"Errepresioa estaltzeko tresna ez balitz, bilkura patetikoa lizateke Ajuria Enekoa"


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

IX. Biltzarra burutu berri du EAE-ANVk. Egiguzu biltzarraren balorazioa.

Derrigorrezkoa da lau urtetik behin kargu guztiak militantziaren esku uztea. Beharrezkoa da jendea boterean ez luzatzeko, eta oinarriek euren epaia egiteko aukera izan dezaten. Biltzarrok aurreko lau urteei eta hurrengo lauei buruzko hausnarketa egiteko balio digute, eta horren arabera, ardatzak finkatzeko. Hain zuzen, biltzarrean onartutako «Matalaz» txostenak zehaztu dizkigu zein lan-ildo eta zein lehentasun izango ditugun datozen lau urteetan.

Alderdi historikoa da EAE-ANV, Euskal Herriko panorama politikoan urte asko daramatzana. Gaur egun, zer du eskaintzekorik?

Ezker Abertzalea anitza da, eta berezitasun hori da Europako ezkerrari Ezker Abertzaleak egiten dion aportazioa. Ezker Abertzalean gai gara aniztasuna eta erakunde ezberdinak mantentzeko, baina era berean, guztiok lotura mantendu eta ildo berean jarduten dugu.

Ezker Abertzalearen barruan, EAE-ANVk ideologia zehatza dauka, eta sozialismoari dagokionez apustu propioak egiten ditu. Hor kokatu behar da alderdiaren aportazioa, HBren eta Ezker Abertzalearen barruan, Iparraldean nahiz Hegoaldean.

Baina uneotan, zein funtzio betetzen duzue HBren eta Ezker Abertzalearen jardun politikoan?

Ezin da ahaztu HBren sortzaileak garela, eta alderdi bezala Mahai Nazionalean ordezkaritza dugun bakarrak garela. Batetik, HBri eta Ezker Abertzaleko beste erakundeei aportazio militantea egiten diegu, gure militanteak batean eta bestean baitabiltza. Bigarrenik, Ezker Abertzalearen aniztasunaren zati bat ordezkatzen dugu. Hirugarrenik, ikuspegi historikoagoa ematen diogu Ezker Abertzaleari.

Alderdi txikia izanik, eta kontuan hartuz gure leloa betidanik «lehenik aberria eta gero alderdia» izan dela, ez daukagu karguak hartzeko nahirik ezta botere-goserik ere. Maiz, Ezker Abertzalearen barruan, beste erakundeekiko zubiak luzatzeko lana bete ohi dugu: Iparraldeko eta Hegoaldeko Ezker Abertzalearen arteko loturak areagotu, HBren barne-arazoak konpontzen saiatu... Batasuna beste edozeren gainetik jarri ohi dugu.

Militante gutxi dituzue. HBren ildo politikoan izan dezakezuen eraginari ez al dio mugarik jartzen horrek?

Betidanik aportazioak egin izan ditugu, oso garrantzitsuak zenbaitetan, eta kontuan hartu izan dituzte. Baina ez dugu sekula ahazten erakunde txikia garela. Beste batzuek ez bezala, militanteen kopuruari dagokionez ez dugu gezurrik esaten.

Zein da EAE-ANVko militantearen profila?

Azken urteotan profila asko aldatu da. Gerra egin zuen militanterik geratzen da oraindik. Bestetik, bere gurasoek EAE-ANVn jardun zutelako alderdian dagoenik ere bada. Eta azkenik, gazteagoak garenak gaude. Profil bateraturik ezin da eman, batik bat militantzia aldatzen ari delako. Izan ere, erakundearekin lotura historikorik ez duen belaunaldia ari baita sartzen, alderdian jardundako senitartekorik ez duen jendea.

EAJ eta EArengana zubiak luzatzeko asmoa azaldu zenuten biltzarraren ostean. Ezker Abertzalearen eta gainontzeko indar abertzaleen arteko haustura gainditzeko klabeak zein izan daitezke?

Borondatea. Nazio eraikuntzari ekiten badiote eta koherenteak badira, beste indar abertzaleetako sektore batzuekin hitz egiteko prest gaude, aurrebaldintzarik gabe. Baina sektore batzuekin soilik. EAn eta EAJn sentsibilitate askotxo daude, eta horietako batzuekin topo egitea posible dela ikusten dudan bezala, beste batzuekin guztiz ezinezkoa dela deritzot. Izan ere, EAEn, EAJren polizia politikoak atxilotzen ditu desobedientzia zibila aurrera daramaten abertzaleak. EAko zuzendaritza nazionalarekin ere harremanetan jarri izan gara, baina zoritxarrez esku beltz batzuek zubi horiek eten egin dituzte.

Koherentziaz jokatzen dutenekin lan egiteko prest gaude. Horren adibide, UEMAren eta Eudimaren gaietan egindako ahalegina. Baina gai horiekiko ere, sekulako saltsa dago EAren eta EAJren baitan. Herri batean arre diote eta bestean, aldiz, so. Boterea eta dirua banatzeko baino ez dira ados jartzen. Euren kargu publiko guztiek UEMA, Eudima edo herri honen eraikuntza nazionalaren aldeko edozein ekimen bultzatuko dutela esateko ez dira gai.

Orain sei hilabete zenbait alderdi eta sindikaturekin HBk egindako bilerek, eta ondorengo emaitzek, ez al dute mugatuko zuen gerturatze saioa?

Ezker Abertzalearen barruan, EAE-ANVk autonomia osoa dauka bere ekimen propioak gauzatzeko.

LABen eta ELAren arteko akordioa hartu duzue eredutzat saio hau egiteko...

EAJko eta EAko zuzendaritzetatik eta komunikabide espainolistetatik eratu duten klixea apurtu du LABen eta ELAren arteko akordioak: Ezker Abertzalearekin akordioak egitea ezinezkoa dela dioen klixea, alegia. Akordio horrek posible dela erakutsi du. Gehiengo abertzalea lortzeko gai izan da akordio hori, eta ez soilik EAEn. Nafarroan, alderdi abertzaleek unerik onenean ere lortu ez duten ordezkaritza lortu dute LABek eta ELAk langileen artean.

Baina, noski, ezin ahaztu zeren inguruan bildu diren ELA eta LAB: herri honen subiranotasunarekin eta langileen defentsarekin zerikusia duten puntu batzuren inguruan. Borroka egiteko hitzarmena izan da, Euskal Herriaren subiranotasunaren alde urratsak ematearren lortutako akordioa.

HBk desobedientzia zibilari ekin dio hilabeteotan, euskaldun gisa bizitzen hasteko bide baliagarria dela argudiatuz. Zer ekar dezake horrek?

Urrats koherentea da, zenbait pertsona ipurdia agerian dutela uzten dituena. Izan ere, askotan leporatu izan baitzaio Ezker Abertzaleari indarkeriaren monopolioa, eta urrats honekin erakutsi baitu gai dela `bortitza' ez den borroka bati ekiteko. Beraz, EA bezalako alderdi bati zera galdetzen diogu: horrelako borroka mota baketsuak aldarrikatu ostean, zertan ari zarete uneotan?

Ajuria Eneko Mahaia laster bilduko dela iragarri du Jose Antonio Ardanzak. Zer espero duzu bilera berri horretatik?

Errepresioa estaltzeko tresna ez balitz, bilkura patetikoa izango litzateke Ajuria Eneko Mahaia. Komunikabideek sortzen duten errealitate mediatikoa babesteko baino ez du balio. Ez dauka inolako ahalmenik gatazka konpontzeko.

Gerra zikinari babesa emateko balio izan du mahai horrek. Azken batean, gerra zikina sortu duen alderdiak mahai horren bidez izan baitu demokraziaren mozorroa janzteko modua. Duela urte batzuk euren burua faxistatzat aurkezten zuten pertsonaia eta alderdi batzuei berrespen demokratikoa emateko ere balio izan du.

«Matalaz» txostena onartu zenuten kongresuan. Beste batzuren artean, lurralde batasunaren gaia azpimarratzen duzue bertan. Zer egin dezake EAE-ANVk lurralde batasuna bultzatzeko?

Lurralde batasuna funtsezkoa da. Azken urteotan herri mugimenduek, Jarraik eta Gazteriak-ek kasu, mugaren errealitatearen gainetik batasuna sustatzeko ahaleginak egin dituzte. Halakoetan, badirudi politikariok herriaren atzetik gabiltzala.

Erakundeen mailan zerbait egiteko, ordea, zailtasunak askotxo dira. Azken finean, Iparraldea ez da existitzen frantziar Estatuarentzat. Beraz, EAErekin edota Nafarroarekin harremanak izateko, premiazkoa da Ipar Euskal Herriak erakunde propioa izatea.

Eta zein balorazio egiten duzu Nafarroaren eta EAEren arteko batzorde iraunkorraz?

Honela zioen Samaniego idazle arabarrak: «Mendia erditzekotan zenean, eta guztiak zer erdituko zain zeudenean, azkenean sagutxoa erditu zuen». Halaxe defini genezake. Konpetentziarik ez duen erakundea da, erabakiak hartzeko gaitasunik gabekoa. EAE eta Nafarroa elkartzeko emandako aurrerapausoei ez diegu uko egingo, baina honako hau aurpegi garbitzea baino ez da.

Ertzaintza ere gogor kritikatu duzue. Zer eskatzen diozue?

Ertzaintza herri honen subiranotasunaren tresna dela saldu nahi digute. Baina hona kontraesan penagarria: intsumisioaren aldeko jarrera hartu zuen bere garaian Gasteizko Legebiltzarrak. Baina bere menpe dagoen Poliziak, lege espainiarra besapean duela, intsumisoak atxilotu egiten ditu. Horra zer den Ertzaintza: txapelaz jantzia baina Estatuaren polizi-indarra.

Ertzaintza zeharo politizatua dago. Ertzainek beraiek, haien sindikatuek eta beste alderdiek diote Ertzaintza EAJren polizia dela. Eta Ezker Abertzalearen kontra oso ekintza larriak gauzatu dituen arren _larriena, Lasa eta Zabalaren gorpuen bahiketa_, beste ekintza larririk ere burutu du: adibidez, Garaikoetxeari egindako telefono bidezko entzuketak.

Bestetik, Ertzaintzaren indarkeriaren kultura nagusitzen ari da: autodefentsa-tresnak erabiltzen dituzten gazteen aurka eta 70 urteko presoen senitartekoen aurka erabiltzen duten indarra maila berekoa da, edozein mobilizaziotan egurra ematen dute... Herriaren konfiantza bereganatu behar zuen Polizia izan behar zuen Ertzaintzak. Eta batik bat, Ezker Abertzalearen konfiantza. Zergatik? Frankismoaren azken urteetan gehien sufritu zuen, preso gehien izan zituen eta edozein Poliziarekin konfiantza-eza handiena izan zuen sektorea Ezker Abertzalea izan zelako.

Egun, baina, Ezker Abertzaleari egurra ematen darrai Ertzaintzak.

Egungo Ezker Abertzaleko gazteria, 30eko eta 40ko hamarkadetan faxismoaren kontra borrokatu zenarekin alderatu duzue. Ba al dute zerikusirik?

Gure zaharrekin hitz egiten dugunean, zera esaten digute: egungo gazteriaren ekimena, sabotajeen dinamika eta alderdi espainolista edo erregionalistekiko enfrentamendua 30eko hamarkadan jada bazeudela. Badirudi fenomeno berria dela hau guztia, baina aspalditik datozen kontuak dira.

Kaleko istiluena gazteriaren erantzuna baino ez da. Estatuek ezin dute pentsatu beraiek sekulako zapalketa gauzatzen duten artean jendea etxean geratuko denik. Estatuek euren jarrera aldatuko balute, tentsioa izugarri baretuko litzateke.

EAE-ANVren ondare historikoa berreskuratzeko asmoa azaldu duzue. Zergatik orain? EAJk ere eskaera bera egin izanari probetxua atera nahi izan al diozue?

Ez da soilik EAJk PPrekin lortu duen akordioarengatik. Bestelako mugimendurik ere izan da. Kontua kalean dagoenez, aurrera egitea erabaki dugu. Gainera, EAE-ANVrekin eta Ezker Abertzale osoarekin konpromezua daukagu. Alegia, 30eko hamarkadan espainiar Estatuak Ezker Abertzaleari kendutako ondarea zein izan zen herriari plazaratzea: lokalak, dokumentazioa, artxiboak... Gaur egun, guda-saritzat daukate kendutako guztia, itzuli nahi ez diguten guda-saritzat. Baina hain demokratak badira eta EAJri bere ondare historikoa itzultzen badiote, zergatik ez Ezker Abertzaleari? Dena den, borroka gogorra bezain polita izango da, lapurrari asko kosta ohi baitzaio lapurtutakoa itzultzea.


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude