Euskaldun bezala bizitzen hasi asmoz, HBk desobedientzia zibilaren ildotik urratsak emango zituela esan zion Joxe Mari Olarrak ARGIAri martxoan. Urrats horietako baten ondorio dira zuen atxiloketa aginduak. Ez al duzue garestiegi ordainduko?
Estatuak araudi batzuk jartzen dituenean, eta estatu horren izaera demokratikoa ez denean, egoera horri aurre egiten dionak ondorio guztiak jasan behar ditu. Hori barneratua daukagu.
«Oldartzen» prozesuak zehaztutako ildoetariko bat da azkenaldion gauzatu duguna: independentziaren aldeko mugimenduak dinamika berriak ireki behar dituela, alegia. Eta horietako bat da justiziarekiko mantendutako jarrera. Errealitate demokratikoa zabaltzeko, ezinbestekoa da egungo sistemari aurre eginez lerro berriak irekitzen hastea. Eta horretarako bide bat desobedientzia zibilarena da. Zentzu horretan, desobedientzia zibilak Euskal Herrian aro berria bizi du egun, eta HB ere aro horretan sartu da. Uneotan epaitegiekiko desobedientzia lantzen ari gara, baina ez dut uste horretan soilik geratuko denik.
Zerbaiterako balioko du?
Borroka-erreferentzia berriak irekitzen dituelako izanen da baliagarri, eta hori aberasgarria da. Gainera, Ezker Abertzaleari askotan aurpegiratu izan zaio indarkeriaren bideak eta aurrez aurreko dinamika gogorrak gauzatu izana, eta kasu honetan ez da halako bidea.
GAL auzia pil-pilean jarri zaigu azken asteotan, eta kasik inork espero ez zituenak gertatu dira. Nola ikusi duzu gertatutako guztia?
Zerikusi handia izan dute Estatuko botereen arteko barne-liskarrek. Interes ezberdinen eraginez, barne-liskar horiek lehertu egin dira. Gainera, sektore batzuek GAL afera erabili dute Gobernu aldaketa errazteko. Kontua da gauzak eskuetatik joan zaizkiela. Hain zuzen, GAL aferaren erabilpen politikoak eta barne-liskarrek Estatuaren beraren galera ekarri dute. Eta uneotan, Estatua bera da auzitan dagoena. Finean, Estatua bera da GAL, eta hasiera batean horraino iritsi nahi ez bazen ere, gaur egun ukaezina da egoera horretara iritsi garela.
Rodriguez Galindo bera ere espetxeratu dute...
Ezin dugu ahantzi Galindo estatu baten zerbitzaria dela. Espainiar Estatua estatu ez-demokratikoa da, eta Euskal Herriari eskubide batzuk ukatzeaz gain, zapalkuntza du estrategiatzat. Eguneroko zapalkuntza gauzatzeko Estatuak tresnak erabili ohi ditu, eta GAL da tresna horietako bat. Eta nork bideratu ohi ditu operatiboki tresna horiek? Garaian garaiko estatu-zerbitzariek. Eta GALen garaian Estatuak zerbitzari batzuk izan ditu: Galindo, PSOE eta klase politiko bat. Aurretik beste klase politiko bat izan zuen, eta Francoren diktadura. Estatu baten izaera aldatzen ez den artean, estatuaren zerbitzari eta kudeatzaileek era bateko edo besteko neurriak gauzatuko dituzte. Noiz gaindituko den hau? Estatuak izaera aldatzen duenean. Ezen Estatua makineria bat baita, eta makineria horrek beti ordezkoak bilatzen ditu.
Auziak eskuetatik ihes egin diela aipatu duzu. Eskuetatik ihes egiteak, baina, ez dirudi oso logikoa, batik bat zein afera gordina den ikusita.
Borroka hori piztu duten sektoreen arteko liskarrean ez da kontrolik izan. Zergatik? Estatuak berak izan ditzakeen baheek huts egin dutelako, edo agian horrelakorik ez duelako. Gertatzen dena da Estatua erabat demokratikotzat azalari nahi dutela orain, eta hori da prozesu honen guztiaren gezurrik handiena.
Goardia Zibila eta Galindo bera defenditu ostean, PPren egoera ere ez da oso erosoa izanen...
PPk erronka dotorea dauka gai horretan, klase politiko osoak bezalaxe. Bi aukera dituzte. Bata, errealitate hori guztia sortarazi duen egoera mantendu eta, ahal duten neurrian, auziperatuak ahalik eta pertsona gutxien izan daitezen saiatzea. Bestea, aldiz, egoera hori sortu duen errealitatea muinetik heldu eta behingoz 180 graduko bira ematea. Horrek ekarriko luke Estatuak bere menpe dituen herriekiko, eta kasu honetan Euskal Herriarekiko, gatazkari irtenbidea ematea.
Espainiako Gobernu berriari helduz, nola ikusi dituzu akordioa lortzeko izandako negoziazioak eta akordioa bera?
Martxoaren 3ko hauteskundeetarako lehentasun nagusi bat zuen klase politikoak: Estatuan sortutako ez-egonkortasunari irtenbidea ematea. Eta hori lortzeko akordioa lotu zuten alderdiek. Horrek azaltzen du inbestidurara bitarte PSOEk PPrekiko mantendutako jarrera, inolako oztoporik jarri gabe. Eta Estatuaren behar horren aurrean, beste aukerarik ez zuten beste bi alderdi ere bazeuden: CiU eta EAJ. Hauen lehentasuna betidanik Estatuaren egonkortasuna izan delako eskaini diote euren babesa PPri.
Nabaria da PPk bere diskurtsoan izan duen aldaketa. Nola interpretatzen duzu aldaketa hori?
PPk demagogia asko egin du gatazkaren inguruan, eta diskurtso hori botoak lortzeko tresnatzat erabili du. Gobernura iritsi ostean, PPri ezinezkoa egin zaio zehazturik dauden urratsak haustea, eta Ajuria Eneko, Iruñeko eta Madrileko itunen lerroan kokatu da PP. Baina sakoneko aldaketarik ez du ekarriko, aldaketarako borondaterik ez baitago. Gainera, aldaketarako erabakia ez dago Gobernuan dagoen alderdiaren esku, Estatuko botere erreal eraginkorren esku baino.
Oztopoak oztopo, LAB eta ELAren elkarlanerako akordioak aurrera darrai. Zer behar da indar politiko abertzaleen artean elkarlanerako jarrera hori egon dadin?
LAB eta ELAk estrategia bera jarraitzeko borondatea azaldu dute: eraikuntza nazionalaren estrategia. Eraikuntza nazionalaren bidean biek topo egin dute, eta ezberdintasunak alde batera utziz, eraikuntza nazionala lagundu dezaketen lan-ildoak finkatu: eremu sozio-ekonomikoan nagusiki, baina sozio-politikoa ahaztu gabe.
LAB eta ELAk finkatu duten eraikuntza nazionalaren oinarrizko estrategia hori ez da ematen indar politikoen artean. Ezker Abertzaleak behin eta berriz aipatu izan du prest dagoela nazio-eraikuntzarekin bat datorren edozerren alde elkarlanean jarduteko. Egun, baina, eraikuntza nazionalaren ideia landu eta estrategia horri hel diezaion EAJri deiak egitea alferrikakotzat jotzen dugu. EAJk aspaldi egin baitzion uko nazio-eraikuntzari, eta bere lehentasuna Estatuan jarria baitauka. Hori da oztopo nagusia, eta gainontzekoak aitzakiak.
Eta EArekiko harremanak nolakoak dira egun?
Oso eskasak. EArekin gertatutakoa oso esanguratsua da. Oposizioan egon zen garaian, mezu berriak eta irekiak landu zituen, seguruenik oposizioaren hoztasunak eragindako beldurrarengatik. Baina aukera izan duenean, egin beharreko guztiak egin ditu gobernuetan sartzeko. Hori lortu duenean, EAJren morroi bilakatu da EAEn eta PSNrena Nafarroan. Inoiz ez duela izan uste dudan arren, egun segurua da EAk ez duela nortasun propiorik. Egun morrontza da bere politika, estrategia politikorik ez du eta gobernuek eskaintzen dioten babes eta berotasunean oso eroso dago. Ondorioz, oso zaila da ikuspegi orokorrean ezer gauzatzea.
Ezker Abertzaleko zenbait agiri kaleratu dituzte azken asteotan zenbait komunikabidek, eta oihartzuna ez da nolanahikoa izan.
Betiko politikaren ondorio da hori: gai nagusien eta giro politikoaren arabera, hori lardaskatzeko tresnak baino ez dira horrelakoak. «Presoak Euskal Herrira» ekimenaren inguruan halako zenbait tresna erabiltzen ari dira: Ortega Lararen bahiketa, presoen gerturatzea eta horrek lekarkeena... Horrekin guztiarekin Ezker Abertzalearen ekimena lardaskatu eta desbideratu nahi dute.
Horietako agiri batean, ustez su-etenik ez emateko eskatzen zion HBk ETAri.
Faltsua da HBk ETAri su-etenik ez emateko eskatu dionik. Gainera, erabaki hori ETAri dagokio. HBren barne-dinamikako galdera-sorta bat manipulatu dute, ez baita existitzen «Alternatiba Demokratikoa»ren hurrengo hamabost hilabeteetarako ildo berriaren zehaztapenak jasotzen dituen barne-zirkularra besterik. Eta jakina, informazio manipulatu horren bitartez, EAJk erne jarri nahi izan ditu hainbat sektore HB eta Ezker Abertzale osoaren dinamika berri horren aurrean.
ETAk «Alternatiba Demokratikoa» publiko egin zuenean, argi asko utzi zuen kontu hori: herri honi autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna aitortzen zaizkionean, prozesu demokratiko hori irekitzen denean, borroka armatua desagertu egingo da. Hitzarmen horretara iritsi artean su-etenik eman daitekeen? Prozesua bera eta Estatuaren jarrera zintzoak balira, prozesua bera laguntzeko, oso bidezkoa litzateke su-etena.
Zer behar da baketze bidean urratsak ematen hasteko?
Borondatea. Ezker Abertzaleak behin eta berriro azaldu du borondate hori, eta ez gara aspertuko aldarrikapen horretan. Baina argi dago ez garela horren menpe geratuko, guk behin eta berriz borondate hori agertu arren, Estatuak ez baitu horrelakorik azaltzen.
Azken finean, gatazkaren aurrean bi aukera baino ez daude: bata gatazkarekin jarraitzea, eta bestea irtenbidea ekar dezakeen politikari ekitea. Bietan Ezker Abertzalea aurrean egongo da, jarrera guztiz ezberdinarekin. Gatazkaren iraupenaren aldeko direnek Ezker Abertzalea aurrean izango dute, eta Ezker Abertzalea indar biziz erasotzen duenak Ezker Abertzalea aurrean izango du neurriko erantzunarekin. Era berean, gatazkarentzako irtenbidearekin datorrenak Ezker Abertzalea alboan izango du. Beraz, bide bikoitz horrekiko, Ezker Abertzaleak ere jarrera bikoitza izango du.
Azken hilabeteotan nazioarteko harremanak lantzen diharduzue, eta horren adibide datorren asteburuko Bruselarako bidaia. Zer espero duzue harreman horietatik?
Nazioartegintza esparru zaila da, are gehiago arlo horretan Estatuko klase politiko osoa hesi handia sortzen saiatu denean. Dena den, Ezker Abertzaleak nazioarte mailan landu duen dinamika oso lotua egon da giza-eskubideen atalarekin, eta atal horretan lorpen garrantzitsuak izan ditugu: tortura dela, presoen egoera dela... Baina nazioarteko kontzertuan adieraziko duguna da Euskal Herria zapaldutako herria dela, eta zapalkuntza horrekin herri baten nortasuna ukatzen ari direla. Horrekin zer lor dezakegun? Europan, egunetik egunera, ezagunagoa egiten ari da Euskal Herriaren benetako errealitatea eta egunerokotasuna. Eta hain justu, datorren asteburuan Bruselara egingo dugun ibilaldiarekin horixe lortu nahi dugu: gure egoera ezagutaraztea.
Azkenaldion, kaleko istiluen ildotik egindako kritikak dira Ezker Abertzaleak jaso dituen kritikarik gogorrenak. Ezker Abertzaleko gazteria ondo ari al da lanean?
Herri honek bizi duen errealitateari ekimen eta borroka ezberdinekin aurre egiteak, izugarrizko balioa duen zerbait ekarri du: errebeldia. Eta euskal gazteriarengan indarberritu den jarrera da errebeldiarako prestutasuna, ez makurtzearen jarrera. Eta hori zoriontzeko modukoa da. Euskal gazteriak konpromezu gogorra hartu du, eta errebeldia horren aurkako neurriak zorroztu egingo diren arren, azkenean errebeldia hori nagusitu egingo dela uste dut. Azken finean, herri honek betidanik izan duen errebeldia-izaeraren froga txalogarria baino ez da euskal gazteriaren egungo jarrera. Euskal Herriak bere nortasuna izan dezan sekulako altxorra da egungo gazteria.