"Berritu ezean, jokalaria edo talde osoa aburgesatu egiten dira"

  • Taugres-Baskoniarekiko atxikimendua nabarmen igerri zaio; kantxan lesio batek kendu zizkion erantzukizunak bulegotan hartzea erabaki zuen eta, harrezkero, beste lanbide batzuk ere izan arren, arratsaldero hirukoak sartzen ahalegintzen da Araba Pabiloiko bulegoetatik. Lazkaotarra lagun, saskibaloi taldearen egungo egoera, eraberritze eta erronka, etorkizunerako asmo eta, oro har, saskibaloiaren gorabeheren kantxan jokatu dugu elkarrizketa.


2007ko otsailaren 21ean

Historia pittin bat egiteari ekingo diogu lehenik. Zerk bultzatu zintuen eginkizun honetan buru belarri jartzera?

Gazte nintzela soriasis artritiko baten erruz erretiratu beharrak ase gabe utzi zuen, nonbait, saskibaloirako nuen gogoa eta kasualitatez urte hartan Baskonian hauteskundeak zirela-eta neu eta lagun koadrila bat aurkeztu ginen, baita irabazi ere. Egia esan behar badut, ez zen meritu handiko garaipena izan, bestelako hautagairik ez zen aurkeztu eta.

Baskonia taldearen erantzukizuna hartu zenuenerako Taugresek babesle modura akordioa sinaturik zuen; nola liteke horrenbeste urtez Castellongo entrepresa bat zuek laguntzen mantentzea?

Aurten hamargarren urtea egingo dute gurekin eta datorren denboraldirako ere akordioa sinaturik dugu. Akordioaren sorburuak nik ez ditut ezagutzen, artean jokalari nintzelako; baina, dakidanez, Arabako Kutxa berak laguntzaile izateari utzi zion eta eurek lortu omen zuten harremana.

Saskibaloi talde baten bila omen zebiltzan eta, zorionez, geure taldean begiak jarri zituzten, gaurdaino; sekula ez dugu arazorik izan eta azken denboraldietan lortu ditugun emaitzekin, ezin gusturago daude gurekin.

Are gusturago aurten Europako txapeldunak izatea lortu duzuelako, ezta?

Azken bi denboraldi hauek oso emankorrak izan dira gure taldearentzat. Iaz Errege Kopa irabazi genuen, lehian Real Madrid eta Barca edukita; bi saskibaloi talde hauek areriotzat izanda, hamar urtetik behin gertatuta ere pozik egoteko moduko garaipena da hau. Aurten, bi finaletan segidan porrot egin ondoren, Europako titulua irabaztea gauza handia dela garbi dago.

Real Madrid eta Barca aipatu dituzu; gainontzekoak kondarrak biltzeko, ala?

Pentsa ezazu saskibaloi talde bat egiteko kanpotik erosi beharra dagoela; zortzirehun milioiko aurrekontu batek, diru kopuru horiek bikoizten dituen saltzaile baten aurrean _onenean ere, azti ibilita_, interesik jartzen ez dutenen merkatuetan ibili behar duela.

Guk urteoro Estatu Batuetara bidaiatxo bat egiten dugu alde batetik marketin kontuak ikastera (arlo horretan maisuak baitira) eta bestetik, hango jokalariak ikustera. Baina, bereziki, ez-ohiko lekuetan arrantza egitea da guretzat mesedegarriena.

NBArengandik oso urrun al gaude?

Zorionez, gero eta gertuago. Hemen jende multzo bat egun osoz NBA, NCA eta gainontzeko txapelketetan jokatzen diren partiduak bereziki ikusmiratzen daukagu; beraz, jokalarien aldetik lehen eskuko informazioa biltzen dugu.

Horrez gain, lehen esan dizudanez, urteoro New Jersey Nets taldearekin lotura estua dugunez, hara klubaren antolamendua ikastera joaten gara, hango marketin sistemak hemen erabiltzeko.

Ehundaka saskibaloi talde, milaka bitarteko eta horiek guztiak NBAk uzten dituenak jasotzeko asmoz?

Horregatik, saihetseko bidetik bilaketa lanak egiten ahalegintzen gara. Argentina eta Hegoamerikako naziotan saskibaloilari interesgarri asko dago, nahiz eta NBAko jokalariak baino sona gutxiago izan. Horrela gertatu zitzaigun Marcelo Nikolarekin, esaterako.

