Noiz eta nolatan heldu zenion lehenengo musika-tresnari?
Nire jaiotetxea Zarauzko Musika Plazako elkarte bat zen, Centro de Obreros Catolicos de San Pelayo. Aiton-amonak bertako konserje ziren. Zentro hartan bazen piano bat. Sakratua zen, gurea ez baitzen, baina nik, tranpa eginez, pianoa jotzen nuen aitona falta zenean. Gerora konturatu zen eskuetan zerbait berezia nuela. Indarra neukala esaten zuen aitonak.
Zenbat urte zenituen?
Zazpi urte nituela sartu nintzen bandan klarinetea jotzera, eta lehenagokoa da pianoarena. Bandan jotzen genituen kontzertu guztiak buruan hartzen nituen eta gero haiek jotzen nituen pianoarekin, nola edo hala, inork erakutsi gabe.
Aitona-eta siestan egoten ziren askotan eta harrigarriena zen pianoan ari nintzela lo egiten zutela; isildu eta kalera joaten banintzen, berriz, esnatu egiten ziren.
Zure kabuz ikasten zenuen?
Hasieran bai, baina gero aitonak, gauza arraroa garai haietan, udaldian Zarautzera etortzen zen Narbaiza maisuarengana bidali ninduen, behar bezala pianoa ikastera. Gero, Maria Barbara musika irakaslearen ikasle izan nintzen; musika arloan izan dudan zorte handiena horixe dut, Maria Barbararen ikasle izatea.
Txistua ere jotzen zenuen, aldi berean.
Antoniano eskolan dantza talde bat antolatu nahi izan zuten garai batean eta, noski, ni musikoa nintzenez, ni txistulari. Baina zorte txar bat izan dut: hainbeste dantzarirekin parte hartu dut, hainbeste dantza antolatu ditut, baina nik ez dut dantza egiten ikasi.
Dantzatoki bat ere sortu zenuten hala ere, Zarauzko lehenengo diskoteka: Naya.
Batzuk kitarra ikasi nahi zuten eta, nik ez nekien arren, haiei erakusteko adina nire kasa ikasi eta horrelaxe, hamabost egunerako kalean ginen kitarrarekin kontzertuak ematen. Jaialdi batera eta bestera ibili ondoren, pentsatu genuen besteen lokaletan-eta jo beharrean geurea lortzea. Leporaino zorretan sartu eta aurrera, diskoteka jarri genuen. Arrakasta handia izan zuen; gure musika taldeagatik zela esaten zuten.
Jauzi handiegia eman dugu denboran. Halako saltsetan sartu aurretik Seminariora jo zenuen. Zergatik?
Nik oso elizkoiak ditut etxekoak: osaba bat fraile, bi anaiak ere fraile... Haiekin Foruan Gabonak pasa nituen behin, gustatu egin zitzaidan, eta handik etorri zitzaidan gogoa. Bokaziorik ez nuen, baina nire burua aurkitu nahi nuen. 11 urte nituela joan nintzen.
Euskaltzaletasuna orduan hasi zitzaizun pizten? Familian behintzat ez zenuen giro abertzalerik ezagutu...
Euskalduna nintzen, euskararen jabe, baina kontzientzia eskasa: Francok irabazi zuen, nazionalistak gorriekin joan ziren, eta dena asumitua nuen. Ez etxean eta ez herrian ez nuen besterik aurkitu. Osaba eta denak ibili ziren Francoren banderapean, eta nik ez nuen politika kontzientziarik.
Noiz hasi zitzaizun ikuspegia aldatzen?
Musikaren bitartez. Gogoan daukat 15-16 urte nituela hasi ginela koroak egiten, eta musika entzunez eta kantatuz, beste musikekin sentitzen ez nuena sentitzen nuen euskarazko kantuekin. Gainera, garai hartan irakurri nituen «Amaia y los Vascos», Arturo Kanpionen lanak... Horrela hasi nintzen errebelatzen, euskal kantuekin.
