FIKZIOZKO ZIENTZIA MERKATUETARA IRITSI DA

  • landare transgenikoa. Gaur egun, 50 espezietik gora aurki daitezke. Landare transgeniko asko herbizidekiko erresistenteak dira, beste batzuei usteltze prozesua atzeratzen zaie. Abantailak bai, baina kalteak ere izango dituzte kontroletik kanpo dauden elikagai transgeniko hauek. Ingeniaritza genetikoaren teknikak multinazionalen esku jarri dira. Kutsadura genetikoa, XXI. mendeko kutsaduratzat bataiatu du batek baino gehiagok.

2017ko azaroaren 28an
Duela oso urte gutxi arte, fikziozko zientzia zirudiena, egiazko bihurtu dela esateagatik ez da jende gehiegi asaldatuko. Harrigarriagoa izan daiteke ordea, hainbat aurrerapen teknikok laborategitik mundu zabalera eta bide batez, gure etxeetara egin duen ibilbide laburra, laburregia agian. Gauzak horrela, eta multinazional handien presioari esker, oraindik, osasun nahiz ingurugiro ondorioak zeintzuk izango diren jakin ez arren, landare transgenikoak gure erosketa saskian topa ditzakegu.
Zientziaren aurrerapen guztien artean, ingeniaritza genetikoa da, ezbairik gabe, hauts gehien arrotzen ari den esparrua. Teknika berri hauetaz baliatzen eta aberasten ari diren enpresa multinazionalek gai honen inguruko eztabaida eragozteko saiakera anitz egin arren, egia esan, maila guztietara luzatu da liskarra. Gai hau puntako zientzialarien biltzarretan, nahiz talde ekologista xume bateko asanbladan aurki dezakegu eztabaidagai.
Lehen landare transgenikoa duela 15 urte eraiki zen eta geroztik izan duten garapena neurririk gabea izan da. Gaur egun, ingeniaritza genetikoaz baliatuta eraldatu diren 50-60 espezie baino gehiago aurki daitezke.
Gizateriak betidanik eraldatu ditu inguruko landareak eta animaliak bere premietara, duela 10.000 urte animaliak etxekotu zituenetik hautespen genetikoa etengabea izan da eta egun ezagutzen ditugun arraza eta barietate asko eta asko, urteen poderioz gure behar eta premietara moldaturiko bizidunak dira. Ale hoberenak sailkatuz egiten den hautespen genetikoa, ordea, prozesu biologiko motela da oso eta beraz, neurri handi batean kontrolpean izan dugu, desabantaila baino onura gehiago erdietsiz.
Ingeniaritza genetikoak ordea, prozesu hauek, neurririk gabe azkartu ditu eta gure gustuko izakia oso denbora txikian ekoizteko gai da. Kasu gehienetan teknika hauen bidez sortzen diren landareek dituzten abantailak oso nabarmenak dira eta produkzioa erruz emendatu da zenbait kasutan.
Baina zein ote dira landare transgeniko hauek sortu ditzaketen kalteak? Erantzun asko aurki daitezke, kasuan kasuaren arabera. Baina laburbilduz, zera esan daiteke, gisa honetako laboreak ez daude kontrolpean eta ondorioz eragin asko ezin da aurreikusi ere egin. Zientzia ez dago ondorio hauetariko asko ulertu eta konpontzeko prestaturik. Abiadura kontua dudarik gabe. Ingeniaritza genetikoak eskainiriko teknikak, gizateriaren zerbitzura jarri beharrean, interes politiko eta komertzial ugari dituzten multinazional erraldoien esku jarri dira.


ARRAINA TOMATEETAN.

Landare transgenikoen artean gehien landu den ezaugarria, landare hauek herbizidekiko duten erresistentzia izan da. Askotan, herbizida hauek ekoizten dituzten enpresek bultzatzen dituzte ikerketa hauek. Landare hauek landatuz, soroetan, herbizida gehiago edo kontzentratuagoa erabil dezakegu laborea hondatu gabe, produkzioa erruz emendatuz. Gaur egun herbizidekiko erresistenteak diren, soia, artoa, kotoia, tabakoa eta beste hainbat labore aurki daiteke merkatuan.
Badira ordea, beste ezaugarri batzuk eraldatu zaizkien landareak, esate baterako, arrain baten genea tomateetan txertatuz, tomate hauen heltze prozesua atzeratzea lortu da, merkatura iritsi aurretik ustel ez daitezen. Beste zenbait labore berriz, intsektu edo parasitoekiko erresistente bihurtu dituzte teknika hauen bidez, hala nola, patata, kotoia, artoa, sagarrak eta letxuak.
Begibistakoa da zein diren gisa honetako laboreen abantailak, esfortzu berdinarekin produkzioa asko emenda daitekeela, alegia. Eragozpenak ordea, handiak izan daitezke eta talde ekologista askok eginiko kanpainei so egiten badiegu, zerrenda luzeak topatuko ditugu landare transgenikoen aurka azaltzeko arrazoiekin.
Kasu batzutan, herbiziden erabilera sustatzen dute labore hauek, erresistenteak baitira, ondorioz, herbizida gehiago erabiliko dira eta gauza jakina da, ingurugiroarentzat kaltegarri suerta daitezkela produktu hauek. Dena den, intsektu eta izurriteekiko erresistente bihurtu dituzten landareen kasuan, justu kontrakoa gertatuko litzateke, erresistente diren neurrian, intsektizida gutxiago behar baitugu. Edozein modutan, beste era bateko arazoak sor daitezke, izan ere, landarea bera da, nolabait, intsektizida gisa jokatzen duena eta zenbait kasutan intsektu populazioak eraldatu ditzaketela pentsatzen da.
Baina landare transgenikoen kalterik larrienak, oraindik neurtzeke daude, ezin baita aurreikusi nola jokatuko duten, zehatz-mehatz, baina arriskuak nahiko nabarmenak dira. Arrisku hauek, kutsadura genetikoa deritzonarekin loturik daude, hau da, ekosistemetan, arrotzak diren geneak sartzen ari gara gure laboreen bidez eta ez da ezagutzen landaretzan eta animalietan gerta daitekeen gene-fluxua zer nolakoa izango den. Kutsadura genetikoa, XXI. mendeko kutsaduratzat bataiatu du batek baino gehiagok eta kutsadura kimikoa edo nuklearra baino askoz ere bortitzagoa izango dela aurreikusten da. Batez ere kontrolgaitza eta neurrigabea bihurtu daitekelako, gure osasunean izan ditzakeen ondorioak ezezagunak diren bitartean.
Ekologoek, oraindik, zenbait ekosistemen dinamikei buruz dituzten ezagutzak oso oinarrizkoak dira eta ezin da inolaz ere aurreikusi nola eragin dezakeen ekosistema batean gen arrotz batek.
Gauza jakina da, toki askotan, kanpoko espezieek, bertako ekosistemetan egin dituzten triskantzak. Agian sonatuena, Australiako untxiena izan daiteke, baina hain urrutira joan gabe ere, etxean baditugu, hainbat buruhauste sortu duten bizidunik, hala nola, karramarroa, arrainak eta landareak. Gauza bakoitza bere tokian jarriz eta geneak espeziekin nahastu gabe, pentsatzekoa da, kutsadura genetikoa, espezie arrotzen kutsadura baino gogorragoa suerta daitekela.


EZIN BEREIZTU ETA ADIERAZI.

Landare transgenikoen erabateko erabilera baten aurrean eta multinazional handiei bidea oztopatzea ia ezinezkoa denez, hainbat taldek, gisa honetako landareak eta berauen eratorkinak, behar den moduan label baten bidez adieraztea eskatu izan du.
Egia esan, kontsumitzaile ororen oinarrizko eskubidea da, erosten edo jaten duen elikagaiari buruzko informazio zehatza izatea, baina, praktikan, ezinezkoa bihur daiteke, landare hauen produktu eratorkinak labelen bidez bereiztea. Adibidez, landare transgenikoen artean aitzindari izan zen soiak, erabilera anitz izaten ditu eta ia nonahi topatuko dugu, hala nola, pentsu, gozoki, izozki, ogi, edari, gazta eta ia edozein elikagai industrialetan. Soia landatu eta saldu duen laboraria eta azken kontsumitzailearen artean dagoen ibilbidea oso luzea da eta kasu askotan, interes gehiegi gurutzatzen dira tartean

Nola ekoizten dira landare transgenikoak?

