«Arraunlariak jotzailea izan behar du ezer baino lehenago»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Juanito Lizarralde arraunlariari buruzkoak
«Arraunlariak jotzailea izan behar du ezer baino lehenago»
JUANITO LIZARRALDE
Kontxako estropada olinpiada dela diote, ezta?
Hitz hori darabilkite bereziki komunikabideetan baina Donostiako estropadak dituen ezaugarri bereziak gutxietsi gabe, arraunlari batek lehertzeraino jo eta lehian gailendu dela ikusteak eragiten duen momentuko poza berdina da, Santurtzin, Ondarrun Orion edo Kontxan izan.
Hala ere zuri ere Kontxan arraunlari eta patroi lanetan irabazitako hamar banderak behin eta berriz ekarriko dizkizu gogora.
Hori komunikabideen errua da. Urte sasoi honetan inoiz baino gehiago idatzi eta hitz egiten denez estropadetaz iritzi bila jotzen dute nigana, baina neuretzat bederen, entrenamenduekin hasten ginenetik azken saiorarte, une guztiak dira garrantzizkoak, izan ere, oriotarrontzat irabazteak besterik ez baitu balio.
Orain, hala ere, estropada gehiegi jokatzen da ene idurirako. Lehen, esaterako, Kontxan irabaziz gero eta herrira etorrita, arraunlariak ia-ia extralurtarrak bailiran miresten zituzten arraunzaleek.
Arraunlariak beste kasta batekoak direla uste al duzu?
Nik baietz esango nizuke. Urte osoa entrenatzen jardun eta ordainean zenbat irabazten du arraunlari batek denboraldi amaieran bandera mordoska bat irabazi arren; asko jota hirurehun mila pezeta?. Kirol honetan sakrifikatzea funtsezkoa da, gorputzari gogor egitea gustatu behar zaizu. Nekea atseginez hartu behar da, bestela arraunketan zerbait izan nahi duenak jai dauka. Teknika beharrezkoa da gutxiago nekatuta etekin gehiago ateratzen delako, baina aldi berean teknika jotzeko behar da. Arraunlaria ezer baino lehenago jotzailea izan dadila, gero erakutsiko zaizkio jakin behar dituenak.
Jotzailea eta sufritua behar du, beraz, arraunlariak?
Horrela da. Mutikotan beti borrokan eta errietan jarduten genuen kirola zela medio: korrika, bizikletan, harria altxatzen eta orain ere berdin.
Lagunek esan ohi didate ea hemezortzi urteko gazte bat naizen pentsatzen dudan. Ez! badakit, berrogeita lau urte gehiago bakarrik, baina gorputzari osasuntsu antzera egoteko egurra eman behar zaio. Zer egin behar dut bada, bastoiarekin ibiltzen hasi segitutik hiltzeko? Nik medikuekin azterketak egiten ditut, zintan korrika, odol analisiak eta abar, ez pentsa inozo horietakoa naizenik; baina ezer arrarorik ez badut sentitzen segi, ibili eta eman!
Oriotarra izaki arraunlari izatea derrigorrezko izango zen garai haietan.
Lehen aipatu dizudanez, nik denetik aproba egin nuen, Zarauzko hondartzan ere futbolean aritutakoa naiz eta pare bat txapelketa irabazitakoa. Ez nintzen teknikoa, taldeko motorra baizik. Hogei urte nituela beste hiru lagunekin Tolosan batel bat salgai zutela jakin eta hara abiatu ginen bizikletan. Untzi xaxtar bat zen baina gustokoa iruditu eta mila pezetan batela geureganatu genuen. Festaz festa antolatzen ziren estropadetan (Aizarnazabal, Orio, Getaria...) irabazitako sariei esker ordaindu ahal izan genuen txalupa hura. Arraunak ere erosi behar genituen eta horretarako arrantzaleei sare artean ihes egindako angulak bildu eta saltzen genituen.
Zorionez, alde horretatik asko aldatuko zitzaizkizuen gauzak.
Aldatu jakina, beharko gainera, baina klub batek urtetik urtera trainerua aldatzen ibiltzeak, esaterako, Oriok hiru traineru izateak, dirua errazegi gastatzen denaren seinale da, ez besterik. Ehuneneko batzuren mesedetan alferrikako gastua dela iruditzen zait. Guk 1946ean Axpen egindako traineru batekin Kontxa irabazi genuen eta handik hemezortzi urtera txalupa berdinarekin estatuko txapelketa irabazi genuen Bermeon.