Garai hartan baziren euskararekin konprometituta zeudenak, eta nire koadrilak aurrera egin zuen unean etorri zen «Jakin» sortzeko garaia. Nire koadrilak sortu zuen, eta lagundu nien aldizkarian dibujoak egiten, egitura ematen, animoak ematen... Harrotasun handiz esaten dizut «Jakin»eko fundatzaileetako bat naizela. 21 urte nituen eta 10 egin nituen guztira Seminarioan.
Zergatik utzi zenuen?
Konturatu nintzen hori ez zela niretzat. Oso erabaki gogorra. Etxekoentzat porrot handia izan zen. Ohore bat zen familian fraile bat izatea, eta ni frakasatua nintzen. Jaungoikoak behin deitzen dizu eta, ez badiozu orduan erantzuten, zureak egin du. Negarra ezkutatu ezinik aurkitu nuen osaba. Aita ez nuen ikusi ere egin. Gero jakin nuen aitak esan zuela: «Jakin banu semea hil dela ez nuen halako penarik hartuko». Hortik atera kontuak. Gero pixkanaka-pixkanaka joan dira uzten besteak, baina orduan neu bakarrik izan nintzen. Ondorio guztiekin hartu nuen erabaki hori, nik bakarrik.
1950eko hamarkadaren bigarren erdialdean itzuli zinen herrira. Zerekin egin zenuen topo Zarautzen?
Orduan hasiak ziren Irrintzi taldekoak lehenengo emaitzak ematen, antzerkiarekin-eta. Herria euskalduntzeko giro hori bultzatzen ari zen taldea, giro abertzalean. Pentsatu zuten ni frailea eta egundoko hizlaria izango nintzela, eta Irrintzirekin hasi nintzen. Mentalitate kultural horrekin ados nengoen eta konturatu nintzen han asko neukala aportatzeko. Garai hartakoa da «Alaken» abestia. Irrintzi taldearentzat sortu nuen. Gero, Irrintziren inguruan otxotea sortu genuen, eta euskal jaietako estanpak ere bai.
Umeen mundura nola hurbildu zinen?
Nire joera zen hura, ez Irrintzirena. Ez nintzen ez maisua ez ezer, baina umeak etorri egiten zitzaizkidan. Jaialdiak-eta antolatzen hasi ginenean umeek ondo pasatzea zen kontua, kantatuz, beti ere euskaraz. Lehenengo jaialdia Modelo zineman egin genuen: «Amaren Heriotza» istorioa asmatu nuen, ama euskara hiltzera zihoala adierazteko, eta horren inguruan antzerkia egiten eta abesten jarri genituen haurrak. Legamia bezala hazi zen hori, zenbait gurasoen kontzientziatara ailegatu eta orduan hasi ginen frontoiko jaialdiak egiten.
Umeekin diskoa ere atera zenuen, zure bi semerekin eta Zarauzko beste bi neskatorekin
Amets bat izan zen. Ez genuen ezer kobratu, baina artistak bezala zaindu gintuzten. Los Tres Sudamericanos ere han ziren. Txapelketa batean Manuk «Atso tuntun, gaur ere tuntun» kantatu zuen, eta Joxe Antoniorentzat «Euskara oi Euskara» sortu nuen.
Biak txapeldun atera ziren. Atentzioa deitu zuten. Etxekoak izanez, errazago nuen semeak jaialdietara eramatea, gurasoen baimenen beharrik gabe, eta horrela hasi ginen jaialdiak ematen. Belter etxea interesatu zen eta opari hori egin zigun: «Haur Kantariak» diskoa. Baina haurrekin jaialdietan hasterako Oleskariekin hasita geunden.
Noizko kontua da Oleskariena?
1960tik aurrerakoa, ordura arteko kantatzeko moduentzako astindua izan zen. Erdi kabareteroak gu, gozo-gozo kantatzen genuen, eta herria gurekin. Euskal Herri osoan ibili ginen jaialdiak ematen, Oleskariak zortzikotea, ni zuzendari nintzela. Kategoriako koroa zen, eta hiru disketxe etorri zitzaizkigun, herriaren gustukoa zer zen ikusi baitzuten.
Gero, umeekin hasi ginenean, jaialdiko programa osoa betetzen genuen gure jendearekin. Oleskariak, orkestra neukan, umeak neuzkan... Gernikara joan ginen batean, gu entzuteko tren espezialak jarri zituzten Bermeon, eta txalo hotsak zortzi minutuko iraupena izan zuen. Eta halako batean oleskarietako batek esan zidan bera industriala zela eta asko zuela jokoan, utzi egingo zuela.
Gero Zarauzko ikastolan sartu zinen irakasle. Zergatik?
Inplikatuta geunden kultura eta umeekin. Seme zaharrena bigarren promozioan sartu zen eta, urteak pasa ahala, konturatu nintzen, heziketa motza, mugatua, jasotzen zutela. Eta pentsatu nuen: barrura. Urtebeterako Erromara joan, han atera nuen lizentzia eta aurkeztu nintzen ikastolan, maisu.
Orduko ikasleek gogoratzen dute oraindik Asiako ibaiak Himalayan jaio direla, zure abesti bati esker. Berritzailea izan zinen irakasteko moduetan, ezta?
Ustekabean, intuizioz, irekia izanez. Nire betebeharra ez zen musika irakastea. Matematika, geografia eta gauza horiek guztiak irakasten nituen, baina musikaren bitartez irakatsi. Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik.
Ikastolako esperientziak ez zuen bukaera onik izan, hala ere. Nire bizitzako aro tristeena da ikastolatik bidali nindutenekoa. Gainditua daukat, baina nire gaixotasunak hortik etorri zaizkit. Bi kuestiogatik izan zen: batetik, kuestio politikoa, eta bestetik, pertsonala; ez zeuden ados nire jokabideekin.
Orduan sortu zenuten Zarauzko Musika Eskola, 1970eko hamarkadaren hasieran. Gerora musika pedagogian egin duzun ibilbidearen abiapuntua izan zen?
Arrakasta handia izan zuen Musika Eskolak, bostehun haur edukitzera heldu ginen. Zergatik? Nirekin ibilitako ikasleek nirekin jarraitu nahi zuten. Nobedadea izan zen. Hainbeste haur, hainbeste kanta eta hainbeste festa... «Zeruko Argia»koak ere orduan interesatu ziren. Eta Loiola Irratikoek ikaragarrizko aukera eman ziguten: astean bitan irratsaioak egitea haurrentzat eta haurrekin. Han iaiotasun bat hartu genuen: aparailu teknikoak, irrati gidoiak... azken batean, hor profesionalizatzen joaten zara. Grabaketak egiten hasi ginen.
Gerora, Lontxo Oiartzabalek proposatuta Donostiako Magisteritza Eskolan sartu nintzen, eta lau urte egin nituen, Andu Lertxundi, Mari Karmen Garmendia, Joseba Arregi eta beste lankide nituela. Lau urte egin nituen bertan, baina gaixotu eta sei operazio ondoren ez nintzen itzuli. Handik Hernanira jo genuen, Musika Eskola sortu, eta Jaurlaritzaren hasierako urteetan ere aritu nintzen, musika heziketarako arautegia egiteko. Lehenengo proiektuak nire eskuetatik atera ziren.
Gero «Xixupika» etorri zen, musika pedagogiako zuen lehen argitarapena. Zer zegoen lan horren oinarrian?
Hizkuntza oso inportantea da, mugimendua oso inportantea da eta musikaterapia oso inportantea da. Musikaren helburua ez da musikoak sortzea, berez etorriko dira. Musika bizitzea da eta musikaz baliatzea zure inhibizioak eta ezinak gainditzeko, komunikatzeko gogoa sortarazteko. Terapia gogorra da, baina isila.
Nobedadea izan zen musikari eta hizkuntzari zer tratamendu ematen nion. Umea ez da ideologoa, eta hitzak soinuagatik esanahiagatik baino gehiago hartzen ditu. Estilo bat da. Estilo tradizionala da, baina «Xixupika» kanta lehenengoa izan zen.
«Xixupika». Ze izen polita. Eta zer da Xixupika?
Horixe, hotsen magiarekin jolastea. Harrezkero, Xirula Mirula sortu genuen Donostian, orain hamabi urte, eta lanez gainezka gabiltza. Elkar eta Santillana argitaletxeentzako musikarako ikasmateriala prestatzen dugu, besteak beste.
Zuena talde lana dela esan izan duzu, baina sortzailea zu zarelakoan nago. Zein dira zure sormenaren oinarriak?
Konturatu nintzen hizkuntza musikarekin batera erraz sartzen dela umearengan. Protohizkuntza ere azken finean hizkuntza da. Hizkuntzak berak markatzen dizkizu azentuak-eta. Ikaragarrizko diktadura dauka hizkuntzak, miragarria da. Hizkuntza da nire inspirazioa. Bertso bat jartzen badidazu, han dago musika.
Egin dezagun balantzea. Zenbat disko argitaratu dira zure kantu eta musikarekin?
108 kondatu ditut, baina denon izenean hitz egiten ari naiz. Gure zigilua 108 diskok dute.
Beste inoiz ez da izango Euskal Herrian zuk adina produzitu duena.
Benito Lertxundirena ez dakit zazpigarrena edo zer izan den. Galdetu okin bati zenbat ogi egin dituen bere bizitzan. Milaka. Ogiak egiteari uzten badio, denak konturatuko gara. Baina bitartean, inor ez da okinaz arduratzen. Inportanteak dira Oskorri, Benito Lertxundi, Sorotan Bele..., baina Durangoko Azokan han geunden presente, baina...
Sentitzen duzu zure lana ez dela baloratu eta ez dela baloratzen?
Normala da. Mina emango dizu, baina ondo ikasita nago. Egunen batean konturatuko dira. Ez nau inork ezagutzen, baina edozein gaztek, ikastolan ibili bada, «Land Roverra» eta beste hainbat abesti ditu buruan. Malizia handiz esaten dizut: ni hor nago, nire izena galduko da baina ni kantu horietan nago. Nik ez dut hori nahi izan, baina beste gauzarik ez zegoenez... Aspaldi esan nuen: onena naiz jakin gabe ona naizela. Ez da inor etorri konpetentzia egitera.
Zureak direla jakin gabe gu guztion buruetan dauden abestietan zein dira zuretzat maiteenak?
Zaila da. Denek daukate beren historia. «Mc Mikel», «Txoria nintzela»... bakoitzak du bere historia. Orain Elkarrek bilduma egin du hamalau kantekin, eta horiek asko gustatzen zaizkit.
Hor hamalau daude, baina zenbat abesti sortu dituzu?
Milatik gora.
Bertsolaritzan ere egin duzu lanik: Bertso Trena ikasmateriala, bertsolarientzat doinuak...
Bertsolariek erabiltzen dituzten doinuak zinta batean jaso nahi zituen Juanito Dorronsorok, eta horrek aukera eman zidan mundu horretan sartzeko. Zenbait bertsolari ezagutu nituen nire musikarekin lagundu nielako. Estimatzen dut mundu hori, baina kanpotik.
Andoni Egañak 1986ko txapelketako finalerdian Bilbon kantatu eta gero ezagun egin den bederatzi puntuko doinu bat ere zurea da, ezta?
Zarauzko plaieroetan futbolean bere partidua ikusten ari nintzela, doinu bat eskatu zidan Andonik, eta egin nuen. «Txoria nintzela» abestia sortu nuenekoa ekartzen dit gogora: ez genuen txapelketa irabazi baina jendea «Txoria nintzela» kantari irten zen. Jendeak barruan dauka eta oso ezaguna egiten zaio. Honekin ere antzera. Mikel Mendizabalek, berriz, urtero nahi izaten du doinuren bat. Zabaldu egin dira baina gutxi egin ditut, lau melodia edo.