Egiguzu Kongresu berriaren lehenengo sei hilabeteon balantzea.
Tik zaharrak astindu ezinik dabiltza oraindik. Nagusi den legebiltzar-taldeak erraz eskuratu ditu aurrekoaren tik zaharrak. Gauza bera gertatu da oposizioarekin. Beste zerbait nabarmentzekotan, PSOEren ahulezia nabarmenduko nuke. Bederatzi milioi boto jasotzeak arnas pixka bat eman zion arren, trapu zikin guztiek ahulezia eragin diote.
Eta EAJren lana zertan aldatu da, aldatu bada?
Lehengoari eusten diogun bakarrak CiU, IU eta gu gara. Ezberdintasun bakarra dago: lehen PSOErekin izaten genituen harremanak eta orain PPrekin. Bada beste datu bitxi bat ere: lehen, oro har, lege-proiektuek interbentzio kutsu txikiagoa izan zezaten egiten genituen zuzenketak; orain, ordea, estilo horretako zuzenketa gutxiago egin behar izaten da. Lehen egin behar izaten genituen zuzenketak gizarte zibilaren eta beronen agenteen protagonismoaren bila egindakoak izan ohi ziren. Orain, aldiz, giza-eskubideen aldetik, ongizateko estatuaren parametroen zainketaren aldetik... egin behar izaten ditugu. Elkarrizketa-laguna aldatzean, zuzenketak egiteko moduak ere aldatu egin dira. Mantendu den zuzenketa da foruaren defentsa, PSOEk zein PPk estatu bakar horren defentsa egiten baitute.
Legegintzaldi berri honetan ikusi ahal izan dituzun gauza guztietatik, zer zorionduko zenuke?
Batetik, ganbara honetan eztabaidak arinagoak izan daitezen hartutako erabakia. Kongresuko mahaian badago halako borondate bat etxe hau politika mailako eztabaida-gune izan dadin. Parlamentuaren izaera eta lanak nabarmentzeko nahia agertu dute.
Gobernuari dagokionez, Barne Ministerioaren aldaketa azpimarratuko nuke. Oposizioan zegoenean esaten zuena oso zaharkitua geratu zaio PPri. Hauteskunde kanpainan erabili zituen ikur eta mezu nagusienak alboratu egin ditu, eta hori pozgarria da. Dena den, berri pozgarriena hauteskundeetako emaitzak izan dira. Izan ere, emaitza horiek negoziaketa eta adostasunak bilatzea ekarri baitute.
auteskundeetako emaitzen ondorioz geratu dira PPren jarrera gogorrenak negutegian. Pentsioak direla-eta azken asteetan Gobernuak eta sindikatuek lortutako adostasuna ere garrantzitsua izan da.
Eta kritikatzekotan, zer?
Gobernuaren informazio politika ahula. Azken batean, jostailu itxura hartzen dugu herritarrok egunero egunkaria hartu eta erabiltzen ari diren iragarkien metodo hau ikusten dugunean.
Egoera berean egonez gero, uztailean PPrekin lortutako akordioa sinatuko al zenuke orain?
Horrelako gauzek arazo bat izaten dute: denboran luze joaten dira. Kontua da cash dirutan ordaintzen ohituta gaudela eta PPk zein PSOEk, ordea, epeetan ordaintzen digutela. Inbestidura-ituna cashetan pagatu genuen uztailean, eta orain, berriz, letrak bentzimendu-epeak betetzen ari dira. Negoziazioetan gauzak ondo doaz, Cesideko paperena eta sekretu ofizialen aurre-proiektuarena bi beltzune izan arren. Baina aurrekontuei eta, batik bat, Kontzertu Ekonomikoaren berritzeari begira PPk, epeetan bada ere, hitza beteko duela deritzot. Maila ekonomikoan, industrian, eskuduntza alorrean eta Barne Ministerioan izandako aldaketak ikusita, merezi izan du adostasuna lortzeak.
Ez dirudi EAJren eta PPren arteko harremanak unerik gozoenean daudenik. EAEren eta Nafarroaren arteko Batzorde Iraunkorraren existentzia izan da egoera hori eragin duen gaietako bat. Ba al duzu organo horrek bizirik iraungo duen esperantzarik?
Nahi genuke bizirik irautea. Arazoa da Nafarroan gobernu-aldaketa eman dela, eta horrek eragin izugarria izango duela organoaren etorkizunean. Baina prozedimenduak aztertuta, Senatuko eta Kongresuko eztabaidari dagokionez, baikorra naiz. Saiatu arren, PPk ezinezkoa du aldaketak egitea. Gaia Senatutik Kongresura datorrenean, PSOE, CiU, IU eta gure aldean, PP lotsagarri geratuko litzateke ezertan saiatuko balitz. Bazterketa politikoa jasango luke eta PPren Gobernuaren lehenengo porrot nabarmena izango litzateke. Eta PP ez dago horretarako egokieran. Parlamentuari dagokionez, beraz, organoa aurrera aterako da, jatorrizko testuarekin gainera. Madrilgo Parlamentuko ganbara batek bi euskal legebiltzarrek onartutakoa atzera botatzea oso gogorra litzateke politikoki.
Beste gauza bat da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hori praktikara eramaterakoan zein bide jarraituko duen. Gerta liteke Madrilgo Parlamentuan onartzea, eta gero Nafarroako Gobernuak aurrerabiderik ez ematea.
Presoen giza-eskubideak eta hurbilketa bete ezean, Europako Auzitegian Espainiako Gobernuaren aurkako salaketa jarriko duela esan berri du EAJk. Aznarrek serio hartu beharreko abisua al da?
Hartu beharko luke. Batetik, ez dira legea betetzen ari. Eta bestetik, Eusko Legebiltzarraren erabaki bat dago tartean, eta horrelako gai batean Madrilgo Gobernuak Eusko Legebiltzarrari jaramonik ez egitea oso gogorra da. Kontua da gai hau Ortega Lararen bahiketarekin nahasturik dagoela. Eta Ortega Lara askatzea lagungarria izango litzateke presoen gaia ere konpontzeko.
Serio hartu duela uste al duzu? Datorren urteko aurrekontuak jokoan egon arren, ez dirudi PP oso urduri jarri denik...
Auzibidea PPren eta EAJren arteko harreman politikoa da. Harreman horrek PP asko kezkatzen du, dituen laguntzak sendotu egin behar dituelako. Eta sendotze-lanean, EAJren jarrera oso garrantzitsua da.
Joseba Egibarren antzera, PPrekiko desadostasunen zakua betetzen ari dela uste al duzu zuk ere?
Datuak hor daude: presoak, inbertsio fiskalak... Finean, desadostasunen zakua betetzen ari dela esatea datu-bilketa baino ez da. Bistan da abuztuan ondo saiatu direla desadostasunen zakua betetzen. Honekin gauza bat argi geratzen ari da: akordioen estiloa ez dagoela jorraturik alderdien artean. Zenbait agintari politikoren ikuspegitik, eguna oso erraz ematen da aldemenekoak esan duena kritikatuz. Baina bizitza ez da hori, eta politikak ere ez luke hala izan behar. Gure apustua adostasunen aldekoa da.
Euskal herritarren % 50ak baino gehiagok GAL auzia ez dela sekula argituko azaldu du inkesta batek. Zer adierazten dizu datu horrek?
GALen inguruan zer gertatu zen argi dago, baina ebidentzia hori epaitegietan frogatu egin behar da. Juridikoki nahikoa aurreratu da, eta sumarioen arabera, batean edo bestean frogatu ahalko da. Baina ebidentzien mailan, GAL estatu terrorismoa izan zela, Barne Ministerioko zenbait sektoreen inguruan gauzatu zela eta Intxaurrondo operazio-egoitza nagusia izan zela argi dago.
EAJk ba al du ekimenen bat martxan jartzeko asmorik kontu honekin?
Maila politikoan etengabe ari gara iradokizunak egiten eta ekimenak aurkezten. Eta bide horri eutsiko diogu. Botere judizialari babes egokia eskaintzen ari gara bere lana gauza dezan. Bururatzen zaizkigun eta bidezkoak diren Parlamentu mailako, negoziaziozko eta presiozko ekimenak lantzen ari gara.
Bakegintzari dagokionez, zerbait erakutsi al dizu uda istilutsu honek?
Gizarte korapilatsuan bizi garela, eta liskarrok sortzen eta sortarazten dituen zenbaitek ez duela bake-biderik bilatzen. Besteon lana da beraien proiektu politikoak egokiak direla esatea. Izan ere, abertzaletasunaren izenean liskarrak sortzen diren neurrian, geroz eta jende gehiago uxatuko dugu proiektuotatik. Hori abertzaletasunarentzat kaltegarria da. Erakargarritasuna piztu behar dugu, eta ez jendea uxatu.
Ajuria Eneko alderdiak bat datoz bakegintzan aurrera egiteko alderdiek mugitu egin behar dutela esaterakoan. Baina Ajuria Eneko Mahaiak ez dirudi gauza askorik lortu duenik...
Balorazio positiboa egiten dut, baina Ajuria Eneko Mahaiaren eremuan soilik geratu gabe. Bakegintzari dagokionez, urteotan fenomeno asko gertatu dira: Mahaiaren beraren jaiotza, Elkarri-ren eta talde bakezaleen sorrera, gizarte-erreakzioak piztu dira... Egungo gizartea orain hamar urtekoarekin alderatuz gero, aldaketa nabarmena eman dela ikusiko dugu.
Dena den, konponbiderako bi aldeen arteko adostasuna ezinbestekoa da. Eta horretan, zubigintza falta nabarmena da. Alde batean zein bestean borondate oneko planteamenduak egiten dira, baina ez dago zubirik.
Orain artean egin ez den zer egingo zenuke?
Hurrengo urteetarako erronkak zubi hori eraikitzea behar luke izan. Horrezaz gain, jendea uxatzeari utzi behar diogu eta integrazioa bilatu. Uneotan EAJ zenbaitentzat etsaia baldin bada, aldarrikatzen duten Euskadi hori ez dakit norentzat den. ETAko komandoentzat soilik? Nire burua independentistatzat daukat, euskaltzaletzat... Horietako batentzat etsaia baldin banaiz, Jainkoak libra gaitzala!
Euskal preso politikoen hurbilketa selektiboa, hurbilketa orokorra edota Euskal Herriratzea. Aukeratu bat.
Presoak kalean. Euskadi eraiki behar dugu, eta horretarako presorik ez izatea lortu behar dugu. Gainontzekoak estrategiak edo epeak baino ez dira. Ez dut zahartu nahi eztabaida hauek pil-pilean direla. Hurrengo belaunaldiak korapilo hauetan bizi ez daitezen, zurrunbilo hau guztia sortu zuen belaunaldiak gai izan behar du korapiloak askatzeko.