"Ertzainak ez dira pozten lauzpabost kokoteko eman behar izaten dituztenean"

  • Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua


2007ko otsailaren 21an

Euskal Herriko kaleetako egoera liskartsuaren eta jasan dituzten erasoen aurrean, egun zein da ertzainen animoa?

Ertzaintza ondo ikusten dut. Helburuak onargarriak izan arren, onargarriak ez diren baliabideak erabili ohi dituen jende kopuru bat dago herri honetan. Eta horien aurrean, Ertzaintza normaltasuna ziurtatzen saiatzen da. Baina ez kapritxoz, herriaren aurrean eginbehar bat daukalako baizik.

Kaleko tentsioaren ondorioz, Ertzaintzan ez al dira kontrolik gabeko jarrerak sortuko?

Ez dago horretarako arriskurik, herri honegaz kontratu bat daukagulako. Ertzaintzak herri honena den ahalmen bat administratzen du. Noizbait ertzain batek justizia bere eskutik hartuko balu, ertzain hori legitimaziorik gabe geratuko litzateke; eta ertzain gehienek eginez gero, erakundea bera. Hori ez da bidea.

Hala ere, ezin ukatu ertzainen neurriz kanpoko jokaera asko salatu izan direla. Pare bat adibide jartzearren, horra Ertzaintza Donostian hedatu zen egunean zauritutako 15 intsumisoak, edota Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak ekarri zituztenean Tolosako hilerrian gertatutakoa...

Ertzaintza gizabanakoz osatua dago. Eta gizabanakoen ekintza guztiak ez dira bikaina emateko modukoak izaten; eskas kalifikazioa merezi dutenak ere badira. Baina kontuan hartu Poliziak soilik erabili ahal duela indarra, baina beti neurrian. Intsumisoen kasu horretan gehiegizkoa izan al zen Ertzaintzaren ekintza? Non ipintzen du noiz den gehiegizkoa eta noiz txikiegia?

Tolosako hilerrian gertatutakoa ere aipatu duzu. Nola ez naiz minduta egongo ordukoarekin? Hala adierazi nien Lasa eta Zabalaren sendiei eskutitz batean. Ez zen erraza epailearen agindua betetzea. Ertzainak ez dira pozten lauzpabost kokoteko eman behar izaten dituztenean; ez dira pozten aurreko hilean baino bi atxiloketa gehiago egin direlako. Datorren hilean atxiloketarik ez balego egonen lirateke pozik, horrek adieraziko bailuke ez dagoela bortizkeriarik.

Ertzaintzak kasu bakoitzari dagokion neurrian erabili behar duela indarra aipatu duzu. Nola finkatzen da neurri hori?

Nolako erasoa, halako erantzuna. Espaloian pankarta batekin egoteagatik ezin duzu inor jipoitu; baina harrika hasten badira, ezin kokildu. Berriro diot: herri honen zerbitzura gaude. Akatsak egingo dira, baina ez fede txarrez. Ertzaintza beti marra fin batean dabil: milimetro bat haruntza pasatzen bazara legez kanpo zaude eta milimetro bat atzera geratzen bazara ez zara heltzen.

Luis Mari Retolazak Ertzaintzaren lehen promozioa atera zenean esana: «Ertzaintzak ez du inoiz inor torturatuko». Baiezta al dezakezu hori?

Ertzaintzaren historian ertzain bakar bat ere ez dute zigortu torturatzeagatik. Epailearen aurrera eraman diren guztietatik, % 4 soilik zigortu dituzte; baina horietatik bakar bat ez da izan tortura kasuengatik.

Giza-eskubideen adierazpenen koadroa ertzainetxe orotan daukagu, eta ertzainekin bilerak izaten ditudanean, zera esaten diet: «Ikastazue buruz koadro hori».

Kalean bideo-kamerak ezartzeko legea arautzeko bidean da. Honen aurkako ahots asko entzun dira, eta legezkoa ez dela esan duenik ere bada.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Estatuko Kontseiluaren txostenetan ez zen esaten neurri hori legez kanpokoa denik. Guk urteak daramatzagu bideo-kamerak erabiltzen. Gura genuena zen erabilera arautzea. Orain arte inork ez du baimendu tresnon erabilera. Lege-egitasmo honek finkatu gabe zegoena finkatuko du: nork ematen duen baimena, zelako txostenak behar diren kamera finkoak ipintzeko, nola iragarri behar den halako ingurutan kamerak daudela, noiz apurtu bideo-zintak... Poliziak herri honetara segurtasuna ekarri behar du, baina ez hankak lotuta. Horrek ez du esan nahi kamerarekin zure etxera sartuko garenik.

Epaileen aurrean, baina, grabazio horiek ez dute fruitu askorik eman. Horrek ez al du neurri horren baliogabetasuna agerian uzten?

Fruitu ugari eta onak eman ditu bideozaintzak. Kontua da epaileak beraien artean independenteak direla, eta batek hau esan arren, besteak kontrakoa esango du maiz. Beraz, epaileen zenbait erabaki kritikatu izan ditut, beti ere modu konstruktiboan. Maiz bideo-zinta instrukzioko epaileari eraman eta hark non gorde ez duela erantzun izan digu. Beraz, guk gorde behar izaten dugu. Baina gero epaileari eramaten diogunean, manipulatzeko aski denbora izan dugula esaten digu, nahiz eta gezurra izan.

Ezker Abertzalearen eta Ertzaintzaren arteko ezinikusiak ba al du konponbiderik?

91ko otsailaren 7tik, kargua hartu nuenetik alegia, Ertzaintzak inoiz ez du agindurik jaso ideologia, arraza, erlijio, herri-proiektu edo izaera bat edukitzeagatik jazarpenik egiteko. Zergatik joan behar izaten dute ertzainek identifikazioak egin eta jendea atxilotzera? Ezker Abertzaleak erabaki duelako gizartearen arauak gainditzea.

Epailearen aginduz Ertzaintzak Jon Idigoras atxilotu zuenean, HBko buruzagi batek zera esan zuen: Polizia Nazionalak askoz tratu hobea eman ziola Ertzaintzak baino. Ziur ertzainek errespetuzko tratua, herrikoia, eman ziotela. Halako mezuekin, askotan «ABC»rekin egiten dute bat. Nola edo hala, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala justifikatu behar joan ez daitezen.

Ezker Abertzaletik Ertzaintzaren guardiazibilizazioa azpimarratzen ari dira azkenaldion...

Normala da euren kide bat atxilotu dutelako haserretzea. Baina Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza parekatzea beste horiei mesede egitea da.

Ertzaintza ETAren jo-puntuan dagoela uste al duzu?

Ezker Abertzaleak, adierazpen horiekin, ETAri sinestarazi egiten dio Ertzaintza halako ideologiaren atzetik dabilela. Eta hori ez da egia. Baina, jakina, Mahai Nazionalak dioena Atutxak dioena baino sinesgarriagoa da ETArentzat. Horregatik egiten dut eskaera hau: sinetsi ez gabiltzala inoren atzetik bere ideologiarengatik.

Ideologiaren arabera pertsona bat modu batean edo bestean tratatzeko esaten badut inoiz, sar nazatela eroetxean. Baina beste horiek Ezker Abertzalearen etsai amorratua naizela esaten badute... Eta egia badiotsut, ez daukat gorrotorik. Hori bai: apaiza, guardia zibila, HBkoa edo dena delakoa izan arren, pertsona batek legez kanpoko ekintzaren bat egiten badu, epailearen aurrera eramango dugu.
Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indarren kolaborazioari zer nolako nota emango zenioke?

Kolaborazioa ez, koordinazioa dago, eta larri aprobatzeko modukoa da. Guardia zibilek eta polizia nazionalek joan egin behar dute. Ertzaintza polizia osoa da, ez Madrilgo Poliziaren kumea.

Estatuko Segurtasun Indarren agente kopurua EAEn ez dela murriztuko entzuten duzunean, zer datorkizu burura?

Ezin dela onartu. Hona kopuruak: 7.558 ertzain eta betebeharren % 97 hauen esku; aldiz, 5.000 inguru polizia nazional eta guardia zibil, eginbeharren % 3rekin. Marti Fluxa Estatuko idazkariak bi hilabete barru plangintza aurkeztuko dutela esan dio orain gutxi Martiarena jaunari. Ikusiko dugu.

Xabier Arzalluzek Espainiako hauteskundeen aurretik esana: «PPk irabazi eta bilera batera deituko bagindu, arazo asko izango genituzke beraiekin hitz egiteko». Non geratu dira arazo horiek?

Oroitzen naiz Arzalluzek esandako beste zerbaitetaz ere: ez zeukala konfiantzarik PPrengan, baina bai Aznarrengan; ez ziola Aznarrek beldurrik ematen, baina bai PPk. Eta gertatu dena ikusita bete-betean asmatu du, Aznar emandako hitza betetzeko bidean baita. PPren atzean, ordea, zer dago?

Dena den, Kontzertu Ekonomikoaren garapenerako lortu duzuen itunak bide berriak ireki al ditzake EAJren eta PPren arteko harremanetan?

Azken akordio hau burujabetasuneranzko urrats garrantzitsua da. Hala ere, PPrekiko harremana lehengo berean dago, hitza betetzea baino ez da izan-eta.

«Galindo ustezko gaizkilea da». Zure hitzak dira. Beste batzuen kasuan, ordea, «ustezko» kontzeptua ahaztu egiten da.
GAL hiltzaile-tertulia bat izan zen. Baina horretan nahastutako pertsona bati buruz jarduten naizean ustezkotzat jo behar dut, epaileak erabaki arte ez baitut jakingo erruduna den ala ez. ETAri buruz hitz egiten dudanean ere, hiltzaileak direla esaten dut. Ekintza baten ardura pertsona batengan jarri izan dudanean, pertsona horrek berak hala aitortu izan duelako egin dut. Adibidez, Valentin Lasartek. Aldiz, Galindok GALen parte hartu zuela aitortu al du? Ez.

Euskal presoak hurbildu bai, baina ez zara Euskal Herriratzearen aldeko. Zergatik?

Hemen dozena bat kartzela egongo balira, Euskal Herrira esango nuke. Hain kartzela gutxi izanik, eta ETAkoak soilik aipatuz _besteak ere hurbildu egin behar dira_, estrategikoki ez da komeni hona ekartzea. ETAren munduarentzat zer hoberik bizpahiru kartzelatan biltzea baino, guztia kontrolatzeko?

Gasteizko Legebiltzarrak hartu erabakiak argi utzi du PP eta PSOEren jarrera oso bestelakoa dela gai honetan ere.

Horretan poztekoa da oso HBk parte hartu izana. Zer irudi saltzen dute batzuek, ordea Espainian? Euskal alderdi demokratikoek HBren aurrean amore eman dutela. Eskubideak betetzea, ordea, ez da amore ematea.

Zein baldintza ikusten dituzu beharrezko ETArekin hitz egiteko?

Baldintzarik ez dago uneotan. Nor ausartuko da ETAren baitan hitz egiteko prest dagoela esatera? Indarkeria amaitzeko epe bat emateko esaten didatenean, beti gauza bera esan ohi dut: eman den eperik luzeenarekin geratzen naiz, eta pozik.


Azkenak
2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Eguneraketa berriak daude