Traineruak egurrezkoak ziren lehen, orain zuntzezkoak baina egun araudiak markatzen dituen neurriak zehatzak dira eta ez zait iruditzen mirari asko espero daitekeenik.
Gure garaietan, gainera, Kontxako estropadan Donostian Kultur eta Turismo Ekintzetxeak berak jartzen zituen untziak, denentzat berdinak, baina azken finean lehen bezala gaur ere arrauna sakon eta indarrez sartzen ez duen txalupa, edozein eratakoa izanda ere, ez dabil.
Arraunlari bezala lau bandera irabazi dituzu, eta patroi lanak eginez beste sei, harro egoteko moduan izango zara, ezta?
Eta gehiago ez genituen irabazi joan ez ginelako. Baina badakizu arraun mundu honetan gure arbasoengandik jasota, saltsa asko pizten dela eta urte bat edo besten, diruaren aitzakitan, ez genuen jokatu. Estropadarik kuriosoena 1956koa izan zen; hartan bandera irabazteko hiru estropada jokatu behar izan genituen; lehendabiziko jaiean San Juani irabazi genion, bigarrenean oraindik ere abantaila handiagoz nagusitu ginen, baina pasaitarrek balizak mugitu zirelakoan estropada inpugnatu eta hirugarren bat ere jokatu behar izan genuen asteazkenez, hura ere irabaziz.
Beste gauza bat ere esan nahi nizuke: Kontxako tradizioaren izenean batere ez dakitenek jakin dezaten, 1955, 56 eta 57ko ediziotan estropada hiru ziabogetara jokatu zela.
Oraindik sasoitsu zeundela patroi lanetara zerk bultzatu zintuen?
Nik arraunean segitzeko gogoa nuen, hogeita hamasei urte nituela, ondo zaindutakoa izaki beste urte batzutan gorputzari egurra emanez jarraitu nahi nuen, baina Orion koadrila berri bat prestatu behar zela-eta ia derrigortuta erabakia hartuarazi zidaten. Mobilean arraunean jarraitu nuen 1974.eraino (Oxford eta Cambridgeren kontrako estropadatan arraun egin nuen).
Gidatze lanei ere laster hartu zenion neurria. Patroi izateko zer behar da?
Arraunean ibilia, dudarik gabe, eta gero zerbait berezia esatekotan zentzu guztiak horretara jarri behar dituzula. Eseri eta arraunean egiteak bakarrik ez du balio. Enbarkazioan zerbait falta denean gainean egon, edozein kezka dela, arraunlari batek une txarrak bizi dituenean... beti gainean. Egun patroitzan % 90 entrenamendura etorri, eseri, tira, dutxatu eta etxera aldegiten duen horietakoa da. Eta, hori bai, jotzailea izan dadila ezinbestekoa da.
Beraz, patroi ona izateko arraunlaria ona ere izan beharko.
Derrigor ez!, baina jotzaile sena hori berezkoa izan dezala, bere mutilei arraunerako eta borrokarako grina hori kutsatu beharko baitie txalupa barruan. Itsasoaz ere jakituna izan behar du, korronteak nondik jotzen duen, estropada eremu bakoitzak dituen bereizgarritasunak ezagutu eta abar. Olatuak hartzen ere iaioa behar du izan; olatua orain beranduegi hartzen dute, sakonean dagoenean eman behar zaio eta ez gainera datorrenean, hau da, «neurrian hartzen ez badek joan dek!».
Gogoa izanez gero, norberak ibiliz eta arreta jarriz ikasten ditu patroitzaren sekretu guztiak. Ibaietan, esaterako, igerri egiten zaio. Bilbon bezala edo Australiara joanda ere nik berehala antzemango diot zein den horietatik kalerik onena.
Bilbon, adibidez, orain lehenengo kalea onena dela esan diezazuket eta marearen gora-beheran handik ordu erdira agian laugarren kalea izan daiteke denetatik onena.
Traineru barneko kokapenak zenbaterainoko garrantzia duen gauza jakina da. Kokatzeko garaian, ordea, teoria ezberdinak daude ezta?
