Arkaitz Ugartetxea
Beñat Gaztelurrutia
Xabier Amuriza
Jon Lopategi
Jon Enbeita
GAIA:
Ekitaldiaren amaieran zortzi finalistek, bertso eskolen izenean, omenalditxoa eskaini eutsen bertso eskoletako aintzindari eta bultzatzaile izan doguzan hiru maisuri: Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Jon Enbeita. Arkaitz Ugartetxea eta Beñat Gaztelurrutia izan ziran denen bozeroale.
ARKAITZ
Jon Lopategi bertso irakasten
pasa ditu hainbat urte,
ta Jon Enbeitak ta Amurizak
berdin berdin egin dute.
Euren gainean, guk eman eta,
badaukate hainbat neke,
Bizkai aldeko bertsolaritza
arnasaz duzue bete,
gaur ez duzue jasoko baina,
hiru txapeldun zarete.
BEÑAT
Aipatzen hasi ta aipatu dozu
hain hirukote galanta,
bertso eskolek ekarri daben
hain belaunaldi aparta.
Gaur ere hemen atara dogu
itzelezko zalaparta,
aintzindariak izan direnak
urten bertora ta kanta,
hemen bertsotan ari bagara
zeuori eskerrak data.
AMURIZA
Hau zan ezuste raroa,
ta erdi aldrebes noa.
Ez dakit berau ez dan txapela
baino askoz ederragoa,
norbere txaloz animatzea
norbere erreleboa.
JON LOPATEGI
Esker onezko ohoreak,
sustrai zaharrentzat gordeak.
Aberastu ta edertzen ditu
gure Bizkaiko loreak,
hargaitik datoz frutuak bere
geroago ta hobeak.
JON ENBEITA
Bitsetan nengoen adi,
geure frutuak kantari.
Barkatu harro sentitzen banaz
ez al jat poza nabari,
indarbarritu nauzue barriz
ekiteko beharrari.
Oihane Enbeita
Beñat Gaztelurrutia
LANA:
Ofiziotan, zortziko nagusian.
GAIA:
Oihanek finala prestatzeko Beñat Azpillaga bertsolari haundia hartu dau botilerotzat..
OIHANE
Holako egun handi batean
milagroa ez dator txarto,
nahiz eta dena ezin den lortu
dena eskatu beharko.
Oraindik gairik ez daukazula
prestatuta niretzako,
ama ta aita nahikoa ditut
laguntza moralerako.
BEÑAT
Nirekin dozuz neurri guztiak
goitik eta behera landu;
milagroen zain baldin bazagoz
ondino ez da berandu.
Zu finalera trankil joan zaitez,
irabazi edo galdu,
hortik aurrera Jainkoak baino
ezingo deutsu lagundu.
OIHANE
Aizu, mutila, laguntzak behintzat
zerutik ez dira jausten,
gure arteko harreman hori
golpera behar dut eten,
ez baitidazu finalerako
laguntza handirik ematen.
Botilero lez hobeto zaude
pelota partidu baten.
BEÑAT
Nik haseratik hartu neutson bai
bertsolari onen traza;
jende aurrean egotekoa
eta barea arnasa.
Nik uste nuen hau ulertzeko
zu bazinala kapaza
zuri pelota egitea ez da,
neska, batere erraza.
Unai Iturriaga
LANA:
Bakarka, gaia emonda.
GAIA:
Baserritarra zara. Zuri 100 pezeta ordaindutako generoa Santotomasetan 1.000 pezetan salgai ikusi dozu.
Lanean emon ondoren
ortuan hainbeste ordu,
etekinak merezi dau,
ez nago horren seguru.
Beti gagoz izerditan,
beti hainbeste apuru;
alperrik jorratu dogu
bai lursail ta bai inguru.
Guri merke pagatuta
gero oso karu saldu,
halako tratulariak
asko jakuz gaur ugaldu.
Folklorearen sinbolo
jada bihurtu gara gu,
Artetan koadroetarako
bakarrik balio dugu.
Igor Elortza
Aritz Lopategi
LANA:
Ofiziotan, zortziko txikian.
GAIA:
Igorrek txakurra eroan dau albaitariarengana. Aritz, albaitariak, txakurra depresioak jota dagoala dinotso.
IGOR
Esan daustazun berba
hartu behar aintzat
txakurra jo daustazu
gaur depresibotzat
beraz albaiteroa
galdera zuretzat:
sikologoik ba al dago
animalientzat?
ARITZ
Txakurragaz badozu
nahikoa arazu
bera sendatu nahian
gabiltza jo ta su
sikologorik badan
galdetu daustazu
zeure bardinagana
eroan egizu.
IGOR
Ni ganbaratik oso
ondo nabil aizu
beraz nik ezin egin
zure berbei kasu
diploma ta guztiko
aitua zara zu
sikoanalisia
egin behar dautsazu.
ARITZ
Sikologoangana
txakurtxo txikia
eroan behar zenduke
ta ez da aitzakia
biok eiten dozue
bikote egokia
ta merkeago urtengo
jatsu terapia.
Igor Elortza
LANA:
Bakarka, puntua emonda.
BATETIK PAGASARI,
BESTETIK ARTXANDA,
asko joaten dira
dinbi eta danba.
Nik bigarrenerako
hartuko dot txanda
errazagoa baita
kotxean joanda.
Unai Iturriaga
X. Arriaga "Txiplas"
LANA:
Ofiziotan, hamarreko txikian.
GAIA:
Ama alabak zarie. Unai hamazortzi urteko alaba Txiplas amarengana doa ginekoloarengana laguntzeko eskatuz.
UNAI
Arazo garbirik ez
nik uste dot hala,
baina otu jatenez
hemen berehala.
Pentsatu dot joateko
sasoia bazala,
hara joateak behar dau
izan gaur normala,
dentistana joatea
bezain naturala.
TXIPLAS
Zer daukazun, neskatxa,
esan gaur mesedez,
nahiz ta nik konpontzea
ez dagon hain errez.
Medikuarengana
goazen lagun legez,
egin dagigun hori
alaba alafedez,
aginak ondo dozuz
beste zeozer ez.
UNAI
Saiatu arren zu gaur
ulertu ezin bape,
ama ezin dautsut esan
ez argi ez fuerte.
Beste famili baten
normala izan leike,
zure mesfidantza hori
gaur normala ete?,
neure barruen barri
jakin gura neuke.
TXIPLAS
Beti izan zara zu
neskatila fina,
arlo asko askotan
oso atsegina.
Sarritan pentsatu dot:
"hau neure berdina",
orain barruan dozu
itxuran zuk mina,
min hori izango da
kanpotik egina.
Igor Elortza
Arkaitz Ugartetxea
LANA:
Ofiziotan, hamarreko txikian.
GAIA:
Igor urte zaharra, eta Arkaitz barria. Lekukoa aldatzeko ordua heldu da.
IGOR
Jomuga garbi dogu
ta bagoaz hegan,
aurtengo notizia
badakizu zein dan;
zeuk be izango dozu
bai esku bete lan,
amaitu behar zenduke
badakizu zelan:
gureak etxean ta
Pinotxet kartzelan.
ARKAITZ
Urte honi jarrita
nago ni begira,
eta nabaria da
dakarren dizdira.
Aseko ote dugu
guztien desira,
falta diren guztiak
ekarriz herrira,
nire esku badago
etorriko dira.
IGOR
Gure eskutan itzita
eman dot abisu,
kontu handi horretan
beraz ez naiz izu;
oin kontu txikitara
noa itsu itsu,
nigaz bigarrena zan,
zuk ondo dakizu,
Athleti lehen postura
eroan egizu.
ARKAITZ
Athletic hor ari da
suabe suabe,
denek jokatzen dute
abilenen pare.
Hori ez dugu hemen,
lagun, nobedade,
futbolean beraiek
dira jaun ta jabe,
eurak helduko dira
nik eroan gabe.