Bi motatako azido nukleikoak ditugu bizidunok, ADNa bata eta ARNa bestea. Azido desoxirribonukleikoan (ADN), bizitzeko ezinbestekoak ditugun proteinen eraketa burutu ahal izateko informazioa aurkitzen da. Informazio hau, erreplikatu egiten da eta belaunaldiz-belaunaldi heredagarria da.
Azido erribonukleikoak (ARN) berriz, proteinen sintesian zuzenean parte hartzen du eta ADNan aurkitzen den informazioa itzuli egiten du. ADN horretan pilatzen diren sekuentzia ezberdinak dira geneak eta hauek bizidunen ezaugarrien erantzule dira. Ingeniaritza genetikoaren bidez, indibiduo baten genoma alda dezakegu, berau eraldatuz edo beste izaki baten material genetikoa txertatuz.
Esate baterako, zenbait herbiziden aurrean erresistente izango den landare transgeniko bat sortzeko honako urrats hauek eman behar dira:
Guraize gisa jokatzen duten entzima berezi batzuen bidez (Murrizte entzimak), herbiziden aurreko erresistentzia hori kokatzen deneko zatia "mozten" da.
Gene hau, antibiotikoekiko erresistente den gene batekin batera plasmido batean txertatzen da, aurrerago erresistentzia garatu duten landareskak hautatu ahal izateko.
Material genetiko berriaz hornituriko plasmidoa, aldibateko ostalari batean sartzen da erreplikatzeko, kasu konkretu honetan, E. coli bakterioan. Plasmidoak, ADNzko eraztun sinpleak dira eta bakterioen baitan autoerreplikatzeko gaitasuna dute.
Erreplikaturiko plasmidoak, Agrobacterium tumefaciens izeneko bakterioetan sartzen dira. Bakterio honek bektore gisa jokatzen du.
Bakterio honek, laborategian landaturiko landareak infektatzen ditu eta era horretara plasmidoak landarearen zeluletara transferitzea erdiesten da.
Zelulak hormonen bidez tratatzen dira landare osoak sortzeko.
Aldaska berriak, antibiotikoekin tratatzen dira, herbizidarekiko, nahiz antibiotikoarekiko erresistentzia genoman garatu duten landareak aukeratzeko.
Emaitza: Herbizida batekiko erresistente den landare transgenikoa

Hiztegi genetikoa
ADN:
Azido nukleikoa, kromosomen osagai nagusia eta herentziaren euskarria. Hemen aurkitzen da, bizidunen informazio genetikoa.

ARN:
Azido nukleikoa, mezu genetikoaren transmisioan eta proteinen sintesian garrantzi handia duena.

Gene:
ADNzko segmentu batez eratutako kromosomako elementua, ezaugarri hereditario jakin baten agerpenean eta transmisioan erantzule dena.

Genoma:
Espezieen berezko geneen multzoa.

Genotipoa:
Organismo baten, hau da, ale bakoitzaren konstituzio genetiko edo hereditarioa, kanpoko itxuraren ezaugarri-multzoa (fenotipoa) baldintzatzen duena.

Bioteknologia:
Nekazaritzan edo industria kimikoan izaki bizidunen propietateez baliatzen diren teknika multzoa. Substantzia batzuk ekoiztu, espezien ezaugarriak hobetu edo mikroorganismoen ahalmenak garatzea ahalbideratzen du.

Ingeniaritza genetikoa:
Bioteknologiaren alor bat, gene bakar bat edo gene-talde bat kanporatuz, txertatuz edo eraldatuz, zelulen eta bizidunen osaera aldatzeko aukera ematen duten tekniken multzoa.

Entzima:
Erreakzio biokimikoak katalizatzen dituen proteina. Entzima bakoitza erreakzio jakin baterako edo antzeko erreakzio-multzo baterako espezifikoa da.

Murrizte-entzimak:
Entzimok nukleotido-sekuentzia espezifikoak ezagutu eta bertan ADNa ebakitzen dute, geneak bakarka isolatuz eta manipulazioa erraztuz. Ingeniaritza genetikoaren "guraizeak".

Plasmidoa:
ADNz osatutako egitura zelularra, ADN kromosomikotik independenteki eratzen dena.

Espeziea:
Ezaugarri fisiko eta biologiko berberak dituzten eta bere artean soilik gurutzatzen diren –edo gurutza daitezkeen– indibiduoez osatutako taldea.

Mutazioa:
Zelulen material genetikoan gertatzen den bat-bateko aldaketa, sarritan karaktere berri bat agertarazten duena eta aldaketa izan duen zelularen ondorengo guztietara transmititzen dena.

Izaki transgenikoa:
Ingeniaritza genetikoaren bidez, ahaidetasunik ez duten espezieen arteko material genetikoaren transferentzia burutuz sortutako organismoak.

Bektorea:
Ezaugarri bat ostalari batetik beste izaki batera garraiatzeko gai den izakia


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Eguneraketa berriak daude