"BILGUNE ABERTZALEAREN ALDEKOA NAIZ NAFARROAN"

  • Alderdiaren sorreratik EAko lehendakari den Carlos Garaikoetxearekin jardun dugu gobernu eta abagune berriaz Gaztelu Plazako EAko egoitzan, Gasteiztik gertu bezain urruti.

2021eko uztailaren 21ean
Kostata baina azkenean atera da Jaurlaritza berria, duela hilabete batzuk imajinagaitza zena gainera. Zeintzuk dira Jaurlaritza berriaren erronkak bakegintzari dagokionez?
Bake prozesua sendotzea. Horretarako Jaurlaritzak benetako zuzendaritza politikoa eraman behar du aurrera, orain arte egindakoaren alderantzizkoa, orain arte alderdien eskuetan utzi baita arazoa. Normalizazio politikoa lortu behar da eta horretarako alderdien arteko ahalik eta kontsentsu zabalena erdietsi, elkarrizketarako mahai bat alegia.

Eta eguneroko kudeaketari dagokionez?
Gizarte ikuspegi batetik enplegua eta lan banaketaren eremuan gogor jokatuko dugu eta, beharbada, gobernu antolaketan hau izango da gai korapilotsuenetakoa. Agiri Soziala aurrera eramateko zailtasunak topatu ditugu negoziaketetan eta, hau izan daiteke aurrera begira gai arantzatsuenetakoa. Beste eremu zaila erreforma instituzionalarena da, hor aldaketak egin behar dira gure erakundeak zertan geratuko diren erabakitzeko eta horretarako erakundeen lege berria egin behar da.

Zergatik izango da zaila erreforma instituzionala?
Aspaldi ari gara esaten horrelako zerbait behar zela eta, dirudienez, gaur egun beste alderdiek ere horrelako zerbaiten beharra ikusten dute. Esate baterako, lotsagarria da EAEko hiru diputazioek proiektu eta eredu desberdinak eztabaidatzea; sei mila kilometroko lurraldean hiru parlamentu, hiru gobernu eta lege desberdinak izatea horrelako gai garrantzitsu baten aurrean ez da posible. Udalak ere oso gaizki daude, ez bakarrik finantzazioari dagokionez, eskumenen alorrean ere zerbait egin behar da.

Ezker Batua guztiz baztertuta al dago gobernurako?
Guk esan genuen ez geniola inongo oztoporik jarriko ideia horri baina gobernu osaketa Ibarretxeren esku dago eta orain arte behintzat ez dago horrelako asmorik.

Komenigarria ikusiko al zenuke Ezker Batua Jaurlaritzan egotea?
Beti izango litzateke politika zabalagoaren adierazle eta gainera arlo garrantzitsuetan ados izan gara, esaterako Lizarrako akordioan. Gizarte gaietan ere lagungarria litzateke baina, zoritxarrez, bere Legebiltzarreko eserlekuek ez dute ezer konpontzen eta, agian, Ibarretxek horregatik ez dio aukerarik eman.

Ekainean posible ikusten al duzu EH Jaurlaritzan sartzea?
Bai ekainean, bai orain EH Jaurlaritzan egotea interesgarria litzateke. Kontuan hartuta eman dituen urratsak, adibidez Legebiltzarreko Mahaiko Lehendakaritza bat izatea, ideologikoki ez dut ikusten inolako alderik Jaurlaritzan partehartzearekin. Espero dezagun ekainean partehartzea erabakitzea.

Non ikusten dituzu gobernu berri horren liskar gai edo eremu zailenak?
Orain arte HBk haustura nahi izan du eta besteok –gutxienez guk– beste marko baterantz abiatzeko apurkako erreformak egin behar genituela pentsatu izan dugu. Iraganeko haustura ala erreformaren ideia hori nabarituko da baina helburuetan, lurraldetasuna eta burujabetzan ados gaude eta gure estrategia berdintsua izan daiteke aurrerantzean. Aitortu behar dute guk beti proposatu izan duguna –hau da, politikoki jardutea– onartu dutela azkenean. Dena den, gizarte gaietan EAJ eta EHren ezberdintasun handiaren arteko zubi lana ere egin beharko dugu.

Zer egin behar da popularrekin eta sozialistekin gutxieneko adostasun batera heltzeko?
Gaur egun eskuintiarrekin akordio bat lortzea ezinezkotzat jotzen dut, batez ere Nafarroan, Nafarroako eskuina basatuena da eta. Lurraldetasunaren ikuspegitik PSOEk badu zeregin garrantzitsua Nafarroan. 1977an PSOEk Hego Euskal Herriko batasuna onartzen zuen eta eskainu bategatik ez zen batasun hori lortu, nahiz eta gero, zoritxarrez, iritzia aldatu zuen. Berdin gertatu zen 1931an eskuintiarrekin, orduko Lizarrako akordioan. PSOEren jarrera beti liberalagoa izan da eta PSN hurbiltzen saiatu behar dugu. Ez da erraza izango. Badakigu arazo nazionala gai arantzatsua dela eta kontsentsua bilatu behar dugula, baina lortzen ez bada ez da hondamendia; zer herrialdetan dago, bada, orain izango dugun gobernu zabala? Paradogikoa litzateke une honetan gutxiengoak gehiengoari betoa jartzea.

Ekaineko hauteskundeen ondoren gauzatuko al da udal eta diputazioetan, EAJ, EA, EH aliantza?
Kontraesanik ez egotea litzateke logikoena. Ez nuke onartuko norbaitek gobernuan batzuekin itun bat egitea eta gero beste erakundeetan beste akordio bat gure kideen aurka joateko.

Beraz, zuretzat EAJ, EA eta EHren aliantza ere eraman beharko litzateke udal eta diputazioetara.
Edo gutxienez erasorik ez egitea. Eraso handia izango litzateke beste alderdi handi batekin akordio bat egitea eta alkatetza bat edo beste zerbait lortzeko alderdi abertzale baten aurka jotzea. Indar abertzaleen artean akordio bat lortu ahal bada hobeto, bestela gutxienez erasorik ez izatea. Dena den, udal mailako akordioak ez dira samurrak izaten, herri bakoitzak bere bizimodua eta ezaugarriak dituelako.

Esan daiteke, akordio hori lortuz gero, alderdi bozkatuenak lortuko duela alkatetza?
Akordiorik egon ezik, hori legez da horrela eta gainera logikoena da. Dena den, legitimoa eta demokratikoa da indar batzuk ados jartzen badira alkatetza hartzea.

Zer egin behar da presoak Euskal Herrira ekar ditzaten?
Gai hau oso premiazkoa da eta laster zerbait egiten ez bada Espainiako gobernua suarekin jolasean ari da. Horrela jarraituz gero baditugu arrazoiak susmatzeko esku beltzen bat ari dela trabak jarri nahian. Esku horiek nahiago dute betiko gatazka egun lortu dugun egoera baino.

Eta hori horrela balitz nola jokatu beharko litzateke Euskal Herritik?
Gizarte presio indartsuarekin jarraitu beharko da Madrilgo gobernuak presoekiko neurriak lehenbailehen har ditzan. Momentuz, eta gehiago ez dramatizatzeko, hori da esango nukeena. Sakabanaketarekin beti erakutsi dugun jarrera ari gara erakusten orain ere, mundu guztiak egiten ez duena; gogora ekarri behar da, adibidez, Enrique Mujikak sakabanaketa politika abiarazi zuenean EAJk haren alde egin zuela. Presoen hurbiltzea legez horrela delako bete behar da eta ez da negoziagai.

Presoen termometroa Madrilgo gobernuak bake prozesuarekiko duen neurgailua al da?
Madrilgo gobernuak «bakea presoen truke» kontzeptua ondo dagoela pentsatzen badu oker dabil eta oso borondate eskasa erakusten du. Presoen gaian beren askatasuna edo beren etorkizuneko egoera da adostu beharko dena baina hurbiltze prozesua ez.

Bizkartzainen kontua berriro dantzan. Nola amaituko da eskumen gatazka hau?
EAn betidanik defendatu izan dugu kontzeptu bat: «ordezkatzearena». EAJ eta PSEren arteko gobernuaren garaian ordea, hitz hori aldatu eta «egokitzearena» ekarri zuten. Jakina, hitz hau oso moldakorra da eta gobernuan dagoenak nahi duen bezala interpreta dezake. Egokitzea dena da, bakoitzak badu bere neurria eta horren arabera egokitzen du. Ordezkatzea, aldiz, oso kontzeptu garbia da; Gernikako Estatutua kontzeptu horrekin egin zen eta horren arabera badakigu pasaporteak, inmigrazioa, atzerria eta abarreko eskumenetarako zenbat polizia behar ditugun. Nire gobernuetan bezala, orain ere ordezkatze kontzeptu hori erabiliko balitz, ez genuke arazo hau. Isilean eztabaidatzeko gaia litzateke baina PPri, nolabaiteko biktimismoa aldarrikatzeko, gaia plazara ateratzea komeni zitzaion.

Datozen ekaineko hauteskundeetarako abertzaleek plataforma bateratua osatzeko mugimendu batzuk izan dira Nafarroan. Nola ikusten duzu ekimena?
Nire iritzi pertsonala ekimenaren aldekoa da baina zuhurtasun handiz jokatu beharko litzateke. Ikusi behar da zer kentzen den eta zer gehitzen den horrekin, arerioaren etxera begiratu behar den moduan. Frentismoa aitzakitzat hartuz, berak dituen bitarteko indartsu guztiekin mugitzen bada agian gehitzen duzuna ez da horrenbeste, edo zuk gehitzen duzu eta besteak ere bai. Telebista eta abarrekoen bidez boto bizigabea deitzen badute kontuz...

