«Autozentsurak beti egon behar du, komunikabidea ez baita zurea bakarrik»


2021eko uztailaren 19an
Jose Felix Azurmendiri elkarrizketa
«Autozentsurak beti egon behar du, komunikabidea ez baita zurea bakarrik»
JOSE FELIX AZURMENDI
1987an Hernaniko egunkaria utzi zuen, handik urtebetera «Deia»ra pasatzeko. Duela pare bat hilabete, berriz, erredakzio horretatik hanka egin du Radio Euskadiko zuzendari izateko.
Hasi al zara lur hartzen Radio Euskadin?
Bai, azken batean hemen ere lehengai bera lantzen da: informazioa. Gero hori nola pasatu, hor dago aldaketa. Irratiak horretarako bere estiloa du, baita prentsa idatziak berea ere. Nolanahi dela, hemen talde egina aurkitu dut, ondo prestaturiko jendea. Hortaz, askotan egin behar dudana galdetzen jakin behar dut. Ikasten ari naiz, asko ikasten. Alde horretatik ere pozik nago. Beti pentsatu izan dut hau oso bitarteko egokia dela, beti izan naiz oso irratizalea. Irratiak abantaila asko ditu informazioa emateko garaian.
«Deia»tik aldegin izanak badu zerikusirik egunkari horrek bizi duen egoera zailarekin?
Badakit «Deia» ez dagoela bere momenturik onenean. Hala ere, neurri batzuk hartu dituzte; gainera, esan didatenez, neurriak positiboak izan dira eta gauzak zuzendu dituzte. Joan den urtean baino emaitza hobeak lortzen ari ei dira. Dena den, nik hau parentesi modura hartzen dut. Ez dakit zenbat denborakoa izango den, beharbada berriz bueltatuko bainaiz prentsa idatzira. Momentu batean pentsatu nuen komeni zela parentesi hori, aukera hori izan nuen eta hemen nago.
«Egin», «Deia» eta Radio Euskadi: hiru komunikabide hauek euren sorreran euskara progresiboki sartzen joatea planteatzen zuten eta gaur egun, ordea...
Ziur aski gure errua da, ez dugulako ondo azaldu, baina hori ez da horrela; EITBn, orokorrean hartuta, lau irrati daude: bi euskaraz eta bi erdaraz. Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea euskara hutsean ari dira; Radio Euskadin eta Radio Vitorian, aldiz, programazio guztia erdaraz da. Ez da sekula beste modu batera planteatu, alderantziz.
Planteamendu ona den ala ez? Beharbada gauza horiek berraztertu egin beharko lirateke. Hala ere, ez zait gustatzen euskara era testimonialean baino ez agertzea, elebitasun hori ez baita batere erreala.
Euskalkom jardunaldiak pasatuta jada, ausartuko zinateke euskal prentsaren diagnosia egitera? Zer dago faltan, zer soberan?
«Euskaldunon Egunkaria»ren kasuan pixka bat zentratuta, uste dut dudarik gabe pauso batzuk eman direla. Zer bilatzen dut nik «Egunkaria»n? Desberdintasuna. Hau da, Iparraldeko albisteak beste edozein egunkaritan baino hobe ematea, hainbat alorretan kultura beste edozein egunkarik baino hobeto ematea... Hori guztia gustura jasotzen dut, eta horiek dira «Egunkaria»k dituen aukerak; aukera inportanteak dira; gero, gainontzeko egunkarietan ageri diren albiste arruntak ez ditut «Egunkaria»n irakurtzen, jakin bai baitakit besteek baino bitarteko gutxiago dituztela albiste horiek lantzeko. Hortaz, egunkari konbentzional bat euskaraz egitea posible dela erakutsi eta gero, «Egunkaria»k bere berezitasunak lantzera jo beharko luke, ezin baikara testimonialismo hutsean bizitzen egon. Gero, bere ildo editorialarekin ere ez naiz beti bat etortzen.
Zer da gustatzen ez zaizuna?
Askotan bere inguruko errealitatea islatzen du (hori, egia esan, komunikabide guztiei gertatzen zaie), eta noski, Lasarte, Andoain edo Hernanikoa errealitate bat da; eta Enkarterrietakoa, esaterako, oso desberdina izan daiteke. Baina batez ere euskal munduan mugitzen bazara, normala da azkenean joera hori gehiegi nabaritzea. Egiaztatze bat baino ez da.
EITBra pasatuta, ez zaizu iruditzen bere lurraldetasunaren ikuspegia gehiegi mugatzen dela EAEra?
Dudarik gabe, EITBn ordezkatuta dauden guztiak ez dira denak abertzaleak, baina hori lurralde honen errealitatea da. Legebiltzarrean ere ez dira denak abertzaleak. EITB azkenean Gasteizko Legebiltzarraren isla baino ez da. Neuri ere gustatuko litzaidake hor Iparraldea eta Nafarroa ere sartuta egotea, baina hori ez da dugun errealitatea. Horregatik, abertzaleentzako EITB motz geratuko da apika, baina EITB erakundeetatik datorren zerbait da, ez abertzaleek sorturiko zerbait.
Eta ba al dauka izan behar lukeen zerbitzu publikoaren izaera hori?
Batzuek uste dute komunikabide publikoek gauza serioak soilik atera behar dituztela, eta hori ez da posible. Caracasen bazegoen kulturan oinarrituriko telebista kate bat, eta ez zuen inork ikusten. Oreka bat bilatu behar da; programazioak zabala izan behar du, anitza, eta denetik sartu behar duzu hor, komunikabideek oinezkoen mundu berean bizi behar baitute. Kulturaren alde hitz eginez dabiltzan batzuek eskatzen dituzten gauzak azkenean kulturaren aurka doazen gauzak dira.
Komunikabide desberdinetan ibilia zara. Zentsuratu al zaituzte inoiz? Edo izan al duzu autozentsuratu beharrik?
Autozentsuratu, askotan. Normalean badakizu zein tokitan zauden, eta hori komunikabide guztietan gertatzen da. Autozentsurak beti egon behar du, komunikabidea ez baita zurea bakarrik, ez zara mugitzen mundu abstraktu batean. Baina hor ere neurri batzuk izan behar dute. Autozentsura gauza bat da eta zentsura beste bat. Autozentsuran zu nagusi zara zer esan nahi duzun eta zer ez erabakitzeko. Nik ez dut sekula pentsatzen ez dudan zerbait idatzi, baina askotan isildu izan dut pentsatzen nuena.
Gero, nora zoazen ere jakin behar duzu, eta ni eroso sentitu izan naiz bai «Egin»en, bai «Deia»n, bai Radio Euskadin. Ziur naiz Madrilgo egunkari batean edo hemengo beste egunkarietan «...porque nosotros los españoles...» eta gisakoak esaten ez nintzela batere eroso sentituko.
Hala ere, badira zentsura era sotilagoak ere; publizitatea ukatzea, adibidez...
Horretan sakonduz gero ondorio batera irits gaitezke: gizarte hau ez da guk nahi dugun onena, eta hau horren ondorioetako bat da. Ez da komunikabideekin espreski egiten den itsuskeria bat. Gauza bera esan dezakegu hainbeste aipatzen den aukera berdintasunarekin ere: baserri batean jaiotako haurrak familia burges batean jaiotakoak baino askoz argiagoa izan beharko du aurrera egin nahi badu. Gizarte honek akats ugari ditu, bai, baina hala ere hau esan beharra dago: orain arte ezagutu dugun gizarterik onena da. Euskaldunok behintzat ez dugu gizarte hoberik ezagutu. Zentsura, azken batean, gizarte honen eta logika kapitalistaren ondorioa da. Erakundeen dirulaguntzekin ere berdin, legebiltzar baten logikari erantzuten baitiete; zu beharbada ez zaude ados logika horrekin, baina beste batzuk ados egon daitezke.
Jo dezagun konkretura, hala ere; zeresan ugari eman du `Deia-k' erakundeetatik dagokiona baino diru kopuru altuagoa jaso izanak, diru hori beste egunkari batzuei ukatzen zaien bitartean...
Ni ez naiz hor sakonean sartuko, parte interesatua bainaiz. Hala ere, sekula ateratzen ez diren pare bat gogoeta egin nahi ditut: «El Correo»k, esaterako, publizitatea jartzeko jartzen dituen baldintzak ez dira «Deia»renak. Segun eta zein kanpaina egiteko, «Deia» prest dago eta «El Correo» ez. Kontuz hor. Beste gauza bat: publizitateko tarifak ere hor daude. «El Correo»ko tarifak oso altuak badira... «Egin»ek kaleratu izan dituen datuak ere ez dira zuzenak. Egiaren zati bat dira soilik, «Deia»k beste batzuek ematen ez dituzten erraztasunak eta tarifa merkeak eskaintzen baititu.
«Egin»ek, ordea, epai ugari ditu bere alde propaganda instituzionalaren boikota dela-eta...
Ni ez nago «Egin»en aurka, baina ez dut ulertzen zergatik dagoen «Egin» batez ere «Deia»ren kontra. Bai «Egin» bai «Deia» oso ahulak dira, eta ez du merezi gure artean borrokan ibiltzeak. Hala ere, «Egin»ekin egiten ari direna ez dela zilegi esan beharra dago.
Aipa iezazkiguzu kazetaritzak eman dizkizun leziorik ederrena eta atsekaberik handiena.
Anglosaxoniarrek erabiltzen duten definizio bat oso gustuko dut; horren arabera, kazetaritza ezagutza-itsaso bat da, baina hazbete bateko sakonera baino ez dauka. Hori egia da. Askotan ez daukagu gauzak sakontzeko astirik. Hori ez da ona, baina badugu beste abantaila bat ere: erakusleiho batean bizi gara, eta berehala izaten dugu albisteen berri, informazio asko jasotzen dugu, eta hori bizitzarako aberasgarria da. Baina hor dago akats handiena ere: edo insensiblea bihurtzen zara edo berri txarren kopurua dela-eta askotan beste batzuek baino gehiago sufritzen duzu. Informatuta egotea ona da, baina informazioa askotan berri txarrez betea datorrenez, zure bizitza ere besteena baino tristeagoa izaten da.
Tartekako jarreratan ibiltzea ez dela batere erraza esan izan duzu...
Ohituta gaude (ez beti, baina bai askotan, eta honek bai ezker abertzalearentzako bai besteentzako ere balio du) gauzak osotasunean hartzen: «hau oso ona da» edo «hau oso txarra da» esaten, alegia. Batzuek manikeismo hori berezkoa dute, baina beste batzuek, aldiz, ideologikoki fundamentatzen dute euren manikeismoa. Hau segurtasun ezaren ondorioa da: jendeak ez dauka inolako ziurtasunik, eta guztia azalduko dien ideologiaren bat behar dute. Eta horrela gaude, guztia hirukoizteko joerarekin: batzokiak, herriko tabernak, alkartetxeak...
Badago Elkarrik aipatzen zuen hirugarren gunerik?
Hirugarren espazioek oso fama txarra izan dute beti, oso zailak izan dira. Ez dut uste Elkarrin dauden guztien helburu eta lehentasuna bakebideak urratzea direnik. Nire ustez, Elkarrin daudenetako asko hor daude euren burua beste ezein alderdi politikotan ikusten ez dutelako. Alegia, ez daudela ados ezker abertzalearen gaur egungo estrategiarekin eta ez dituztela ikusten euren buruak ezker abertzalea ez den beste gune batean (ez EAJn, ez EAn). Nire ezagun batzuk behintzat horregatik sartu dira Elkarrin. Gakoa, ordea, beste bat da: jende hori ezker abertzalean korronte antolatu bihurtzea; alegia, ezker abertzaletik aldendu barik, honen baitan benetan pentsatzen dutena era askean esaten hastea.
Politika oso intentsoki bizi zuen belaunaldi batekoa zara. Ez duzu inoiz sentitu politikagintza aktibora pasatzeko irrikarik?
Gehiago oraindik? Ni herriaren militante sentitzen naiz. Uste dut Euskal Herria proiektu bat dela, eta gainera nire ofizioak politikagintza oso hurbiletik jarraitzera behartzen nau.
AITOR ZUBEROGOITIA
28-33

GaiezKomunikabidIrratiaRadio Euska
PertsonaiazAZURMENDI4
EgileezUBEROGOIT2Komunikabid



Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude