“‘Egin’ osorik euskaraz kaleratu arte ez da egunkari nazionala izango”

  • Egin egunkariko zuzendaria


2007ko otsailaren 21ean
Argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka
Argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka

«Egin»en aurka kanpainak egiten dira aldizka; azkena, Fernando Alonso eta Andoni Murga erredaktoreen atxiloketaren harira. Zein dago kanpaina hauen atzean?

Instituzioak, alderdi politikoak eta, zehatz mehatz, Ajuria Eneko Ituna. Dena dela, salagarriena publizitate boikota da; Espainiako gobernuak ez digu inoiz publizitaterik jarri, baina EAEko gobernuak duela bost urte ekin zion boikotari, guk errotatiba berria erosi eta berehala, hain zuzen. Sekulako jipoia izan zen, publizitaterik gabe geratu ginen, eta orain iragarki gehiago argitaratzen baditugu ere, nik esango nuke gurea ia publizitaterik gabe bizi den egunkari bakarra dela mundu osoan. Hala ere, «Egin» desagertarazteko estrategia honek porrot egin du.

Komunikabide askok ere «Egin»en kontra egin dute. Informatzeko duzuen eskubidea defenditu duenik izan da ordea, «ABC» kasu...

«ABC»k ondotxo daki gure aurka egiten dutena beraiei ere egin diezaieketela. Hor dute «El Alcazar» eskuin muturreko egunkariaren adibidea; hura ere publizitate boikotaren bidez ito zuten. Gaur ezkerretik jo dezake aginteak, eta, bihar, eskuinetik. Hala ere, ez dugu «ABC»ren legitimazioaren beharrik; informazio eskubidea defendatu ondoren, guri buruz zaborra besterik ez baitu argitaratzen. «El Correo»k, berriz, askoz modu dotoreagoan eman digu babesa.

Erasoei erantzuteko asmoz, honela zenioten editorial batean: «`Egin' egunkari bat besterik ez da; horixe da berau epaitu eta kondenatu egiten duten komunikabideen aldera duen berezitasuna». Zer dira, bada, komunikabide horiek, egunkari soilak ez badira?

Editorial hori Alonso eta Murga erredaktoreen atxiloketa zela eta, «Egin»en aurka egin ziren salaketei erantzunez egin genuen. Guk esan nahi genuen ez dugula talde armaturik osatzen eta egunkari bat besterik ez garela, besteak bezalakoa: politikoa.

Juan Mari Atutxarentzat «'Egin' goizero eztanda egiten duen leherkari txikia» bada, zer da barne sailburua «Egin»entzat?

Pozik egoteko arrazoia, hizketan hasten den bakoitzean bere izaera, ideologia eta bizitzeko filosofia agerian uzten dituelako: guri mesede egiten digu, eta bere alderdi eta gobernuari, berriz, bat ere ez.

Ikusiko al dugu sekulan «Egin» itxita?

Ez. Gai hau Espainiako Ministro Kontseiluan, eta EAE eta Nafarroako sailburu kontseiluetan aztertu dute. Askotan saiatu dira, baina alferrik da. «Egin» itxiko balute, beste «Egin» bat sortuko litzateke, herri honek «Egin» behar duelako.

Zein da «Egin»en diru iturri nagusia?

Salmentak, promozioak, publizitatea eta «Eginzaleak».

Publizitateari dagokionez, bi gauza esan behar ditut. Alde batetik, herri honetan zintzo jokatzen duen jendea ere badadagoela. Eta, bestetik, «Egin» publizitatea egiteko oinarri ona dela: Euskal Herriko laugarren egunkaria gara (52.000 ale inguru saltzen dugu), eta gure irakurlearen profila primerakoa da: dirua gastatzekoa sasoian dago, kultoa da, eta zailtasun ekonomiko handirik gabekoa.

Bestalde, herritarren laguntza ere funtsezkoa da: beraiek dira «Egin» egiten dutenak. Egun, hilean mila pezeta ematen dituzten 6.000 bat «Eginzale» ditugu.

Beraz «Egin»en irakurlea militante ere bada...

Gure irakurleak horixe dira, irakurle, baina batzuk militante ere badira, eta ez bakarrik dirua ematen dutelako: lantoki askotan «Egin» besapean eramateak arazoak besterik ez ditu ekartzen. Dena dela, nire ustez, gure irakurleak militante baino, klub eder bateko kide dira: «Egin» klubeko kide.

Miguel Angel Rodriguez Espainiako komunikazio ministroak, «Egin»i buruz mintzo, Gizarte Segurantzarekin zorrak dituztenen aurka egingo dutela adierazi zuen...

Diario 16, Avui, eta beste batzuk gu baino okerrago daude eta, ez dute haietaz tutik ere esaten. Gure zorra ez da oso handia, arazo horri nola aurre egin aztertzen ari gara, eta ziur egon zorra horiek kitatuko ditugula.

EAEko gobernuak zorraren aitzakia gure egunkarian iragarkirik ez jartzeko erabili du. Ikusi beharko, hau konponduta, zer asmatuko duten publizidade boikotarekin jarraitzeko.

Noiz arte izango dira beharrezkoak «Egin ta egin» bezalako kanpainak?

Aginteak desagertarazi nahi gaituen bitartean herritarren poltsikora jo beharko dugu. Dena dela, dirua biltzeaz gain, «Egin ta egin» kanpainak badu beste helburu bat: irakurleekin harreman estuagoa lortu eta «Egin» kalean, etxeetan, tabernetan... izatea.

Kanpaina oso arrakastatsua gertatzen ari da eta bada formula hau eskuratu eta bere bezeroei egunkarietako azal bereziak egiteko aukera eskaini dien enpresarik.

Espero al zenuen Miguel Indurainek «Egin»en azala egitea?

Gure egunkariak, politika ez ezik, gai asko jorratzen ditu; kirolak, tartean. Hau dela eta, Indurain bezalako kirolari ezagun askok bat egin dute «Egin ta egin» kanpainarekin, azal berezi hauetako bat erosiz.

Honen harira, bada Julio Cortazar idazle argentinarrari buruzko bitxikeri polit bat. Cortazarri «Egin»en ale bat erakutsi zioten: idazlea gure egunkaria funtsik gabekoa eta panfetario samarra zelakoan, harrituta azaldu zen txirrindularitzari ere tartea eskaintzen ziola ikustean.

Aurtengo «Egin eguna» Bilboko erakustazokan ospatuko duzue hilaren 17an. Berrikuntzarik izango da edizio honetan?

Bilboko festari zentzu berezia eman nahi diogu. Orain arte «Egin eguna» Altsasuko zelaietan egin dugu, jai giroa nagusi zelarik. Aurten erreibindikazioa ere ekarri nahi dugu festara; izan ere, egunkari hau ez da egoera normal batean bizi, eta irakurleak horretaz jabetu behar du.

Horrez gain, enpresa honetako langileek jendearen arnasa sentitu behar dute, egunkaria aurrera ateratzeko izugarrizko ahalegina egiten ari baitira: duela bost urtetik hona ez dute soldata igoerarik izan. Funtzionarioei soldata izoztu badiete, gureak `siberiarrak' dira aspalditik.

«Egin»ek kirola eskaintzen duela aipatu duzu lehen. Gehiegi, beharbada?

Irakurlegoaren eskaera da. Kirol asko badago, kirolak nahi dituzten irakurle ugari daudelako da. Normala denez, kirol gehiegi ateratzen dugula pentsatzen duen jendea ere izango da. Baina, aipatu bezala, irakurleen eskaera da. Adibide batzuk jarriko ditut. Udan, txirrindularitzaren lasterketak jokatzen direnean, irakurleen kopuruak gorantz egiten du nabarmen. Bestalde, astelehenetan, kirol gehien argitaratzen dugun egunean, 5 eta 10 mila ale bitarte gehiago saltzen ditugu.

Baina hori ez da komunikabideek kirol eta, batez ere, futbolaren kontura hasi duten gerran sartzea?

Joku horretan aritzea sahiestezina da. Askok eta askok futbolaz kopetaraino daudela diote, baina gero partiduak ikusten dituzte. Nire ustez, jendeak futbolari jarraitzen dio, nahiz eta kontrakoa esan. Hori da errealitatea eta guk horri erantzunik eman behar diogu.

Zernolako harrera izan du «Egin»en asteleheneko egitura berriak?