Hau da, interesgarria baina arriskutsua ere ikusten duzu.
Esan nahi dut ezin dituzula emaitza baikorrak bakarrik kontuan hartu, erantzun ezezkorrak ere neurtu egin behar direla. Indarkeriarena eta desberdintasun estrategikoak gaindituz gero bada aukera bat. Zertarako? Aurrera jarraitzeko, zeren eta arazo historikoak ez dira egun batetik bestera konpontzen, sarritan belaunaldi asko behar izaten da. Urteetan zehar arerioaren pentsamolde asko sartu zaizkigu hemen eta denbora behar dugu.

Horrelako ekimen bat gauzatzea posible ikusten al duzu?
Bai, gure aldetik posible da. Baina gobernu akordioa egin behar da, arau bateratuak finkatu, zerrendak eta abarreko miseriak osatu... Ez da samurra.

Zein izan beharko litzateke sortuko omen den Udalerrien Biltzarraren zeregin nagusia?
Biltzar horri botere alternatibo bat eman nahi badiogu nahastuko gara. Zergatik? Batetik, batzuk ez daudela nabarmen agertuko delako eta, bigarrenik, edozeinek zenbatu dezakeelako zer ordezkatzen duen. Beste kontu bat da udalek beren nahiak, sentimenduak eta ideiak azaltzeko plataforma bat eratzea. Zenbait proposamen eta ekimenak aurrera eramateko gune interesgarria izan liteke baina ez dezagun gure burua engainatu zerbait alternatiboa egin nahian, ez dezagun gure errealitate politikoa ezkutatu erakunde berri bat sortuz. Ulertzen dut EHk proposamen alternatiboa antzeztu behar duela baina espero dut guztien artean gauzak aurrera aterako ditugula.

EAJrekiko zerrenda batuena berriro itzuli da aktualitatera eta orain, ez dakit zer kopurutan, EA barrutik ere entzun dira horrelako ahots batzuk.
Guztiok dakizkigun arrazoiak medio, hori noizean behin ateratzen den gaia da baina EAren proiektua sozialdemokrata eta independentista da eta ez dugu hori ahantzi behar. Une zehatz batzuetan eta helburu estrategiko garrantzitsuak lortzeko neurri bereziak har daitezke baina gure proiektua aipatu dudana da eta horretarako guk gure espazioa behar dugu. EAJren proiektua herritarra da, zentru-eskuinekoa eta, agian ulergarriak diren arrazoi taktikoengatik, nazio ikuspegitik aztertuta anbiguo samarra. Euskal nazionalismoan ere, eta elkarrenganako begirunean oinarrituz, proiektu biak beharrezkoak dira.

Epe ertainera ba al du EAk EAJ eta EHren ogitartean geratzeko beldurrik?
Hori modu askotara interpreta daiteke. Gure interpretazioa da gu bide egokian ari ginela eta orain batzuk gure bidera hurbiltzen ari direla. Zein izan da gure ohiko tesia? Estrategia baketsua baina planteamenduetan erradikala estrategia armatua baino onuragarriagoa izango zela, eta baita EAJren taktizismo anbiguoa baino eraginkorragoa ere. Zer izan da, bada, Lizarra azkenean? Guk beti esan izan duguna. 1995eko martxoan Lizarrak esaten duen guztia esan nion Ardanza Lehendakariari Ajuria Eneko Mahaian defenda zezan. Beraz, guztiak badatoz guk defendatzen genituen tesietara, ongi etorriak guztiak, azkenean geratuko diren siglak edozeintzuk izanda ere. Azkenean, gizarteak EAren lana eskertuko du. Dena den, jakin badakigu indar txikia garela eta ez dugu gure burua gainbaloratzen. Aurretik beste batzuk saiatu ziren proiektu sozialdemokrata bat gauzatzen, ANV, ESB... eta ez zuten lortu guk lortu dugun proiektua gauzatzea

ORDEZKAGAITZA
ORDEZKAGAITZA
EAJko buruzagi ohia, EAEko lehen lehendakaria, Ajuria Eneko maizter sei urtez... Jeltzaleen aparato sakon eta indartsuarekin topo egin zuen arte. Zatiketa mingarritik sortu zen EA, lehen eta orain bere lidergo sendopean abiatu dena. Jantzia, euskaldunberria, karismatikoa; eskizalea garai batean, belauntzirako haize egokia topatzen du egun. Alderdiko buruzagi eta lehendakarigai betikotasunerako; oraingoz behintzat.


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude