«Bizi puskak» 80ko hamarkadan eta Nafarroako herrixka batean kokatu duzu. Zergatik?
Bakoitzak bizitakoa, ez? Nafarroako zenbait herritan garai hartan une erabakiorrak izan ziren. Abertzaletasuna puri-purian zegoen, bazegoen rock radical vasco... mugimendua bizirik zegoen.
Gai ezberdinak ageri dira pertsonaien ahotan: askatasunaz hitz egiten du batek, rock eta gazte mugimenduaz besteak, maitasunaz... 23 pertsonaia guztira. Ez ote bizi puska gehiegi irakurleak guztiak aintzat hartzeko?
Agian bai. Hori gertatzen bada, hala ere, gaizki egina. Hasierako sarrera hori _pertsonaia bakoitzaren berri ematen du_ nahasmen hori ekiditeko jarri dut. Egia da, irakurketan itzuli asko egin behar dira hasierara pertsonaiek elkarren artean zein harreman duten ikusteko.
Gai politikoak eta sozialak ageri dira. Baten bat nagusitzen da?
Ez. Gizarteko arazoei ideologiaren bidez eman nahi zitzaien irtenbidea. Nola akabatu drogarekin? Gizarte hobe baten bidez, mugimendu batean militatuz. Dena den, gaiak zeharka datoz, pertsonaien ahotan. Ez nituen gaiak bere horretan nabarmendu nahi, poemaren mesedetan ere jarri nahi nituen.
Pertsonaia bakoitzak dakarren bizi puska herri horren izaera osatzera al dator?
Esaten da batzuk bizitza Euskal Herriaren alde ematen dutela, beste batzuk bizitzaren alde egiten dute soilik. Arbizun, 80ko hamarkada ilusio garaia izan zen. Bazirudien zerbait gertatuko zela, baina pertsonaiak edadeak harrapatu ditu eta azkenean ez da iritsi espero zena. Porrot sentimendua ageri da.
Horren aurrean jarrera ezberdinak hartzen dituzte: depresiboak, osti txarra erakutsiz, beste batzuk euren zereginetan sartzen dira... Bizitza bizitzen galtzen dute eta hori da guztioi gertatzen zaiguna. Denbora badoa eta gelditzen dena deslilura da.
Ezkortasun hori zure izaeratik dator?
Ezkorra, diote, errealista den baikorra da. Ilusioak badituzu, baina bizitzak errail batzuetatik sartu eta horietatik joatea eskatzen du; aurre egiteko indar handia behar da, eta gehienok amore ematen dugu, geure buruari traizio eginez.
«Ez ibilkizun duguna motzagoa delakoz baizik eta ibilitakoa gero eta luzeagoa delako...», diozu poema batean. Nostalgiaz ere ari gara?
Senarra galdu duen pertsonaiaren ahotan dator hori. Amodioari buruzko istorioa da eta berak iraganean oinarritzen du amodioa. Oro har, liburu osoan dago nostalgia puntu hori. Azkeneko poeman, denek batera hitz egiten dutenean, nabaria da nostalgia. Bada pertsonaia bat alderantzizko jarrerarekin, oraina bizi du eta kontuak eskatzen dizkie koadrilakoei oso hasarre.
Pertsonaia guztiek dute egiletik zerbait?
Izango dute. Akaso jarreren bidez defendatu dut izaera, batek depresiboa behar du, besteak osti txarra izan behar du, besteak bizitzeko sena eta lasaitasuna. Hiru orduro zentzazio horiek guztiak bizi ditut.
Mozorrotuta zatoz orduan.
Kortazarrek eta beste batzuek esaten zuten poesia moderno abangoardistak ezin duela lehenengo pertsonan hitz egin. Ados nago eta beraz, lehenengo pertsonan hitz egiteko pertsonaiak asmatu eta horien atzean ezkutatu naiz.
Edukiak eta egiturak, kasu honetan pertsonaia batek besteari erantzuteak, lotura dute?
Poemak egiteaz gain, poemak onak izan daitezen ahalegindu naiz. Atzean, istorioak ere badaude: istripu baten istorioa, pertsonaia bat hil egiten da; homosexuala zena eta bere lagun presoarekin maiteminduta zegoena eta azkenean amore eman eta ezkondu egin zena; Hiesari buruzkoa; inzestoa... Istorio horiek kontatzeko batak besteari erantzun ziezaion behar nuen eta irakurleak aztarnak bilatuz, istorioak osatzea.
Kokagunea Nafarroako mendialdeko herri bat da baina liburuan ageri diren pertsonaiak ez al dute hiritik gehiago?