Nik denetik entzun dut; kirolei horrenbesteko protagonismoa ematea batzuei gustatu zaie, eta beste batzuei ez. Hala ere, seguru asko 5 edo 6 urte barru egunkari gehienek bide beretik joko dute, denok ulertu behar dugu-eta asteleheneko irakurlea berezia dela. Nik gustoko dut asteleheneko egitura berria.

Gari Garaialde / ARGIA Fototeka.

«Egin» egunkari nazionala al da?

Nazionala izateko jaio zen, baina helburu hori ez du oraindik bete, bere orrietan erdara nagusi delako. «Egin» osorik euskaraz kaleratu arte ez da nazionala izango. Dena dela, Euskal Herriaren errealitate tristearen adibide besterik ez gara.

Hala ere, euskaraz idatzitako testuen kopurua benetan txikia da...

Oso-oso pobrea da. Inguruko errealitatea kontuan hartzeaz gain, ezin dugu ahaztu egunkari honen dinamika; tentsio handia dago eta erredaktoreak presaka ibiltzen dira, eta, orokorrean, erdaraz hobeto idazten dute euskaraz baino. Erdaraz idazteko joera handia dago eta batzutan jendeari euskara erabiltzearen garrantzia gogorarazi behar diogu.

Beste aldetik, ezin diogu kopuruari bakarrik erreperatu: kalitatea ere aintzat hartu behar dugu. Nik ez dakit euskaraz zenbat orri atera beharko genukeen, baina, argi dago argitaratzen denak euskara maila ona behar duela izan. Egunkari elebidunik ateratzea ez da batere erraza.

Irakurle askoren ustez, «Egin»en euskara maila kaskarra da...

Batzuetan ona da, eta beste batzuetan, berriz, txarra. Lehen aipatu dudan tentsioak ikaragarrizko eragina du horretan. Dena dela, hemen bada euskaraz primeran idazten duen jendea: Xalbador Garmendia, Joxean Agirre...

Noiz ikusi ahal izango dugu euskara hutsez idatzitako «Egin»?

Gaur bertan egin genezake; kostata, baina egin liteke. Euskaldunen kopurua gure langileen artean oso altua da eta zenbait sail euskaraz argitara genitzake. Baina lan handia egin beharko genuke.

Komunikabide bat nazionala den ala ez esateko irizpide bat Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen aztertzea da. «Egin»en kasuan, Ipar Euskal Herriko errealitatea ez dago alde batera utzita?

Bai, bazterturik dago. Are gehiago esango nuke: gai honetan ez dugu asmatu. Guk Iparraldeko informazioa Hegoaldetik eta Hegoaldera begira egiten dugu; Iparraldeko herritarrei ez diegu ez bertako informazioa, ezeta Hegoaldekoa ere eskaintzen. Egun, ideia eta diru arazoak daude gabezi honen atzean: dirua eta azpiegitura izanez gero, Ipar Euskal Heriko errealitatea isla genezake. Nire iritziz, merezi du esfortzu hori egiteak.

«Euskaldunon Egunkaria»k, berriz, badirudi asmatu duela eta Iparraldeari tarte zabalagoak eskaintzen dizkiola bere orrietan...
Bai, hala da. «Euskaldunon Egunkaria» egunkari nazionala da bere esanahirik zabalenean. Iparraldeko albisteak emateko baliabide gehiago dute, baina, era berean, jakin dute bertako errealiteari nola heldu. Guk beraiek baino urte dezente gehiago daramagu kalean eta beti Hegoaldeko ikuspegitik aritu gara.

«Egin» Euskal Herriko herrialdeetako ezaugarrien ispilu da?

Ez dut uste gure kazetagintza alde horretatik oso egokia denik. Nazionala izan nahi duen egunkari batentzat ez da batere erraza herrialde bakoitzeko idiosinkrasia jasotzea. Hala ere, hori da egin beharko genukeena, herrialdeetako irakurlegoak ezberdinak direlako. Herrietako albisteak emateko orduan, ezin da formula bera erabili Bizkaian eta Nafarroan, bi herrialde hauetako egunkari nagusiek modu ezberdinetan moldatu baitituzte «Egin»ek Bizkaian eta Nafarroan dituen irakurleak. Onena Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Araba, Lapurdi, Nafarroa Beherwa eta Zuberoako «Egin.» argitaratzea izango litzateke. Hori oso zaila da.

Benetan uste duzu Martin Prieto kazetariaren desagerpena zela eta, «Espainiako kazetagintzak goia jo zuela»?

«Egin»ek gai horretan azaldutako jarrerak inbidia eragin zuen estatuko komunikabide guztietan. Gainerako hedabideak, dituzten interesak medio, ez ziren ausartu gertaera hori behar bezala aztertzen; guk, berriz, lotzen gaituen inolako interesik ez dugunez, euren jokaera morbosoa agerian utzi genuen titular horrekin. Gero, noski, denek gure kontra egin zuten eta horrek argi erakutsi zuen zuzen geundela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egin
Jabier Salutregi hil da, ‘Egin’ zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


2019-05-03 | Aiaraldea
Omenaldi jendetsua egin diote Isidro Murgari

Iragan larunbatean zendu zen Isidro Murga. Gaur arratsaldean omenaldi jendetsua egin diote Egin egunkariko sustatzaile eta herri mugimendu ugaritako kidea izan zenari. Laudioko Lamuza parkean egin dute ekitaldia, eta ehunka herritar bertaratu dira zitara, gizarte eta politika... [+]


2018-07-17 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


2018-03-02
‘Egin’-en dokumentu-funtsak Artxibo Historikora mugitzeari ekin dio Jaurlaritzak

'Egin' egunkariaren dokumentu-funtsak Hernanin zeukan egoitzatik Euskadiko Artxibo Historikora mugitzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak. 1.000-1.500 kaxatan aterako dute materiala, argazkiz beteak gehienak.


Aske geratu da Jabier Salutregi zazpi urte eta erdiko zigorra bete ostean

Egin egunkaria zuzentzeagatik zigortu zuten 18/98 makrosumarioan. Europan espetxeratuta dagoen hedabide bateko zuzendari bakarra aske geratu da gaur goizean espetxealdia hiru alditan bete ostean. Ean (Bizkaia) egingo diote harrera 19:00etan.


2015-06-01 | Garazi Zabaleta
Isidro Murga
“Kartzelara eraman bagintuen ere, harro gaude bizitako historiaz”

8 urte preso egon ostean, ostegunean gelditu ziren aske Isidro eta Patxo Murga anaiak. 18/98 sumarioan auzipetuak, Egineko langileak izateagatik atxilotu zituzten 2007ko azaroan, eta 69 eta 70 urteko adinarekin utzi dute Leongo espetxea.


2015-03-23 | Igor Agirre
Pablo Gorostiaga aske geratu da
zortzi urteren ondoren

Igandean geratu da aske Pablo Gorostiaga Auzitegi Nazionalak 2007an espetxean sartu ondoren. Egin egunkariko administrazio kontseiluko kidea zen eta 18/98 makrosumarioarengatik egon da preso zortzi urtez.


2013-11-27 | ARGIA
Teresa Toda kazetaria aske geratu da

Teresa Toda Egin egunkariko kazetariak sei urte eman ditu espetxean. 18/98 makrosumarioan inputatu zuten. Goizeko 8:30ean atera da Kordobako kartzelatik.


2013-07-15 | Xuban Zubiria
15 urte bete dira gaur Garzonek Egin itxi zuenetik

Gaur bete dira 15 urte Baltasar Garzon epaileak Egin ixteko agindua eman zuenetik. ETAren menpe egotea leporatu zioten. Auzi horren ondorioz Eginen proiektuaren parte ziren hainbat kidek kartzelan jarraitzen dute, horien artean, Xabier Salutregi Egineko zuzendaria eta Teresa... [+]


2005-07-18
“Egin” egunkaria eta irratia itxi zituztela zazpi urte bete dira
Joan den ostiralean (uztailak 15) zazpi urte bete ziren Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Egin egunkaria eta irratia itxi zituztela. Auzipetuak prentsaren aurrean agertu ziren larunbatean, bi komunikabideen itxiera salatzeko. Egineko zuzendariorde izan zen Teresa Todak... [+]

2004-07-15
Sei urte bete dira “Egin” itxi zutenetik
Sei urte bete dira gaur (15) Autzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz Egin Irratia eta "Egin" egunkaria itxi zituztela. Auzipetuak epaiketaren zain daude oraindik. Espetxean inor ez badago ere, 400.000 euroko bermeak ordaindu behar izan dituzte eta hilero... [+]

Eguneraketa berriak daude