Oraindik gazte mailakoa zela ekarri genuen Gasteiza; beste horrenbeste esan nezake Ramon Rivasi buruz. Puerto Ricon ikusi eta fitxatzea erabaki genuen. Jokalari onak eta gainera nazionalizatzeko aukera zutenak zirelako. Pasa den astean bertan, Espil argentinarra fitxatu dugu, atzerritarrari lekurik kenduko ez diona, pasaporte italiarra duelako. Azeri lanak egin behar ditugu horrelakoak lortzeko, Real Madrid eta Barcak nahi izanez gero edozein momentutan jokalariak kentzen dizkizu eta.

Nikola Panhatinaikosera, Rivas Bartzelonara, Arlauckas, Laso... denbora gutxiren buruan aldaketa asko izan dituzue.

Zer erremedio! Dena den, kasu bakoitza ezberdina da. Arlauckasi Real Madridek jarri zion amua, Rivasekin Bartzelonak egin duen bezala. Horren kontra ezer gutxi egin genezake guk. Pablo Laso ez zen gurekin ondo portatu; etxeko bakarra izaki, geure eta jarraitzaileen ikurra zen, baina Real Madriden jokatzeko aukerak itsutu egin zuen eta orain baskoniatarrek ez diote barkatzen hemendik alde egiteko era.

Taldea eraberritzea ezinbestekoa gertatu zaizue, beraz?

Ez ezazula pentsa; egia da Ramon Rivasi kontratua berritu nahi geniola, baina Bartzelonak eskaini dionaren erdira iristea ere nahikoa lan da guretzat. Nikolarena, berriz, geure kabuz hartutako erabakia izan da. Urte beterako greziarrei utzi diegu baina 2003. urterarte geurea da. Ekonomi aldetik oso eragiketa mesedegarria izan da (100 milioi pezetatik gora), izan ere, jaso dugun dirutza horrekin, behingoz, sekula baino talde indartsuagoa osatu dugula iruditzen zait.

Orain arte hasierako boskotea besterik ez zen Taugres. Aurten, aldiz, postu bakoitzeko bi jokalari izango ditu Manel Comasek, Liga, Kopa eta Europan goi mailan lehian ibili nahi duen taldearentzat ezinbesteko baldintza. Pepe Arcega (antolatzailea), Lucio Angulo (etorkizun handiko hegala) eta Murcia (2,01 metroko pibota) desagertu den Amway Zaragozatik ekarri ditugu; Bobby Martinek (2,05 metrokoa, iaz Murcian Ligako bigarren erreboteatzailerik onena izandakoa) Green eta Perasovic-ekin hiru atzerritarren kopurua beteko du, beraz inoiz lortu dugun talderik sendoenaren traza hartzen diot nik datorren denboraldiko Taugres izango denari.

Berriek emango duten neurria jakiteke, taldea zeharo gaztetu duzue oraingoan.

Etorkizunari begira ilusioa sortuko duen taldea eraiki nahi dugu. Saskibaloilari baten urterik emankorrenak, nire ustez, 26-30 urte bitartekoak dira eta fitxaketa berriak edade horretan sartzeko daude. Gazte jendea fitxatu dugu baina segurutik jota. Lucio Angulok, esaterako, hogeita hiru urte besterik ez ditu baina Espainiako Estatuko selekzioan jokatzen du.

Murciaren kasuan, berriz, honek urte mordoska bat darama ACB ligan eta Bobby Martinen erreferentziak ezin hobeak dira; uztaipeko lan zikinak egiteko, Kenny Greenen osagarri onena iruditu zaigu. Agian une batzutan Marcelo edo Rivasen kalitate puntu horren falta soma genezake baina, oro har, Liga eta Europako lehiaketari aurre egiteko talde sendoagoa egin dugu. Deboraldian zehar laurogei partidu jokatzen dira eta maila handiko jokalari gutxi baino, aulki orekatuagoa izatea komenigarriagoa iruditu zaigu taldea osatzeko orduan.

Fitxaketen gorabehera hauetan Manel Comasen iritziak balio al du batere?

Erabaki teknikoetan entrenatzailearen ikuspuntua garrantzitsua da, baina, azken finean, Saski-Baskonia enpresa bat da eta bere erantzukizunen barne dago halako ala bestelako jokalaria fitxatzea.

Ez ezazula ahaztu, gainera, entrenatzaile batek bat bi edo lau denboralditan zehar iraun dezakeela, baina azkenean taldea gidatzeko ardura dutenek eutsi beharko diote gurdiari.

Kolpetik horrenbeste aldaketa egitea ez al da kaltegarria izango?

Aitzitik, eta esperientziaz esango dizut, jokalari edo talde oso bat urte askoren buruan mantentzea ez zaigu mesedegarria iruditzen. Jokalaria aburgesatu egiten da nolabait esateko, eta saskibaloi partidu guztiak hil ala biziko hartzen ez dituen jokalari bakarra nahikoa da gainontzekoak kutsatzeko. Jarraitzaileek ere berrikuntzak nahi dituzte kantxan eta horregatik diotsut, Rivas edo Nikolak aldegiteak, luzaroan mesede egin diezaiguke.

Iaz Europan txapeldunak, aurten Korak Kopan parte hartuko duzue; telebistatik biltzen dituzuen sosak kontuan hartuz, Europatik kanpo gelditzea hondamendia al da?

Ez da horrenbesterako, azken hiru urteotan finalak jokatzeak eta azkena irabazteak sona eman digu eta horrek era guztitako ateak irekitzen dizkigu, baina ez preseski diruarenak. ETBrekin Europako partidutarako akordio bat dugu, hirurogei milioi pezeta denboraldiko, beraz gure aurrekontuaren ehuneko hamarra ere ez. Bestalde, bidaiak oso garestiak dira, batez beste hiru milioi pezetako gastuak.

Dena den, ezin ukatuko dizut, beste ikuspegi batzuei ere helduz, Europan jarduteak garrantzia handia duela guretzat.

Futbolaren gaitzak jota, telebistak dirua barra barra banatzen ari diren honetan, zertan da saskibaloiaren egoera?

Aurrera ez atzera, gertakizunen zain dago saskibaloia. Eta egoera hau hiruzpalau urtetan mantenduko dela iruditzen zait. Futbolaren eskubideak bereganatzeko telebistek elkarren artean darabilkiten borroka horrek azkenean mesede egingo digula espero dut.

Kateak asko dira eta borroka horretan galtzaile irteten direnak, futbolik gabe, kirolaren aitzakian telebista-ikuslea hurbilaraztea nahi baldin badute, geurera, eskubaloira eta beste zenbait kirol esparrutara ate joka etorri beharko dute ondoren; orduan jakin ahal izango da saskibaloia bere onenak emanda dagoen edota oraindik hazteko lekua duen.

Bilbo, Donostia edo Irun aldean zer du Gasteizek apartekorik, ACB ligan talde bat izateko?

Ezer baino lehen tradizioa. Badira berrogei urte hemen goi mailako saskibaloia zuzenean bizi dugula eta horrek jendearengan eragin handia du. Saskibaloi talde handi bat mantentzeko makina bat traba gainditu beharra dago eta alde horretatik, klub beraren ibileragatik geuk bide erdia egina dugu.

Aurten LEB izeneko liga berri bat asmatu dute eta erdi mailako taldeen arteko norgehiagokek ez dute jendearengan inolako erakarmenik pizten, dirua jarriko duten babesle aberatsak baldintza horietan aurkitzea iz ezinezkoa baita.

ACBn 18 talde gaude eta urtero, aurten Zaragozarekin gertatu den bezala, amore eman duen talderik izaten da, diru zorretan itota. Beste horrenbeste segidako kategoria batean biltzea astakeria bat iruditzen zait. Nondik dirua lortu tajuzko babeslerik ez badago eta, mila ikusletik gora partiduko baino biltzen ez direnean, non daude erdibideko maila horretan jokatzeko saskibaloilariak?

Akerzaleen jarraipenaz harro, beraz?

Bai noski! Lau mila bostehun bazkide dauzkagu eta oraintxe hasi berri dugu datorren denboraldirako kanpaina. Kopuru nahikoa da hau, Araba Pabiloian bost mila pasa lagunentzat lekua baitago eta, jakina, lehiatiletatik tarteka bazkide ez dena pasatzea, bere sarrera ordainduko duelako, beharrezkoa da. Ez dugu, baina, inolako kexarik; baskoniatarrak ederki portatzen ari dira eta gu, neurri berean, azken urteotako maila beretsuan jokatzen saiatu beharko gara.

Listoia goi samar jarri dugu, baina egindakoak ez du ezertarako balio ondorengo hamar partiduak galduz gero. Aurtengo erronka Korak Kopan ahalik eta urrutien iristea da eta ACB Ligan lehendabiziko hiruren artean sailkatzea, hurrengoan Europako Liga jokatu ahal izateko.

 

MARTIN AGIRRE


Azkenak
2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


“A”, Arabako familia-upategien ardoa bereiziko duen marka berria

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko upategiek ekoitzitako ardo botilek bereizgarri propioa izango dute uzta honetatik aurrera. Markaren sustapen kanpaina ere egingo dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Kontsumitzaileei lagundu nahi diete Arabako ardoak eta... [+]


Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude