"Juanmarengatik izan ez balitz ez nukeen zinemarako musika idatziko"


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bajo Ulloaren «Airbag» filmeari musika jartzea, Bingen Mendizabalen azken lana

Polanskyren filmeei musika jartzea amesten duen bitartean, «Airbag» du orain enkargu. Hertzainakekin aritu zenak, Bajo Ulloarenak ezezik, «La Regenta», «Extasis», «Cachito»rako... musikak konposatu ditu.

Juanma Bajo Ulloa. Zer diotsu izen honek?

Talentu ikaragarria duen zuzendaria. Eta zinemarako bidea zabaldu didan pertsona, jendea ezagutaraziz... «El reino de Victor» Juanmaren lehenengo laburmetraia izan nuen lehenengo lana; ondoren, «Alas de Mariposa» bere lehenengo filmea iritsi zen eta «La madre muerta» beranduago. Azken honekin batera hasi zitzaizkidan kanpotik deitzen: Mariano Barrosok «Mi hermana del alma»rako, Enrike Urbizurekin bi filme: «Como ser infeliz y disfrutarlo» eta «Cuernos de mujer»; eta horien ostean, «Hotel y domicilio», «La regenta» eta berrienak «Extasis» eta «Cachito»... Juanmarekin hasi ez banintz ez nukeen ziurrenik zinemarako musika idatziko; musikoa izango nintzateke baina bestelakoa. Gustatu arren, oso urruneko giroa zen niretzat.

Nolakoa da ba inguru hori. Zer hartu behar da aintzat zinema musika konposatzerakoan?

Alde onak eta txarrak ditu. Onen artean, maiz grabatzeko aukera, urtean agian bizpahirutan eta gainera, proba ezberdinak egin ditzakezu. Zenbaitentzat traba da istorio bati musika jartzea baina niri gustatzen zait. Kontuan izan behar da, filmearen zati bat egiten ari zarela eta guztiak duela eragina: filmearen barrukoak, gertaeren lekuak, istorioak, horren arabera jeneroa hautatzeko, argiak...

Filmeko beste partaide batetaz ari gara beraz; baina zenbateraino mugitzen da balantza musikaren ontzira?

Filmearen arabera. Filme asko dira musikarik gabe ere aurrera ondo egiten dutenak: zinema ingeleseko asko. Oso errealistak dira eta musika ia kasualitatez sartzen da: esaterako, irratia piztu eta musika ateratzen da. Aldiz, suspensean ia ezinbestekoa da musika.

Alferrik da, ordea, musika ona egin eta filmearekin bat ez egitea. Pentsatu beharrekoa zera da: eszena hau indartzeko zer egin behar dut?

Eta hori kosta egiten da?

Oso filme lauak direnean, egoerak asko errepikatuz, zerorrek atera behar diozu punta eszenari. Badira beste batzuk gehiago laguntzen dizutenak...Horrek esan nahi du filmeetako musika egileak erraz aurreikusi dezakeela filmearen arrakasta edo porrota.

Bai. Zuzendari gazteek asko begiratzen diote emaitzari baina aurreko bi belaunaldietako zuzendariek gidoia edo testua zuten kezka nagusi. Nabari da oraingoak beste inguru batean hezi izan direla: telebista, bideo-klipak... Aurrekoek baino hobeto ikusten dute filmearen osotasuna. Horretan saiatzen gara guztiok baina zaila da, bideotik pantaila andira asko aldatzen baita.

Zer harreman duzue zuzendariarekin?

Nahiko bakarkako lana da gurea. Etxean ordenadorez musikak osatu, tarteka zuzendariarekin elkartu eta ikusi. Oso ofizioko lana da. Gidoia eskuan, ideia motzak atera, batzuetan bost segundu ingurukoak, eta artxibo modukoa osatzen da. Lehenengo muntaia iristen zaidanean, frogak egiten ditut zatitxo hauekin. Ondoren luzatu, moztu, non sartuko diren erabaki eta amaitzeko sinkronizatu egin behar da. Hirugarren muntaiarekin, azkenarekin, orkestratu eta zehatz-mehatz sinkronizatu behar da musika. Arazo nagusia, denbora juxtuarena da, hilabete bakarra eta lau artekoa.

Zein dira zuzendarien setak musika aukeratzerakoan?

Nahiz eta gehienetan musikaz gehiegi jakin ez, badakite zer ez duten nahi. Zer nahi duten adieraztea ez da ohikoena ordea. Eta askotan gertatzen da musika gustuko izan baina gero honek irudiarekin bat ez egitea.

Eta zer behar du gidoiak zuk baietz esateko?

Zinema musikoarentzat errazagoa da filme dramatikoari musika ipintzea eta gainera hobeto nabarmendu daiteke norberaren lana; komedia zailagoa da. Eta noski zuzendaria nor denari ere begiratzen diot. Hala ere, ez dut halako lehentasun argirik. Denbora gehiago banerama, akaso hautaketak egin nahiko nituzke baina gaur gaurkoz guztia ere berria eta erakargarria zait.

«La madre muerta»; «La regenta», «Extasis»... Oso tonu ezberdineko filmeak dituzu kurrikulumean eta guztietara moldatu behar.
Malgua izan ezean ez duzu zineman lekurik, ez behintzat arlo honetan. Ezin da aukeratzen hasi, ofizioa behar da filme oso ezberdinetarako musika konposatzeko. Euskal zuzendarien artean ere ez du ikustekorik Juanmak eta Urbizuk egiten dutena eta nik guztietarako bidea egin behar.

Izakerak laguntzen al du horretan?

Agian. Ez dena egin behar, zure burua edo musika nabarmentzea. Axola duena filmeari indarra ematea da. Zineman ez du azalarazi behar norberarenak. Hau ofizio lana da, aulkiak egitea bezala. Egokiena, aukeratutako estiloaren barruan ahal den indar guztia eman edota beharrezko baliabide dramatikoak aurkitzea. Bada jendea ilerako lehenean egoteko eta baita ezkutuan gelditzea nahiago dugunak.

Irakurtzen al dira zuen errotuloak zineman?

Orain arreta handiagoa jartzen da. Niri ere garai batean Espaniako Estatuko zinema musiko konposagile baten izena galdetu eta Bernaola erantzungo nuke, hark irakatsi zidalako, baina hortik aurrera ezer gutxi. Gaur musika dendetan badira zinema musikarako apalak. Berriz indartzen ari den jeneroa da.

Kanpoko eraginetatik asko jaten al duzu?

Zineman oroimenak asko laguntzen du. Ezustekorik eman nahi baduzu, badakizu zeintzu baliabide erabili. Ahalegindu behar da gauza berriak egiten baina denbora gutxi dugunez aurrekoei begiratu behar. Denborarekin asmatzen ere has zaitezke baina guztia asmatuta dago eta asmatu asmatzeagatik ere ez du merezi.

«Extasis» eta «Cachito» filmeetarako musika Gasteizen grabatu zenuten. Zer dugu eta zer ez industria honetan?

Gasteizen, gutxieneko azpiegitura osatzen saiatu gara, bertan ahalik eta filme gehienak grabatzeko. Orkestrakoak lagunak ditut eta gainera oso erosoa da mugitu beharrik gabe lan egitea. Biko estudioekin ari gara lanean. Eta haien proiektuetako bat, estudio handiagoa egitea da. Honek buruhausterik kenduko liguke grabatzerakoan. Orain arte kultur etxe edota antzekoetan grabatu izan baitugu.

Euskal zinemak, ordea, Madrilen ditu begiak.

Une honetan Euskal Herrikoak dira zuzendari puntakoenak baina hala ere hemen ez dute beharreko babesik jaso. Euskal Herrian ere egin litezke estudio batzuk. Beste hainbat kultur arlotan gastatzen dena kontuan izanda, gehiago egin zitekeen honen alde.

Madrilen amaitu berri da Bajo Ulloaren «Airbag»en filmaketa, zure musika eramangu duena. Zer itxura hartu diozu?

Gaur iritsi zait muntaiaren zati bat baina gehiegi ere ezin dut aurreratu. Oso filme konplexua da eta beraz musika nahasketa ugari izango ditu. Tonu oso ezberdinak agertuko dira ziurrenik eta noski horrek zaildu egiten du niri dagokidana.

 


MAITE ARTOLA


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude