"Roldanen antzera, ea Galindok ere oroimena berreskuratzen duen"


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Galindoren espetxeratzea, Gonzalezi eta Serrari buruz Roldanek eginiko deklarazioa... GAL auziak jauzi garrantzitsua eman du azken asteotan.

Justiziarekin elkarlanean jarduteko, agiriak eskaintzeko, Kongresuan ikerketa batzordeak bultzatzeko eta antzeko neurrietarako Gonzalezen eta Aznarren gobernuek hutsaren pareko borondate politikoa azaldu badute ere, badago elementu positiborik: alegia, zenbait epailek euren lana serio hartu dutela, eta botere judizialaren independentzia errealitate bihurtzen ari direla.

«GAL berdea» deritzonari dagokionez, gerra zikina Intxaurrondoko kuarteletik zuzendu eta gauzatu zela diote salaketek, eta bertako arduradun nagusia Galindo izan da. Garaian garaiko gobernuek babestu egin dute Galindo, bere isiltasuna erosi asmoz. Beraz, oso garrantzitsua da espetxean egotea eta justiziak kontuak eskatzea.

Erantzukizun politikoak argitzeko aukerarik badagoela esan dezakegu?

Felipe Gonzalezen eta Aznarren arteko akordioa oztopo handiegia da.

Akordiorik ba al dago?

Lehendik ere bazegoen. PPk ikerketa batzordeak proposatzen zituenean, bazekien ez zutela aurrera egingo. Batzordeak martxan jarriko zirela jakin izan balu, eskaera egin aurretik bi aldiz pentsatuko zukeen. Senatuaren kasuan, batzordea PPk berak bultzatu zuen, eta aferan garrantzitsuak diren pertsonak batzordearen aurrera agertzea oztopatu zuen gero. Botere judizialak frogaren batekin Felipe Gonzalez inplikatzen ez badu, zaila izango da arduradun nagusiak justiziaren aurrera eramatea.

Politikoki, afera guztia estali nahi dute. Martxoaren 3ko hauteskundeek epaia eman zuten: Felipe Gonzalezen absoluzioa. Baina IUren 2.600.000 botoemaileek ez dute Gonzalez absolbitu. Ondorioz, amaieraraino segituko dugu erantzukizunak eskatuz. Guztia argitu beharra dago, bestela demokrazia honen gaitza izaten jarraituko du auzi honek.

Intxaurrondon gertatutakoak argitzea errazagoa izango dela dirudi.

Lasa eta Zabalaren kasua, Oñaederrarena eta beste zenbait argitzea posible da, eta Galindoren agindupean ekintza horiek gauzatu zituztenek, eta Galindok berak, egindakoa ordain dezakete. Roldanek, Alvarezek eta aferan nahastutako beste pertsonaia batzuek bezala, ea Galindok ere oroimena berreskuratzen duen.

EAJk Espainiako Kongresuan ikerketa batzordea eskatuko duela adierazi du, eta PPk, aldiz, uko egin dio aukera horri. Zein da IUren jarrera?
EAJrena nahikoa sineskaitza da. Ez dela gauzatuko badakielako mahairatu du gaia. Hain garrantzitsua bada EAJrentzat, PPrekin lortutako akordioetan ipini besterik ez zuen. EAJrekin eta Talde Mixtoko kide batzuekin gauzatutako IUren ekimena da ikerketa batzordea. Auzi hau argitu dadin IUk beharrezko ekimen guztiei ekingo die.

Guardia Zibila eta Galindo bera urte askotan defenditu ostean, PPk ez du mugitzeko gogo handiegirik izango...

Aurreko legealdian GAL auzia mahairatzen zuen bakoitzean, alboratu egiten zituen Guardia Zibila eta Intxaurrondo. Ez da kasualitatea, PPk hipotekak baitzituen Guardia Zibilaren mundu ilunarekin. Eta jakina, Guardia Zibilak gerra zikinean zerikusi zuzena izan duela frogatu denetik, PP isilik dago, zer egin jakin gabe.

Nola ikusi du IU-EBk PPk, EAJk eta CiUk lortutako hitzarmena?

Europan talde politiko berean daude, Europako Talde Popularrean, eta logikoa da hemen ere bat egitea, are gehiago alderdi eskuindarrak izanik. Gainera, finantza-botereen eta botere faktikoen aldetik presioak jasan dituzte hitzarmena gauza zezaten.

EAJk lortutako akordioa ez da Euskadiren onerako izanen. Kontzertu Ekonomikoan urratsak ekarri eta Estatutuaren garapena bultzatzeko borondatea jaso arren, autonomia fiskal hori, beti bezala, enpresarien mesederako erabiliko du EAJk.

Akordio horrek PPk baketzeari buruzko diskurtsoan izan duen aldaketan eraginik izan duela uste duzu?

PPk diskurtsoa aldatu badu, errealitatearen beraren eraginez izan da. Jendea kokoteraino dago terrorismoaz, eta ondorioz, gorrotoa, egurra eta tinkotasuna adierazten duen edozein jarrera eta diskurtsok botoak ematen ditu. Mota horretako diskurtsoa izan da PPk orain arte landutakoa. Baina behin nahi zuena lortu duenean, boterea alegia, bere diskurtsoa bideratu behar izan du. Baketze prozesu bati bermez aurre egitekotan, aldatu beharra zeukan. Denborak erakutsiko du, baina agian PPk sorpresarik emango digu alde horretatik, PSOEk eskainitakoak baino jarrera argi eta pragmatikoagoak azal baititzake.

Horrek, baina, ez du esan nahi ETAren estrategia egokia denik. Jende gehiago hiltzearekin eta egoera gehiago estutzearekin ez du lortuko PPk jarrera aldatzea. Distentsio egoeran ez bada, zaila izango da gobernu batek pausoak ematea gatazka konpontzeko.

Epe motzera, irtenbiderik gabeko arazoa dirudi indarkeria-egoerak. Zertan egin da huts?

Hutsegiteak guztiok egin ditugu. ENAMen aldetik elkarrizketa bultzatzeko baldintzak eman zirenean, beste indar politiko eta giza-sektore batzuek oso jarrera inmobilistak mantendu zituzten. Orain, berriz, alderantzizko egoera daukagu: garai batean elkarrizketaren aurkako jarrerak agertu zituzten artean elkarrizketarako baldintzak ageri dira, eta ENAMen, aldiz, jarrera inmobilistak.

Egun, pilota ENAMen zuzendaritzaren teilatuan dago. Hausnarketa egin beharra daukate, euren estrategia berriro definitu, uneotan ez aurrera eta ez atzera baikabiltza. Jakina, Gobernuak eta alderdiek ere urratsak eman behar dituzte. ENAMen egoera kontuan izanik, alderdien eta giza-sektoreen aldetik mugimendu eta ekimenik ez badago, oso zaila izango da ENAMen baitan zerbait mugitzea.

Zer deritzozu ETAren «Alternatiba Demokratikoari»?

Proposamen hori keinu zehatzek lagunduko balute, irteera puntu bat izan liteke hitz egiten hasteko. Baina egungo testuinguruan, oso zaila da seriotasunez hartzea. Dena den, ez da alboratu behar. Baina ezin da planteatu «bata edo bestea» terminoetan, horrela ez baikara sekula ados jarriko.

Testuinguruak ez duela batere laguntzen aipatu duzu. Baina, mahai gainean uneotan dagoen bake-proposamen bakarra izanik, ez al duzue politikariek merezi baino gutxiago aztertu?

Bake-proposamena egin eta, era berean, enfrentamendu estrategia lantzea ez da serioa. Zein sinesgarritasun du keinurik gabeko proposamenak? Beste aldearengana gerturatu beharrean, ondoko joera agertzen dute: «Gogor jo beharra dago, soilik presio eta tentsioaren estrategiari esker lortuko baitugu zerbait». Eta horrela zaila da aurrera egitea.

Euskal Herriaren etorkizuna ezin duela ETAk negoziatu esan izan duzu maiz. ETAk ez al du zeresanik negoziazio prozesu batean?

Herritarrokin zerikusia duten gaiak negoziatzeko legitimazioa alderdi politikoek dute. Horregatik dira herritarron ordezkariak. HBk gizartearen sektore bat ordezkatzen du, eta beraz, edozein negoziazio prozesuri aurre egiteko legitimazioa dauka. Hori da eremu baliagarri nagusia. Edozein negoziazio prozesu HBren esku utzi beharko luke ETAk. Irlandan ere, IRAk Sinn Feinen esku utzi du negoziazioa. Hemen kontrakoa gertatzen da: HBk uzten du ETAren esku negoziazio-postua.

Ajuria Eneko Mahaiak porrot egin duela eta gizartearen zatiketa areagotu duela esan zion orain bi aste Juan Mari Ollorak ARGIAri. Egun, zerbaiterako balio al du?

Ajuria Eneko Mahaiak kontzientziazio lan bikaina burutu zuen bere garaian, baina egun lanabes baliagarria behar luke izan gatazka konpontzeko. Eta horretan, ez aurrera eta ez atzera gabiltza. Dena den, alderdien arteko kontsentsu-eremuak beharrezkoak dira, eta egun Ajuria Eneko Mahaia da horrelako eremu bakarra. Ezer baino gehiago da.

Baketzearen ildoan diharduten giza-mugimendu asko sortu dira urteotan, eta zenbait ekimen martxan jarri: Elkarri-ren bake konferentzia, Maroñoko taldeak... Horrek ez al du zalantzan jarri alderdien lana?

Ona da bi eremuetako lanak bateragarriak izatea. Egia da, ordea, giza-mugimenduek proposamen gehiago egin dituztela eta gauzatu duten lana alderdiek egindakoa baino askozaz eraginkorragoa izan dela. Zergatik? Alderdien interes propioak, askotan, guztion interesen aurretik jartzen direlako. Ondorioz, helburu nagusia bakea bilatzea izan beharrean, beste interes batzuk bilakatu dira helburu. Giza-mugimenduen lanean, berriz, ez dago horrelako interesik eta helburu bakarra dute: bakea.

Ezker Abertzalearekiko zubiak luzatzearen aldeko al zara?

Elkar-ulertze eta elkarrizketarako bide guztiak positiboak dira. Kontua da une honetan horrelako keinuak gizartean ez liratekeela ulertuko. Horrezaz gain, ez dakit ENAMek zein harrera egingo liokeen horrelako saiakera bati, batik bat ofizialki eginez gero. Beste kontu bat litzateke mundu horretako giza-mugimendu eta taldeekin eguneroko elkarrizketa-bideak lantzea. Bigarren aukera hau bideratzea posible da, bestea, ordea, oso zail dago. Hala eta guztiz ere, ezin dugu amore eman, mundu horrek parte hartuko ez balu ezinezkoa izango bailitzateke gatazkari konponbidea ematea.


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude