«Ajuria Eneko Itunak gizartean bizi dugun zatiketa areago sakondu du»


2021eko uztailaren 19an
Juan Mari Ollorarekin elkarrizketa baketzeaz eta EAJ-PP akordioaz
«Ajuria Eneko Itunak gizartean bizi dugun zatiketa areago sakondu du»
Juan Mari Ollora, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kide eta legebiltzarkidea
Azkenean, PPrekin hitzarmena lortu eta baiezkoa eman zuen EAJk Aznarren inbestiduran. Nolakoak izan dira negoziaketak, eta zer nolako balorazioa egiten duzu lortutako akordioaz?
Batzordeen arteko hiruzpalau bileraren ostean, Egibar eta neu bertan ginela, negoziazio prozesua kasik eten egin zen. Gerora, beste batzuek hartu zuten negoziazio prozesuaren testigua, eta azkenean, amaitu den bezala amaitu da. Dena den, gauza bat argitu nahi dut: gure konpromezua inbestiduran amaitu zen, Aznarren aldeko botoarekin.
Agiri politikoaren ikuspegitik, 92an baino askozaz gehiago lortu dugu trukean, orduan PSOEri hutsaren truke eman baikenion botoa. Eta Kontzertu Ekonomikoari dagokionez, paper horretan politikoki hartutako konpromezua betetzen baldin bada, subiranotasun fiskal osoa lortuko genuke. Hots, EAEko zerga guztiak biltzeko modua izango genuke. Gainera, horrek Nafarroa ere horretara bultzatuko luke, gure eredu bera baitauka. Beraz, Euskal Herrian kasik subiranotasun fiskala izango genuke.
Orain dela oso gutxira arte, EAJ eta PPren arteko diferentziak eta elkarren kontrako adierazpenak gogorrak izan dira zenbait gaitan. Orain, nola azalduko die Juan Mari Ollorak EAJko oinarriei Xabier Arzalluzek eta Jose Maria Aznarrek elkarri emandako bostekoa?
ARGIAko irakurleei azaltzen saiatu naizen modu berean. Aldeko botoan amaitu da, eta subiranotasunaren ikuspegitik oso garrantzitsutzat jotzen dudan konpromezu hori ekarri du. EAJren oinarriek errespetu handia diote zuzendaritzak egiten duenari. Beraien hausnarketa ondokoa izan daiteke: «Egin badute, trukean zerbait ateratzeko esperantzarik dutelako izango da».
Alde positiboak azpimarratu dituzu. Negatiborik ez al du?
Prozesu politiko guztietan bezala, baliteke konpromezua ez betetzea. Baina orduan, askatasunez jokatzeko modua izango genuke. Gainera, beteko duten ala ez laster ikusiko dugu, subiranotasun fiskal maila handia emango ligukeen akordio hori betetzeko, PPk 1997ko lehenengo hiruhilabetekora arteko epea baitauka.
Eta hitzartutakoa betetzen ez badu?
Orain egin dezakegun gisara, oposizioa eginen dugu.
PSOErekin gertatutakoa ikusita, zertan oinarritu zarete PPk Gernikako Estatutua garatuko duela uste izateko?
Kontzertu Ekonomikoa eta Estatutuaren garapena bereiztu egingo nituzke. Kontzertuari dagokionez, papera eskuan daukagula da oinarri nagusia, PSOErekin inoiz izan ez duguna. Hala, betetzen ez badute lotsetan uzteko moduko argudioa daukagu eskura.
Estatutuari dagokionez, lehentasunen txostenaren ildoaren arabera aurrera egiteko konpromezua ere jasotzen du hitzarmenak. Dena den, Kontzertu Ekonomikoarena alde batera utzita, Estatutuaren gainontzeko gaiekiko eszeptikoa naiz.
Zenbaterainoko eragina izango du PPrekin lortutako akordioak EAEko hirukoan?
Bateko eta besteko arduradunek ez duela izango diote. Eta teorikoki ez luke izan behar, gobernu-programa nahikoa hitzartua baitaukate eta nondik bideratu behar den bai baitakite.
Autodeterminazio eskubidea, Gernikako Estatutua bete, koroarekiko ituna... Nondik bideratu behar da etorkizuna?
Egoera hori gatazkaren arazoarekin lotu ohi dut. Gatazkari irtenbide politikoa emateko, ezinbestekoa da egun euskal gizartean ematen ez den zerbait lortzen saiatzea: euskal herritarrek eurentzat nahi duten botere politikoari buruzko kontsentsua. Eta EAJri dagokionez, horrek bide soberanista bat barneratzea eskatzen du, etorkizunean botere politiko-ekonomikoaren maila handiagoa izatea ezinbestekoa izanen baita. Ongizatearen garapen handiagoa duen gizartea lortu ahalko genuke. Hori beharrezkoa dela esan izan dudanean, baina, inork ez dit erantzunik eman.
Zer du xedetzat aipatu duzun bide soberanista horrek?
Azaldu dudan guztia esaldi batean laburbiltzen den printzipio politiko baten haritik dator: nahikoa handiak gara geure buruaren autogobernurako, eta besteek gure ordez erabakitzen dutena hala hizartu dugulako da. Jakina, gure erabaki-eremuan erabakitzen dena ezagutu eta errespetatzea dakar planteamendu horrek, eta gainera, nire alderdiak egin dituen beste ezagutza-eskaera batzuk ere ez ditu alboratzen: esaterako, autodeterminazio eskubidea. Hori guztia horrelako hausnarketa politiko-ekonomikoan sartu ohi dut.
Uneotan, autodeterminazio eskubideak ba al du lehentasunik EAJren helburuen artean?
EAJko agintari batzuen adierazpenei kasu eginez gero, bere unea izan zuen gaia da, eta hala dago jasoa Legebiltzarrean. Dena den, gatazkaren konponbidea lortu ahal izateko, berriro aztertu beharreko gaia da. Azken finean, euskal herritarrek hartutako erabakiekiko errespetua baita gakoa.
EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko erakunde konfederatu baten proposamena plazaratu zuen orain bi aste Joseba Egibarrek. Posible da horrelakorik gauzatzea?
Proiektu politiko interesgarria da. Eta gehiegi ezagutzen ez dudan arren, EAE eta Nafarroaren arteko batzorde iraunkorra da ildo horretan eman den urratsetako bat.
EAE eta Nafarroaren artean jarri da zerbait martxan. Baina, ez al daukagu Ipar Euskal Herria ahazturik?
Lan asko egiteke dugun eremua da hori. Abertzaletasunetik askotan ez diogu behar bezainbesteko jaramonik egiten, baina ulertu behar dugu ezberdinak diren lurraldeetan gaudela eta euskal herritarrok oso ezberdinak garela. Eta horretan ere lan ugari dugu egiteke, aniztasun hori positiboa eta aberatsa baita.
«Alternatiba Demokratikoa» delakoak urtebete egin berri du. Zer diozu ETAren proposamenari buruz?
Irtenbide politikoa izan behar duen gatazka politiko bat egonik, aldeetako batek bakea ekar dezakeen konponbidea mahairatzen baldin badu, gutxienik proposamen hori kontuan hartu behar da. Zentzu kontua baino ez da.
Joseba Egibarrek ETAren proposamena aztertzeko gomendioa egin dio Aznarren Gobernuari. Horretarako prest ikusten duzu?
Josebarekin bat nator. PPkoak bizkorrak badira, gomendioa jarraituko dute. Gatazka konpondu nahi izanez gero, negoziazio bidezko irtenbidea buruan duzula gerturatu behar duzu gatazkara bertara. Ez dago gerturatzeko eta irtenbiderako beste modurik. Eta horretarako, ezinbestekoa da bestearen arrazoiak zein diren jakiten eta ulertzen saiatzea. Jakina, eremu batzuetan EAJren maniobratzat hartzen dituzte horrelako adierazpenak. Nire kasuan, baina, ez daukat inor atzean, hori da nire iritzia, eta alderdiaren barruan bertan honen guztiaren aldeko borrokan nabil.
Juan Mari Atutxa, ostera, ez da bat etorri Egibarren adierazpen horiekin. Baketzeari dagokionez, planteamendu aski ezberdinak nabari dira EAJn...
Orain egun batzuk egin zioten elkarrizketa batean Arzalluzek aitortu zuen bezala, alderdian pentsatzeko modu ezberdinak daude. Hori nabaria da.
Orain dugun egoerara iristeko, zertan huts egin dute agintari politikoek?
Hemen guztiok ari gara huts egiten. Ez dakit honek nekaturik eta zaharturik harrapatu nauen, baina agian beste belaunaldi batek saiatu beharko du egoera hau konpontzen. Iraganeko diskurtsoek jada ez didate ezertxo ere esaten. Esperantzarik gabeko diskurtso horiek betiko gauzak esaten dituzte behin eta berriz, eta betikoa egitea pentsatzen baldin bada badakigu zer gertatuko den. Ezinbestekoa da ausardia eta irudimena izatea, gatazkara hurbiltzerakoan bestelako pentsamendu eta jarrera azaltzea. Gauzak beste modu batera gerta daitezke horrela. Azken finean, gatazkarekin zerikusia duten gai guztiei horrelako irtenbideak emateak demokrazia gehiago dakar.
Ajuria Eneko Mahaiak ez al du erru handi samarra izan Ezker Abertzalearen eta gainontzeko indar politikoen artean gaur egun dagoen urruntasunean?
Helburu politikoak lortzeko indarkeria ez dela beharrezkoa erakutsi dio gizartearen gehiengoari Ajuria Eneko Itunak, eta hori, inolako zalantzarik gabe, oso positiboa da. Dena den, Itunak porrot egin duela aitortu behar da, azkenean baztertze-tresna bilakatu baita. Ez da lortu gizarteko beste sektore baten arrazoiak ulertzea, eta modu horretan beste alde horrekiko zubiak luzatzea. Hala, gizartean bizi dugun zatiketa are gehiago sakondu du.
Zein da zubiak luzatzeko Juan Mari Ollorak proposatzen duen bidea?
Egoera ez da batere erraza. Batetik, gure alderdian bertan sentsibilitate ezberdinak dauzkagu. Bigarrenik, Ezker Abertzaleak EAJrekin ez du ezer jakin nahi. Eta hirugarrenik, jarrera irekiago baten aldeko garenoi ere ez dizkigute gauzak oso erraz jartzen. Horixe da gaur egungo egoera, eta bizi dugun inkomunikazio maila izugarria da egoera horren islarik nabarmenena. Sikiera informalki ere ezin dugu hitz egin, eta hori izugarria da. Hori horrela izanik, agian konpromezu eta eperik gabe hasi beharko dugu solasean, gaur egun kopa bat hartzeko ere ezin baitugu geratu.
MIKEL JAUREGI
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakLegebiltzar
PertsonaiazOLLORA1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude