"Oztopoak oztopo, autodeterminazio eskubidea ere iritsiko zaigu azkenean"


2007ko otsailaren 21ean

Bi asteren buruan, Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean akordio garrantzitsuak lortu dira euskal presoen sakabanaketaren amaiera eskatzeko. Zer ekar dezake ahalegin honek guztiak?

Legebiltzarraren aldetik, oso mugimendu garrantzitsua da. Batzuek eskuduntzarik ez izatea eta Barne Ministerioari dagokion gai batean eskuhartu izana aurpegiratu badiote ere, guztiz bestela dela deritzot. Izan ere, Legebiltzarrak sentikorra izan behar du arazoekiko, eta presoena horietako bat da.

Zer espero dezakegun? Batetik, Legebiltzarrak, erakunde bezala, herri honetako arazoak konpontzeko balio duela erakustea. Bestetik, ondokoaz komentzitu nahi nuke Barne ministroa: bultzatzen ari garen plangintza ez dela abstraktoan egindakoa, plangintza zehatza dela baizik. Eta hirugarrenik, ekimen honekin bat egin ez duten indar politikoek azkenean bat egitea espero dut.

Gasteizko Legebiltzarraren erabakia errespetatu bai, baina azken hitza Madrilek duela esan du Jaime Mayor Orejak. Horrek zer pentsatua emango dizue, ezta?

Jendeak dituen arazoei irtenbideak emanez egin behar da politika, eta ez soilik eskuduntzei begira. Herritarren % 73k arazo honi irtenbidea eman behar zaiola, presoak gerturatu egin behar direla eta horrek herri honen baketze eta normalizazioan lagunduko lukeela pentsatzea, ez da errespetatzekoa soilik; kontuan hartu beharrekoa da. Eta Barne Ministerioaren erabakiak bat etorri behar du euskal herritar gehienek pentsatzen dutenarekin.

Baina Madrildik egindako adierazpen horiek ez al dute agerian utzi Gasteizko Legebiltzarraren ahalmen eza?

Kontua da Espetxe Erakundeen eskuduntza Madrilen esku dagoela. Hain zuzen, Legebiltzarraren hurrengo plenoan transferentzia hori bizkortzeko eskatuko dugu. Eskuduntzen ildotik, Barne Ministerioak arrazoi du. Baina gai honek ez du soilik irakurketa legalista behar; politikoa ere behar du. Eta politikoki, eskuduntzaren gaian soilik oinarritzea ez da onargarria. Irakurketa politikoa egingo balu, gehiago hartuko luke kontuan indar politikoen, sindikatuen, erakunde bakezaleen eta abarren aldarrikapen hau.

Presoen gaiarekiko jarrera-aldaketa nabarmenak antzeman daitezke orain urtebetetik hona. Nola interpretatzen dituzu aldaketa hauek?

Ez aurrera eta ez atzerako egoera honetatik atera nahi du herriak. Horretarako, beharrezkoa da politikan aldaketa ematea. Boterean daudenek egiten ez dutenez, gizarteak hori eskatzeari ekin dio, presioa eginez. Zentzu horretan, gauza bat oso argi daukat: presoen gaiaren prozesu honetan parte hartzen ari diren agente sozial horiek guztiek aldaraziko dituzte boterean daudenen jarrerak.
Sakabanaketa defenditzen dutenek ohartu behar dute sakabanaketak porrot egin duela, ez baitu hasieran jarritako helburua bete. Horretaz ez ohartzea hutsegite handia litzateke. Euren jarrera Espetxe Lege Orokorrak esaten duenaren kontrakoa da. Euren burua demokratikotzat dutenen alderdiek ezin dute defenditu legezkoa ez den jarrera.

Presoak Euskal Herrira gerturatzeko unea gertu ikusten al duzu?

Lehenago edo beranduago, gerturatzea gauzatu egingo da. Lehenik eta behin, legezkoa delako. Eta legezkoa dena bete egin behar da, bai gustukoa denean eta baita atsegin ez denean ere. Baina legezkoa izateaz gain, atzera -bueltarik ez duten gaietako bat da hau. Populazioaren % 73k zerbait eskatzen duenean, modu batera edo bestera, zerbait hori iritsiko egingo da. Eta zenbat eta lehenago iritsi, arazo asko saihestu ahalko ditugu.

Zu zeren aldekoa zara: gerturatzearena ala Euskal Herriratzearena?

Zein da eskubide horren muina? Batetik, presoen eta senitartekoen arteko harremana erraztea. Zentzu horretan, preso dagoenarentzat gain, sakabanaketa sendiarentzako ere zigorra da. Bigarrenik, bere sorterritik zenbat eta gertuago egon, presoak beti aukera gehiago izango du bere ingurunetik ez urruntzeko. Hori bada helburua, berdin-berdin lor daiteke 100 kilometrora egonik edo 150era egonda. Gainera, ezin dugu ahaztu une hauetan Euskal Herriko lau kartzelak ez daudela euskal preso guztiak jasotzeko moduan.

Hainbat politikarik adierazi duen bezala, presoen gaia konpontzea bakegintzan aurrerapausoa ematea izango litzatekeela uste al duzu?

Oso posible da. Batetik, sufrimendu asko saihestuko litzatekeelako. Eta jendeak sufritzeari uzten dion une beretik, egoera normalizatzen hasiko da. Gainera, sufrimenduzko eta ez-legezko egoera horretan oinarrituz jarrera jakin batzuk hartzen dituztenek, arazo hori desagertzen denean, ez dute oinarri hori izango.

Aspaldion, adierazpen askotxo ari gara entzuten elkarrizketaz eta negoziazioaz. Zer behar da mahaian eseri eta hizketan hasteko?

Zorionez, batzuk aspaldidanik defenditzen ari garen elkarrizketaren tesia gailentzen ari da. Uneotan, inork ez du zalantzan jartzen indarkeriaren arazoaren irtenbidea elkarrizketaren bidetik etorriko dela. Zer behar den horretarako? Bi aldeen borondatea.

Elkarrizketari ekin ahal izateko, zer eskatzen diozu ETAri?

Gauza bat baino ez: benetan bakea lortu nahi izatea eta sufritzen ari garen honekin amaitu nahi izatea.

Espainiako Gobernuari?

Tolerantea eta ulerkorra izan dadila, eta uler dezala euskal herritarrak garela arazo honekin gehien sufritzen ari garenak. Eta batik bat, ondoko hau ulertzea nahi nuke: arazo honek, irtenbide polizialaz gain, irtenbide politikoa ere baduela.

Eta alderdi politikoei?

Utz ditzatela interes partidistak alde batera, gauza askotan amore eman beharko baitute. Protagonismorik nahi ez izatea eskatuko nieke, eta garrantzitsuena bakea lortzea dela ohartzea eta ez garaipena.

PPk, EAJren laguntzarekin, aurrekontuak atera ditu aurrera, Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren gaian akordioa lortu dute... Nola ikusten du EAk EAJren eta PPren arteko harremana?

Jada ohiturik gaude EAJk politika egiteko duen merkataritza-moduarekin. Erabiltzen duen hizkuntza bikoitza ohikoa bilakatu da, eta inolako lotsarik gabe jokatzen du modu horretan. Aurrekontuetarako akordioa aurrekontuak onartu beharreko egunaren bezperan lortu izanak akordioa bera desitxuratu egiten du, boto batzuen truke egin baita. Printzipioekin ez da horrenbeste komertziatu behar. Izan ere, Kontzertu Ekonomikoa eskubide bat da, ez Espainiako Gobernuaren kontzesio bat.

EAJk, bederen, bere helburua lortu du...

Kontzertuaren akordioan trukean zerbait eman ote den jakiteke dugu oraindik. Baina truke-txanponik egon den ala ez jakiteko itxaron egin beharko dugu, horrelakoak beti agertzen baitira azkenean. EAJk ordaindu eta kobratzeko politika jorratzen duenez, seguruenik izango da zerbait.

Dena den, ekintzak ikusi arte ez zaizkit zalantza guztiak desagertuko. Hitzarekin soilik ez naiz fio. PPk sei hilabetetan eman duen aldaketa nolakoa izan den aztertuta, ikusi egin behar Madrilek hitza betetzen duen.

Azken aste hauetan autodeterminazio eskubidearen kontrako adierazpen gogorrak entzuteko modua izan dugu. Erantzunik ba al duzu kritika horientzat?

Kritika horiek beldurraren ondorio dira. Autodeterminazio eskubidearen aldekoak garenok eskubide hori daukagula onartzea nahi dugu, herri ororen eskubidea baita. Eta gainera, gaur bertan diogu herri honen borondatea onartu egingo dugula. Eskubide hori bagenu eta euskal herritarrek ez dutela autodeterminatu nahi esango balute, erabakia errespetatu egingo genuke. Aldiz, eskubide horren ezagutza ukatzen ari zaizkigunak zerbaiten beldur izango dira, edo bestela erabateko konbikzio demokratikorik ez daukate.

Dena den, autodeterminazio eskubidearena atzera-bueltarik ez duen gaia da. Oinarrizko eskubidea den aldetik, ez daukat zalantzarik: oztopoak oztopo, azkenean autodeterminazio eskubidea ere iritsiko zaigu.

GAL auziak pil-pilean jarraitzen du, eta auzian nahastutakoak gero eta gehiago dira. Auzia erabat argitzerik izango dela uste al duzu?
Gauzak nahasten ari dira: Estatuaren segurtasuna defenditzen ari direla diote, baina Estatuko zenbait pertsonaren segurtasuna soilik ari dira defenditzen. Bide zaila izango da, baina konfiantza dut bi gauzatan: batetik, justizian, eta bestetik, herriaren eskaeran. Herriak ezin du orrialdea pasatzen utzi lehenik orrialdea irakurri gabe.

PSOEren eta PPren arteko akordiorik badagoela uste al duzu gai honetan?

Hala dirudi. Harrigarria da oso PPk hauteskundeen aurretik zioenaren eta orain esaten duenaren artean zer nolako aldea dagoen ikustea. Estatuko agiri, dokumentu eta sekretuak eskura izan dituenean ikusi ahal izan duena izugarria izan arren, PPren eginbeharra da horren guztiaren berri epaileei ematea.

Zer adierazten dizu GAL auzian nahasturik agertu diren gehienak kalean egoteak?

Guztientzat ez dagoela aukera-berdintasunik. Galindorekin hartutako neurria beste batzuekin hartuz gero, jende askori ez litzaioke gustatuko.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude