta Dubosq uztariztar gazteak ere biltzen ziren eta haiek ez ziren erlijiosoak, baina laikoak. Hori bai, denak Lafitteri atxikiak. Mark eta biok Xarriton inguratu genuen geroago. Artean ni seminarioan nengoen baina ez nintzen apaiza oraino. 21 urte nituela Mark eta biok Iparraldeko herri guztiak kurritu genituen euskal aldizkari hura sorrarazi beharrez.
Aintzina alegia.
Euskal Herria salbatzeko apeztu nintzen» eta «Ene irakaslea kantua izan da» erran ohi duzu. Apeztegian sartu aitzin heziketa musikala jaso al zenuen?
Musika eta kanturako tirria 10 bat urte nituela sentitu nuen. Donibane Lohizuneko parrokian Parisetik etorria zen Charles Lebout organojoleak kantatzen erakutsi zigun donibandarroi. Harekin Leoni Lerrenburu aritzen zen eta haiek biak izan ziren ene irakasleak. Donibaneko eliz abesbatzan ikasi nuen kantua aski poliki.
Nolako giroa bizi zen Donibane Lohizunen orduan?
Nik 12 urte nituela, udatiar erdaldunez itoa zen Donibane Lohizune. Harek inarrosi ninduen nolazpait, eta euskara hobeki ikasten bermatu nintzen, euskal herritarren argitzaile eta zeruratzaile izateko bilakatu nintzen apez. Aitari erran nion nahi nuela apeztu. Aitak, berriz, erran zidan:
hi apez? Ez dakik euskaraz egiten, eta apez? Arrats hartan berean hasi nintzen euskara lantzen. Liburu bat aurkitu nuen, Barbierren «Piarres» izenekoa. Barbier eta Lapitz euskal autoreen euskara izan dut eredu. Euskara eta euskal kantua izan dira ene biziaren eramaileak.
Pianoa itxuraz jotzen beranduago ikasi nuen, 1936 urte aldean. Espainiako gerra zibila garaian Tomas Garbizu pianojole eta musika maisu handia etorri zen Iparraldera ihesi eta gure herrian finkatu. Arratsalde guztiak pasatzen genituen kantuz. Harekin anitz ikasi nuen euskal kantuetan. Pianoan jartzen ginen eta elkarrekin aritzen ginen.
Abertzaletasuna orduan, gerra zibilaren garai hartan eta pianoaz eta kantuaz ernatu al zitzaizun naski?
Abertzaletasuna ene aitarengandik heldua zitzaidan hein handi batean. Gure familian gipuzkoarrekin bereziki hartueman sendoak bagenituen orduko. Ene anaiak Aberri Egunetara joaten ziren. Alabaina, 16 urte nituela, Gernikako bonbardaketak biziki kolpatu ninduen, egia erran. Askotan joaten nintzen ene izebaren etxerat, Larresororat, piano bat bazuen harek eta hiria suntsitu zutela jakin nuenean, etsiturik-edo, pianoa jotzen iragan nuen arratsalde osoa; «
Gernikako Arbola» kantua pianoan jotzen eta kantatzen. Orduantxe idatzi nuen Gernikaz olerki bat eta Iratzeder izenez sinatu nuen lehen aldikotz.
Apaiztu ondoren asko dira idatzi dituzun testuak. Hor dira, «Ezkila» delako aldizkarian azalduriko salmoak eta kantikak, esate baterako.
Nire lehen salmoak Tomas Garbizuk musikatu zituen. Gero, Belokerat etorririk, Aita Lertxundirekin hasi nintzen elkarlanean. Harek euskal kantikak konposatzen zituen eta eni hitzak egiteko eskatzen zidan. Ordurarte erabiliak zituen hitzak ez zituen gustuko, tristeak omen ziren. Astero egiten genituen bizpahiru kantika. Aita Lertxundi adinean sarturik jada, Donibane Lohizunera jo nuen berriz, Juanito Urteagarengana. Harek musikatu zituen geroztik ene hainbat idazki.
Hori guztia gaur egun huskeriatzat jo daiteke. Baina zu apeztu zinelarik ez omen zen euskaraz deus abesten...
Horra! Apezgai nintzelarik, gazte urtetan, liturgiako irakurgaiak eta kantuak latinez emaiten ziren. Bertze apez batzuekin aritu ginen berauek euskaratzen. Belokerat etorri nintzelarik, nahi nuen zinez eta egiazki, gure herria eta herritarren salbatzaile bilakatu. Handik laster, Erromako Elizaren biltzar nagusiak salmoak gure mintzairarat itzultzeko eta elizkizunetan kantatzeko baimena eman zuen, eta lan hori euskaraz egiteari su eta kar lotu nintzen Aita Letxundi musikaria lagun. 1964 urtean erdietsi genuen euskal salmoak liturgian kantatzeko baimena.
Begiraleak izeneko antzerki taldearentzat idatzi zenuen hainbat obra. Operaren bat ere bai, naski?
Hitz bat erranen dut oraino argitaratu gabeko ene antzerki lan bati buruz. Urteak dira Karmelo Etxenagusia eta Gallastegi etorri zirela Bilbotik; San Antoneko erretora azken hau. Etxenagusiari utzi nion
Fededunen Arbasoa bururatu berria nuen ene operaren manuskritoa. Honek bere elizako organojoleari, Franzisko de Bengoari, eman zion eta honek ederki musikatu zuen. Opera bururatu orduko eritu zen eta hil Bengoa. Geroago, Labayruko Ander Manterola Belokerat etorri zen batez, eman nion manuskrito hori eta harek berriz Durangoko Leopoldo Zugazari erakutsi. Jaun horrek testua inprentarazi zuen eta bere liburudendan salgai ezarri. Hiruzpalau ehun orrialde handikako testua musikatua da. 1997an Bilboko Euskaltzaindiako bibliotekari eskaini zion eta doble bat eni eman. Geroztik lo eta hilik bezala dago.
Oihartzun eskas edo kasu gutti egin diotelako dolutua zara nolazpait...
Bon, amini bat. Nahi nuke publikatua ikustea. Naski, norbaitek
Fededunen Arbasoa antzerki-opera hori argitaratu eta entzunarazi dezan, berean ageri den salmo hau emanen dut entzuterat: «
Kanta Jaunari lur guzia; egin airoski hark nahia: Euskal seme bakotxak bi herri dituela; sortzezko euskal xokoa eta mundu zabala».
Kantua eta hitza izan dira zure pasioa; sufrimendua eztitzeko-edo. Espainiako gerra zibilaz geroztik II. Mundu Gerra ezagutu izan zenuen. Nola gogoratzen duzu hura?
Frantzia eta Alemaniaren kontrako gerra zelarik, ni soldadu eraman nahi izan ninduten; fraile egoteko frantses armadan. Gerrarat joan nahi ez, eta Lazkaorat egin nuen ihes! Beneditinarrek Lazkaon dugun komentuan urteak pasako nituela uste nuen, baina bi hilabete baino ez nintzen egon. Hemengo prioreak frogatu baitzuen ez nuela aski osagarririk apez soldadu izateko.
Informe Semanal" programak, Belokeko monastegia ETAren santutegia bezala agertu zuen. Zuretzat une latzak izango ziren bada?
Bai, segurki! Alta, guk sekula ez dugu nehor lagundu gaizki egiterat, baina behar dutenei laguntza eman diegu beti. Gazte batzuk hemendik pasatzen ziren eta jatera ematen genien, guk ez genekien zertan ari ziren bestalde. Gero, jakin genuen –telebistatik ziotenez– gazte haiek Iparraldetik Espainiarat zihoazela eta handik Algeriarat joaiten gudurako prestatzerat. Baina guk horretaz ez genuen deus jakin. Jende asko pasa da hemendik; etortzen ziren guztiak hartu izan ditugu hemen. Espainiako gerra zibilan borrokatu ziren eskualdunak lagundu ditugu, eta euskaldunak ez zirenak ere bai. De Gaullen garaian Argeliarat joaten ziren frantziarrak ere bai. Are gehiago, frantziarrengandik ihesi etorri ziren aleman batzuk lagundu genituen eta gerra ondoren eskerrak ematerat etorri izan ziren. Guk beti karitatea izan dugu xede; San Benediktoren araua da hori eta. Norbait gure atera azaldu delarik hartua izan da beti.
Anartean, Afrikara ere egon zinen misiolari, berriz itzultzeko. Azken hogei urteak gogorrak izan dira Euskal Herriarentzako. Eguberriak amini bat bereziak izan dira aurten. Bake zantzuak antzematen dira aspaldiko partez. Zein da zure mezua?
Honatx! Urte berriko argi dirdiretan bat izan daitezela euskal semeak, eta denak maitatuak izaiteko erdal jendeak ere maita ditzatela. Aldi berean, egin daitezela, beren bihotzaren zabalaren zabalaz, munduko herri guzien lokarri eta zeruko alderat sustagarri. Hainbertze misiolari izan baititu Euskal Herriak, munduz mundu, mendez mende, orain ere izan gaitezen gu, euskal seme gaurkoak, emanak eta fededunak, non izanen baikara lur honetako guzien adiskide eta Kristoren baitan bateratzaile.
Euskal Herrian bizi den egoera segitzen duzu hemendik, monastegitik? Lizarra-Garazi akordia esaterako?
Ez dut berri asko, baina irekiak bizi gara hemengo eta hango Euskal Herriari. Berriak baditugu, eta esperantza badut Euskal Herriarengan. Haatik, bakea irabazi behar da, elkar maitatuz eta elkar onartuz.
Berriki ere, "Bai Euskarari" kanpaina burutu izan da; duela hogei urte ospatu zen haren ondotik. Euskaltzainak omenduak izan zarete. Joaten zara Euskaltzaindiako bilkuretara?
Joaiten naiz ahal dudanean, hilabetero. Bilborat edo Gasteizerat berdin. Hemendik pasatzen dira ene bila Piarres Xarriton edo Emile Larre edo Jean Louis Davant...
Zein iritzi duzu euskarak azken hogei urteotan bizi izan duen bilakaeraz?
Euskal kazeta eta egunkariak irakurtzen ditut artetan, eta aintzinatu da naski, gero eta hobekiago idazten da, eta euskaldunak elkarren hurbiltzen ari garela sentitzen dut. Nik ez daukat euskarari buruz halako printzipio handirik, nik eginahalak egin ditut euskara batuari buruz, maitasunean. Nik lapurtera ukan dut tipitik eta hori da hobekien emaiten dudana. Lapurtera izan dugu lehenengo euskara landua, Axularren lumatik bertze artean. Ongi liteke Iparraldeko euskarari atxikitzea ere.
Miarritzeko Aguileran izan zen festara hurbildu al zinen?
Ez. Ez nintzen Aguilerarat joan, hemen egunero aski bizi dugu besta salmoen kantatzen. Bost aldiz biltzen gara egunero kantatzeko, Euskal Herriaren onerako. Beraz, aski besta eta penitentzia egiten dugu.
Gaur egun ordea, apaizak urritzen ari zarete, gero eta apaiz gutxiago zaudete.
Gero eta gutxiago gaude apaizak, baina hauek onak. Geroa Jainkoaren eskuetan da, hark maitatu eta bildu gintuen eta harengana eramanen gaitu berriz ere