Nik beti mutil txiki samarrak aurrean jarri izan ditut. Hala ere, patroia mutil kozkor bat izanez gero hankekoa indartsua eta sendoa izan behar du, patroiaren segida izan eta erritmoa markatzeko.
Nire kasuan edo Korta bera ere, lehendabiziko biak, leku estu samarra izaten dute eta hor estilistak, untziak salto egiten duenean heltzen dutenak jartzearen aldekoa naiz, arraunlari biziak; erdirako arraunlari handiak behar dira, guk esaten ditugun «zaldiak».
Errekan denak antzera eman behar dute kolpea baina itsasoan, sarritan haize olatua edo trapaila denean, kolpea eman eta huts egin, hurrena kateatu, azkenerako mangatu edo nazkatu egiten zara, nekatu gabe erritmo bat jarri ezinean ibiltzen zara horrela. Erdian behar diren arraunlariak, berriz, motorrak dira, pala sakon-sakonean hartuko dutenak.
Joan den igandeko estropada aipatu gabe oraindik: oriotarrak pozik ala?
Pentsa ezazu, gure azkeneko bandera Kontxan, 92an ekarri genuen eta herri honetan Kontxa gabeko urteak oso luzeak gertatzen dira. Estropada osoan zoragarri jardun ziren mutilak eta nahigaberen bat beharko da aurten Kanpa ez nagusitzeko. Gure garaian itsasoa gaiztotzen zenean edozer gerta zitekeen baina orain ez da horrenbesteko gorabeherarik.
Ni oraindik akordatzen naiz Kontxan arraunean jardun eta olatuaren kolpetan, Artzai Oneko dorrea bistatik galdutako saioak. Egia esatea nahi baduzu, Kontxako bandera irabazita dauka Oriok.
San Pedro kanpoko ziabogatan aurretik izanda zer gertatu zen?
Txiki Larrañagak egin zuen maniobra kanpoko ziabogatan eredu gisara utziko nuke nik; eta ez hori bakarrik apenas zen olaturik baina mugimendu txiki guzti horiek untziaren abailaren mesedetan maisu erabili zituela esango nizuke. Barrurako bidean Libiari hamasei segundu kentzeak dena adierazten du.
Datorren jaiean itsaso zakarra egonda ere ez zait iruditzen egokia patroia aldatzea jaiean eginiko lanagatik bakarrik bandera bere eskutan astintzea merezi baitu Txikik. Horrez aparte herrian iskanbila sortuko litzateke baldin eta Kortak bere lekua hartuko balu.
Tiran galizarra da une honetan, hamar segundura, zuen arerio nagusi?
Hala da, Castron zaplastako ederra eman ziguten Espainiako Estatuko Txapelketan eta garbi dago oso koadrila sendoa osatu dutela. Joan den igandean lehenengo txandatik bigarrenera haize pittin bat ekarri zuen eta horrek kalte egingo zion, noski, untzi galiziarrari batipat kanpokaldera arraun egin dutenean.
Bestalde, eta hori aitortu beharra dago, aldameneko kaleetan zirikatzeko trainerurik izan ezean topera erritmo tinko eta jarraitu bati eustea arrunt zaila dela eta erlojuz kontrako saio baten antzera, kale zozketak ez ziela inongo mesederik egin. Baina aurten bati tokatutakoa hurrengoan bueltan etorriko da eta ez dago aitzakiarik jartzerik. Hamar segundutako aldea handi samarra da eta nire ustez datorren jaian ohorezko txandan lasai irteteko moduan gaude.
Orioko patroi bazina, nola planteatuko zenuke datorren igandeko estropada?
Eutsi egin behar da. Buruz jokatu, sailak jartzen erotu gabe, gustoko erritmo bat hartu eta aldameneko traineruen erreferentziak kontuan hartuz, azkenera arte bederen, txalupa barruan ahalik eta erosoen joan.
Orain, badia barrukaldera gatozela, ohorezko txanda irabazi dezakegula ikusiz gero, jo beldurrik gabe lehertu artean.
MARTIN AGIRRE
22-26


GaiezKirolaArraunaArraunlaria
PertsonaiazLIZARRALDE4
EgileezAGIRRE20Kirola

Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude