Marijose Irizar eta Jose Mari Sors Euskalgintza Elkarlanean Fundaziokoordezkariak
Jaso dugun mezua da 20 urte igaro direla eta bai Joseba Jakaren ikuspegitik eta baita Elkar osatzen duzuenon ikuspegitik, ibilbidea Fundazioan jaso nahi izan dela...
Gurea fundazio osoa da, ondasun guztia igaro dira Fundazioaren eskuetara: enpresaren akzio guztiak... Argi utzi behar da, hala ere, enpresak ez direla horregatik desagertuko. Elkarrek jarraituko du, Zabaltzenek jarraituko du, Bilintxek... Enpresa horiek orain arte jabe batzuk zituzten, izen propioak. Orain Fundazioa da jabea. Eite juridiko hori eman zaio.
Zergatik ikusi da eite juridiko horren beharra?
Orain arte borondate kontua izan da enpresak gure izenean egon arren, horiek sor zitzaketen ondasunak euskal kulturaren mesedetan uztea. Baina borondatea aldakorra da eta norbait desbideratu zitekeen; orain Fundazioarekin itzulerarik gabeko bidea da. Fundazioarekin bermatzen dena da enpresa horiek sortuko dituzten etekinak, baldin eta badaude, Fundaziora igarotzea. Fundazioa aurrera eramango duena Patronatua da. Argi duguna zera da: Patronatuan partikularrek hartu behar dutela parte. Bestalde, idatzita dago estatutoetan Patronatu kide izateko, politikatik at egon behar dutela.
Fundazioa aurrekontu zehatz batekin hasi da martxan? Oinarri fisikorik badu?
Fundazioak duen kapitala enpresa guztien jabe izatea da. Hasierakoan kopuru bat jarri da baina enpresen garapenaren arabera kapital handiagoa ala txikiagoa izango du. Kontua da ondasun horiek edukinez bete behar direla.
Fundazioa abiatu da baina Patronaturako 15 kargu sortu eta 10 bete dituzue. Proiektua garatzen ari da oraindik?
Ez du esan nahi, derrigorrez 15 horiek bete behar direnik. Leiho bat zabalduta utzi nahi dugu, beti errezeloak sortu ohi dituen elkarlan hori praktikara eraman ahal izateko. Fundazioak egin beharko du elkarlana beste fundazio batzurekin, beste enpresa batzurekin, argitaletxeekin...
Fundazioaren esku geratuko den kapital hori zertan mamituko da?
Fundazioak berak hainbat proiektu garatuko ditu, ari gara literatur mailan zerbait prestatzen. Horretaz gain, Fundaziora hainbat eskaintza iritsiko dira. Fundazioa normalean administratzailea da. Guk uste dugu dinamikoa izan behar duela erabat. Bultzatu litezke, errentabilitaterik ez dutelako beste inork sortuko ez dituen proiektuak... Ez dira egin behar soilik errentagarriak diren gauzak, baina ez dira egin behar guztiak errentagarriak ez direnak. Uztartzea bilatu behar da. Euskal kultura da peajeko kultura bat: lagundu egin beharko zaio eta dirulaguntzak beharko dira. Eusko Jaurlaritzak dirua banatu beharko du baina kulturaren garapenerako zerbait bilatu beharko da.
Jendeak izan dezakeen ustea da fundazioa zerbait publikoa, zabala, edonorentzat dela. Jendeak entzuten du elkargune, euskaltzalen topagune... Baina nola bideratu daiteke ahalegina, Fundazioa pribatua bada? Ba al dago mezenasgo asmorik?
Pribatua sortzez da, orain jende bat dago baina guk espero dugu Fundazioa luzarorako izatea. Fundazio publikoak diru publikotik estaltzen dira. Herri honetan proiektu asko dago. Josebak askotan esaten zuen lehiakortasuna oso ondo datorrela. Musikan, esaterako, momentu batean egon ziren Elkar, IZ eta Soinua. Ondoren sortu ziren, Gor, Esan Ozenki, ... Eta hor daude. Momentu batzuetan hausturak daude eta isuria sortzen da.
Non gelditzen da hor elkarlana?
Fundazioa zerbait bizia izan dadin nahi dugu; ezin gara fundazio erraldoi bihurtu baina proietu interesgarriak izanik ikusi beharko da nola lagundu, argitaletxeren batekin aurrera egin behar den. Elkarlana esaten dugu, gaur egun gizartean dauden beste hainbat talderekin eta horrek ez du esan nahi erakundeekin ez dela kolaboratu behar. Baina ez da dirulaguntzetatik bizi behar. Herri honetan frankotiratzaileak beharrezkoak dira, horiei esker zuzpertzen da kultura.
Zer alde egon liteke proiektu batekin Elkarrera jo edo Fundaziora jo, ezezkoa jasotzeari dagokionez?
Elkarrek berea defendatu beharko du eta Fundazioak askoz ere zabalagoa izan behar du. Baina nik beste galdera bat botako dut. Merezi al du kulturalki proiektu hori aurrera ateratzeak? Merezi badu Elkarrek akaso ezingo du lagundu baina Fundazioak bai. Noski, etortzen den jende guztia kultura egiten duela esanez dator, baina produktua atera eta bi ale saltzen direnean, ez du merezi... Kulturalki merezi al du? Hori da galdetu beharrekoa.
Elkar, argitaletxe mailan, proiektu erraldoi batean sartuta dago, Eusenor taldean, sekula euskaraz egin den entziklopedia handiena egiteko helburuarekin. Horrek izan dezake lotura Fundazioarekin? Hori bideratzeko modu zabalagoa izan liteke?
Ez du zertan. Eusenor dago, honek lau partaide ditu, bakoitzak hor sartu zenean bazekien zertan ari zen. Agian pentsatu behar da Eusenor gehiago zabaldu behar den ala ez. Eusenorren gainetik Harluxet dago. Eta honek izan beharko luke gai proiektua aurrera ateratzeko. Desberdintasuna da Harluxet sortuta dagoela Eusenorren bitartez entziklopedia egiteko, biltegi entziklopedikoa izateko. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren helburua askoz ere zabalagoa da. Bidean akaso askotan gurutzatuko dira bi hauek baina baita beste egitasmo batzurekin ere.
AEK edo premia izan dezaketen beste erakunderen materiala argitaratze lagun dezake? Fundazioaren helburutan dago herri mailako ekimen eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza egitea?
Ez dugu inoren alternatiba izan nahi. Fundazioak pribatua behar du, ez du politika gorabeheren arabera funtzionatu behar; ez dugu inor ordezkatu nahi eta ez dugu ezta miserikordi etxea izan nahi. Ez da leku bat, besterik gabe norbaitek dirua behar duelako laguntza emateko. Proiektuari beti bilatu beharko zaio helburu bat, subjetiboa izango da, baina saiatuko gara ahalik eta subjetibotasun gutxiena izaten. Erabakia patronatuaren esku egon arren, ahalik eta zabalen jokatzen ahaleginduko gara.
Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren aurkezpenean izan zen Jose Mari Agirre Kultura Sailburuordea, Jaurlaritzak proiektua babesten duela pentsa daiteke?
Aurkezpena egin aurretik, saiatu ginen zenbait jenderi zuzenean gure proiektua aurkezten. Deitu genituen alderdi abertzale guztiak, sindikatu abertzaleak eta baita Jaurlaritzako jendea ere. Hartuemanak izan ditugu alderdi batzuekin, sindikatuekin eta Jaurlaritzan ere hartu gintuzten. Aurkezpenean denetarik zegoen, batzuk bere alderdiaren izenean, beste batzuk norberaren izenean. Bilatu dugu ahalik eta zabaltasun handiena. Herri honetan askotan gertatzen da, jende bakoitzari etiketa bat jartzen saiatzen dela eta askotan erdibidean dagoenari muturrekoak ematen zaizkio alde batetik eta bestetik.
Joseba Jakak duela hiru urte inguru ARGIAk egindako elkarrizketan esan zuen liburu eta disko mailan krisia zegoela, ez zela gehiegi arriskatzeko garaia. Zein da gaurko egoera?
Kultura pasiboa indartsuagoa da egunetik egunera. Beste produktu mota batzuk ari dira kaleratzen, interneta, CD_ROMak. Argitaratzea ere lehen gehiago kostatzen zen. Liburuaren bizitza aldi bakoitzean laburragoa da eta oso ondo pentsatu behar da zer argitaratu. Baina hau ez da soilik euskal liburuaren arazoa. Durangon ere hainbat liburu kaleratuko dira baina askok muturrekoa hartuko dute. Itzulpena garatu da baina orokorrean krisia dago. Erosketa sistema ere aldatzen doa; ohizko liburudendak desagertzen ari dira eta handien eskaintza liburu salduenena da.
Josebak esaten zuen, liburuetan herenarekin irabazi, batzuekin parra egin eta ehuneko 35arekin galdu egiten zela. Azkenean oreka batera iristea ezinbestekoa da. Musikan ere orokorrean krisia dago, hori Durangon sinistea kosta egiten da baina ulertu behar da Durango momentuko flasha dela.
Fundazioaren partaide aldetik kulturak eskatzen duen ikuspegi zabala beteta gelditzen al da, aholkularitza bermatzeko adina?
Azkenean talde batek hartuko du erabakia baina uztartze bat bilatu behar da; euskal kultura, Unibertsitatea. Elkarren 40 bazkide ginen. Elkar sortu Iparraldeko 20 kiderekin sortu zen eta beste 20 Hegoaldeakoak sartu ginen. 20 urte beranduago 40 pertsona dira ondasunari uko egiten diotenak: kantariak, abokatuak, beste argitaletxeetakoak... Aholkulariak dira nolabait.
Iparraldeko ahotsa sorreran bezala orain ere nabaria da...
Zabal eta Elkar ere hor daude. Iparraldeak bere leku berezia izango du; ez soilik Peio Ospital eta Jokin Apalategiren bitartez, baizik eta lankide dugun jende guztiarekin.
Baditu Fundazioak epe motzerako aipa daitezkeen proiektuak?
Nahiago genuke momentuz eskuartean duguna ez azaleraztea, Joseba Jakaren izena erabiliko delako eta bere merezimentuak aipatu nahi dira, bere inguruan zerbait egin nahi da, baina gizarteratu egin nahi da, aurki aurkeztuko dugu.
Ritxi Lizartza / Maite Artola