Erronkarira bazoaz agian herriko estereotipoak dituzu baina ni bizi izandakotik abiatu naiz eta orduan Barrenkazuloa, Sakana, herriak dira baina oso komunikazio ona dago. Altsasun beti egon dira junkyeak eta extasiak ere duela urte pila batetik daude. Horiek guztiak akaso ez dituzu herrian baina bai 10 kilometrora.
Natur erreferentzia gehiago ere espero genitzakeen.
Horri aldegiten saiatu naiz, nigan berria zen zerbait egiteagatik. «Gaupasak»en, aurreko liburuan, natur erreferentzia asko daude eta aldatzeko gogoa nuen, «neuri buruari kontra egingo diot» pentsatuta. Begiekin ikusten duzuna natura da baina beste gauza asko belarrietatik edo ukimenetik ere sumatzen dituzu.
Egiturari begiratuta, ordena orrialdeka, zenbakika, eta hizkiekin ere planteatu duzu.
Hizki bera duten poemak, istorio bat kontatu dute. Badaude bizpahiru poema esaterako hiru edo lau hizki dituztenak, horrek esan nahi du hizki horri dagokion kontakizunak informazioa ematen diotela istorio bati.
Lehenengo orrietan «ni..... naiz» eta antzeko beste hutsunez betetako poema bat dator; irakurleak parte har dezan?
Liburuan izena jarri eta bide batez koadrila horretan sar liteke, besterik gabe; horrelako bizipenak baldin baditu istorioan parte har dezan.
Metrika ere landu duzu. Zaila egin zaizu?
Audenek esaten zuen gustu txarrekoak direla bertso librean egindako poemak. Nik liburu bat ikasgai moduan ere hartzen dut; aurrekoan ez nuen metrikarik sartu eta oraingoan saiatu egin naiz.
W. H. Auden aipatu duzu, haren antologia itzuli zenuen, eta baita «Gaupasak» poema liburua idatzi ere. Antzerkia ere landu duzu, baina poeta zaitugu?
Hori iraina da gaur egun. Liburuan badago poesiari buruzko poema bat eta argitzen dut pixka bat. Nahiko eroria, pot eginda, dago poesia. Poesiak ez ditu hegoak jartzen eta besterik gabe nahi dena idazteko modua eskaintzen. Liburu on asko daude baina beste batzuetan eskuartean hartzen dituzu eta bueno hau zer da? pentsatzen duzu. Ni ez naiz poeta sentitzen, baina idazle sentitzen ez naizen bezala. 50 urteko lanaren ondoren akaso posible da horrela sentitzea baina bitartean ariketak egin eta saiatu. Gainera, argitu egin beharko genuke zer den poeta.
Zuretzat zein da definizioa?
Benetan mundu pertsonal bat transmititzea lortzen duena, hizkuntza landuarekin eta gauzei maskara kenduz; baina ez norberarenak soilik. Ez dut gehiegi sinisten barne sentimetuak agertzen dituen poesia erromantiko horretan, niri ironia asko gustatzen zait. Finean, gauzei mozorroa kentzeko modua delako, eta oso modu ona, xumea. Lotsamangarria deritzot egun guztia garraisika, negarrez ibiltzea eta poesia idazten duenak ezin du irakurlea lotsarazi bere sentimenduekin; hori irain bat iruditzen zait irakurlearentzat. Niretzat ironia oso estilo polita da, gauza bat esan nahi eta kontrakoa erabiltzea, bide batez farre egiteko.
«Gaupasak eta «Bizi puskak»en artean, metrikan eta gai aldetik dauden ezberdintasunak aipatu dituzu. Nondik etorri da garapena?
Auden-en ondorioz, uste dut. Poesia itzultzen baduzu ohartzen zara trikimailu ugari izaten direla atzean; trikimailuak aztertu ondoren, saiatu naiz batzuk ikasi eta trikimailu horiez baliatzen.
Aingeru Epaltzak ARGIAn esan berri duenez, Nafarroako literaturgintzan orain 10 urte pentsaezina zen emana dago. Iritzi bera duzu?
Bai. Aingeru Epaltza, Alonso... punta-puntakoak dira. Giroa sortu eta giroa azalarazi egiten da. Nafarroa periferia da, eta Euskal Herri abertzale, euskal literatura eta kontu horietan periferia bezala bizi gara. Kontuan hartu behar duzue vascongadook hemen zortzi urte beranduago gertatzen direla gauzak. Nik baditut Gipuzkoako lagunak ikastolara joan direnak, ni nazionaletara joan nintzen. Nire lagunak Josu, Ander deitzen dira, nire izena, Juan Jose da.
MAITE ARTOLA